147. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

51/2020 EBAZPENA, ekainaren 15ekoa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Arte Gaztearen 2020ko Topaketak eta haren oinarri arautzaileak onesten dituena.

Apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak, Gazteriari buruzkoak, 3. atala eskaintzen die gazteen aldeko politikei. Haren 27. artikuluak (“Gazteak eta kultura”) 1. apartatuan, ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, arlo horietan eskudunak diren departamentuen bitartez eta indarra duen araudiarekin bat, gazteen kultura eta sormena sustatzeko politikak gauzatuko dituela.

Halaber, argigarria da 27. artikuluaren 2. apartatua –f) letra–, adierazten baitu gazteei zuzentzen zaizkien kultur politika horien xedeetako bat dela artista gazteei laguntza ematea berariazko programen bidez eta Nafarroako Foru Komunitateko kultur eskaintza orokorrean sartuz.

Xedatutakoaren arabera, Nafarroako Gazteriaren Institutua da organismo eskuduna gai honetan. Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuaren 1.1 artikuluaren azken apartatuak berresten du eskunduntza hori. Nafarroako Gazteriaren Institutua sortu eta bere estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak ere berresten du eskuduntza hori, 19. artikuluaren c) apartatuan ezartzen baitu gazteen kultur sormena eta gazteek artean parte hartzea sustatu behar dela, ekintza hauen bitartez: dirulaguntzen deialdiak, sariketak, egoitza artistikoen sustapena, besteak beste; eta ezartzen du, halaber, eginkizun horiek betetzea Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalaren ardura dela.

Nafarroako Foru Komunitateko Arte Gaztearen Topaketak izeneko programa hogeita hamalau urtean egin da, eta hainbat arte modalitate bildu ditu: musikak, genero literarioak, arte plastikoak, ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak eta diseinua. Asko dira edizio horietan guztietan parte hartu duten artistak, hautatu ondoren sariak irabazi dituztenak. Programak topaketa sareak sortu, eta artistak gure mugetatik kanpo hedatzen lagundu du.

Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa sortzen duen eta haren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Arte Gaztearen 2020ko Topaketak izeneko programaren oinarri arautzaileak onestea, baita foru agindu honi erantsi zaizkion gainerako eranskinak ere.

2. 26.700 euroko (hogeita sei mila zazpiehun) gastua baimentzea lehiaketa honen modalitate bakoitzari dagozkion sariak ematea finantzatzeko, Nafarroako Gobernuaren 2020ko aurrekontuetako “Sariak, lehiaketak eta txapelketak” izeneko 090002 09120 4809 232100 partida ekonomikoaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Agiri horiek guztiak https://www.juventudnavarra.es/eu web-orrian ere egonen dira eskuragarri.

4. Ebazpen eta oinarri arautzaile hauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

5. Ebazpen hau Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta Nafarroako Aldizkari Ofizialera igortzea, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2020ko ekainaren 15ean.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Carlos Amatriain Busto.

ARTE GAZTEAREN 2020KO TOPAKETAK IZENEKO PROGRAMAREN XXXV. EDIZIOAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea eta helburu publikoa.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren bidez, Arte Gaztearen 2020ko Topaketak antolatzen ditu honako modalitate hauetan: arte plastikoak eta ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak eta musikak, diseinua eta literatura.

Arte Gaztearen Topaketen programak lanen sorkuntza eta ekoizpena bistaratzea errazten eta artisten prestakuntzan laguntzen du, eta diziplina orotako artista gazteen arteko elkarrizketarako guneak sustatzen ditu. Horretarako, programan zehar lantegiak, tutoretzak eta prestakuntzarako beste mekanismo batzuk eginen dira, lau modalitateak aintzat hartuz. Topaketak amaitzean, aukeratzen diren proiektuak jendaurreko jarduera ireki batzuetan aurkeztuko dira. Jarduera hauen helburua da prestakuntza artistiko parte-hartzailea eta arteen arteko elkarrizketa sustatzea.

Oinarri hauen helburua da Arte Gaztearen 2020ko Topaketak izeneko programan parte hartzeko baldintzak ezartzea.

Arte Gaztearen Topaketak artista gazteek arte zirkuituetan parte har dezaten lagundu nahi du, eta arte-ehun bat sortzen foru komunitatean. Arte obra produzitzea eta erakustea zaila da artista gazteentzat, zeinek nahi izaten baitute proiektuak konpartitu eta arte espazio eta sareekin konektatu, lan merkatuan proiektatzeko; beraz, asmoa da, nafar artista gazteei bultzada bat emateko, diziplina arteko jarduera artistikoak egin, edozein sorkari edo produkzio artistiko plazaratzen eta trukatzen laguntzeko eta artista gazteen lanbide eta prestakuntza garapena ahalbidetzeko.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Gazteriaren Institutuaren bidez antolatzen duen Arte Gaztearen 2020ko Topaketak programan parte hartzeak berekin dakar jarraian adierazten diren oinarriak onartzea.

2.–Modalitateak.

“Arte Gaztearen 2020ko Topaketak” programaren XXXV. edizioko modalitateak honako hauek dira:

–Arte eszenikoak eta musikak.

Musikaren, dantzaren, antzerkiaren, performancearen, zirkoaren edo hizkera eszeniko-musikal garaikideei eta arte biziei loturiko beste zeinahi joeraren esparruko proposamen, proiektu, edo muntaietarako.

–Arte plastikoak eta ikus-entzunezkoak.

Edozein pertsona edo kolektiborentzat, arte garaikidearen hizkerekin loturiko pieza edo proiektu bat daukana honako eremu hauetako edozeinetan: arte plastikoak, argazkigintza, bideoa eta zinema.

–Diseinua.

Moda diseinuko, diseinu grafikoko, publizitateko, produktuaren diseinuko, diseinu interaktiboko, espazioen diseinuko... edo diseinuaren arloan egun dauden beste joera batzuetako lan edo bildumentzat.

–Genero literarioak.

Poesia, narrazio, saiakera, komiki, album ilustratu edo beste edozein generotako testu edo proiekturentzat, egungo literaturari lotuentzat.

3.–Parte-hartzaileak.

Deialdian parte hartzen ahalko dute honako baldintza hauek betetzen dituzten gazte guztiek:

–Nafarroako foru izaera zibila edukitzea, edo Nafarroako Foru Komunitatean jaioa izatea edo bizitzea, eta 14tik 30 urte bitarte izatea, biak barne, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako beteak.

–Taldea edo kolektiboa izanez gero, parte hartzen dutenen %33 adin horretatik gorakoak izaten ahalko dira.

–Taldea edo kolektiboa izanez gero, parte hartzen dutenen %33 Nafarroatik kanpokoak izaten ahalko dira.

–Taldeko edo kolektiboko ordezkaritzat joko da eskaera sinatzen duen pertsona.

4.–Izen emateak.

Arte Gaztearen Topaketak programan inskribatzeko eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da, eta hilabetekoa izanen da.

Eskaerei dokumentazio hau erantsiko zaio, aurkezten ahalko dena paperean, edo formatu elektronikoan, jaisteko esteka bat bidalita:

–Inskripziorako inprimakia, behar bezala betea. Inprimaki hori Gazteriaren web-orritik ere deskarga daiteke:

https://www.juventudnavarra.es/eu/arte-gaztea-eta-sorkuntza

–Artistaren nortasun-agiri nazionalaren edo AIZren fotokopia, baita, hala bada, taldean edo kolektiboan parte hartzen duten pertsona guztien nortasun-agiriena.

–Nafarroan jaio ez diren egoiliarren kasuan, Nafarroako Foru Komunitateko bizilekuaren frogagiria edo Erregistro Zibilak emandako ziurtagiria, nafar izaera zibila duela adierazten duena.

–Curriculum artistikoa, artistaren edo taldearen ibilbidea zehazten duena.

–Txostena (Interneten bidez aurkeztuz gero, pdf formatuan aurkeztu beharko da). Txostenak 15 orri izanen ditu, gehienez. Txostenaren espezifikotasunak modalitate bakoitzarekin bat etorriko dira, eta agiri honetan jaso dira.

Inskripzio-eskaerak Nafarroako Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkezten ahalko dira (Yangua y Miranda kalea, 27, 31003 Iruña), baita Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan ere. Taldeek eta kolektiboek Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko dituzte eskaerak.

Eskaerak postaz aurkez daitezke. Kasu horretan, interesdunak dagokion ziurtagiriaren bidez frogatu beharko du zein egunetan egin zuen igorpena posta bulegoan.

Ezin izanen dute programan parte hartu dokumentazioa oinarrietan adierazi bezala aurkeztu ez duten pertsonek.

5.–Hautapen prozesua.

Modalitate bakoitzeko epaimahaiak 4 eta 10 proiekturen arteko aukera bat eginen du aurkezten diren eskaeren artean.

Balorazioa kalitate artistikoan, esperimentazioan eta ikerketan oinarrituko da. Modalitate bakoitzeko epaimahaiak bere deliberazioen akta egin, eta sariak ematea proposatuko du, bere erabakia justifikatuta.

Epaimahaiak balorazio irizpide hauen arabera hautatuko ditu proiektuak:

–Eskatzailearen proiektuaren kalitate artistikoa (20 puntu). Hautatua izateko, gutxienez 12 puntu lortu beharko dira.

–Nola egokitzen den aurkeztutako proiektua deialdi honen ezaugarrietara (10 puntu). Hautatua izateko, gutxienez 7 puntu lortu beharko dira.

–Esperimentazioa eta ikerketa. (15 puntu). Hautatua izateko, gutxienez 8 puntu lortu beharko dira.

Gainditzeko, hautatuek 27 puntu lortu beharko dituzte, gutxienez.

6.–Epaimahaia.

Epaimahaiak programan parte hartzen duten pertsona eta kolektiboen lanak eta proiektuak ebaluatuko ditu, eta egokitzat jotzen duen aholkularitza teknikoa eskatzen ahalko du. Gainera, epaimahaiaren lana izanen da hautatutako artisten norbanakoen tutoretzak eta lantegiak egitea.

Modalitate bakoitzak bost pertsonak (hiru aditu eta Nafarroako Gazteriaren Institutuko bi kide) eta idazkari batek (ahotsarekin baina botorik gabe) osatutako epaimahai bat izanen du; idazkaritza Nafarroako Gazteriaren Institutuko kide batek hartuko du bere gain, eta ahalmena izanen du oinarri hauen interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan sortzen ahal diren kontu guztiak ebazteko.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak izendatuko ditu modalitate bakoitzeko epaimahaia osatzen duten pertsonak. Entzute handikoak diren eta kultur kudeaketa, ekoizpen eta bitartekotza artistikoari eta/edo artea ekoizteko eta sustatzeko laborategi eta espazioei lotuta dauden adituen eta profesionalen artean hautatutako pertsonek osatuko dituzte epaimahaiak. Epaimahaikideak ez badaude edo eri badaude, Nafarroako Gazteriaren Institutuak izendatutako ordezkoak arituko dira haien ordez.

7.–Epaimahaien osaera.

–Ikusizko arteak: Fermín Jiménez Landa, ikusizko artista; Elssie Ansareo, argazkilaria eta artista; David Arratibel zinema zuzendaria eta gidoilaria (pelikula garrantzizkoenak: Converso eta Oirse).

–Arte eszenikoak: Cristina Martínez, musika egilea eta El Columpio Asesinoko abeslaria; Ion Munduate, dantzaria eta koreografoa; Itsaso Arana, Compañía La Tristurako aktorea.

–Diseinua: Javier Morón Belso, diseinatzaile grafikoa eta “Frankizka; felices” estudioko kidea; Zuriñe Gurpegui, arkitektoa eta workersnobility moda-lerroaren sortzailea; Daniel Munárriz Barquero, Nud Shop-eko sortzailea.

Literatura: Hasier Larretxea, idazlea, poeta eta zabaltzailea; Javier García Clavel, argitaletxeko teknikaria eta liburu saltzailea; Iratxe Retolaza, kritikaria eta EHUko irakaslea.

8.–Sariak-Laguntzak.

Artistek edo taldeek parte hartu ahalko dute proposatu diren lau modalitateetako batean, eta haietako bakoitzean diziplina anitzeko epaimahai batek 10 proposamen hautatuko ditu, gehienez. Horiek jendaurrean aurkeztuko dira Topaketetan, urrian zehar. Gehienez 34 proposamen hautatuko dira, eta horietako bakoitzak 550 euroko sari ekonomikoa edukiko du, aurkeztutako proiektuaren kalitatea aitortzeko.

Halaber, hautatutako 34 proposamen hauen artean, beste 8 proposamen hautatuko dira, zeinei kalitatea eta ikerketaren maila aitortuko baitzaizkie; jendaurrean aurkeztuko dira eta bakoitzak 1.000 euro jasoko ditu. Nafarroako Gazteriaren Institutuak aukera emanen die saria jasotzen duten 8 proposamenei Nafarroako jaialdien eta ekitaldien programetan sartzeko, 2021. urtean. Halaber, sartu ahalko dira diziplinarteko programa batean, zeinetan prestakuntzako jarduerak eta lantegiak eginen dituzten epaimahaiko kideekin. Mahaikide horiek, gainera, proposamenen jarraipena eginen dute.

Hautatutako eta saritutako guztiek banku transferentziaren bidezko abonu agiriaren jatorrizkoa aurkeztu beharko dute, saria ordaindu ahal izateko, epaimahaiaren akta frogagiri aski delarik. Ordainketa horiek programa amaitu eta gero eginen dira (2020ko urriaren 18tik).

Hautatutako proiektun sariak Nafarroako Gazteriaren Institutuaren zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez emanen dira. Epaimahaiaren deliberazioak eta epaia biltzen dituen akta da sariak emateko justifikazioa. Saria ematea 5. puntuan ezartzen diren balorazio-irizpideen arabera eginen da. Instrukzio-organoak, epaimahaiaren deliberazioak eta epaia oinarritzat harturik, ebazpen proposamena eginen du. Onuradunek deialdian ezartzen diren betebeharrak betetzen dituztela adierazi behar du. (Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 20.4. artikulua).

Sariak emateko ebazpena jendaurrean jarriko da, bai Nafarroako Gazteriaren Institutuko iragarki oholean (Yanguas y Miranda kalea 27, 31003, Iruña), bai Nafarroako Gobernuaren web-orrian: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/. Parte-hartzaile guztiei posta elektronikoz jakinaraziko zaie, baina informazioa zabaltzearren bakar-bakarrik.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren berrogeita bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, sariei dagokien zenbatekoak %19ko atxikipena izanen du pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan.

9.–Proiektuaren garapena.

Irailaren 18tik urriaren 4ra bitartean, epaimahaiko kideek lantegiak eta prestakuntza jarduerak eginen dituzte Uharte Zentroan, hautaturiko pertsonendako. Irailaren 18tik urriaren 4ra bitartean, prestakuntza jarduerak eginen dira Uharte Zentroan, hautaturiko pertsonendako.

Hautaturiko artistek beren proiektuen aurkezpen/lagin/emanaldi bat eginen dute jendaurrean, modalitate bakoitzari egokitzen zaion formatuan, urriaren 16tik 18ra bitartean, arte festibal moduko bat osatuz. Formatuak horretarako bidea ematen duen guztietan, emanaldia egiteko tokia Uharte Zentroa izanen da. Proiektuaren izaera dela-eta beste ezaugarri batzuk dituen espazio bat behar denean, kasua aztertu eta alternatiba zein den hausnartuko da.

Saria jasotzen duten proiektuak eta lanak jendaurrean erakusten eta zabaltzen badira, beren publizitatean sartu behar dute Nafarroako Gobernuaren Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) saria eman diela dioen aipua.

10.–Gorabeherak.

NGIak ebatziko ditu Arte Gaztearen 2020ko Topaketetan gertatzen diren gorabehera guztiak, bai eta oinarri hauetan aurreikusita ez dauden afera guztiak ere. Era berean, Nafarroako Gazteriaren Institutuak ahalmena du sortzen diren gorabeheren gainean erabakiak hartzeko, oinarri hauen interpretazioari eta aplikazioari dagokienez.

Orobat, NGIak ez du inola ere erantzukizunik izanen parte-hartzaileek plagioa edo jabetza intelektualaren alorrean indarra duen legeriaren urraketak eginez gero.

11.–Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak, eta 2016ko apirilaren 27ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzko 2016/679 Erregelamenduak (EB) ezartzen dutena betez, parte-hartzaileek emandako datuak Nafarroako Gazteriaren Institutuaren ardurapeko fitxategi automatizatu batean sartzen ahalko dira, programarekin zerikusia duten gaitasunak eta eginkizunak dituzten pertsona eta entitate guztiekin komunikazioak eta informazio trukeak errazteko asmoz. Edozein pertsonak eskubidea du datuetan sartzeko, haiek zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, datuak eramateko, eta hari dagozkion erabaki automatizatuen aurka egiteko. Horretarako, idatzizko eskaera egin behar dio NGIari.

12.–Harreman iraunkorrak.

Nafarroako Gazteriaren Institutua.

Yanguas y Miranda kalea 27. 31003 Iruña).

Telefonoak: 848-423900 848-427841.

Posta elektronikoa: juventud@navarra.es encuentros@navarra.es.

Webgunea: https://www.juventudnavarra.es/eu/arte-gaztea-eta-sorkuntza

I. ERANSKINA

Modalitatea: arte eszenikoak eta musikak

–Xedea.

Musikaren, dantzaren, antzerkiaren, performancearen, zirkuaren edo hizkera eszeniko garaikideei eta arte biziei loturiko beste zeinahi joeraren esparruko proiektuak, muntaiak edo lanak. Musiken kasuan, gutxieneko errepertorioa 20 minutukoa izanen da.

–Berariazko dokumentazioa.

Oinarri orokorretan eskatzen den dokumentazioaz gain, aurkezten den dosierrak hauek edukiko ditu:

  • Obraren laburpena.
  • Lanaren edo proiektuaren fitxa teknikoa: taldeko kideak, instrumentuak, behar berariazkoak, eta abar.
  • Proiektua Interneten ikusteko esteka edo bideo-grabaketa edo MP3 formatuan (gehienez 10 minutu).
  • Beste material batzuk eransten ahalko dira, obra edo proiektua ulertzen laguntzeko.

–Lehiaketaren garapena.

  • Epaimahaiak hautatutako proiektuen jarraipena eginen du, eta prestakuntza eta topaketa jarduerak eginen dira Uharteko Zentroan, hautatutako pertsonentzat.
  • Artistek haien proiektuak Uharteko Zentroan aurkeztuko dituzte, 2020ko urriaren 16tik 18ra. Proposamena, bere izaera dela eta, ezin bazaie egokitu Uharteko Zentroko espazioei, beste espazio batzuetan egitea baloratuko da: esaterako, kultur etxeetan eta musikarako kontzertu aretoetan. Hala bada, datak aurreratzea litekeena da.
  • Talde bakoitzak egin beharreko emanaldiaren datak eta ordua koordinatuko dira, baita antzezpenerako behar diren baldintza teknikoak ere; dena den, horiek erabilgarri dauden baliabide teknikoetara egokitu beharko dira.

II. ERANSKINA

Modalitatea: arte plastikoak eta ikusizkoak

–Xedea.

Arte plastikoen eta ikus-entzunezkoen proiektuak edo piezak: pintura, eskultura, grabatua, argazkia, bideoartea, performancea, zinema, instalazioa, teknologia berriak, edo modalitate honetan ohikoa den edozein teknika eta formatu.

–Berariazko dokumentazioa.

Oinarri orokorretan eskatzen den dokumentazioaz gain, aurkezten den dosierrak hauek edukiko ditu:

  • Aurkeztutako obraren edo proiektuaren irudiak, haren nondik norakoa ulertzea ahalbidetzen dutenak.
  • Aurkezten den obraren fitxa teknikoa, izenburua, neurriak, iraupena, formatua, muntaia egiteko argibideak eta behar espezifikoak zehaztuz, beharrezkoa bada.
  • Obra bistaratzeko estekak sar daitezke.
  • Beste material batzuk eransten ahalko dira, obra edo proiektua ulertzen laguntzen dutenak.

–Lehiaketaren garapena.

  • Epaimahaiak hautatutako proiektuen jarraipena eginen du, eta prestakuntza zein topaketa jarduerak eginen dira Uharteko Zentroan, hautatutako pertsonentzat.
  • Hautatutako proiektuak Uharteko Zentroan aurkeztuko dira, 2020ko urriaren 16tik 18ra.
  • Emanaldiak eta muntaiak artista bakoitzarekin koordinatuko dira. Baldintza teknikoak erabilgarri dauden baliabide teknikoetara egokitu beharko dira.

III. ERANSKINA

Modalitatea: diseinua

–Xedea.

Proiektuak, piezak eta bildumak, diseinuko arlo hauetakoak: moda eta osagarriak barne diseinua, grafikoa, publizitatea, espazioa, objektuak, industria, interaktiboa eta beste edozein formatu.

–Berariazko dokumentazioa.

Oinarri orokorretan eskatzen den dokumentazioaz gain, aurkezten den dosierrak hauek edukiko ditu:

  • Aurkeztutako obraren edo proiektuaren irudiak, haren nondik norakoa ulertzea ahalbidetzen dutenak.
  • Aurkezten den obraren fitxa teknikoa, neurriak, formatua, muntaia egiteko argibideak eta behar espezifikoak zehaztuz, beharrezkoa bada.
  • Obra bistaratzeko estekak sar daitezke.
  • Beste material batzuk eransten ahalko dira, obra edo proiektua ulertzen laguntzen dutenak.

–Lehiaketaren garapena.

  • Epaimahaiak hautatutako proiektuen jarraipena eginen du, eta prestakuntza zein topaketa jarduerak eginen dira Uharteko Zentroan, hautatutako pertsonentzat.
  • Hautatutako proiektuak Uharteko Zentroan erakutsiko dira, 2020ko urriaren 16tik 18ra.
  • Emanaldiak eta muntaiak artista bakoitzarekin koordinatuko dira. Baldintza teknikoak erabilgarri dauden baliabide teknikoetara egokitu beharko dira.

IV. ERANSKINA

Modalitatea: literatura

–Xedea.

Poesia, narrazio, saiakera, komiki, album ilustratu edo beste edozein generotako testu edo proiektuak, edo egungo literaturari lotutako beste edozein.

–Berariazko dokumentazioa.

Oinarri orokorretan eskatzen den dokumentazioaz gain, aurkezten den dosierrak hauek edukiko ditu:

  • Testua osoa, pdf formatuan (Times New Roman 12, 1,5eko tartearekin).
  • Beste material batzuk eransten ahalko dira, obra edo proiektua ulertzen laguntzen dutenak.

–Lehiaketaren garapena.

  • Epaimahaiak hautatutako proiektuen jarraipena eginen du, eta prestakuntza zein topaketa jarduerak eginen dira Uharteko Zentroan, hautatutako pertsonentzat.
  • Hautatutako proiektuak Uharteko Zentroan aurkeztuko dira, 2020ko urriaren 16tik 18ra.
  • Hautatutako artista bakoitzarekin aurkeztu beharreko obraren datak eta ordua koordinatuko dira, baita behar diren baldintza teknikoak ere; horiek erabilgarri dauden baliabide teknikoetara egokitu beharko dira.

Izena emateko inprimakia (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2006103