146. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

228/2020 EBAZPENA, ekainaren 19koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea Nafarroako Foru Komunitateko Hauteskunde Sindikaletako Jarraipen eta Kontrol Batzordeko kideek lortutako akordioa. Akordio horren bidez erabaki da berriz abian jartzea, COVID-19ak eragindako aldi baterako etenaldiaren ondoren, hauteskunde sindikalen prozesuak, hots, Nafarroako Foru Komunitatean enpresetako langileen ordezkaritza organoak eta Administrazio Publikoen zerbitzuko langileenak aukeratzekoak.

Nafarroako Hauteskunde Sindikaletako Jarraipen eta Kontrol Batzordea sortzen duen urriaren 3ko 182/1994 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera (1994ko 124. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 14koa), batzorde horri dagokio, besteak beste, Nafarroako enpresetan egiten diren hauteskunde sindikalak sustatzeari eta egiteari buruzko akordioak hartzea.

COVID-19ak sortutako larrialdi sanitarioa eragin handia izaten ari da Nafarroako langileengan eta enpresetan, eta horregatik beharrezkoa da hauteskunde prozesuen esparruan neurri bereziak hartzea. 2020ko martxoaren 16an, Batzordeko kideek akordio bat sinatu zuten hauteskunde sindikalen prozesuak aldi baterako eteteko, ohiz kanpoko neurri gisa. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren martxoaren 16ko 108/2020 Ebazpenaren bidez, erabaki zen akordio hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea (2020ko 61. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 23koa). Orain, egokitzat jotzen da hauteskunde sindikalen prozesuak berriz abian jartzen direnean berme sindikal eta sanitario guzti-guztiak betetzea, eta, horretarako, 2020ko ekainaren 17an Batzordeko kideek beste akordio bat lortu dute.

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 265/2019 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiari dagozkio hauteskunde sindikalen erregistroaren gaineko eskudantziak.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea Nafarroako Foru Komunitateko Hauteskunde Sindikaletako Jarraipen eta Kontrol Batzordeko kideek lortutako akordioa, zeinaren bidez erabaki baita berriz abian jartzea, COVID-19ak eragindako aldi baterako etenaldiaren ondoren, hauteskunde sindikalen prozesuak, hots, Nafarroako Foru Komunitatean enpresetako langileen ordezkaritza organoetakoak eta Administrazio Publikoen zerbitzuko langileenak.

Iruñean, 2020ko ekainaren 19an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

NAFARROAKO HAUTESKUNDE SINDIKALETAKO JARRAIPEN ETA KONTROL BATZORDEKO SINDIKATUEN AKORDIOA, BERRIZ ABIAN JARTZEKO NAFARROAKO HAUTESKUNDE PROZESUAK, COVID-19AK ERAGINDAKO ALDI BATERAKO ETENALDIAREN ONDOREN

2020ko ekainaren 17an bildu dira Nafarroako Hauteskunde Sindikaletako Jarraipen eta Kontrol Batzordeko kideak; honako hauek, alegia:

–Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren ordezkari gisa, Javier Zubicoa, Lan Zerbitzuko zuzendaria.

–Sindikatuen ordezkari gisa:

  • UGTren izenean, Amaia Villanueva.
  • CCOOren izenean, Javier Ibáñez.
  • ELAren izenean, Oskar Rodríguez.
  • LABen izenean, Ainhoa de Miguel.

ADIERAZTEN DUTE:

Nafarroako Foru Komunitateko Hauteskunde Sindikaletako Jarraipen eta Kontrol Batzordea sortzen duen urriaren 3ko 182/1994 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera (1994ko 124. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 14koa), batzorde horri dagokiola, besteak beste, Nafarroan egiten diren hauteskunde sindikalak kontrolatzea eta gainbegiratzea.

COVID-19 birusaren izurritearen ondoriozko larrialdi sanitarioa eragin handia izaten ari dela Nafarroako langileengan eta enpresetan, eta horregatik beharrezkoa dela hauteskunde sindikalen esparruan ere neurri bereziak hartzea, hauteskunde prozesuak berriz abian jar daitezen.

Martxoaren 16an akordio bat lortu genuen Nafarroan hauteskunde sindikalak bertan behera uzteko (Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren martxoaren 16ko 108/2020 Ebazpena, 2020ko 61. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zena, martxoaren 23koan). Ildo horretan, orain beharrezkotzat jotzen dugu sinatzaileek aho batez lortzea beste akordio bat hauteskunde sindikalen prozesuak abian jartzeko, betiere osasun bermeak eta urruntze soziala lehenetsiz lan esparruan, eta sindikatu guztiek parte hartu ahal izateko berme guzti-guztiak izanda, bai osasunaren aldetik, bai eskubide sindikalen aldetik.

Horrenbestez,

HITZARTU DUTE:

1. Hauteskunde prozesu irekiak dituzten enpresak, non prozesua etena gelditu zen puntu berean abian jarri behar baita.

Hauteskunde prozesu horiek 2020ko irailaren 15ean jarriko dira berriz abian. Enpresa horietako prozesua abian jartzeko erabakia garaiz iragarri beharko da, eta aginduzkoa izanen da hori hauteskunde sindikalen bulego publikoaren bidez komunikatzea, kasuan kasuko hauteskunde prozesua zein egunetan jarriko den berriz abian adierazita.

Hauteskunde sindikalen bulego publikoari egin beharreko jakinarazpen hori hauteskunde prozesua abian jarri baino 14 egun natural lehenago egin beharko da, gutxienez.

Horretarako, sindikatu sustatzaileak, hauteskunde mahaiarekin batera, finkatuko du zein egunetan elkartuko den hauteskunde mahaia hauteskunde prozesua berriz abian jartzeko, betiere, alarma egoera dela-eta prozesua eten zen puntu beretik abiatuta.

Egun hori adostu ondoren, horren berri emanen zaio bulego publikoari, eta bulego hori arduratuko da gainerako sindikatuei eta enpresari jakinarazteaz.

Jakinarazpen horretan adierazi beharko da hauteskundeen egutegiaren zein puntutan eten zen prozesua, hauteskunde prozesua hortik beretik abiatuko baita.

Hauteskunde prozesua berriz abian jartzen den egunean, mahaiak eta sindikatuek bete gabe dagoen hauteskundeen egutegia doituko dute, prozesua burutu ahal izateko.

Abian diren hauteskunde prozesuak hautagai-zerrendak aurkezteko fasean badaude edo zerrendak aurkeztu ondoko fasean, hauteskunde mahaiek honela jokatuko dute:

–Lehenengo kasuan, hautagai-zerrendak aurkezteko beste epe bat irekiko dute, Langileen Estatutuan xedatutakoari jarraikiz.

–Bigarren kasuan, hautagai-zerrenda aurkeztu duen sindikatuetako batek hautagairen bat galdu badu eta mahaiari eskatzen badio, beste epe bat irekiko da, Langileen Estatutuan xedatutakoari jarraikiz.

Hauteskunde prozesua berriz abian jartzeko aukera irekitzen denetik (irailaren 15etik alegia) hamar egun naturaleko epean hauteskundeak sustatu zituen sindikatuak, berariaz edo isilbidez, aukera horri uko egiten badio, beste edozein sindikatuk eskatzen ahalko du hauteskunde prozesua berriz abian jartzea.

2. Aurreabisua hartu duten enpresak, mahaiak eratu gabe badaude.

Hauteskunde sindikalen deialdia egin zuen sindikatuak jakinarazi beharko du, hauteskunde sindikalen bulego publikoaren bitartez, zein egunetan eratuko den mahaia. Mahaia eratzeko ekitaldi hori, betiere, enpresetan hauteskunde prozesuak hasi ahal izateko finkatu den egunetik aurrera izanen da, hots, 2020ko irailaren 15etik aurrera. Jakinarazpen hori, hauteskunde prozesua hasteko eguna zehazten duena, hauteskunde sindikalen bulego publikoan erregistratuko da.

2020ko martxoaren 17an aurreabisuak etenda gelditu zirenez, erregistratze data berriaren eta hauteskunde prozesua hasteko egunaren artean 10 egun utzi beharko dira gutxienez, eta, nolanahi ere, 30 egun utzi beharko dira bi aldiak kontatuta, hau da, aurreabisuaren lehenengo erregistratze egunetik martxoaren 15era artekoa, eta oraingo bigarren aldia, hots, erregistroari jakinarazten zaion egunetik hauteskunde prozesua hasten den egunera arte.

3. ABEE bat aplikatu duten enpresak, jarduerara itzuli direnak plantillako langile batzuk oraindik espedientean izanda.

Hauteskunde prozesuak hasiko dira ABEEren aplikazioa bukatzen denean eta plantillako langileak lanean normaltasunez aritzen direnean, baldin eta langileen ordezkariek eta enpresa batzordeko kideek enpresako plantillan segitzen badute eta eskumenei eta bermeei buruz dagozkien eginkizunak bere horretan mantentzen badira.

Ordezkari sindikalik ez badago, hauteskundeetako aurreabisuak egiten ahalko dira akordio honetan ezarritako gainerako epeak betez.

4. Hauteskunderik gabeko enpresak eta 4 urteko agintaldia martxoaren 17tik aurrera (COVID-19aren ondoriozko etenaldia) bukatu duten enpresak, aurreabisurik ez badago.

Hauteskunderik gabeko enpresetan aurreabisua egin daiteke hauteskunde mahaia eratzeko eguna 2020ko urriaren 1etik aurrera finkatuta.

4 urteko agintaldia COVID-19ak eragindako etenaldiaren barruan bete duten enpresetan, zehazki, 2020ko martxoaren 17tik irailaren 1era bitarte, hauteskunde sindikalen aurreabisurik ez bazuten, aurreabisua egin daiteke hauteskunde mahaia eratzeko eguna 2020ko urriaren 1etik aurrera finkatuta.

Agintaldia 2020ko irailaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra bitarte bukatzeagatik ordezkariak berritu beharra duten enpresetan, aurreabisua egiten ahalko da hauteskunde mahaia eratzeko eguna 2020ko urriaren 1etik aurrera finkatuta, agintaldia irailaren 1etik urriaren 31ra bukatzen zaien enpresen kasuan.

Agintaldia azaroaren 1etik abenduaren 31ra bitarte bukatzen zaien enpresen kasuan, aurreabisua egiten ahalko dute mahaia eratzeko eguna 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera finkatuta.

Batzordea hautatzeko hauteskundeetan, konpromiso horri eutsiko zaio, non eta enpresan nagusi diren sindikatuek ez duten beste egun bat finkatzen.

5. Ordezkagarritasuna eta Langileen Estatutuaren 67.3. artikulua.

2020ko otsailaren bukaeran zegoen ordezkaritza indarrean mantenduko da 2021eko otsailera arte.

Hauteskunde sindikaletako datuen itxiera ofiziala 2021eko otsailean eginen da.

Bitartean, Administrazioak negoziazio kolektiborako ematen dituen ordezkagarritasun ziurtagiriak behin-behinekoak izanen dira (azkeneko itxiera 2020ko otsailekoa baita), eta 2021eko otsailaren 28an, itxiera-datu ofizial berriak biltzen direnean, ordezkagarritasun ziurtagiri horiek berrikusiko dira, baldin eta edozein alderdi interesatuk aldaketaren bat eskatzen badu, itxiera eginda, betiere.

6. Arbitraje prozesuak.

Gaur den egunean etenda eta/edo zitazio esperoan dauden arbitraje prozesuak 2020ko irailaren 1etik aurrera eginen dira, baldin eta arbitraje ikustaldietan betetzen ahal badira osasun bermeak eta urruntze sozialari dagozkionak.

Administrazioak aurreko paragrafoan ezarritako neurriak betetzeko moduko areto bat egokituko du.

7. Segurtasun protokoloa.

Hauteskunde mahaia eratzeko ekitaldia eta prozesu guztia urruntze sozialari eta lokalen edukierari buruz unean-unean ezartzen diren neurriak bermatzeko moduko espazioetan eginen dira; enpresak horrelako espaziorik ez badu, hauteskunde mahaiaren ekitaldiak baliabide telematikoak erabiliz egiten ahalko dira.

Erreklamazioak eta hautagai-zerrendak posta elektronikoaren bidez aurkezteko erraztasunak emanen dira.

Behar izanez gero, bozkatzeko txandak antolatuko dira, ordutegi zabalak eskainiz, lantoki guztietan.

8. Hauteskunde epeak.

Akordio hau sinatzen duten sindikatuek hitz ematen dute honako alderdi hauek babestuko dituztela eta horren berri emanen dietela hauteskunde mahaiei:

–Langileen ordezkariak aukeratzeko hauteskunde prozesuetan, Mahaiari proposatuko zaio prozesua gauzatzeko hauteskunde epeak legeak baimentzen dituen luzeenak izan daitezela, posta bidezko botoa erraztearren.

–Batzordeak aukeratzeko hauteskunde prozesuetan ere, proposatuko da bozkatzeko epeak luza daitezela.

–Prozesu guztietan behar bezalako bermeak jarriko dira botoa posta bidez emateko; horretarako, behar izanez gero, epeak luzatuko dira.

9. Hauteskunde Sindikalen Batzordea.

Batzordeak 2020ko irailetik aurrera ekinen dio bileren egutegiari. Hala, irailaren 9an eginen du lehenengo bilera, eta beste bat irailaren 30ean.

Dena dela, Batzordea edozein alderdik eskatuta bilduko da akordio honen gaineko edozein zalantza argitzeko, are gehiago kontuan hartuta litekeena dela jarduera ez izatea berdina sektore guztietan eta, horrenbestez, hauteskunde prozesuak berriz abian jartzeko akordio sektorialak behar izatea.

10. Akordioaren indarraldia.

Akordio honek 2021eko otsailaren 28ra arte izanen du indarra.

11. Akordioaren argitalpena.

Nafarroako Gobernuko Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du akordio hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzeko.

Iragarkiaren kodea: F2006441