146. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

85/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 19koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita Ondare Zerbitzuari kudeaketa esleipen bat egiteko, hark instruitu eta tramitatu ditzan Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoari dagozkion ondare erantzukizuneko prozedurak, eta horien gaineko ebazpen proposamena egin dezan.

Irailaren 13ko 352/1999 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoa sortu zen, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari atxikia; eta, azaroaren 6ko 300/2019 Foru Dekretuaren bidez, haren estatutuak onetsi ziren (horietan jasotzen da erakundearen antolaketa eta funtzionamendurako egungo araubidea).

Instrumentalitate printzipioak berariaz esleitutako xede eta helburuei buruz dioenari jarraikiz (printzipio hori erakunde publikoen araubide juridikoan jasotzen da), komenigarria izan daiteke erakunde publiko bati atxikita ez dauden administrazio organoek egitea erakunde publiko horri dagozkion zenbait eginkizun orokor; hala nola, Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoari dagozkion ondare erantzukizuneko prozedurak, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuarekin elkarlanean tramitatzen direnak, kudeaketa esleipenaren teknikaren bidez.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14.1 artikuluak dioenez, Nafarroako Foru Komunitateko organoek ahalmena izanen dute beren eskumeneko lan material edo teknikoak edo zerbitzuak beste organo batzuei esleitzeko, dela eraginkorragoak izateko, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako. Antzeko moduan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluak xedatzen duenez, administrazio organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko lan material edo teknikoak edo zerbitzuak administrazio bereko edo beste bateko organo batzuei esleitzen ahalko zaizkie, dela eraginkorragoak izateko, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako.

Ekainaren 5eko 77/2017 Foru Agindua laster indarrik gabe egonen denez (aurreko esleipena hari jarraikiz egin zen), bidezkoa da elkarlanerako eta laguntzarako tresna tekniko hori beste hiru urterako berritzea.

Proposatutako esleipenaren xedea da Ondare Zerbitzuak egitea behar diren jarduketa administratibo guztiak Nafarroako Foru Ogasunari dagozkion ondare erantzukizuneko prozedurak hasteko eta instruitzeko; erakunde autonomoari dagokio prozeduraren gaineko ebazpena ematea. Kalte-ordain ekonomikorik egin behar izanez gero, organo kudeatzaileak adierazten duen Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren partidaren kargura eginen da.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Baimena ematea kudeaketa esleipen bat egiteko Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuari, hark instruitu eta tramitatu ditzan Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoari dagozkion ondare erantzukizuneko prozedurak, eta horien gaineko ebazpen proposamena egin dezan.

2. Esleipena hiru urterako izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

3. Esleipenaren xedeko prozeduren ondoriozko gastuen finantziazioa Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren aurrekontuko partiden kargura eginen dira.

4. Foru Agindu hau Nafarroako Foru Ogasuneko Ondare Zerbitzura eta Administrazio Atalera igortzea.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko ekainaren 19an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2006405