15. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

240/2019 EBAZPENA, abenduaren 19koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Tokiko Agenda 21 prestatzeko finantzaziorako dirulaguntzen deialdia, toki entitateentzat, 2020-2021 ikasturterako. DDBN identifikazioa: 490151.

Tokiko Agenda 21 da udalerri baten edo udalerri batasun baten plangintza estrategikoaren prozesu bat, haren garapena bideratu nahi duena jasangarritasun ekonomikora, sozialera eta ingurumenekora, helburuak udal agintarien eta herritarren arteko akordioaren bitartez zehaztuta.

Nazio Batuek Ingurumenari eta Garapenari buruz egindako Konferentzian (Lurraren Gailurra) du jatorria. Rio de Janeiron egin zen, 1992an. Gero, Hiri Jasangarrien gaineko Europako 1. Konferentzian (Aalborg 1994) garatu zen, Europako Hirien Jasangarritasunerako Gutuna sinatuta, baita Aalborgeko Konpromiso (2004) izenekoak sinatuta ere. Ondoren, NBEk Garapen Jasangarriaren Helburuak ezarri zituen, garapen jasangarriari buruzko 2030 agendan islatzen direnak. Gaur egun, tokiko agenda 21 bakoitza beste agenda horren tokiko gauzatzea da, ezaugarri hauekin:

–Plan estrategikoak dira.

–Jasangarritasun soziala, ekonomikoa eta ingurumenekoa sustatzen dute.

–Parte-hartze publikoa behar dute.

–Tokiko botere publikoen konpromiso politikoa eskatzen dute.

–Gainerako tokiko estrategiekin, eskualdekoekin eta maila handiagokoekin koordinatu behar dira.

Agenda 21 prestatzeak denbora luzeko lana eskatzen du, baita inplikatutako toki entitateekin eta biztanleekin elkarlanean aritzea ere. Horregatik, hainbat urtetako aurrekontuak behar ditu gauzatu ahal izateko; horrenbestez, egokia da Tokiko Agenda 21 egiteko dirulaguntzak urte anitzekoak izatea.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Tokiko Agenda 21 prestatzeko finantzaziorako dirulaguntzen deialdia onestea, toki entitateentzat, 2020-2021 ikasturterako.

2. Deialdiko oinarri arautzaileak onestea. Oinarri arautzaile horiek ebazpen honen eranskinetan ageri dira.

3. Gehienez 75.000 euroko gastua baimentzea, 2019ko aurrekontuko “Toki entitateentzako dirulaguntzak Agenda 21 jasangarritasun azterlan eta planetarako” izeneko 740007 74700 4609 468100 partidaren kargura, edo 2020ko gastu aurrekontuan xede horretarako gaitzen den partida baliokidearen kargura.

4. 75.000 euroko gastua baimentzea, 2019ko aurrekontuko “Toki entitateentzako dirulaguntzak Agenda 21 jasangarritasun azterlan eta planetarako” izeneko 740007 74700 4609 468100 partidaren kargura, edo 2021eko gastu aurrekontuan xede horretarako gaitzen den partida baliokidearen kargura.

5. Deialdi hauek Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN) bidaltzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa betetzeko.

6. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek, hilabeteko epean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Iruñean, 2019ko abenduaren 19an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

AGENDA 21 PRESTATZEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA, TOKI ENTITATEENTZAT, 2020-2021 IKASTURTERAKO. OINARRI ARAUTZAILEAK

1. ERANSKINA

Xedapen komunak

Lehena.–Xedea eta helburuak.

Ebazpen honen xedea da dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, laguntzen helburua izanik 2020-2021 ekitaldian Tokiko Agenda 21 presta dadila sustatzea, garapen jasangarria tokian-tokian bultzatzeko.

Bigarrena.–Jarduketa diruz lagungarriak eta baldintzak.

1. Dirulaguntzaren xede izanen da Nafarroako toki entitateek Tokiko Agenda 21 egiteak ekarritako gastua.

2. Jarduketa diruz lagungarriek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Toki entitate batek egitea: udal batek, zerbitzuen mankomunitate batek edo entitateen batasun batek.

b) Tokiko Agenda 21 baten esparruaren barnean egotea. Haren garapena 4. eranskinean zehazten da.

c) Agenda osoki prestatzea, eranskin horretan berean zehaztu bezala.

Hirugarrena.–Onuradunak.

Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak.

Laugarrena.–Eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

Bigarren oinarrian ezarritako baldintzak frogatzeko, eskaerak, eskabide orokor bat beteta, dokumentazio hau eraman beharko du:

1. 2. eranskina. Entitate eskatzailearen eta dirulaguntzaren xede diren entitateen erantzukizunpeko adierazpena, agertzen duena betetzen direla Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen diren baldintzak. Eskaera entitate baterako baino gehiagorako eginez gero, zehaztuko da zer entitate diren. Halaber, zehaztuko da ea noizbait Tokiko Agenda 21 prestatu den, eta noiz.

2. Zenbait entitatetarako eskaera eginez gero, eskuordetutako entitate bakoitzerako 3. eranskina osorik beterik gehituko da: erantzukizunpeko adierazpena, agertzen duena betetzen direla Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen diren baldintzak. Orobat, adieraziko da entitate eskatzaileari eskuordetza egiten zaiola, baita Tokiko Agenda 21 prestatzeko eta gasturako konpromisoa ere.

Jadanik Foru Komunitateko Administrazioaren eskutan dauden dokumentuak badaude, interesdunak hala azaldu beharko du eskabidean, adieraziz zer dokumentu den eta zer espedientetan dagoen, eta datu babesturik bada, baimena emanen zaio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari haietan sartzeko.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkezteko epea eta eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

Eskaera alkateak edo toki entitateko lehendakariak sinatu beharko du, eta ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko da. Proiektu mankomunatuen kasuan, proiektuaren koordinatzaile ofizialak sinatuko du eskaera. Agendek zenbait udalerritan baldin badute eragina, eta udalerri horiek ez badaude mankomunitate batean elkarturik, agenda egiteko delegazio-agiria erantsiko da (3. eranskina).

Eskaera Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari zuzenduko zaio eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroan aurkezten ahalko da (González Tablas kalea 9, Iruña). Orobat, aurkezten ahalko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetatik edozeinetan.

Eskaera posta-bulego batean aurkezten bada, gutun-azalak irekita egon beharko du, lehen orriko goiko aldean agerrarazteko bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti); datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

Seigarrena.–Ebaluazio organoa.

Balorazio batzorde teknikoak ebaluatuko ditu eskaerak, eta kide hauek izanen dira batzorde horretan:

–Batzordeburua: Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Idazkaria: Toki Agenden eta Lankidetzaren Bulegoko burua.

–Epaimahaikidea: Kutsaduraren aurkako Prebentzio Ataleko burua.

Beharrezkotzat joz gero, Balorazio Batzorde Teknikoak eskatzen ahalko du aurkeztutako eskaeren xedeko gaietan adituak diren teknikariek parte hartzea.

Zazpigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera jasota, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak egiaztatuko du ea oinarri hauetan aipatzen diren agiri guztiak aurkeztu diren. Eskatutako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzen dezala bost egun balioduneko epean, errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita, eta adieraziko zaio ezen zuzentzen ez badu ondorioztatuko dela eskaerari uko egiten diola eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

2. Aurreko oinarrian aurreikusitako batzorde teknikoak oinarri arautzaile hauetan adierazitako irizpide, modu eta lehentasunen araberako ebaluazioa egin ondoren, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak ebazpen proposamena eginen du, eta, horrekin batera, txosten bat, non adieraziko baitu onuradunek dirulaguntzak hartzeko baldintza guztiak betetzen dituztela. Horrez gainera, zerrenda bat ere prestatuko du, baldintza guztiak bete arren deialditik kanpora gelditzen direnekin, aurrekontuetako mugak direla kausa.

3. Dirulaguntzak Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ebazpen arrazoituaren bidez eman edo ukatuko dira. Aurrekontuko kreditu eskasiagatik dirulaguntzarik jasotzen ez duten onuradunen zerrenda berariaz agertuko da ebazpenean.

4. Prozeduraren gainean ebazteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

Zortzigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.

Dirulaguntza hartzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Proiektua aurrera eramatean edukiaren edo kostuaren aldaketaren bat dakarren edozein gorabeheraren berri ematea, gertatzen den unean, idatziz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Aldaketa horrek ez dio konpromisorik ekarriko Foru Komunitateko Administrazioari, berariaz bere gain hartzen ez badu. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak onetsi beharko ditu, idatziz, proiektuaren edukiaren edo moduaren aldaketa guztiak.

2. Proiektuak edo ekintzak 2020ko eta 2021eko ekitaldien barrenean egiteko konpromisoa, Nafarroako Gobernuak 2020ko eta 2021eko ekitaldietan eman dezan toki entitatearen aldeko ordainketa agindua, ekitaldi bakoitzean toki entitateak onetsitako ziurtagiriak aurkeztu ondoren.

3. Dirulaguntza jasotzen duten proiektuak edo ekintzak kontratatzeko prozeduraren tramitazioa fase guztietan egiteko konpromisoa, bai eta proiektu edo ekintza horiek zuzen eta osorik egiteko behar diren tramite eta baimen eskaera guztiak ere; hori guztia, lanak hasten direnetik haiek behin betiko hartzen diren arte. Orobat, lizitazioaren ondoriozko betebeharren erantzukizuna hartuko du, eta ez beste inork, obren edo ekintzen adjudikaziodunen aurrean.

4. Hala ere, toki entitateak diruz lagundutako inbertsioen %100 bitarte azpikontrata dezake.

5. Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta Estatuko nahiz Europar Batasuneko kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

6. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egiten denean, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak izatea.

7. Jasotako dirulaguntzaren kobrantza kontabilitate edo erregistro liburuetan erregistratzea eta diru horren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

8. Tokiko batzorde betearazlea sortzeko konpromisoa. Hartan hartuko dute parte agenda prestatzen duten toki entitateen ordezkariek, agendarako kontratatutako enpresen ordezkariek eta Nafarroako Gobernuaren ordezkariek; azken horiek Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak izendatuko ditu. Tokiko batzorde betearazleak hiru bilera eginen ditu, eta bilerek ezaugarri hauek edukiko dituzte:

Lehena 2020ko ekainaren 20a baino lehenago eginen da. Horretan abiatzeko dokumentua eta lanerako plana aurkeztuko dira, informazio honekin, gutxienez:

–Agenda 21 prestatzeko ardura duen enpresa kontratatzeko agiria.

–Tokiko Agenda 21eko hasierako dokumentua.

A. Misioa, ikuspegia eta balioak.

B Hasierako dokumentuak: aldez aurretiko Tokiko Agenda 21, LAEE (EMOT), LAP (POT) eta Eskualdeko estrategiak.

C Lanerako plana:

1. Informazio iturriak: entitateak, pertsonak eta alderdi interesdunak.

2. Lantegi kopurua eta egutegia.

3. Komunikazioa eta mobilizazio plana parte hartzeko lantegietarako.

4. Laneko planaren beste ekintza batzuk.

Bigarren bilera 2020ko azaroaren 14a baino lehen izanen da, jasangarritasunari buruzko diagnostikoa aurkezteko, balidatzeko.

Hirugarren bilera 2021eko maiatzaren 14a baino lehen izanen da, ekintza eta jarraipen plana aurkezteko, balidatzeko.

9. Seihileko bakoitzeko gutxienez parte hartzeko foro bat eginen da.

10. Toki entitateak bere langileen artetik solaskide bat izendatuko du, eta hura izanen da Agenda 21 egiteko erreferentzia.

Bederatzigarrena.–Ordaintzeko modua eta epeak.

Hamabigarren oinarrian eskatutako dokumentazioa aztertu ondoren, onetsitako dirulaguntza ordainduko da. Lanak onetsitako proiektuaren arabera egin direla frogatu ezean, dirulaguntza gutxitu eginen da, burututako proiektuaren proportzioan.

Bi epetan ordainduko da. Lehena 2020ko abenduaren 31 baino lehen ordainduko da, 2020ko gastu aurrekontuko “Toki entitateentzako dirulaguntzak Agenda 21 jasangarritasun azterlan eta planetarako” izeneko 740007 74700 4609 468100 partidaren kargura. Lehen epe honetan Tokiko Agenda 21en diagnostikoa prestatzeko gastuak ordaintzeko dirulaguntzak ordainduko dira.

Bigarren epeari dagokion zatia 2021eko ekainaren 30a baino lehen ordainduko da, 2021eko gastu aurrekontuko partida beraren kargura. Bigarren epe horretan, Tokiko Agenda 21en ekintza plana eta jarraipena prestatzeko gastuak ordaintzeko dirulaguntzak ordainduko dira. Azken kasu horretarako, beharrezkoa izanen da Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak aldeko txostena egitea, hots, Tokiko Agenda 21 osoki zuzen prestatu dela ziurtatzea. Bestela, Tokiko Agenda 21en entitate arduradunari eskatuko zaio hutsak edo okerrak zuzen ditzala.

Hamargarrena.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Deialdi honetan, 2020an, gehienez 75.000 euro emanen dira guztira. Dirulaguntzaren xede diren ekintzek ekarritako gastuaren %70 izanen da gehienez proiektu bakoitzaren dirulaguntzaren zenbatekoa, eta hamaikagarren oinarrian ezarritako irizpidearen arabera emanen da, erabilgarri dagoen aurrekontua bukatu arte.

Epe bakoitzean Tokiko Agenda 21engatik justifikatutako gastuaren %70 ordainduko da, gehienez, eta 5.000 euro, gehienez, epe eta agenda bakoitzeko, beraz 10.000 euro dira, gehienez, 2020-2021 epean egiten den Tokiko Agenda 21 bakoitzeko. Dirulaguntzaren kopurua, guztira, emateko ebazpenean adieraziko da.

Aurrekontuetan kreditu erabilgarririk ez badago, dirulaguntzaren zenbatekoa, urtero, araberan murriztuko da.

Hamaikagarrena.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpideak.

1. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Balorazio irizpideak.

Honako irizpide hauen arabera baloratuko dira proiektuak edo ekintzak:

a) Lehenik, Tokiko Agenda 21 egin gabe duten udalei emanen zaie dirulaguntza. Talde horren barnean, lehentasuna izanen dute biztanle gehien duten entitateen edo entitate multzoen proiektuek.

b) Gero, tokiko ekintza eta jarraipen plan zaharrenak dituzten entitateei emanen zaie dirulaguntza. Antzinatasunean berdintasunik izanez gero, lehentasuna izanen dute biztanle gehien duten entitateen edo entitate multzoen proiektuek.

Hamabigarrena.–Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

1. 2020ko azaroaren 15era arte, onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalean:

a) Gastuen eta ordainketen zerrenda, toki entitateko idazkariak edo, bidezkoa bada, kontu-hartzaileak ziurtatua, eta, horrekin batera, egindako gastua eta ordainketak frogatzen dituzten ziurtagiriak, fakturak edo bestelako frogagiriak.

b) Diagnostikoaren ondoriozko agiria, 4. eranskinean esaten den bezala.

2. 2021eko maiatzaren 15era arte, onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalean:

a) Gastuen eta ordainketen zerrenda, toki entitateko idazkariak edo, bidezkoa bada, kontu-hartzaileak ziurtatua, eta, horrekin batera, egindako gastua eta ordainketak frogatzen dituzten ziurtagiriak, fakturak edo bestelako frogagiriak.

b) Tokiko Agenda 21 bakoitzaren dokumentu osoaren ondoriozko dokumentua, 4. eranskinean ezarri bezala.

Gastuaren eta ordainketaren zenbatekoa hasierako aurrekontua edo adjudikazioa baino txikiagoa bada, dirulaguntza zati proportzionalean gutxituko da.

Epe hori betetzen ez bada, emandako dirulaguntza ez da pagatuko.

Hamahirugarrena.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen dirulaguntzak ez dira bateragarriak Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste laguntza batzuekin.

Hamalaugarrena.–Efizientzia eta ekonomia hornitzaileen kontratazioan.

Entitate publikoak direnez, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea bete beharko dute lanen kontratazioan.

Hamabosgarrena.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Ebazpen honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, ez da dirulaguntza ordainduko edo itzuli egin beharko da, eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Diru-itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Hamaseigarrena.–Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen aplikazioa.

Oinarri hauetan aurreikusita ez dauden gaietan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Hamazazpigarrena.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Hamazortzigarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus) argitaratuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Hemeretzigarrena.–Onuradunen eginbeharrak publizitateari dagokionez.

Proiektuan edo ekintzan agerian egon beharko du Nafarroako Gobernuarekin batera finantzatzen den proiektua dela.

2. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena, Tokiko Agenda 21 prestatzeko dirulaguntza eskatu duen entitatearena (PDFa).

3. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena, Tokiko Agenda 21 prestatzeko eskuordetu duten entitateena (PDFa).

4. ERANSKINA

Tokiko Agenda 21 baten edukia

Tokiko Agenda 21 bat ezartzeak esan nahi du honako hau egitea:

Aurrediagnostikoa.

1.–Nafarroako Tokiko Jasangarritasunaren Adierazleak ezartzea prozesuaren hasieran. Adierazle horien emaitzak jakinda, 2) atalean azaldutako Jasangarritasunaren Diagnostikoa eginen da, soilik beharrezko den alderdietarako, tokiko batzorde betearazlean adostu beharrekoak, prozesua gauzatzen duen enpresak proposatuta.

2.–Prozesua udaleko langile guztiei aurkeztea, eta tokiko batzorde betearazlea (TBB) eratzea.

3.–“21eko” herritarren parte-hartze organoak ezartzea (batzordeak, foroak, lantegiak, etab.). Zabalkundea, bideoa, logotipoa... Herritarrei aurkeztuko zaie hasteko dagoen Tokiko Agenda 21en prozesua.

4.–Tokiko liderren elkarrizketa sakonak.

5.–Eztabaida taldeak ezartzea hainbat gairi buruz: ingurumenaren arloko gogobetetasuna, zerbitzuen irisgarritasuna, mugikortasuna, kontsumoa, etab.

6.–Egiteko errazak diren inkesta masiboak; esaterako, gazteei egitekoak, ikastetxeen bidez, edo jada egituratuak dauden hainbat kolektibori egitekoak.

Jasangarritasunaren diagnostikoa.

Aurreko 1) atalean adierazi bezala, diagnostiko sakona eginen da beharrezkotzat jotzen diren alderdiei buruz, adierazleen emaitzen arabera. Tokiko batzorde betearazleak erabakiko du horren gainean. Gainerako gaiei buruz deskribapen laburra eginen da.

Hauxe egiten da Jasangarritasunaren Diagnostiko Integratu batean: indarguneen eta hobetzeko guneen azterketa, kontrastatzea, lehentasunak jartzea, eztabaidatzea, adostea, eta balidatzea, honako gai hauen gainean:

1.–Ingurune fisikoa eta biotikoa.

2.–Ingurune sozial eta ekonomikoa.

3.–Ingurune eraikia eta planeamendua.

4.–Jarduera ekonomikoen kokapena, bideragarritasuna eta ingurumen eta gizarte eraginak, jasangarritasunaren ikuspegitik.

5.–Baliabide endogeno eta exogenoen kontsumoa (materiaren eta energiaren balantzeak, oinarrizko bektoreen zikloak, etab.). Energia auditoretzak.

6.–Aztarna ekologikoa kalkulatzea eta hura murrizteko proposamenak.

7.–Ingurumeneko arriskua.

8.–Mugikortasuna eta garraioa.

9.–Zerbitzuak ematea.

10.–Genero ikuspegia.

11.–Herritarren sentsibilizazioa eta partaidetza.

12.–Udal kudeaketa, kudeaketa finantzarioa, pertsonala, sektoriala eta ingurumenekoa, sektoreartean integratua, udal ordenantzen eta jardunbide egokien proposamenekin.

Tokiko ekintza plana eta jarraipen plana prestatzea.

1.–Tokiko ekintza plan bat egitea, eduki honekin:

a) Foro 21ean aurkezpenak egitea, lehenik ildo estrategikoaren proposamenarena, ekintza programekin, inkesta bat egiteko, eta, hura egin ondoren, lortutako emaitzen aurkezpena. Bi saioetan, behar diren lantegiak eginen dira haiek aztertzeko, kontrastatzeko, lehentasunak jartzeko, eztabaidatzeko, adosteko eta balidatzeko.

b) Inkestak egitea ingurumeneko eragileei, eragile sozialei, kulturalei eta ekonomikoei, haien parte-hartzearekin prestatzeko ildo estrategikoak –jasangarritasun irizpideekin–, horiek garatzeko programak eta gauzatu beharreko proiektuak.

c) Partaidetza organo guztietan eztabaidak egitea eta adostasunak lortzea, ekintza plana zehazteko.

2.–Jarraipen plan bat egitea, honako eduki hauekin:

a) Inkestak egitea agintariei eta udaletako teknikariei, eta partaidetza organoetan eztabaidatzea eta adostasunak lortzea, proiektuak aukeratu eta lehenetsi ahal izateko, hori oinarri izanen baita bukaerako Tokiko Agenda 21 egiteko.

b) Proiektuak xehaturik eta lehentasunen arabera ordenaturik, ingurumeneko profila –aukeratutako joeren bukaerako adierazleekin–, tokiko jasangarritasunerako adierazle berariazkoen sistema, antolaketarako egiturak eta kontrol osagarrien sistema, datuen eranskinak eta euskarri digitaleko informazio guztia (geoerreferentziaturik eta automatikoki egunera daitekeena).

3.–Sintesi agiri bat egitea, geoerreferentziatua.

4.–Jasangarritasuneko udal adierazpen bat egitea.

5.–Foro 21ean aurkezpenak egitea: lehenik, aurreko agirien proposamenenak, azter daitezen, eta kontrastatu, lehentasunak ezarri, eztabaidatu, adostu eta balidatu daitezen; eta, gero, azkenik egindako produktuenak.

6.–Triptiko soil bat egitea (Tokiko Agenda 21). Hartan argi eta garbi jasoko dira proiektuak eta ekintzak, adostasunez lehenetsiak, hala nola agintarien, eragile ekonomiko eta sozialen eta herritarren konpromisoak, erraztuko dutenak informazioa zabaltzea eta eskuragarri egotea komunitatearentzat eta hedabideentzat.

Tokiko Agenda 21 egiteko, gutxienez 10 elkarrizketa eginen dira, eta, seihilekoan behin, foro bat.

Teknikari arduradunek edo kontratatutako enpresak (aholkularitza teknikoa), halakorik badago, aukera izanen dute planteatutakoez bestelako tresnak edo lanabesak proposatzeko, aurrekoen ordezkoak edo osagarriak. Nafarroako Gobernuak onetsi beharko ditu, eta tokiko batzorde betearazlean adostu beharko dira.

Iragarkiaren kodea: F1916856