15. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

218/2019 EBAZPENA, abenduaren 24koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, laguntza deialdi bat onesten duena arreta-defizitaren nahasmendua (hiperaktibitatearekin edo gabe) duten ikasleen beharrei erantzuteko Nafarroan lan egiten duten elkarteentzat, 2019. urtean gauzatu dituzten jarduera eta proiektuen ondoriozko gastuak ordaintzen laguntzeko. DDBN identifikazioa: 493022.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 72.5 artikuluak hauxe dio hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleei buruz: “Hezkuntza administrazioek beste administrazio batzuekin, irabazi asmorik gabeko beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin eta beste erakunde edo elkarte batzuekin lankidetzan jardun ahal izango dute ikasle horien eskolatzea errazteko eta ikasle horiek ikastetxean hobeto txertatzeko”.

Halaber, hezkuntza arloan ikasleen aukera berdintasuna benetakoa dela bermatzeko asmoz, Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 18ko 65/2012 Foru Agindua argitaratu zen, ikaskuntzaren nahasmenduengatik eta arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmenduagatik hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei eman beharreko erantzuna arautzen duena Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan.

Arreta-defizitaren nahasmenduaren eta hiperaktibitatearen arloan (ADN-H) lan egiten duten elkarteek ADN-H duten ikasleen familiei aholkularitza eta sostengua emateko jarduerak sustatu, bultzatu eta egiten dituzte, familia berriei harrera egin eta orientazioa ematen diete, guraso eskolak antolatzen dituzte, baita lantegiak ere gaitasun kognitibo eta sozialak garatzeko, eskola-laguntza emateko eta profesionalak eta boluntarioak trebatzeko; eta ADN-H nahasmenduak zuzenean edo zeharka ukitzen dituen profesional eta pertsonentzako mintegiak ere bai.

Horregatik guztiagatik, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak laguntza deialdi bat onestearen aldeko txostena eman du. Deialdi horren bidez, laguntzak emanen zaizkie arreta-defizitaren nahasmendua (hiperaktibitatearekin edo gabe) duten ikasleen beharrei erantzuteko Nafarroan lan egiten duten elkarteei, 2019. urtean gauzatu dituzten jarduera eta proiektuen ondoriozko gastuak ordaintzen laguntzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Laguntza deialdi bat onestea, 2019rako, arreta-defizitaren nahasmendua (hiperaktibitatearekin edo gabe) duten ikasleen beharrei erantzuteko Nafarroan lan egiten duten elkarteentzat, baita deialdi horren oinarri arautzaileak ere, ebazpen honen I. eranskinean bildu direnak.

2. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, gehieneko gastu hau baimendu da, 2020ko gastuen aurrekontuan 2019ko 420002-42190-4819-322400 partidaren baliokide izateko gaitzen den partidaren kargura (PEP P19/000218-01):

ZENBATEKOA

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

12.000 euro

420002-42190-4819-322400

2020

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Hezkuntza Departamentuan dagoen kontu-hartzaile delegatuari, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Inklusio Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora eta Eskolatze Bulegora.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko abenduaren 24an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Arreta-defizitaren nahasmendua (hiperaktibitatearekin edo gabe) duten ikasleen beharrei erantzuteko Nafarroan lan egiten duten elkarteentzako laguntzen deialdia, 2019. urtean gauzatu dituzten jarduera eta proiektuen ondoriozko gastuak ordaintzen laguntzeko

Kontuan harturik arreta-defizitaren nahasmendua (hiperaktibitatearekin edo gabe) duten ikasleen beharrei erantzuteko Nafarroako Foru Komunitatean lan egiten duten elkarteek jarduerak egitea bultzatu eta sustatu beharra dagoela, Hezkuntza Departamentuak 2019. urterako laguntza deialdi hau argitaratu du. Hauek dira deialdiaren oinarriak:

DEIALDIAREN OINARRIAK

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da oinarriak ezartzea ADN-H nahasmendua (hots, arreta-defizitaren nahasmendua, hiperaktibitatearekin edo gabe) duten ikasleen beharrei erantzuteko Nafarroan lan egiten duten elkarteek antolatutako hezkuntza eta kultur arloko jardueren programazioa eta antolaketa finantzatzeko laguntzak emateko.

2. Helburua.

Laguntzen helburua da elkarteek ADN-H nahasmendua duten ikasleen familiei aholkularitza eta sostengua emateko jarduerak sustatu eta bultzatzea, familia berriei harrera egitea eta haientzako orientazioa sustatzea, guraso eskola sustatzea, baita lantegiak ere gaitasun kognitibo eta sozialak garatzeko, eskola-laguntza emateko eta profesionalak eta boluntarioak trebatzeko; eta ADN-H nahasmenduak zuzenean edo zeharka ukitzen dituen profesional eta pertsonentzako mintegiak ere bai.

3. Onuradunak.

Deialdi honen onuradun izaten ahal dira arreta-defizitaren nahasmendua (hiperaktibitatearekin edo gabe) duten ikasleen beharrei erantzuteko Nafarroan lan egiten duten elkarteak, legez eratuak eta Nafarroako Gobernuko Elkarteen Erregistroan inskribatuak baldin badaude.

4. Laguntza jaso dezaketen jarduerak.

4.1. ADN-H elkarteek honako jarduera hauek aurkezten ahal dituzte diruz lagunduak izan daitezen:

–Dibulgazio eta sentsibilizazio jarduerak.

–Hainbat arlotako profesionalak (hezkuntza, osasuna eta gizarte zerbitzuak) eta familiak (gurasoen eskola) trebatzeko jarduerak.

–ADN-H nahasmendua duten ikasleei eta familiei sostengua emateko jarduerak.

–Aisia, kirol eta denbora libreko jarduerak.

4.2. Ezin izanen dira diruz lagundu giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetza balioak errespetatzen ez dituzten jarduerak, edo herritarrentzat iraingarriak izaten ahal diren, haien duintasuna urratzen duten edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duten ikurrak edo elementuak agertzen dituztenak, ez eta jarduera eta argitalpen politikoak ere.

5. Noiz eta non aurkeztu.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.2. Eskaerak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein tokitan, edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan aipatutako Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan.

6. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

6.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten elkarteek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Behar bezala betetako eskabidea, II. eranskineko ereduari jarraikiz.

b) Laguntzen xede diren jarduera guztien deskribapena, III. eranskineko ereduaren araberakoa.

c) Deialdi honetara aurkezten diren jarduera guztien zerrenda-laburpena, IV. eranskineko ereduaren araberakoa.

d) Laguntza transferentzia bidez jasotzeko eskabide-orria, banketxeak behar bezala betea, Nafarroako Gobernuari laguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko urteetako laguntzak jasotzeko bankuko kontua aldatu bada. Eskabide-orria Interneten eskura daiteke, helbide honetan:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

6.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, gehienez ere 7 eguneko epean dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko eskatzen ahalko zaie laguntzen eskatzaileei, eta ohartaraziko zaie hala egin ezean ulertuko dela atzera egin dutela beraien eskaeran.

7. Eskaerak baloratzea eta laguntzaren zenbatekoa zehaztea.

Laguntza eskatzen duen elkarte bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira onartzen diren eskaeren kopurua eta egindako jardueren kopurua.

7.1. Horretarako, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Elkarteentzat esleitutako diru guztiaren %75 zati berdinetan banatuko da onartzen diren eskaeren artean.

b) %25, elkarte bakoitzak 4. oinarrian ezarritakoari jarraikiz egin beharreko jarduerengatik aurkezten duen gastuen aurrekontuaren arabera.

8. Laguntzak emateko prozedura.

Norgehiagokako araubidea erabiliko da dirulaguntzak emateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan adierazitako moduan.

9. Prozedura tramitatzeko eta instruitzeko organoak.

9.1. Eskaerak Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu, eta instrukzio organoa Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzua izanen da.

9.2. Aurkezten diren eskaerak honako hauek osatuko duten balorazio batzorde batek aztertuko ditu:

–Batzordeburua: Inklusio Ataleko burua.

–Batzordekideak: Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko bi teknikari.

9.3. Batzordeak aurkezten diren eskaerak baloratu eta elkarte bakoitzari dagokion laguntza esleituko du, 7. oinarrian ezarritako irizpideei jarraikiz. Balorazio hori behin-behinekoa izanen da eta kalkulu horretarako aintzat hartutako datuak Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan argitaratuko dira, eskatzaileek behar diren egiaztapenak egin ditzaten. Behin-behineko balorazioan akatsen bat sumatuz gero, eskatzaileek hiru eguneko epea izanen dute behar den erreklamazioa egiteko, balorazioa argitara ematen den egunetik hasita.

10. Ebazpena.

10.1. Aurreko oinarrian adierazitako epea bukaturik, eta, kasua bada, behin-behineko balorazioaren aurka aurkezten diren erreklamazioak azterturik, eta dokumentazio guztia ikusirik, balorazio batzordeak behin betiko balorazioa egin eta Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari igorriko dio, laguntzak emateko behin betiko proposamena egin dezan.

10.2. Hezkuntzako zuzendari nagusiari dagokio deialdia ebaztea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 5/2017 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz.

10.3. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hiru hilabete igarotzen badira espresuki ebazpenik eman gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 23. artikuluan xedatu bezala.

11. Jakinarazpena eta errekurtsoak.

11.1. Deialdiaren ebazpena administrazio prozedurari buruzko legerian ezarritako moduan jakinaraziko zaie interesdunei.

Deialdiaren ebazpena Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan ere argitaratuko du Hezkuntza Departamentuak, honako hauek adierazita: laguntza hauen onuradun diren elkarteen zerrenda, bakoitzari ordaindu beharreko dirua eta baztertu diren elkarteen zerrenda, halakorik bada, baztertzeko arrazoiak azalduta.

11.2. Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

12. Laguntza ordaintzea eta haren justifikazio ekonomikoa.

12.1. Finantzatzeko moduko gastu justifikatua.

Gastu justifikatutzat joko da, dirulaguntza ordaintzearen ondorioetarako, diruz lagundutako ekintzara edo jarduerara bideratutako gastua, besterik ez, baldin eta gastu hori 2019ko urtarrilaren 1etik 2019ko abenduaren 10era bitarte egin eta ordaindu bada.

12.2. Dirulaguntzaren ordainketa.

12.2.1. Dirulaguntza kobratzeko, entitate onuradunak honako agiri hauek aurkeztu beharko dizkio instrukzio organoari 2020ko otsailaren 29a baino lehen:

a) Egindako jardueraren gaineko txosten edo memoria labur bat, aurreikusitako helburuak noraino bete diren azalduta.

b) Gastuen justifikazioko kontua. Kontu hori V. eranskineko ereduaren araberakoa izanen da, jardueran egindako gastuak bilduko ditu, eta, horietako bakoitzerako, hartzekoduna, zenbateko osoa eta ordainketaren data adieraziko ditu.

c) Justifikazioko kontuarekin batera, hantxe adierazitako gastuak justifikatzen dituzten fakturen jatorrizkoak edo horien fotokopia konpultsatuak aurkeztuko dira, baita ordainketa benetan egin dela frogatzen duten agiriak ere.

Fakturak indarra duen legediari jarraikiz luzatuak izanen dira, honako datu hauek jarrita: fakturatzen duen enpresaren izena edo sozietate-izena eta IFZ, faktura noiz egin den, kontzeptua, zenbatekoa eta fakturatutako objektu edo kontzeptu bakoitza, zigilua, aplikatu den balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa) eta egilearen sinadura.

Erreziboak eta/edo kutxako tiketak ez dira inola ere onartuko.

d) Laguntza hartzen duen entitateko idazkariaren ziurtagiria, entitateko buruak ontzat emana, non azalduko baitira jarduera gauzatzeko harturiko bestelako diru-sarrerak, laguntzak edo dirulaguntzak, horrelakorik bada.

e) Dirulaguntzaren xedeko prestakuntza jardueretako parte-hartzaileen sinadurak biltzen dituen dokumentua, VI. eranskinaren araberakoa.

12.2.2. Justifikatzen den gastua esleitutako laguntza baino txikiagoa bada, justifikatutako gastua baino ez da ordainduko.

13. Bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatu edo partikular batzuek jarduera bera egiteko ematen dituztenekin.

Hala ere, emandako zenbatekoak, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

14. Onuradunek bete beharrekoak.

Hauek dira onuradunen betebeharrak:

a) Dirulaguntza ematea ekarri duten jarduerak oinarri arautzaileei jarraikiz egitea.

b) Proiektuaren edo jardueraren zabalkundea eta publizitatea egiten den guztietan adieraztea dirulaguntza nork eman duen. Ildo horretan, elkarteek sustatzen dituzten eta deialdi honen arabera emandako laguntzak jasotzen dituzten programetan, argitalpenetan, iragarkietan eta abarretan adierazi beharko da Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan antolatzen direla. Aipamen hori Hezkuntza Departamentuaren jarraibideen arabera egin beharko da.

c) Organo emaileak egin ditzakeen egiaztapenei men egitea.

d) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari.

e) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

f) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrolaren xede izaten ahal diren bitartean.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

15. Gardentasun betebeharrak.

Behean azaltzen diren bi baldintzak betez gero, entitate onuradunek gardentasun betebeharrak izanen dituzte, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz:

a) Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako zenbatekoa entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko apartatuan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio hauetarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Kasua bada, dirulaguntza zein ekitalditan ematen den, ekitaldi horretan entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitateek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateek haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoen informazioa emanen dute.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

16. Ikuskapena eta kontrola.

Hezkuntza Departamentuak eskubidea du edozein motatako informazio osagarria eskatzeko eta diruz laguntzen diren jardueren ikuskapena eta kontrola egiteko.

Hezkuntza Departamentuak, bere eskumenen esparruan, dokumentazio osagarria eskatzen ahalko die elkarte eskatzaileei, aurkeztutako datuak benetakoak diren egiaztatu ahal izateko.

17. Ez-betetzeak eta dirua itzultzea.

Deialdiaren oinarrietan ezarritakoa ez betetzeak, laguntza eman zen xederako ez erabiltzeak, laguntza zertan erabili den ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzeak edo gezurrezko datuak emateak laguntza galtzea eta jasotako dirua itzuli beharra ekarriko dute, baita ordainketaren egunetik aurrerako berandutze-interesak ordaintzea ere, hala badagokio, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 18. artikuluak ezarritakoaren arabera kalkulatuak, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutako gainerako erantzukizunak, hurrengo deialdietan parte hartzeko eskubidea galtzea barne.

18. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren aplikazio egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari jarraikiz.

19. Aplikatzekoa den legedia.

Oinarri hauetan ezarri ez diren gaietan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA

Laguntza eskaera.

III. ERANSKINA

Jardueren azalpen-txostena.

IV. ERANSKINA

Jardueren zerrenda-laburpena.

V. ERANSKINA

Gastuaren justifikazioko kontua.

VI. ERANSKINA

Prestakuntza jardueretako parte-hartzaileen zerrenda.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1916852