146. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA

Ordenantza, hondakinak kudeatzea arautzen duena.
Behin betiko onespena

Iruñerriko Mankomunitatearen Batzar Nagusiak, 2020ko ekainaren 8an egindako bilkuran, behin betiko onetsi zuen hondakinak kudeatzea arautzeko ordenantzaren 7., 15., 16., 20., 51. artikuluak aldatzea, 16. artikuluaren eta hurrengoen zenbakiak aldatzea, eta 4. eranskina gehitzea, bai eta argitara ematea ere ordenantzaren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Iruñean, 2020ko ekainaren 9an.–Lehendakaria, David Campión Ventura.

ORDENANTZA, IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEAN HONDAKINAK KUDEATZEA ARAUTZEN DUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak, helburua eta aplikazio esparrua

1. artikulua. Eskumena duen erakundea. Iruñerriko Mankomunitatea (hemendik aurrera, Mankomunitatea) toki erakundea da, elkarte izaera duena, eta bere helburuen artean dago hondakinak biltzeko eta tratatzeko zerbitzuak ematea, Mankomunitateak une bakoitzean zerbitzu horien titulartasuna duen toki erakundeen edo jardun esparruetan, ingurumenaren eta herritarren osasunaren babesa lortzeko xedea izanik.

2. artikulua. Tokiko eskumenak. Mankomunitateak eskumena du haren esparruan sortzen eta uzten diren etxeko hondakinak biltzeko, garraiatzeko eta tratatzeko, ordenantza honetan ezartzen den moduan eta hondakinei buruzko Estatuko legedian eta toki araubidearen legedian ezarritakoari jarraituz.

Mankomunitateak ahalmena du zaintza eta ikuskapenerako eta zehapenak jartzeko, bere eskumenen esparruan.

Mankomunitateak honako hau egin dezake:

–Hondakinak kudeatzeko eta/edo hondakinen prebentziorako bere programa onestea, bere eskumenen esparruan eta esparru plan nazionalarekin eta hondakinak kudeatzeko autonomia planekin koordinaturik. Hala behar denean, hondakinen prebentziorako plana sartzen ahalko da hondakinak kudeatzeko planean.

–Merkataritzako hondakin ez arriskutsuak biltzea, ordenantza honetan ezarritako moduan.

–Etxeko hondakin industrialak biltzea, ordenantza honetan ezarritako moduan.

3. artikulua. Zerbitzua kudeatzeko modua. Aurreko artikuluak aipatzen dituen zerbitzuak kudeatzen ditu Mankomunitateak, helburu horrekin berak sorturiko kudeaketa sozietate baten bidez, Iruñerriko Zerbitzuak SA (SCPSA), tokiko zerbitzuak emateari buruzko gaietan indarrean dagoen legedian ezarritakoarekin bat.

4. artikulua. Helburua. Ordenantza honek SCPSAren eta hondakinen kudeaketa zerbitzuen erabiltzaileen arteko harremanak arautzea du helburu, aipatutako eremuan, hierarkia printzipioa aintzat hartuta, eta emaitza global onena lortzeko xedearekin, hondakinek gizakion osasunean eta ingurumenean izan ditzaketen kontrako eraginak arinduz.

Zerbitzu horiek emateagatiko prezioei dagokienez, une bakoitzean Mankomunitateak onetsi eta indarrean jarritako Hondakinak kudeatzeko zerbitzuak finantzatzea arautzeko ordenantzari jarraituko zaio.

5. artikulua. Aplikazio esparrua. Ordenantza hau orobat aplikagarria izanen zaie bere eskumeneko eremuan ematen diren etxeko hondakinen kudeaketa zerbitzuei, eta bai, behar bada, eremu horretatik kanpo ematen direnei ere, guztiz nahiz zati batean.

Ordenantza honetako arauak analogiaz aplikatuko zaizkie espresuki araututa ez dauden kasuei eta, beren izaeragatik, haren aplikazio esparruaren barnean daudenei.

Mankomunitateak, ordenantza hau aplikatzean sor litezkeen zalantzei dagokienez, bidezko jotzen duen interpretazioa ezarriko du.

6. artikulua. Araubidea. Ordenantza honen araubidea Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen printzipioei lotuko zaie eta hondakinen kudeaketaren gainean aplikagarriak diren gainerako xedapenei.

7. artikulua. Definizioak. Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritakoaren arabera (3. artikulua), ordenantza honetan xedatutakoaren ondorioetarako, definizio hauek hartuko dira aintzat:

Hondakina: edozein gai edo gauza, jabeak bota egiten badu edo botatzeko asmoa edo betebeharra badu.

Etxeko hondakinak: etxeko jardueren ondorioz etxeetan sortutako hondakinak. Horien gisakoak, zerbitzuek eta industriek sortuak ere, hartuko dira etxeko hondakintzat.

Honako hauek ere kategoria honetan sartzen dira: aparatu elektriko eta elektronikoetatik etxean sortzen direnak, arropa, pilak, metagailuak, altzariak eta etxeko gauzak, baita etxeetan egiten diren obra txikietako eraikuntza edo konponketatik heldu diren hondakinak eta obra hondakinak ere.

Honako hauek ere etxeko hondakintzat hartuko dira: eremu publikoak, berdeguneak, josteta eremuak eta hondartzak garbitzetik heldu direnak, etxeko animalia hilak eta ibilgailu abandonatuak.

Merkataritzako hondakinak: handizkako nahiz txikizkako merkataritzak berezko duen jardueratik sortuak, baita jatetxe eta ostatuetako zerbitzuetatik, bulego eta merkatuetatik eta zerbitzuen sektoreko gainerakoetatik heldu direnak ere.

Udal hondakinak: udalaren eskumenekoak izanen dira etxeko hondakinak eta merkataritzako hondakin ez arriskutsuak (1).

(1) Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak barne hartzen ditu etxeko hondakinen kontzeptuan bai etxeetan sortutakoak bai eta zerbitzuetan eta industrietan sortutako antzekoak ere (3.c artikulua). Nolanahi ere, nahitaezko zerbitzu publikoa ezartzean, soil-soilik hartzen ditu etxebizitzetan, saltegietan eta zerbitzuetan sortutako etxeko hondakinak (12.5.a artikulua).

Industriako hondakinak: industria jarduerak sortzen dituen hondakinak fabrikazio, eraldakuntza, erabilera, kontsumo, garbiketa edo mantentze prozesuen ondorioz, kanpo utzirik atmosferarako isuriak, azaroaren 15eko 34/2007 Legeak arautzen baititu.

Hondakin arriskutsuak: Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen III. eranskineko zerrendan agertzen diren ezaugarri arriskutsuetarik bat edo gehiago dituzten hondakinak, baita Gobernuak onesten dituenak ere Europako araudian edo Espainiak parte hartzen duen nazioarteko hitzarmenetan ezarritakoari jarraikiz, eta orobat hondakin horiek eduki dituzten ontziak.

Obra txikiko eraikuntzaren eta eraispenaren hondakinak eta etxeko konponketetakoak: etxe partikular, saltegi edo bulego batean edo zerbitzuen sektoreko higiezin batean egiten diren eraikuntza edo eraispen obrak dira, teknika errazekoak eta eraikuntza eta ekonomia aldetik garrantzi gutxikoak. Haien ondorioz ez dira aldatzen bolumena, erabilera, denek erabiltzeko instalazioak edo etxebizitza eta lokalen kopurua, eta ez dute behar tituludun profesionalek sinatutako proiekturik.

Olio erabiliak: olio guztiak, hala mineralak nola sintetikoak, industrialak edo labainketakoak, jatorrian aurreikusitako erabilerarako jadanik balio ez dutenak, hala nola errekuntzako motorretako olio erabiliak eta abiadura-kaxetako olioak, olio labaintzaileak, turbinetarako olioak eta olio hidraulikoak.

Landare olio erabiliak: etxeetan janariak frijitzeko erabiltzen diren landare olioen hondakinak edo taberna, jatetxe, hotel eta beste jatetxe zerbitzu batzuetakoak, bai eta kontserben olioak ere. Hemen ez dira sartzen beste janari koipe batzuk.

Biohondakinak: biodegradatzen ahal diren hondakinak, lorategi eta parkeetakoak, eta elikadurako eta sukaldeko hondakinak, etxe, jatetxe, taldeentzako sukaldaritza zerbitzu eta txikizkako salmentan aritzen diren establezimenduetatik heldu direnak, baita elikagaiak prozesatzeko plantetatik heldu diren eta horiekin pareka daitezkeen hondakinak ere.

Prebentzioa: gai, material edo produktu bat asmatu eta diseinatzeko, ekoizteko, banatzeko eta kontsumitzeko faseetan honako hauek murrizteko hartzen diren neurriak:

1. Hondakin kopurua, baita produktuak berriz ere erabilirik edo produktuen bizi erabilgarria luzaturik ere.

2. Sortutako hondakinek ingurumenari eta giza osasunari egiten dizkieten kalteak, barne dela materialen edo energia erabileraren aurreztea.

3. Gai kaltegarrien edukia, material eta produktuetan.

Hondakinen sortzailea: pertsona fisiko edo juridiko oro, haren jarduerak hondakinak sorrarazten baditu (hondakinen hasierako sortzailea) edo hondakin horien izaeran edo osaeran aldaketa eragiten duten jarduketak egiten baditu, hala nola aldez aurreko tratamendua, nahasketak edo bestelakoak. Mugetako instalazioetan kontrol eta ikuskaritza zerbitzuek kentzen dituzten salgaien kasuan, salgaiaren ordezkaria hartuko da hondakinen sortzailetzat, edo bestela haren inportatzailea edo esportatzailea.

Hondakinen edukitzailea: hondakinak dauzkana, dela hondakinen sortzailea dela beste pertsona fisiko edo juridiko bat.

Negoziatzailea: hondakinak erosten eta ondoren saltzen bere kontura aritzen den pertsona fisiko edo juridiko oro, baita hondakinak fisikoki hartzen ez dituzten negoziatzaileak ere.

Agentea: hondakinen balorizazioa edo ezabaketa hirugarrenen eskariz antolatzen duen pertsona fisiko edo juridiko oro, baita hondakinak fisikoki hartzen ez dituzten agenteak ere.

Hondakinen kudeaketa: hondakinen bilketa, garraioa eta tratamendua, eta lan horiek zaintzea, eta zabortegiak itxi eta geroko mantentze lana egitea, negoziatzaile edo agente gisa egiten diren jarduketak barne.

Hondakinen kudeatzailea: pertsona edo entitatea, publikoa nahiz pribatua, baimen bidez edo komunikazio bidez erregistratua, hondakinen kudeaketa osatzen duten jarduketetariko edozein egiten duena, haien sortzailea izan edo ez.

Bilketa: hondakinak jasotzea, barne dela hasierako sailkapena eta biltegiratzea, horiek tratamendurako instalazio batera garraiatzeko.

Gaikako bilketa: hondakinen bilketa gaika egiten da, hondakin mota edo izaeraren arabera, tratamendu berariazkoa errazteko.

Berrerabilpena: edozein lan, haren bidez produktuak edo produktuen osagaiak, hondakin ez direnak, berriz ere erabiltzen badira, zertarako asmatu ziren eta horrexetarako.

Tratamendua: balorizazio edo ezabaketa jarduketak, barne dela balorizazioaren edo ezabaketaren aurreko prestakuntza.

Balorizazioa: edozein jarduketa, haren emaitza nagusia bada hondakinak xede baliagarria izatea, bestela eginkizun partikular bat betetzeko erabiliko liratekeen materialak ordezkaturik, edo hondakina prestatzea, eginkizun hori instalazioan nahiz, oro har, ekonomian betetzeko. Legearen II. eranskinean jasotzen da balorizazio lanen zerrenda ez zehatza.

Berrerabilpenerako prestakuntza: egiaztapena, garbiketa edo konponketa dakarren balorizazio lana, haren bidez hondakin bilakatu diren produktuak edo produktuen osagaiak prestatzen badira berriz ere erabili ahal daitezen beste inolako eraldaketarik gabe.

Birziklatzea: balorizazio lana, haren bidez hondakinen materialak berriz ere produktu, material edo gai bilakatzen badira, hala jatorrizko xederako nola beste edozein xedetarako. Barne sartzen da material organikoaren eraldaketa, baina ez balorizazio energetikoa, ezta erregaitako edo betelanetarako erabiliko den material bilakatzea ere.

Ezabaketa: edozein jarduketa, balorizazioa ez bada, baita lan horren bigarren mailako ondorioa denean gaien edo energiaren aprobetxamendua. Legearen I. eranskinean jasotzen da balorizazio lanen zerrenda ez zehatza.

Konposta: medeagarri organikoa, bereizita biltzen diren hondakin biodegradagarrien tratamendu biologiko aerobioaren eta termofiloaren bidez lortzen dena. Ez da konposta izanen hondakin nahasien tratamendu mekaniko biologikoko plantetan lortzen den material organikoa, horri material bioegonkortua deituko baitzaio.

Edukiontziak eta buzoiak gailu elektronikoaren bidez irekitzeko sistema: edukiontziak eta buzoiak gailuak erabilita (txartelak edo antzekoak) ireki eta ixteko aukera ematen duten elementu mekanikoen, elektronikoen eta komunikaziokoen multzoa, eragiketa horren datuak lortuz, eta datu horien kudeaketa.

8. artikulua. Debekuak. Era egokian utzi eta gero hondakinak Mankomunitatearen jabetzakoak izatera igarotzen dira. Kale-plazetan dauden edukiontzietara botata dagoen edozein hondar material hautatu eta hartzea debekatuta dago, geroago hori baliatzeko.

Debekatuta dago edukiontzietara botatzeko hondakinen dentsitatea handitzea xede duten instalazioak egitea, Mankomunitatearen berariazko baimena izan gabe.

Debekatuta dago edukiontzietan grafitiak egitea edo horiek margotzea, edozein motatako kartelak edo itsaskinak jartzea edo publizitatea egiteko erabiltzea.

Debekatuta dago hondakinak estolderiatik botatzea edo hustea (zigarrokinak, pixoihalak, janari hondarrak, etab.), aurretik birrinduta badaude ere.

9. artikulua. Erantzukizuna. Hondakinen edukitzaileak hondakin edo zabor horiek eragin lezaketen kalteen gaineko erantzukizunik gabe geratuko dira, baldin eta haiek ematean ordenantza honi eta beste arau aplikagarriei jarraitu izan bazaie.

10. artikulua. Beste kudeatzaile batzuk. Pertsona fisiko edo juridiko bakar bat ere ezin izanen da aritu Mankomunitatearen eskumenekoak diren etxeko eta/edo merkataritzako hondakinak biltzen eta baliatzen (ordenantza honen 2. artikuluan ezarriak), berariazko baimenik ez badu.

11. artikulua. Bideetako garbiketa. Herriko bideetako garbiketa lanetan sortutako hondakinak, eskuz edo makinaz egindako errazketako hondakinak, orbelak eta beste hondakin batzuk horrexetarako ezarritako edukiontzietan utziko dira, udalaren edukiontzietan. Mankomunitateak baimendu beharko du kokalekua, edukiontzi mota eta jarri beharreko unitate kopurua.

II. TITULUA

Etxeko hondakinen bilketa

I. KAPITULUA

Baldintza orokorrak

Kapitulu honek arautuko du Mankomunitateak zein baldintzatan emanen dituen zerbitzuak eta hondakin eta zaborren bilketa zerbitzu horiek nola baliatuko dituen erabiltzaileak.

12. artikulua. Erabiltzaileak. Zerbitzu hauek emateari dagokionez, erabiltzaile izaera dute beren helbidea udal eta kontzejuetan duten edo ordenantza honen xede diren zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsona fisiko edo juridiko guztiek, non Mankomunitateak hondakinak biltzeko, tratatzeko eta baliatzeko eskumenaren titulartasuna duen.

13. artikulua. Biltzekoak. Hondakin mota hauek izanen dira biltzekoak:

a) Etxeko elikadurako eta kontsumoko hondakinak, herritarrek beren etxeetan sorturikoak.

b) Herritarrek espaloietan egindako garbiketan sortutakoak.

c) Zuhaitz inausketako eta landare mantenimenduko arbasta, zatikatua ematen dena.

d) Merkataritza lokaletan sortutako estalkiak, ontziak, enbalajeak eta beste hondakinak.

e) Zerbitzu, industria eta merkataritza jardueretan sortutako hondakin gaiak, etxebizitzetako zaborren gisa berekoak direnak.

f) Taberna, jantoki eta, oro har, sutan prestaturiko gai jangarriak ematen diren beste saltokietan, edota edonolako gaiak jan-edaten diren lokaletan sortzen direnak. Halaber, supermerkatu, autozerbitzu eta horrelako saltokietan sortzen direnak ere.

g) Egoitza, hotel, ikastetxe, beste lokal publiko edo herritarrek sarrera duten lokaletan sortzen diren kontsumoko hondakinak oro har.

h) Udal azoketako jardunean sortutako hondakinak.

i) Etxebizitzetan egindako obra txikietan sortutako hondakinak eta etxeko konponketetakoak.

j) Etxebizitza eta saltokietan sortutako errautsak.

k) Etxeko tamaina handikoak, hala nola arropa, oinetakoak eta horiek bezalako edozein gai.

l) Etxeko animalia hilak.

m) Etxeko hondakin arriskutsuak, herritarrek beren etxebizitzetan sortutakoak.

n) Ordenantza honen 30. artikuluan ezarritako I. eta II. taldeetako klinika hondakinak.

o) Beren izaera edo osaeragatik etxeko hondakintzat jo daitekeen zeinahi beste hondakin oro.

14. artikulua. Biltzekoak ez direnak. Inola ere bilketan sartuko ez diren hondakinak:

a) Hondakin arriskutsuak, etxebizitzetan sortutakoak izan ezik.

b) Industriako-merkataritzako hondakinak, beren izaeragatik, osaeragatik edo aurkeztutako eragatik etxeko hondakin gisa ezin onartuzkoak direnak.

c) Erabileratik kanpo dauden pneumatikoak.

d) Abeltzaintza eta nekazaritzako ustiategietatik datozen hondakinak, animalia hilak barne.

e) III. taldean dauden klinika hondakinak, 296/1993 Foru Dekretuaren arabera.

f) AMA eta GKEDA izendatutako hondakinak, haragi ustiategietan, harategietan, arrandegietan eta halakoetan sortutakoak, urriaren 21eko 1069/2009 EE Erregelamenduaren arabera.

g) Hondakin likidoak edo isurki bihur daitezkeenak.

h) Hondakin erradioaktiboak.

i) Beren izaeragatik, osaeragatik edo ezaugarriengatik etxeko hondakintzat jo ezin daitezkeen zeinahi beste hondakin oro.

j) Lehergai eta piroteknia hondakinak.

15. artikulua. Helburua. Bai Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak, bai 2017-2027 aldirako Nafarroako Hondakin Planak eta Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legeak ere, hondakinak berrerabiltzeko, birziklatzeko eta hondakinak balorizatzeko beste mota batzuen helburuak finkatzen dituzte, ingurumena eta gizakion osasuna babesteko helburuarekin.

Ondorio horietarako, Mankomunitateak bilketa berezia egiteko sistema eratua du, era batera edo bestera aprobetxagarri diren hondakinak, edota beren biltze berezia komenigarritzat jotzen direnekoak biltzeko; erabiltzaileak hondakinok bereizita ematera behartzen ditu horrek.

Hondakinak egoki kudeatzeko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko, Mankomunitateak beharrezkoak diren neurriak jasotzen ditu ordenantza honetan, jatorrian bereiztea emendatzeko eta bilketa-zerbitzua optimizatzeko xedearekin.

16. artikulua. Edukiontziak eta buzoiak txartelaren edo gailu baliokide baten bidez irekitzea. Ordenantza honetako 15. artikuluan jasotako helburuak lortzeko, edukiontziak eta buzoiak txartelaren eta/edo gailu baliokide baten bidez irekitzeko sistemak kokatuko dira pixkanaka gai organikoen eta gainerakoen frakzioetan. Sistema horiek ahalbidetuko dute edukiontzi eta/edo buzoi bakoitzaren irekitze datuak bildu eta erregistratzea, erabilera-maila ezagutzeko xedearekin, helburu normatiboak lortzeko, eta bai zerbitzua eta bere emaitzak sustatzeko jarduerak egiteko ere.

II KAPITULUA

Edukiontzi bidezko bilketa

17. artikulua. Bilketa zerbitzua. Mankomunitateak edukiontzi bidezko ohiko zabor bilketa zerbitzua antolatua du, eta erabiltzailea behartuta dago zerbitzu hori egokiro erabiltzera. Hondakinak biltzeko zerbitzua emateak honako eginbide hauek bete beharra ekarriko du:

–Edukiontziak bilketarako ibilgailuetara garraiatzea.

–Edukiontziak hustea.

–Behin hustu eta gero, edukiontziak beren ohiko kokapenera eramatea.

–Eginbide horien ondorioz kale-plazetara isuritako zaborrak garbitzea.

–Hondakinak garraiatzea eta Mankomunitateak horretarako egokitutako tratamendu zentroetan haiek hustea.

–Edukiontziak garbitzea eta behar bezala mantentzea.

Edukiontzi mota, erabiliko den edukiontzi kopurua eta haien kokapena Mankomunitateak erabakiko du.

Mankomunitateak edukiontzi gune baten kokapena erabaki eta gero, ezin izanen da aldatu bertako zerbitzu teknikoek berariazko baimena ez badute ematen.

Erabiltzaileek ezin izanen dituzte mugitu edukiontziak.

Jabetza publikoko edukiontziak direnez, Mankomunitateak ordeztuko ditu, erabiltzaileentzat inolako kosturik gabe, erabilera egokiagatik ere matxura konponezinik dutenetan edo desagertu izan direnetan, baina zerbitzurako erabili ezinak erabilera okerragatik suertatu direnetan (pisu gehiegi sartu izana, desegoki erabili izana...) erabiltzaileari egozten ahalko zaio dagokiona ordain dezala.

Hesiak edo babes barrak jarrita mugatuko du bilketarako gunea Mankomunitateak, eta helburua izanen da tokia gelditzea eta egotea zamatzeko, husteko eta zerbitzua ongi emateko gainerako eragiketetarako, alde batera utzirik pasabideak eta helburu horretarako hiri espazioko erreserba bereziak jartzea eskatzeko aukera izatea.

Titularraren eskariz, edukiontziak jabetza partikularren barnean kokatzen ahalko dira, baldin eta bilketa eragozpenik gabe egin ahal bada eta zerbitzuko ibilgailuak edukiontzi guneraino bertaraino oztoporik gabe iristen ahal badira.

18. artikulua. Lurpeko edukiontziak. Orokorrean, ez da lurpeko edukiontzirik jarriko Mankomunitatearen eremuan.

Hala ere, jada ezarririk dauden instalazioetarako edo egoki justifikatutako aparteko kasuetarako ezartzea baimentzen den kasuetan, I. eranskinean dauden baldintza teknikoak bete beharko dira.

III. KAPITULUA

Bilketa pneumatikoa

Iruñerriko Mankomunitateak egokitzat du, ingurumen arrazoiengatik eta bilketa zerbitzua hobetzeko asmoagatik, garrantzi handiko hiri garapen guneetan hondakinen bilketa pneumatikorako sistemak ezartzea.

19. artikulua. Xedea. Kapitulu honen xedea da Iruñerriko Mankomunitatearen eremuan ezartzen diren bilketa pneumatikorako instalazioen gaineko baldintzak arautzea, sistemaren erabilera arauak ezartzea eta bai Mankomunitateko zerbitzu teknikoei eta/edo izendatutako langileei kanpoko eta barneko instalazioen ikuskatze, mantentze, zaintze eta konpontze lanak esleitzea, bilketa pneumatikorako sistemaren funtzionamendu egokia oso-osorik bermatuta gelditu dadin.

20. artikulua. Sistema ezartzea. Mankomunitateak, dagokien udalekin batera, haren esparruko hainbat gunetan, ordenantza honen baldintzen arabera, sustatuko du hondakinen bilketa sistema automatizatu edo pneumatiko baten bidez egitea.

1.000 etxebizitzatik gorako hirigintza garapen guztietan, Iruñerriko Mankomunitateak aurretik azterketa bat eginen du, eta kasu horietan bilketarako sistema ezartzea kasu bakoitzean ateratzen diren ondorioen araberako erabakia izanen da.

Hala ere, proiektatutako etxebizitza kopurua txikiagoa den kasuetan ere, bilketa sistema pneumatikoa ezartzea exijitzen ahalko da, baldin eta hirigintza egitasmo mugakiderik badago edo instalazioa ekonomikoki eta teknikoki bideragarria egiten duen azpiegiturarik hurbil badago.

Bilketa pneumatikoa ezartzea erabaki denean, dagokion urbanizazio proiektuak sare nagusia eta bilketa gunea instalatzea aurreikusi beharko du, eta aurreikusi beharko du, gutxienez, lotura adar bat lurzati bakoitzeko. Era berean, jabeek barneko sarea instalatu beharko dute, hau da, isurtzeko guneak, urbanizatze fasean instalatutako loturatik.

Sistema hau ezartzearen ondorioz sortutako gastu guztiak sustatzaileen gain geldituko dira, eta gero Mankomunitateak hartuko ditu bere gain, bera baita hondakinak kudeatzeko gaian Iruñerrian eskumena duen erakundea.

Eginda dauden urbanizazioetan hondakinen bilketa pneumatikorako sistema ezartzen ahalko da, dagokion udalak eta Mankomunitateak arrazoi tekniko, ekonomiko eta/edo ingurumenekoengatik egokia dela hitzartzen badute, delako eremu horretan 3.000 etxebizitza baino gutxiago badaude ere.

Sistema honen ezaugarri eta zehaztapen teknikoak II. eranskinean daude.

IV. KAPITULUA

Bilketaren baldintzak eta erabiltzailearen betebeharrak

21. artikulua. Erabiltzailearen betebeharrak. Oro har, erabiltzaileak honako betebehar hauek izanen ditu, bilketa dela-eta.

1. Etxeko hondakinak Mankomunitatearen esku jartzea, egoki bereizita, 23. artikuluan zehazten diren frakzio edo zatietan eta kapitulu honetan ezartzen diren baldintzetan.

2. Mankomunitateak une bakoitzean ezartzen dituen zabor edukiontziak erabiltzea indarrean dauden arauen eta ordenantza honen arabera.

3. Hondakinak edukiontzien barnean uztea, erabili eta gero estalkiak itxita utzita.

4. Hondakinak tolestea edo zatikatzea, hala behar denean (kartoizko kaxak, zur gaiak, plastikoa eta abar).

5. Kalterik sor dezaketen hondakinak modu seguruan botatzea (beira laua, toska, latorria...).

6. Hondakin edukiontziak ongi erabiltzea, behartu edo hondatu gabe.

7. Errautsak aldez aurretik itzalita eta hoztuta uztea.

8. Ez eragoztea edukiontziak zamatzeko, husteko, mantentzeko, garraiatzeko eta garbitzeko lanak.

9. Ezinbesteko kasuetan, bilketa zerbitzua eman ezin denean, hondakinik ez ateratzea zerbitzua berriro bere onera ekarri arte; dena den, behar bezala iragarriko da.

10. Mankomunitateari ematea eskatzen duen informazioa arriskutsu izan daitezkeen hondakinei buruz eta, halakoak badira, haien jatorriaren, ezaugarrien, helburuaren eta abarren gainekoa.

Behar bezala utzi ez diren hondakinak jasotzeari uko egiten ahalko dio Mankomunitateak, aurreko zehaztapenen arabera.

Sortutako hondakinen jatorriak edo kantitateak justifikatzen duen kasuetan, Mankomunitateak exijitzen ahalko ditu baldintza bereziak, esate baterako edukiontzietan poltsa jartzea edo hondakinak ordutegi jakin batean botatzera behartzea.

Bilketa pneumatikoa ezarrita dagoen tokietan, erabiltzaileek, gainera, honako betebehar hauek izanen dituzte:

1. Kasu bakoitzean Mankomunitateak zehazten dituen konportak erabiltzea, indarrean dagoen legezko araudiarekin eta ordenantza honekin bat eginez.

2. Konportak eta/edo ontziak ongi eta egoki erabiltzea bilketa pneumatikoan, behartu eta hondatu gabe.

3. Hondakinak konporten barnean uztea, eta, erabili ondoren, konporta horiek ixtea.

4. Hondakinak botatzeari, mantentzeari, garbitzeari, kokatzeari eta abarri dagozkion eragiketak ez eragoztea.

5. Inola ere ezin izanen dira erabili isur-konportak, beren bolumenarengatik edo konfigurazioarengatik, bilketa pneumatikoaren sistema erabilezin utz dezaketen edo horri kalterik egin diezaioketen hondakinak botatzeko.

22. artikulua. Bilketa zerbitzuen sailkapena. Ordenantza honetan ezarritakoaren ondorioetarako, hondakinen bilketa zerbitzua ohikoa edo berezia izanen da:

–Ohiko bilketa: nahitaez eman beharreko zerbitzua, edukiontzi bidez, bost zati edo frakzioena (gai organikoak, papera-kartoia, ontziak, beira eta gainerakoak). Mankomunitateak gauzatuko du, ordenantza honetan xedatutakoaren arabera.

–Bilketa berezia: ohiko bilketarako edukiontzietara bota ezin diren etxeko hondakinak biltzeko zerbitzua.

I. ATALA

Ohiko bilketa

23. artikulua. Bilketa eredua. Hondakinen Plan Nazionalean eta Nafarroako Hondakinak Kudeatzeko 2010-2020 arteko Plan Integralean ezarritakoaren arabera, ohiko bilketako ereduak, Iruñerriko Mankomunitatearen esparruan era orokorrean ezarrita dagoenak, erabiltzaileak behartzen ditu beren hondakinak bost zati edo frakziotan aurkeztera:

–Gainerakoen frakzioa.

–Gai organikoak.

–Ontziak.

–Papera-kartoia.

–Beira.

Gai organikoen bilketa ezarri ez den tokietan, gai organikoak gainerakoen edukiontzietara bota behar dira.

24. artikulua. Gai organikoak biltzea. Honako hauek hartuko dira gai organikotzat:

Hondakin biodegradagarria, etxeetatik, jatetxeetatik, jatetxe kolektiboko zerbitzuetatik eta txikizkako salmentako establezimenduetatik ateratzen diren elikagai eta sukalde hondakinak; orobat, elikagaiak prozesatzeko plantetatik ateratzen diren hondakin parekagarriak. Fruta eta barazki hondarrak, haragi eta arrain hondarrak, sukaldeko paper eta ezpainzapi zikinak, arrautzen eta fruitu lehorren oskolak, kafe eta infusio hondarrak, sukaldatutako janarien hondarrak, ogia eta janari iraungiak.

Gai organikoak esaten zaien hondakinen frakzioa helburu horretarakoak diren edukiontzien barnera bota beharko da. Edukiontzi horiek “gai organikoak besterik ez” errotulua izanen dute jarrita.

Biodegradagarriak diren poltsetan bota beharko dira hondakin horiek edo Mankomunitateak une bakoitzean erabaki eta zehazten dituen baldintzetan.

Bilketarako egun eta ordutegi espezifikoak ezartzen ahalko ditu Mankomunitateak, herrika. Nolanahi ere, aldez aurretik, horren berri emanen die herritarrei.

Gai organikoen kantitate handiak sortzen dituztenen kasuan, Mankomunitateak ezartzen ahalko du bilketarako sistema espezifiko bat.

25. artikulua. Ontziak biltzea. Ontziak eta ontzien hondakinak (metal, plastiko eta brik ontziak) horietarako edukiontzietan utzi beharko dira, “plastikozko ontziak, latak eta brikak” errotulua ageri dutenetan.

26. artikulua. Papera-kartoia edukiontzietan biltzea. Paperak eta kartoiak gai horietarako edukiontzietan utzi beharko dira, “papera eta kartoia” errotulua ageri dutenetan. Bolumen handiko kartoizko ontzi hondakinak tolestu edo zatikatu egin beharko dira, utzi aurretik. Papera eta kartoia garbiak egonen dira, plastikorik, metalik eta abarrik gabe.

27. artikulua. Beira edukiontzietan biltzea. Beirazko ontziak gisa horretako hondakinak biltzekoak diren edukiontzietan utzi beharko dira. Poltsa, estalki edo tapoirik gabe egonen dira.

Debekatuta dago horrelakoak botatzea 22:00etatik 08:00etara bitartean.

28. artikulua. Gainerakoen frakzioko hondakinak edukiontzietan biltzea. Gainerakotzat hau ulertzen da: gai organikoa izan gabe, inongo bilketa berezitan biltzen ez dena edo edukiontzi berezietan uzten ez den hondakinen frakzioa.

Etxeko hondakin industrialen kasuan, Mankomunitateak biltzen ahalko ditu hondakin horiek une bakoitzean ezartzen dituen bilketa sistemen bidez.

Gainerako hondakinen kasuan, sortzaileak kudeatu beharko du hondakinak tratatzeko zentroan utzi ahal izatea edo baimendutako kudeatzaile baten bidez tratatzea.

Gainerakoen edukiontzian uzten diren hondakin guztiak erabat ongi itxitako poltsatan utzi beharko dira, isurkirik ez botatzeko moduan, ez eta zikintzeko moduan edukiontzia, ez eta bide publikoa ere. Debekatuta dago poltsak edo kuboak lurrean arrastaka erabiltzea. Hondakinak behar bezala aurkeztu ez, eta horren ondorioz isurketarik gertatzen bada, erabiltzaile eragilea izanen da zikintze horren erantzulea. Inola ere ez da baimenik ematen horrelako hondakinak pakete edo kaxatan libratzeko.

II. ATALA

Bilketa bereziak

29. artikulua. Inauste eta lorezaintza hondakinak biltzea. Inauste eta lorezaintza hondakinak Mankomunitateak horietarako jartzen dituen edukiontzian utzi behar dira, bestelako gairik gabe eta inoiz ere ez dira poltsatan sartu behar. Enborrak ez dira inoiz 20 zentimetroko lodiera eta 1,5 metroko luzerakoak baino handiagoak izanen.

Zerbitzu hau herritarrentzat antolatuta dago, banaka edo taldean baliatua izan dadin, baina ez udalek edo lorezaintza gremioko profesionalek edo beste batzuek erabiltzeko. Izan ere, haiek Arazuriko araztegira eraman beharko dituzte inauste hondakinak.

Toki batean ez badago inauste hondakinak botatzeko edukiontzirik edo, gutxienez, edukiontzi bat betetzeko adinako inauste lanak egin behar badira, eskatzen ahalko da aldi baterako erabilerako zerbitzua, baldin eta alta eginda badago hondakinen zerbitzuan. Zerbitzu horretan edukiontzia hustu gabe egonen den denbora gehiena 15 egun izanen da. Epe hori igaro eta gero, edukiontzia kendu eginen da eta ezin izanen da berriro jarri 30 egun igaro arte.

30. artikulua. Etxeko tamaina handikoak biltzea. Mankomunitateak mota orotako etxeko tamaina handikoen bilketa berezia egiteko zerbitzua antolatua du, etxez etxekoa eta aldez aurretik abisua emanda, salbu eta mugitzeko bitarteko mekanikoak, hala nola garabiak eta poleak, erabili beharra badago. Altzariak desmuntatuta eta berehala garraiatzeko prestatuta egonen dira.

Debekatuta dago bide publikoan altzariak, etxeko tresnak eta traste zaharrak abandonatzea, bai eta edukiontzietan edo haien ondoan halakoak uztea ere.

31. artikulua. Osasun arloko hondakinak biltzea eta garraiatzea. Ordenantza honen aplikazioaren ondorioetarako eta 296/1993 Foru Dekretuarekin bat, osasun arloko hondakinak I., II. eta III. multzoetan sailkatzen dira.

Ohiko bilketan soil-soilik I. multzokoak jasoko dira.

II. multzoko hondakinak bildu edo onartuko dira tratamendu zentroan, kaxa itxian eta trinkotu gabe.

III. multzoko osasun hondakinak, berriz, ezin izanen dira bildu ez onartu ere tratamendu zentroan.

32. artikulua. Etxeko animalia hilak biltzea eta/edo jasotzea. Debekatuta dago espezie guztietako animalien gorpuak landan uztea, edozein lursail motatan, edukiontzietara botatzea eta jabego publikoko lurretan haiek erraustea.

Animalia hilak etxetik kanporatu behar dituzten herritarrek beren bitartekoak baliatuta (alor horretako enpresen bitartez, animalien klinikak) edo Mankomunitateak ezarritako zerbitzuen bitartez eginen dute, eta zerbitzu horiek jaso, garraiatu eta suntsituko dituzte behar bezala.

Hain zuzen, animalia hilak direla-eta, Mankomunitateak etxeko konpainiako animaliak jaso, garraiatu eta suntsitzen ditu, baten edo multzo osoaren pisua 100 kilogramo baino gehiago ez bada.

Hura jasotzea eskatu duenak etxeko konpainiako animalia poltsa itxi batean emanen du. Poltsa erabat estankoa eta behar bezain hondagaitza izanen da, apurtu ez dadin eta likidorik isuri ez dadin.

Deskonposizio edo usteltze egoera aurreratuan dagoen animaliarik ez da jasoko.

Etxeko animalia hilak suntsitzeak ez die jabeei inola ere, beste ordenantza edo erregelamendu batzuek hala ezartzen dutenean, heriotzaren arrazoiak eta animaliaren baja jakinarazteko beharra kentzen.

33. artikulua. Iruñeko Alde Zaharreko saltokietan atez ate biltzea. Iruñeko Alde Zaharrean zaborrak biltzeko sistema pneumatikoa ezarrita dagoenez gero, inguru horretan saltokietako hondakinak biltzeko baldintza bereziak ezarri behar dira.

Iruñeko Alde Zaharreko saltoki guztiek erabili beharko dute Mankomunitateak ezarrita daukan atez ateko bilketa bereziaren zerbitzua beira eta papera-kartoia botatzeko.

Beira aurkezteko baldintzak honako hauek izanen dira: Mankomunitateak bilketa horretarako emandako kuboetara botako da beti. Garbia egonen da, poltsa, estalki, tapoi edo horrelakorik gabe. Kuboak lokalaren sarreratik hurbil eta berehala eramanak izateko prest egonen dira, Mankomunitateak kasu bakoitzean adierazitako egunean eta orduan. Saltokiaren ardura izanen da dagokion kuboa garbitzea.

Papera-kartoia aurkezteko baldintzak honako hauek izanen dira: papera-kartoia saltokiko atearen ondoan utziko da. Garbia egonen da, beste hondakin batzuk gabe (plastikoa, zura, etab.), behar bezala tolestuta eta lotuta egonen da, berehala bildu ahal izateko eran prestatuta, Mankomunitateak kasu bakoitzean adierazitako egunean eta orduan.

34. artikulua. Pilak biltzea. Pilak biltzeko zerbitzua ezarrita dauka Mankomunitateak, kolaboratzaileak diren saltokietan kokatuta dauden edukiontzien bidez –zerbitzu horrekin bat egin dezakete eskatzen duten guztiek–. Era berean, beira botatzeko edukiontzietan dauden biltoki edo ontzien bidez ere biltzen dira.

35. artikulua. Zura biltzea. Mankomunitateak antolatuta dauka industrialdeetan zura biltzeko sistema. Zerbitzu hori astean 6 metro kubo baino zurki gehiago sortzen ez duten enpresa guztiei ematen zaie. Mankomunitateko zerbitzu teknikoek erabakiko dute kasu bakoitzean bilketa zerbitzuei materia nola emango zaien. Debekatuta dago beste bilketak egiteko edukiontzietara zura botatzea (gai organikoak- gainerakoak botatzekoan, papera-kartoia...).

36. artikulua. Saltokietan landare olio erabilia biltzea. Mankomunitateak ezarrita dauka etxeko olio erabilia biltzeko zerbitzua kolaboratzaileak diren saltokietan. Olioa ontzi itxi batean utzi beharko da (hobe da plastikozkoak izatea ontzi horiek), helburu horretarako dauden kuboetan eta “etxeko olio erabiliaren bilketa” errotulua dutenetan.

37. artikulua. Saltokietan elikagaiak biltzea. Mankomunitateak ezarrita dauka kontsumitu daitezkeen baina salerosi ezin diren elikagaiak biltzeko zerbitzua. Hondakin horiek sortzen dituzten zentro guztiei ematen zaie zerbitzu hori.

Inola ere ez dira bilduko iraungita dauden produktuak, txarrak daudenak edo gizakiok kontsumitzeko egokiak ez direnak.

38. artikulua. Garbiguneetan biltzea. Garbigune bat zenbait hondakin hartzeko, biltzeko eta sailkatzeko tokia da, eta bereziki beste bilketetan hartzen ez diren etxeko hondakin arriskutsuak eramateko tokia.

Mankomunitateak garbigune finkoak eta mugikorrak ditu.

Garbigune finkoa: gutxienez, 160 metro koadroko azalera duen instalazio bat da, bertara erraz iristeko tokian kokatutakoa.

Garbigune mugikorra: Mankomunitatearen esparruaren barnean auzoak edo herriak hartzen dituen ibilgailua da, egun eta ordu jakin batzuetan. Garbiguneak emanen duen bilketa zerbitzua aurretik ezarritako ordutegi baten araberakoa izanen da, eta egokiak diren bitartekoen bidez emanen zaie horren berri erabiltzaile guztiei.

Etxeko hondakin arriskutsuak garbiguneetara eraman behar dira, eta, horrenbestez, debekatuta dago beste edozein motatako edukiontzietara botatzea.

Garbiguneak erabiltzetik kanpo daude enpresak edo industriak, mota horretako hondakinak baimendutako kudeatzaile baten bidez kudeatu behar baitituzte.

III. eranskinean dago garbiguneetara eraman daitezkeen hondakinen eta kantitateen zerrenda.

39. artikulua. Eraikitzeko obra txikietatik datozen hondakinak eta etxeko konponketetakoak biltzea.

Herritarrek obra txikiko eraikuntzaren eta eraispenaren hondakinak eta etxeko konponketetakoak, eguneko 50 kilogramoko kopurua gainditzen badute, materialen arabera bereizita bota beharko dituzte, poltsa sendoetan, eta horiek ematen ahalko dizkiete, egoki kudeatzeko:

a) Baimendutako kudeatzaile bati, edo

b) Mankomunitateari, hondakinak tratatzeko zentroaren sarreran dagoen garbigunean, mota horretako hondakinak uzteko tokietan.

III. TITULUA

Etxeko hondakinen tratamendua

Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritakoaren arabera (12.5.a artikulua), Mankomunitateari dagokio, nahitaezko zerbitzu moduan, etxebizitzetan, saltokietan eta zerbitzuetan sortutako etxeko hondakinak tratatzea, ordenantza honetan ezartzen den moduan.

I. KAPITULUA

Baldintza orokorrak

40. artikulua. Helburua. Etxeko hondakinak tratatzeari ekiteko baldintzak arautzen ditu kapitulu honek. Etxeko hondakin horiek sortzaileek emandakoak dira, Iruñerriko Mankomunitatearen esparruan sortutakoak eta, Mankomunitatearen aldez aurretiko baimena izanik, haren instalazioetan tratatzen ahalko direnak.

41. artikulua. Etxeko hondakinak tratatzea. Ulertuko da etxeko hondakinak tratatzea dela haiei balioa ematera bideratzen diren prozedura guztiak, berrerabiltzearen, birziklatzearen, balorizazio energetikoaren edo balioa emateko beste metodo batzuen bidez, barne hartuta balorizatu aurretiko prestaketa, eta bai haiek ezabatzera jotzen duten prozedurak ere, zabortegira botata.

Lurzorurako, landareendako eta animaliendako eragin kaltegarriak saihestuz egin beharko da tratamendua, paisaia andeatu gabe, airea eta urak kutsatu gabe eta, oro har, gizakion osasunerako eta ingurumenerako inolako kalterik eragin gabe.

42. artikulua. Debekuak. Debekatuta dago tratamendu zentroaren inguruan hondakinak uztea. Etxeko hondakinen sortzaileak edo edukitzaileak behartuta daude Mankomunitatearen tratamendu instalazioetan ematera edo, behar denean, beren kontura edo baimendutako kudeatzaileen bidez kudeatzera.

43. artikulua. Beste jarduketa batzuk. Mankomunitateak, bere ahalmenak gauzatzean, bultzatuko, sustatuko eta lagunduko ditu, bertako zerbitzu teknikoen iritziz, hondar materialak berreskuratzea, berrerabiltzea eta balorizatzea helburu duten ekimenak.

II. KAPITULUA

Etxeko hondakinen sortzailearen/edukitzailearen betebeharrak

44. artikulua. Erantzukizuna. Industria eta/edo merkataritza jatorriko etxeko hondakinak sortzen dituzten edo dauzkaten pertsonek Mankomunitateari ematen ahalko dizkiote, hondakin horiek birziklatzeko, balorizatzeko edo ezabatzeko, ordenantza honetan zehaztutako baldintzetan. Ematen diren unetik aurrera, Mankomunitateak izanen du hondakin horien titulartasuna eta hondakin horiek sor ditzaketen kalteen erantzukizunetik libre geldituko dira pertsonak, baldin eta hondakinak ematean ordenantza honetako xedapenak eta aplikagarria den gainerako araudia bete badira.

Hondakinak sortzen dituztenek edo garraiatzeko, tratatzeko edo ezabatzeko baimenik ez duen beste pertsona baten esku uzten dituztenek erantzuleak izanen dira modu solidarioan hondakin horiek sor dezaketen edozein kalte edo galeraren aurrean.

Abandonatuta dauden hondakinak bildu, garraiatu eta tratatzen ahalko ditu Mankomunitateak eta hondakin horien erantzule diren pertsonei egotziko die emandako zerbitzuen kostua, alde batera utzirik dagozkien beste erantzukizun batzuk.

45. artikulua. Informazioa ematea. Etxeko hondakinak sortzen dituzten, dauzkaten, manipulatzen dituzten eta/edo garraiatzen dituzten pertsona guztiak behartuta daude Iruñerriko Mankomunitateari, haren eskumen esparruaren barnean, eskatzen zaien informazio guztia ematera. Zehazki, informazio hori delako hondakinen jatorriari, izaerari, osaerari, ezaugarriei, kantitateari, ebakuatzeko moduari, aurrez tratatzeko sistemari eta behin betiko tratamenduari buruzkoa izanen da.

46. artikulua. Beste betebehar batzuk. Mankomunitateak uste duenean etxeko hondakinek arriskutsu egiten dituzten ezaugarriak dituztela, indarreko araudiarekin bat, edo tratatzea edo ezabatzea zailtzen duten ezaugarriak dituztela, hondakin horien sortzailea edo edukitzailea behartzen ahalko du, hondakinak hartu aurretik, neurriak hartzera, ahal den neurrian, ezaugarri horiek ezabatzeko edo gutxitzeko, edo egokiak diren moduan eta tokian ematera.

47. artikulua. Garraioaren baldintzak. Tratamendu edo ezabatze instalazioetarainoko etxeko hondakinen garraioa, jarraian deskribatzen diren moduetan eta baldintzetan egin beharko da:

a) Garraioa, kaxa irekia duen ibilgailuan. Karga guztia estaltzeko olana, sarea edo maila erabiliko da, hondakinik eror ez dadin eremu publikora.

b) Garraioa kaxadun ibilgailuan, trinkotuz edo trinkotu gabe. Ateak behar bezala itxita daudela egin beharko da; kargatzeko ahoa ez da kaxatik aterako eta estalita edo itxita egonen da, horretarako atea, olana, sarea edo maila erabilita, hondakinik inola ere eror ez dadin eremu publikora.

c) Garraioa, trinkotzeko kaxa duen ibilgailuan. Ateak behar bezala itxita daudela egin beharko da, eta kaxa husteko prestatutako posizioan; kargatzeko ahoa egonen da hondakinez guztiz garbi, edo, hartan hondakinik badago, estalita edo itxita egonen da, horretarako atea, olana, sarea edo maila erabilita, hondakinik inola ere eror ez dadin eremu publikora.

III. KAPITULUA

Etxeko hondakinak tratatzeko instalazioak

48. artikulua. Hondakinak onartzea. Hondakinak tratatzeko edo ezabatzeko instalazioetan haren esparru geografikoaren barnean sortutako etxeko hondakinak onartuko ditu Mankomunitateak, eta bai esparru horretatik kanpo sortutakoak ere, baldin eta aurretiaz hitzartzen bada.

Etxeko hondakinen gisako merkataritza eta industria hondakinak onartzeko, pertsona fisikoak edo juridikoak aurretiaz eskatu beharko dio Mankomunitateari onartzeko. Behin aztertzen duenean eskaera hori, erabakiko du komenigarria den edo ez hondakin horiek onartzea, eta, beharrezkoa bada, baimenaren baldintzak.

Mankomunitateak erregelamenduak ezarriko ditu hondakinak tratatzeko bere instalazioetan hondakinak onartzea eta uztea arautzeko.

Hondakin emate/uzte bakoitzak bere agiria izanen du, Mankomunitateak emana, eta hondakin horiek sortu dituenak eta garraiatu dituenak behar bezala beteta eta zigilatua.

49. artikulua. Hondakinak aurkeztea. Hondakinak aurkeztu beharko dira dagokion baimenean edo onarpenean agertzen den moduan eta eran, edo teknikariek une bakoitzean zehazten duten eran, dagokion instalazioaren zerbitzu erregelamenduan ezartzen diren eskakizunekin bat eginez eta 45. artikuluan garraiatzeko ageri diren baldintzak betez.

50. artikulua. Instalazioen ordutegiak. Etxeko hondakinak tratatzeko eta ezabatzeko instalazioen funtzionamendu-ordutegia eta herritarrentzat irekita edukitzekoa, instalazio bakoitzaren zerbitzu erregelamenduan xedatutakoa izanen da, eta onarpen agirian edo onartzeko baimenean ageri dena.

51. artikulua. Instalazioen erabilera eta funtzionamendu arauak. Hondakinak tratatzeko instalazioen erabilera eta funtzionamendu arauak, eta hondakinak onartzeko prozedurak, emateko/uzteko baldintzak, onargarriak diren eta ez diren hondakinak eta abar, haien zerbitzu erregelamenduetan zehaztuko dira.

IV. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

52. artikulua. Arau-hausteak. Honako jarduera eta egoera hauek arau-hausteak izanen dira:

1) Bilketari dagozkionak.

A.–Arau-hauste arinak.

a) Hondakinak hartzea, behar bezala utzi eta gero.

b) Hondakinak uztea gaika bereizi gabe edo hondakin mota bakoitzaren edukiontzia edo gunea eta bilketa sistema ez den batean edo ordenantza honetan xedatutakoa bete gabe.

c) Hondakinak uztea Mankomunitateak ordenantza honen bidez ezarritako baldintzak, tokiak eta ordutegiak bete gabe.

d) Hondakinak tolestu edo ataldu gabe uztea, kasuen arabera, bolumena murrizteko eta poltsen eta edukiontzien edukiera ahalik eta gehien aprobetxatzeko.

e) Edukiontziak mugitu edo tokiz aldatzea, Mankomunitatearen baimenik gabe.

f) Arau-hauste larritzat edo oso larritzat jotzen den bat egitea, kopuru edo garrantzi urriagatik larritzat edo oso larritzat jotzea merezi ez duenean.

B.–Arau-hauste larriak.

a) Edozein udal hondakin mota kontrolik gabe abandonatu edo botatzea, baldin eta pertsonen osasuna arrisku larrian jarri ez bada edo ingurumenean kalte edo hondamen larria eragin ez bada.

b) Hondakinak estolderia sarera botatzea, arrisku larrian jarri gabe pertsonen osasuna edo kalte larria eragin gabe ingurumenean.

c) Hondakinen aurretratamendurako etxeko instalazioak egitea (trinkotzea, esate baterako), Mankomunitatearen baimena izan gabe, arrisku larrian jarri gabe pertsonen osasuna edo kalte larria eragin gabe ingurumenean.

d) Mankomunitatearen zaintza, ikuskapen eta kontrol jarduera oztopatzea, bai eta ez betetzea ere laguntza emateko betebeharrak, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritakoak.

e) Edukiontzietan grafitiak egitea edo horiek margotzea, edozein motatako kartelak edo itsaskinak jartzea edo publizitatea egiteko erabiltzea. Erantzule zuzena edo subsidiarioa izanen da egilea edo iragarlea.

f) Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta ordenantza honetan agertzen ez diren pertsona fisiko edo juridikoei udal hondakin ez arriskutsuak eman, saldu edo lagatzea, eta hondakin horiek arau hauetan ezarritakoak ez diren baldintzetan onartzea.

g) Aurreko bi artikuluetan ezarritako arau-hausteetakoren bat egitea, zenbateko edo garrantzi urriagatik larri edo oso larritzat jotzea merezi ez duenean.

C.–Arau-hauste oso larriak:

a) Edukiontziak eta/edo haietako zeinahi elementu hondatzea.

b) Bilketa pneumatikoko instalazioetako konportak eta/edo ontziak hondatzea.

c) Edukiontzien zamatze, huste, garraiatze eta garbiketa lanak eragoztea, eta, oro har, zerbitzua emateak dakartzan beste jarduerak era batean edo bestean eragoztea.

d) Hondakinak estolderia sarera botatzea, baldin eta arrisku larrian jarri bada pertsonen osasuna edo kalte larria eragin bada ingurumenean.

e) Hondakinen aurretratamendurako etxeko instalazioak egitea (trinkotzea, esate baterako), Mankomunitatearen baimenik gabe, baldin eta arrisku larrian jarri bada pertsonen osasuna edo kalte larria eragin bada ingurumenean.

f) Bilketa pneumatikoko edukiontzietara edo ontzietara hondakin arriskutsuak botatzea edo bilketaren helburu direnekin nahastea.

g) Bilketa pneumatikoko edukiontzietara edo ontzietara bildu ezin diren klinika hondakinak botatzea edo onargarriak direnekin nahastea.

h) Animalia hilen gorpuak edozein tokitan uztea eta jabetza publikoko lursailetan haiek erraustea.

i) Edozein motatako udal hondakinak abandonatzea edo kontrolik gabe botatzea, baldin eta arrisku larrian jarri bada pertsonen osasuna edo kalte larria eragin bada ingurumenean.

2) Tratamenduari dagozkionak.

A.–Arau-hauste arinak:

a) Ordenantza honetan ezarritako baldintzak bete gabe garraiatzea hondakinak.

b) Aurreko bi artikuluetan ezarritako arau-hausteetakoren bat egitea, zenbateko edo garrantzi urriagatik larri edo oso larritzat jotzea merezi ez duenean.

c) Tratamendua eragozten edo zailtzen duten hondakinak nahastea.

B.–Arau-hauste larriak:

a) Instalazioek behar bezala funtzionatzea eragozten duten egintzak edo huts-egiteak.

b) Informazio, ikuskatze edo lagin-hartze lanak oztopatzea, bai sorburuan bai eta instalazioetan ere.

c) Administrazio baimenik ez duten hondakinak ematea.

d) Dokumentuak emateko betebeharra ez betetzea, aplikagarria den araudiak edo baimenean dauden xedapenek exijitutako datuak ezkutatzea edo faltsutzea, eta dokumentu horiek zaintzeko eta gordetzeko betebeharra ez betetzea.

C.–Arau-hauste oso larriak:

a) Hondakin toxikoak edo arriskutsuak ematea, hutsik nahiz beste hondakin batzuekin nahasita.

b) 22/2011 Legean edo haren garapenean ezarritakoaren aurka jokatzea, arrisku larria edo pertsonen osasunean kaltea eragin bada, ingurumenean kaltea edo andeatze larria eragin bada edo jarduera eremu babestuetan egin bada.

Aurretik aipatu direnez gain, ordenantza honetan, 22/2011 Legean edo haren garapenean ezarritakoaren aurkako edozein egite edo ez-egite.

53. artikulua. Zehapenak. Arau-hauste horiei aplikagarriak izanen zaizkien zehapenak 3.000 euro artekoak izanen dira arau-hauste oso larrien kasuan, 1.500 euro artekoak, arau-hauste larrien kasuan, eta 750 euro artekoak, arau-hauste arinen kasuan.

Zehapenak 22/2011 Legean ezarritakoaren arabera mailakatuko dira.

54. artikulua. Zehapena murriztea borondatez ordainduta. Isuna %50 merkeago ordaintzen ahalko da, zehapen prozedura abiarazi dela jakinarazi ondoko hogeita hamar egun natural igaro aurretik ordaintzen bada eta aurkatze orori uko egiten zaiola dioen idazkia aurkezten bada.

Deskontuz ordainduz gero, prozedura bukatutzat joko da, ebazpen espresik eman beharrik gabe.

55. artikulua. Zehatzeko ahalmena. Ordenantza honetan tipifikatutako arau-hausteak egiteagatik sortzen den erantzukizun eskaria aldez aurretik zehapen espedientea izapidetzearen ondorioa izanen da. Zehapen espedientea arautzen du Zehatzeko ahala erabiltzeko erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuak.

56. artikulua. Ebazpena emateko epea. Prozedura hasi zenetik sei hilabete igaro badira eta ez bada zehatzen duen ebazpenik eman, hura iraungi egingo da eta jarduketak artxibatuko ditu ebazpena emateko organo eskudunak, edozein interesdunek eskatuta edo ofizioz.

Zigor jurisdikzioak gertaeren berri izanda prozedura bertan behera uzten bada, eten eginen da iraungitzeko epea, eta berriro abiatuko da sei hilabeteak egiteko behar duen denbora arte, irmo bihurtu eta ebazpen judiziala organo eskudunari jakinarazi ondoren.

Artikulu honetan aurreikusitako erregulazioa aplikatzekoa izanen da prozedura sinplifikatuaren izapideak bideratzean ere bai.

57. artikulua. Lehengoratu beharra.

1. Kasu bakoitzean bidezkoa den zehapena galarazi gabe, arau-hausleak konpondu egin beharko du eragindako kaltea eta hondatutakoa lehengora itzuli.

2. Arau-hausleak ez badu konpontzen eragindako kaltea ezarri zaion epean, organo eskudunak erabaki dezake isun hertsagarriak ezartzea, hurrengo artikuluan ezarritakoarekin bat.

3. Era berean, bete ezean, Mankomunitateak exekuzio subsidioarioz gauzatzen ahalko du lehengoratze hori. Egin beharreko jarduketen kostuak arau-haustearen erantzulearen kargurakoak izanen dira eta, hala behar denean, eragindako kalte eta galeren ondoriozko kalte-ordaina eskatzen ahalko zaio.

58. artikulua. Isun hertsagarriak. Ezar daitekeen zehapena galarazi gabe, organo eskudunak erabaki dezake isun hertsagarriak jartzea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1991 Legearen 99. artikuluari jarraikiz.

V. TITULUA

Erreklamazioak

59. artikulua. Erreklamazioak. SCPSAren egintzak Mankomunitateko buruaren aurrean inpugnatzen ahalko dira, Harremanen Erregelamenduan ezarritakoaren arabera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza hau indarrean sartzen denetik, ezarririk dauden eta aurka egiten dioten maila bereko edo baxuagoko xedapen, araudi edo ordenantza guztiak indargabetuko dira, inolako eragin edo baliorik gabe geratuz; zehazki, Hondakinen Kudeaketa arautzen duen ordenantza, 2007ko 17. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 7an, argitaratutakoa.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

I. ERANSKINA

Lurpeko edukiontziak jartzeko baldintza teknikoak

–Mankomunitateak une bakoitzean egiten duen ohiko bilketa, mantentze eta garbitasun sistemarekin bateragarria izan beharko du instalazioak.

–Obra eta aukeratutako sistema jartzeko inbertsioa udal eskatzailearen kargura izanen dira.

–Bilketarako guneak kokatzerakoan eta instalazioaren ezaugarriak erabakitzerakoan Mankomunitatearen zerbitzu teknikoen oniritzia beharrezkoa izanen da.

–Lurpeko gune bakoitzean zer motatako edukiontziak jarri eta haien gutxieneko kopurua Mankomunitateko zerbitzu teknikoek erabakiko dute, eta bai gune horietako bilketaren maiztasuna ere.

–Urbanizazio berrietan, non lurpeko edukiontziak jartzeko instalazioak eraikiko diren edo halakoak kokatzeko tokiak gordeko diren, udalak eta/edo sustatzaileak zehaztuko du gune bakoitzaren kokapena eta ezarriko den edukiontzi kopurua, Mankomunitateko zerbitzu teknikoen oniritziarekin betiere.

–Instalazioa garbitzea eta bertako mantentze lanak egitea udalaren kargura izanen da. Mankomunitateak, kasu guztietan bezala, instalazioan jarritako edukiontzien garbiketaren eta mantentzearen ardura hartuko du.

–Hondakinak sartzeko ahoak Mankomunitateko zerbitzu teknikoek zehaztuko dituzten kolore eta ezaugarrien bidez identifikatuko dira.

–Bilketaren gainkostua (zamaketan erabiliko den gehiagoko denborarengatik) interesa duen udalak ordaindu beharko dio Mankomunitateari.

–Instalazioa irekitzeko sistemak, eskuzkoa (giltza) nahiz automatikoa izan (urrutiko aginte bidezkoa), Mankomunitateko zerbitzu teknikoek onetsitakoa izan beharko du.

–Sistemaren akatsen baten ondorioz hondakinen bilketa ezin bada gauzatu, udalak ahalik eta lasterren konpondu beharko du sistema, eta bitartean zerbitzu egokia bermatzeko beharrezkoak diren bitartekoak antolatu beharko ditu.

–Dagokion udalak gunea handitzeko konpromisoa hartuko du, txikiegi gelditu den kasu guztietan, saltoki gehiago ireki delako, hondakin gehiago sortzen delako edo beste edozein arrazoirengatik.

–Aukeratutako instalazioetarako kontuan hartu beharko da gune horiek bilketa sistema berrietara egokitu eta moldatzeko aukera (adibidez, albo batetik egiten den sistema).

–Lurpeko edukiontziak ezartzeko baimena ematen den aparteko kasuetan, Iruñerriko Zerbitzuetako teknikariek instalazioari buruzko txostena eginen dute eta, ezarritako baldintzak betetzen badira, udalak eta SCPSAk kontratua sinatuko dute Mankomunitateak instalazioaren kudeaketa egin dezan.

II.–ERANSKINA

Bilketa pneumatikoaren espezifikazio teknikoak

1.–Definizioak.

Ordenantza honetan ezarritakoaren ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira aintzat:

“Isur-gunea”: hondakinak isurtzeko tokia. Horman edo etxe aurrealdean sartuta egon daiteke (konporta) edo bide publikoan (ontzia). Hondakinak aldi baterako hartu eta biltegiratzeko behar diren mekanismo guztiak barne hartzen ditu, hondakin balbula, zorrotena, ontziak, konportak, etab.

“Ontzia”: bide publikoko espaloian kokatuta dagoen isur-gunea.

“Konporta”: eraikinaren aurrealdean edo barnean kokatuta dagoen isur-gunea.

“Zorrotenak”: isur-konportak eta hondakin-balbulak lotzen dituzten tutuak.

“Balbula gela”: isur-guneetako mekanismo guztiak kokatuta dauden gelaxka (ontziak eta konportak izan ezik), eraikin barnean dagoena.

“Balbula ganbera”: isur-guneetako mekanismo guztiak kokatuta dauden gelaxka (ontziak eta konportak izan ezik), bide publikoan lurpean dagoena.

“Hondakin gela”: isur-konportak dauden gelaxka, eraikin barnean dagoena.

“Hondakin balbula”: garraiatzeko sare nagusia eta isur-guneetako zorrotenak bereizten dituzten elementuak, husteko sistema aktibatzean irekitzen direnak.

“Lotura-adarra”: sare pneumatikoaren deribazioa, tutu nagusitik isur-gunerainokoa. Barneko edo kanpoko sarekoak izan daitezke:

Kanpoko lotura-adarra:

–Zoru publikoan barrena hedatzen da.

–Tutu nagusitik (lurpekoa edo galeria batekoa) lurzati pribatuaren mugaraino doan adarra da.

–Lurpean egonen da eta behar bezala buxaturik utzi beharko da behin betiko lotura egin arte.

Barneko lotura-adarra:

–Zoru pribatuan barrena hedatzen da.

–Lurzatiaren mugatik isur-guneraino doan adarra da.

–Kanpoko eta barneko lotura-adarren arteko lotunea hartzen du barne.

“Bilketa-gune nagusia”: hondakinak xurgatzeko behar diren ekipamendu guztiak dauzkan eraikina. Han bereizten dira garraiatzeko airetik eta trinkotzen dira edukiontzien barnean. Gune honetatik hornitzen dira seinalea eta sistema osatzen duten elementu guztiei eragiteko aire konprimitua, erabat autonomoa izan dadin, soilik hornidura elektrikoa behar baitu gune nagusiak.

“Garraiatzeko sarea”: hondakinak isur-gunetik eta bilketa-gune nagusira garraiatzeko behar diren elementuek osatzen duten sarea.

“Sektorizazio balbula”: garraiatzeko sarea hainbat sektorek osaturik dago, eta sektorizazio balbulek horiek itxi eta ireki egiten dituzte.

“Barneko sareak”: eraikinen barnean edo lurpeko ganberetan kokatuta dauden elementuak (zorrotenak, konportak, balbulak eta abar).

“Sare pribatuak”: jabeek eraikinetan instalatzen dituzten elementuak, barneko sareei gehituta, isur-guneak eta beren zorrotenak ugaritzeko (esaterako, eraikin bateko isurtze-konportak solairu bakoitzean).

“Etxebizitza baliokidea”: baliokidetasun unitatea, hondakin sorrera kalkulatzeko erabilitakoa, 3,2 lagun bizi diren etxebizitza baten produkzioaren adinakoa.

2.–Isur-guneen kokalekuak.

Urbanizazio berrietan hondakinen isur-guneak honako toki hauetan instalatuko dira: eraikinaren aurrealdean, eraikinaren barnean, auzokide guztiak eta zerbitzu teknikoak sartzeko moduan, lurzati pribatuaren mugan, lurzatia ixteko horman integratuta.

urbanizatzean inola ere ezin dira egin gabe utzi eta isurtze konportak izanen dituzte. Airea sartzeko balbula ez da inola ere elementu bakartua izanen.

Familia bakarreko etxebizitza guneetan, isurtze konportak egoteko elementuak eraikitzen ahalko dira bide publikoan. Inola ere ez da ontzirik jarriko bide publikoan. Bilketa gune bat osatzen duten elementu guztiak (balbulak, zorrotenak etab.) lurpeko gela batean jarri behar dira, eta instalazio mota honetarako beharrezkoak diren ezaugarriak eduki behar dituzte.

Instalazio berean elkar daitezke isur-konportadun sareak, eraikin berrietakoak, bide publikoan dauden ontzi-sareekin, lehendik eginda dauden eraikinetakoak, hauek bilketa sistema aprobetxatu baitezakete, SCPSAko zerbitzu teknikoen txostenak hala gomendatu badu.

Gune finkatuetan, ontziak bide publikoan soilik jar daitezke, aurrealdean isur-gunerik ezin bada jarri.

3.–Instalazioaren diseinu irizpideak.

Bilketa pneumatikorako instalazio baten diseinua egiterakoan kontuan hartu behar diren irizpideak honako hauek izanen dira, gutxienez:

a) Bilketa zatiak edo frakzioak. Beira zatia gaur egun sistema honen bidez ez denez biltzen, isur-gune bakoitzak hiru isur-aho izanen ditu, erabiltzen den bilketan ezarritako kolore kodean ongi bereizitakoak.

–Gai organikoak eta gainerakoak: berdea RAL 6005.

–Papera-kartoia: urdina RAL 5015.

–Ontziak: horia RAL 1003.

Isur-aho kopuru handiagoa behar den kasuetan, SCPSAko zerbitzu teknikoek teknikoki justifikatu eta onetsi beharko dute.

Beira lur gaineko edukiontzien bidez bilduko da edo atez ateko bilketa sistema baten bidez.

Mankomunitateko zerbitzu teknikoen ardura direnez balbula geletan dauden mekanismo guztiak eta eraikinen barnean daudenak, izendatutako langileek sarbide librea izanen dute gela horietara.

b) Hondakinak sortzea. Hondakin bilketa pneumatikoko sarea diseinatzeko beharrezkoa da hondakinen bolumen osoa kalkulatzea, hartara, hondakin balbula kopurua zehazten ahalko baita, bai eta zein maiztasunez hustuko diren ere.

Eraikin bakoitzean beharrezkoak diren balbula kopurua jardueraren araberakoa izanen da, baliokidetza taula honi jarraituta.

JARDUERA MOTA

PARAMETROA

Etxebizitza

1 EB*

Jatetxeak

1 EB / 20 m²

Saltokiak

1 EB / 50 m²

Bulegoak

1 EB / 100 m²

Zerbitzuak

1 EB / 100 m²

Hotelak

1 EB / 200 m²

Ikastetxeak

1 EB / 200 m²

Dotazionala

1 EB / 100 m²

(*) EB = etxebizitza baliokidea.

c) Isur-guneen arteko distantzia. Irizpide nagusi moduan, erabiltzaileek ez dute eraikinaren ataritik 60 metro inguru baino gehiago ibili beharko hondakinak botatzeko. Familia bakarreko etxebizitzak dauden tokietan eta/edo etxebizitza dentsitate txikia duten eraikinetan gehieneko distantzia 100 metrokoa izanen da.

Aldez aurretik, txostena egiteko fasean, SCPSAk txostena egin beharko du isur-gune, konporta eta ontzi kopuruei eta horien kokapenari buruz.

d) Etxebizitza kopurua isur-gune bakoitzeko. Isur-gune bakoitzeko etxebizitza-baliokide kopurua, gutxienez, 30ekoa izanen da. Ibili behar den distantzia 6. atalean zehaztutakoa baino handiagoa denean, zerbitzatutako etxebizitza kopuru txikiagoa onartzen ahalko da.

4.–Instalazioen deskribapen orokorra.

Honako hauek osatuko dituzte instalazioak:

a) Bilketa-gune nagusia. Urbanizazio proiektuak garatu behar ditu garraiatzeko sarea hondakinak biltzeko, eta bilketa-gune nagusi bat, hartuko duen eremuari erantzuteko ahalmen nahikoa duena.

Bilketa-gune nagusiak, gutxienez, bost edukiontzi eduki beharko du, 25-30 metro kubikoko edukierakoak, haietako hiru aipatu hondakin frakzioak biltzeko eta beste biak erreserba gisa erabiltzeko.

Bilketa-gune nagusiko oinarrizko ekipamenduak ondoren zerrendatuta daude:

Erauzketa sistema: turboerauzgailuak.

–Hondakinak bereizteko sistema: zikloia, bereizgailu birakaria eta abar.

–Hondakinak trinkotzekoak.

–Hondakinen edukiontziak.

–Edukiontzien barne garraiatze sistema.

–Airea iragazteko eta arazteko instalazioa.

–Airearen lastertasuna kontrolatzeko gailuak.

–Aire konprimituko instalazioa.

–Gune nagusiko hoditeria sarea.

–Instalazio osagarriak.

–Kontrolerako ekipoak: kontrol panelak.

Bilketa pneumatikoan beharrezkoak diren ekipamenduak kokatzeko egokieraz gain, instalazioen diseinuan honako toki hauek ere eginen dira:

–Aldagela guneak, gizonentzat eta emakumeentzat bereiz, eta bakoitza, gutxienez, lau lagun sartzeko modukoa.

–Komunak, gizonentzat eta emakumeentzat bereiz.

–Gune bat jantoki-atseden gela jartzeko, instalazioko langileentzat.

–Bilerak egiteko gela bat, hamar lagun sartzekoa.

–Biltegi bat.

–Kontrol areto bat.

–Trinkogailu-areto bat.

–Turboerauzgailuen areto bat.

–Hondakin-zikloien areto bat.

–Iragazki areto bat.

Lurzatiaren urbanizazioan honako irizpide hauek kontuan hartuta eginen da diseinua:

–Lurzatiko zabalgunean aparkaleku estalia egiteko tokia, gutxienez bost ibilgailu sartzeko modukoa.

–Lurzatia hesituko da perimetro guztian zehar, barnera sartzea eragozteko.

–Zabalgunea konfiguratzean, edukiontziak kargatu eta deskargatzen dituzten kamioien maniobra minimoa izanen da, eta lurzatiaren barruan eginen da.

–Eraikinik eta zoladurarik gabeko lurzatiko azalera lorategi-eremu gisa egokituko da.

–Ikus-babesa. Lurzatiaren perimetro osoan landare-hesia jarriko da.

b) Garraiatzeko sarea. Karbono-altzairuzko eta 500 mm-ko diametrokoa hodia izanen da. Hodiaren lodiera zehaztea garrantzi handiko faktorea izanen da, hondakinak hodian zehar lastertasun handian ibiltzeak higadura nabarmena eragiten baitu. Lastertasun handi hori dela eta, beharrezkoa da sareko ukondoek eta adarrek behar bezalako ezaugarri geometrikoak, mekanikoak eta erresistentziazkoak izatea.

Sarea zenbait sektoretan zatitua egonen da, xurgagailu kopurua optimizatzeko. Sektorizazio-balbulak ezarriko dira, adar nagusiak isolatzeko hoditeria saretik, bilketa egiten denean sektoreen estankotasuna bermatuz.

Ikuskatze, maniobra eta isurketarako fabrika-obrak honako hauek dira:

–Ikuskatze-konportarako kutxatilak.

–Sekzionamendu-balbulen kutxatilak.

–Balbula-ganberak.

Funtzionamenduan akatsik gertatuz gero, hodira iristeko aukera izateko, sareak erregistro bat izanen du 70 metroz behin. Bai sekzionamendu-erregistroak, bai eta ikuskatze-erregistroak ere, tutuan bridaturiko estalkia izanen dute, arakatu ahal izateko.

Fabrika-obrak hormigoi armatuzkoak izanen dira, eta horretarako indarreko EHI Egiturazko Hormigoi Instrukzioak ezartzen dituen arauak beteko dira une oro.

Fabrika-obretan, gutxieneko neurri hauek baliatuko dira:

ERREGISTROA

Zabalera

(mm)

Luzera

(mm)

Altuera

(mm)

“e”

horma

(mm)

Sarbide-

ahoaren

neurria (mm)

Ikuskatzea

Soilik erregistroa

1200

1200

2600

200

Ø 600

Sekzionamendua

Balbula Ø 500 zutikakoa

1500

1800

2600

250

700 x 700

Balbula-ganbera

3 ontzi

2000

6000

2600

200

1000 x 1000

3 ontzi x aire-balbula

2000

7200

2600

200

1000 x 1000

c) Isur-guneak. Hoditeriaren adar bakoitzaren muturrean aire-balbula bat jarriko da; korrontea sortzeko sisteman airea sartzea erregulatuko du.

Isur-guneek honako elementu hauek izanen dituzte:

–Aire-balbula.

–Isilgailua.

–Hondakin balbula.

–Kontrol modulua.

–Konporten eta hondakin balbulen arteko zorrotena.

–Konportak edo ontziak.

d) Balbula ganberak edo gelak. Balbula ganberek edo gelek honako ezaugarri hauek bete beharko dituzte:

–Gutxieneko neurriak: 6 x 2 x 2,6 m.

–Suteen aurkako arautegia betetzea.

–Hondakin balbularen gela baten gutxieneko aire-sarbidea 0,40 m²-koa izanen da, aire-balbularik ez badauka, eta 1,00 m²-koa, aire-balbula baldin badauka.

–Gela aparkaleku gune batean baldin badago, sistemaren funtzionamendurako behar den airea sototik har daiteke. Kasu horretan, suaren aurkako konporta irekia ezarriko da, RF-60 sailkapenekoa, 70ºC-ko tenperatura gainditzen denean ixten dena, ke-detektagailua edo antzekoa duen malgukia askatuz. Konporta ixtean, alarma-seinalea igorriko da bilketa-gune nagusira eta suaren aurkako konporta itxirik duten hondakin-geletan sistema deskonektatu eginen da.

–Airea kanpotik hartzen duten geletan eta/edo ganberetan ez da suaren aurkako konportarik ezarri beharko, zuzenean sistemara sartuko baita.

–Hormak eta sabaiak egin behar dira, gutxienez, 300 mm.c.a. azpipresioari, ½ oinbeteko adreiluari dagokiona, eusteko moduko neurritan.

–Gelek eta/edo ganberek hornituta egon behar dute argiztapenez eta lur-hargunedun korronte-lotuneaz, langileren batek zereginen bat egin behar badu ere.

–Zoruek leunduta eta margotuta egon behar dute. Zoruaren eta hormaren arteko junturak kurba batez egina izan behar du, gela hobeki garbitu ahal izateko.

–Hormek garbigarriak izan behar dute.

–Zoruan sifoi-hustubidea egonen da, muridoen aurkakoa.

–Geletara sartzeko ateek, gutxienez, metro bat zabal izan behar dute kanporantz irekita, eta suaren aurkako RF-60 erresistentziakoak, gutxienez.

–Argiztapen artifiziala izan behar dute eta horrek zorutik metro baterako altueran, gutxienez, 100 lux argitu behar du.

–Ur hornidura.

–Balbula-gelako sarraila maisu sarraila izango da, “kontagailuen geletan” SCPSAk erabiltzen duen modeloaren berdina.

e) Barneko sareak. Barneko sareek etxebizitzen eraikuntzarako proiektuan zehaztuta egon beharko dute. Isur-gune kopurua egokituko zaio sortutako hondakin kopuruari, eta bai sortzaileek zaborra botatzeko ibili beharko duten distantziari ere (27. art.).

Bilketa pneumatikorako sistemaren barneko sareen diseinuan, honako irizpide hauek izan beharko dira kontuan:

–Isur-gune bakoitzean 3 hondakin balbula eta isurtzeko konporta jarri beharko dira, hondakin zati edo frakzio bakoitzeko bat.

–Onartuko den gehieneko desbiderazio bertikala 30º izanen da.

–Zorrotenen barneko diametroa ez da balbulen irekierakoa baino handiagoa izanen.

–Zorrotena-balbula junturek izan behar dute “ez zurruna” motakoak (neopreno edo antzekoa) eta estankoak.

–Ez da gillotina-balbularik instalatuko, eta balbularen beraren eragiketa ere estankoa izanen da.

–Barneko hodiak solairuari brida metaliko batez lotuko zaizkio; brida horiek UPN-140 profilekoak izanen dira eta tartean neopreno xafla izanen dute, hodia solairutik isolatzeko eta hots transmisioa ekiditeko.

–Sabaiko euskarriak kalkulatuko dira hodia erabat urez beteta dagoen karga baterako. Sabaiko ukondoak fluxuaren norabide aldaketako indarrari eusteko kalkulatuko dira.

–Hodiek RF pintura izanen dute, kokatuta dauden giroaren arabera.

Bilketa pneumatikoko instalazioak eraikitzeko materialen espezifikazioak ordenantza honi gehituta daude I. eranskinean.

5.–Instalazioen harrera.

Instalazioak bere osoan, bai sare nagusiak, bai gune nagusiak, bai isur-konportek eta abarrek SCPSAren zerbitzu teknikoen ikuskapena eta onespena jaso beharko dute.

Indarreko legediak ezartzen dituen baimen guztiak aurkeztu beharko dira, instalazio osorako eta bai osagai guztietarako eta bakoitzerako ere.

Proiektuek hondakinen bilketa pneumatikoko instalazioari buruzko eranskina eduki beharko dute, eta SCPSAk onetsi beharko du. Eranskinaren agirien artean, gutxienez, honako hauek egonen dira:

–Instalazioaren planoak.

–Ekipamendu mekanikoen eta kontrol ekipamenduen deskribapena.

–Balbula kopura eta balbula moten justifikazioa, sortutako zabor kopuruaren eta ezarritako distantzia baldintzen arabera.

–Neurketa.

a) Balbula gelen eta barneko sareen harrera: Instalazioaren harrera izateko, jabeak eskatuko dio SCPSAri hartzeko, eta honako dokumentu hauek aurkeztuko ditu.

Sustatzaileak aurkeztu beharreko dokumentuak:

Iruñerriko Zerbitzuak SA sozietateari hartzeko eskaera, honako hauek zehaztuta:

–Lursaila.

–Sustatzailea.

–Etxebizitza kopurua.

Balbula gelaren, adarkatzearen eta ontzien egokitasun dokumentua eta eraikitzeko proiektua, enpresa adjudikaziodunak egiaztatua.

Soinu igorpenen proben plangintza, Eraikuntzako kode teknikoa betetzen dela egiaztatzeko. Plangintzak, gutxienez, honako hauek izanen ditu:

–Gelaren eraikitze txostena (materialak, isolamendua, eta abar).

–Hauetako soinu neurketak: balbula gela, bilketa guneak (ontziak), balbula gelatik gertuen dauden etxebizitzak. Egunez eta gauez egin beharko dira neurketa horiek, eta kreditatutako saio laborategi batek egiaztatu beharko ditu.

Balbula gelak bizilagunen elkarteenak dira, barnean dagoen beste edozein espazio bezala.

Balbula geletara joateko bide-zorra dago, ezinbestekoa baita Iruñerriko Zerbitzuak SA sozietateak mantentze lanak egin ditzan.

Bide-zor hori idatziz jasoko da jabeek egin, sinatu eta Iruñerriko Zerbitzuak SA sozietateari bidaliko dioten agirian.

Balbula gelan sartzeko behar diren giltzak emanen dizkiote jabeek. Bizilagunen elkarteak kontratatuko du balbula gelako ur hornidura.

Hori jaso ondoren, SCPSAko teknikariek egiaztatuko dute instalazioak betetzen dituen edo ez beharrezko baldintzak, eta, betetzen baditu, emanen dute.

Ez baditu betetzen, bizilagunen elkarteari jakinaraziko zaio zein akats detektatu diren. Elkarteak akats horiek konpontzen dituenean, berriro eskatuko dio SCPSAri egiaztatzeko.

6.–Ustiatzea eta mantentzea.

SCPSAk, instalazioa hartu eta gero, bere gain hartuko du zerbitzua eta, hortaz, instalazio guztiaren mantentze lanak, bai sare nagusiarenak bai instalazioaren barneko sareenak.

SCPSAren zerbitzu teknikoak edo baimendutako langileak izanen dira bilketa pneumatikoko instalazioen zaintza, mantentze lanak eta berritzeak egiteko arduradun bakarrak, bilketa-gune nagusitik, garraiatzeko sare nagusitik, areto, gela eta abarretatik bide publikoan jarrita dauden ontzi edo konportetaraino.

Sare pribatuak diren kasuetan, jabetzaren ardurapekoak izanen dira eraikinen barnean dauden konportak, dagozkien zorrotenak, beharrezko lotuneak eta barneko sarearen elementu gehigarri guztiak.

7.–Bilketa pneumatikoko instalazioak gauzatzeko materialei buruzko espezifikazioak.

a) Hodi zuzenak eta hodi zuzeneko piezak.

Hodi zuzenak eta hodi zuzeneko piezak karbono-altzairuz egindakoak izanen dira, 498 mm-ko barne diametrodunak, Helixweld motako makinan helikoidalki soldatuak, barne eta kanpo soldadura arku murgilduzko prozeduraren bidez egina, kordoi bikoitzaz.

Hodi pneumatikoaren asenturako seinale eta aire konprimituko kablea 3-5 gravillin motakoa izanen da, birrinketaz ekoitzitakoa.

b) Hodiak fabrikatzeko materiala.

DIN 17.100 araberakoa.

Altzairuaren dentsitatea 7,85 kg/dm³ onargarria da. Altzairuaren kalitatearen laburtzapenak DIN 17.006 arauari dagozkionak dira, eta materialen zenbakiak DIN 17.607 arauari dagozkionak.

–Ezaugarri geometrikoak honako hauek dira:

  • Barne diametroa: 498 mm.
  • Hormaren lodiera: 5 eta 20 mm bitartekoa (justifikatua zatien arabera).

Erabili beharreko altzairuaren kalitateak honako hauek izanen dira: R-37-2, nazioarteko zenbakia 10.114, Euronorman Fe 37 (Fe 42) - B3FN izendapenaren baliokidea baita.

–Ezaugarri mekanikoak honako hauek dira:

  • Trakzioarekiko erresistentzia: 37 eta 45 kg/mm² bitartekoa.
  • Isurpen muga: 24 kg/mm2.
  • Luzapena hausturan: %25.

–Konposizio kimikoa honako hau da:

  • Karbonoa: %17 gehienez.
  • Fosforoa: 0,050 gehienez.
  • Sufrea: 0,050 gehienez.
  • Nitrogenoa: 0,007 gehienez.

c) Neurriak eta perdoiak.

DIN 1626 h2/65 arauetan zehaztutakoari egokituko zaizkio.

d) Ukondoak.

Ukondoak karbono-altzairuzko kurba biribil jarraikiaz egindakoak izanen dira, hodi zuzenen atalean zehaztu bezala helikoidalki soldaturiko hodiak baliatuz fabrikatutakoak.

Hormaren lodiera 8 eta 18 mm bitartekoa izanen da, instalazioaren zatien arabera.

2.000 kg/egun baino karga handiago ibiltzen deneko ukondoak 400 Brinnelletik gorako gogortasuna duen materialez egindakoak izanen dira.

Bereziki lodiera handiak direnetan, onargarri da luzetarako soldadura. Kasu horretan erradio luzeko soldadura ez da ametituko, gutxienez 2,5 m-koa izanen baita.

Ukondoen kurbatura 15º, 20º, 30º, 45º, 60º, 75º eta 90º koa izanen da. Materiala, DIN 17.100 arauak dioenez, St 52.3 izanen da, nazioarteko zenbakia 1.0841 bereziki baretutakoa, RR espezifikazioa duena, eta ondorengo kopuru baliokideak ezaugarri dituena, FE 52-C3, FE 52-D3 Euroarauak dioenez:

–Erresistentzia mekanikoak:

  • Trakzioarekiko erresistentzia: 52 eta 62 kg/mm² bitartekoa.
  • Isurpen muga: 36 kg/mm².
  • Luzapena hausturan: %22.

–Konposizio kimikoa:

  • Karbonoa: %22 gehienez.
  • Fosforoa: 0,045 gehienez.
  • Sufrea: 0,045 gehienez.
  • Nitrogenoa: 0,005 gehienez.

Silizio edukia ez da izanen %0,55 baino handiagoa, eta manganesoak ez du %1,50 gaindituko.

Hodiak kurbatuak izan behar dira, beren konposizioari, ezaugarri mekanikoei edo lodiera eta formari eragin gabe. Azken hori ahal den neurrian eginen da, eta ondoren zehazten diren mugen barnean:

–Kurbadura erradioa, ardatzean neurtua, ez da 1.500 mm baino txikiagoa izanen (erradio handiagoak onartuko dira; ez, ordea, txikiagoak).

–Alderik ahulenean gertatzen den horma lodieraren galera ez da inoiz ere %10 baino handiagoa izanen.

–Muturretako gehieneko obalatzea ez da inoiz ere %3 baino handiagoa izanen.

–Bi parametroetarako azken magnitudea kontsideratzen da hodiaren perdoia eta hodiaren toleste eragiketaren batuketa.

–Tolestea aldibereko indukzioa eta trakzioa egiten dituen makinaren bidez eginen da.

–Ez da zimurdurarik onartuko hodiaren kurbaduraren barneko aldean.

–Azaleko tratamendua dagokion espezifikazioaren arabera eginen da.

e) Altzairuzko RAEX ukondoak.

Altzairu berezi soldagarrizko ukondoak, gogortasun handikoak (450 Brinell baino gehiago) RAEX motakoak:

–Barne diametroa: 498 mm.

–Hormaren lodiera: 15 mm.

–Kurbadura jarraituaren erradioa: 1.500 mm gutxienez.

–Azal tratamendua “Hodi zuzenak” atalean dagoenaren arabera.

f) Altzairu arruntezko erremateak.

Hodi zuzenez fabrikaturiko piezak, honela osatuak: 2,5 metroko zati nagusia eta 1,5 metroko lotura zatia.

Lotura angelua 30º koa izanen da, elektrodo estalizko lotura soldatuaz egina.

Piezaren hiru muturrak alakatuak izanen dira, soldatu ahal izateko.

Barne diametroa 498 mm-koa izanen da, eta lodiera aldakorra, 5 eta 20 mm bitartekoa. Azaleko tratamendua dagokion espezifikazioan aipatuta dago.

g) Hardox adar berezia.

Zati nagusiko 2,5 m-ko 30º ko adarra eta 1,5 ml-ko konexioa da, Svenskstalen HX-400 arauaren arabera, 380 Brinelleko gutxieneko gogortasunarekin.

Azaleko tratamendua dagokion espezifikazioan aipatuta dago.

h) Urtuzko piezak, urragogorrak, Ni-Hard motakoak.

Espezifikazio hau burdina zuri urragogorraren urtzeari buruzkoa da, Ni-Hard deitzen dena (nikel gogorra) eta ASTM-A-532-k arautzen duena.

–Urtze mota.

Erabiliko den urtze mota Ni-Hard type 1 izanen da, edo ASTM clase I-A Ni-ev-HC, baliokidea baita. Ez da baztertzen beste konposiziotako urtze motarik, bete beharrekoa gutxieneko gogortasun maila besterik ez baita.

–Konposizio kimikoa.

  • Karbonoa: %3,0 eta 3,6 bitartean, pisuan.
  • Nikela: %4,2 eta 4,7 bitartean, pisuan.
  • Kromoa: %1,4 eta 4,7 bitartean, pisuan.
  • Silizioa: %0,5 eta 0,8 bitartean, pisuan.
  • Manganesoa: %0,3 eta 0,7 bitartean, pisuan (gehienez, 1,3).
  • Burdina: Balantzea.

Konposizio hori gogortasunaren erantzule subsidiarioa da.

–Ezaugarri mekanikoak.

  • Urtuan:
  • Muga elastikoa - haustura: 40.000 - 50.000 psi 2.700 - 3.400 kg/cm2.
  • Brinell gogortasuna: 500 - 650.
  • Urtu epelean:
  • Muga elastikoa - haustura: 80.000 psi 5.400 kg/cm2.
  • Brinell gogortasuna: 700.

–Piezen konformazioa.

Piezak moldean urtu behar dira jardunbide egokiari jarraituz, eta planoan zehaztutako formak eta perdoiak bete behar dituzte.

–Haien ezaugarri geometrikoak honako hauek izanen dira:

  • Barne diametroa: 498 mm
  • Hormaren lodiera: 25 mm
  • Kurbaduraren erradioa: 2.000 mm

Moldetik atera direnean, ahoak perdoien arabera mekanizatzeari ekinen zaio. Ondoren piezak berotzea dator, beharrezkoa baldin bada, 500 Brinelleko gogortasuna lortzeko.

Ez da onartuko oklusiorik, leizerik edo arraildura eta irudirik urtutako piezetan. Era berean, ezin da onartu barneko aldean bizarrak edo moldeko lotuneak izatea, 1 mm baino handiagoak. Ez zaie azaleko tratamendurik eginen.

–Akoplamenduak.

Dresser motako edo antzeko doikuntza-polearen bidezko akoplamenduak, 582/532 mm-ko diametrokoak, Ni-Hard motako piezetarako, hodi zuzenarekin edo 532 mm-ko kanpoko diametroarekin.

Dresser motako edo antzeko doikuntza-polearen bidezko akoplamendua, 582/582 mm-ko diametrokoak, Ni-Hard/Ni-Hard motako piezetarako.

–Polietilenoa.

Estaldurarako erabiliko den polietilenoa dentsitate txikikoa izanen da, eta dentsitate hori 0,920 eta 0,924 gr/cm³ eta pigmenturik gabeko oinarrizko polimeroaren gaineko neurtua, ASTM-D-1505 arauaren azken edizioaren arabera, tratamendu termikoarekin ASTM-D-1 928 b prozedurari jarraikiz.

Polietilenoak espezifikazio honen xede den estalduraren fabrikaziorako eta azken erabilerarako beharrezkoak diren antioxidatzaileak, egonkortzaileak eta pigmentuak besterik ez ditu izanen.

Amaierako konposatu beltzaren dentsitatea handitu eginen da ke-beltzaren edukiaren arabera; igoera hori 0,0044 gr/cm3-koa izanen da gutxi gorabehera ke-beltzaren %1 bakoitzeko. Ke-beltzaren kantitatea gutxienez %2 eta gehienez %3 izanen da; ondorioz, konposatu horren dentsitatea 0,929 eta 0,937 gr/cm³ artekoa izanen da.

Dentsitate hori dagokion espezifikazioaren arabera zehaztuko da, kontrol metodoaren bidez. Jariakortasun indizea (Melt flow index) 0,2/0,3 g/10 min izanen da (1900 C-2, 16 kg/cm cm³ ASTM-D-1238 edo 73 ISO R/292 metodoaren arabera).

Altzairuzko azalerarekiko itsaspena: PE bidezko estaldura hodiaren altzairuzko azalerari atxikita egonen da, eta, horrela, erantsitako entseguak egitean, askatzeko behar den esfortzua 175N-tik gorakoa izanen da beti.

Azaleko erresistentzia: PE bidezko estaldurak gai izan behar du kanpoko inpaktuarekiko eta bola sartzearekiko erresistentzia-probak gainditzeko, erantsitako ataletan adierazten direnak, hain zuzen ere.

Luzapena hausturarekiko: estalduraren materialak jasan beharko du honekin batera zehazten den moduan neurtutako luzapena, eta, gutxienez, %200 izanen da.

Erresistentzia elektrikoa: estalduraren erresistentzia elektrikoa, honekin batera zehazten den moduan neurtuta, gutxienez, 108 Ωm² izanen da.

Egonkortasuna argi-bero bidezko zahartzearen aurrean: erantsitako jarraibidearen arabera eginen dira inguruneak estalduraren zahartzean duen eragina zehazteko entseguak.

–Itsasgarria.

Estrusio bidezko estaldura azal itsaskorrak (Primer) ez du izanen ura xurga dezaketen substantziarik. Kopolimero gogor bat erabiliko da.

i) Sistemaren kable elektrikoa eta aire konprimitua.

–Kable elektrikoak.

Kableak garraiatzeko hodi sarean barrena hedatuko dira. Kableak multipolarrak izanen dira, eta eroale kopurua 10 eta 30 artekoa. Eroale bakoitzaren sekzioa 0,75 mm² izanen da.

Kableak 1,5 mm2-ko 8 pare polobakarrekoak izanen dira.

–Aire konprimiturako hodiak.

Garraiatzeko hodi sarean barrena hedatuko dira. Hodiak polietilenozkoak eta 10 kg/cm2-ko lan presiorako diseinatutakoak izanen dira. Kanpoko diametroa 16/11 mm-koa da, Ø 50 mm-koa.

–Babes-hodiak.

Bai kable elektrikoa bai aire konprimiturako hodiak babes-hodi banatan sartuta egonen dira. Hodi horiek PVC korrugatuzkoak izanen dira, Ø 63 mm-koak.

j) Erregistroak eta fabrikako obrak “in situ”.

Hodien eta fabrikako obren arteko junturak, beren ezaugarriengatik juntura elastikoak jartzea ezinezkoa denean, “In situ” eginen dira, hodiaren eta fabrikako obraren arteko hutsunea betez lehen kalitateko eta marka ziurtatuko mortero hedakorrez. Mortero horretaz bete beharreko hutsunea hiru zentimetrokoa izanen da (3 cm), junturaren perimetroaren luze-zabal guztian. Kanpoko eta barruko zigilatzea mastic bituminosoz eginen da junturaren perimetro osoan.

–Ikuskatze erregistroetako markoak eta estalkiak.

EN-124: 1995 arauak itxitura eraikinei buruz ezartzen duena beteko da, honako ezaugarri hauekin:

  • Pasaera neurria: Ø 600 mm.
  • Materiala: burdinurtu nodularra.
  • Zama: 40 Tn.
  • Estalkia: gontz bidez artikulatua, kokapen topedunarekin.
  • Itxigailua: burdinurtu harikorrezko apendize elastiko bidezkoa, estalkiarekin bat egindakoa.
  • Intsonorizazioa: juntura elastiko bidezkoa, markoan ezarria.
  • Kutxatilara finkatzea: 4 Spit bidez edo burdineria bidez (Ø 12).
  • Inskripzioa: Iruñerriko Mankomunitatearen Zerbitzua eta Anagrama. Hondakinak.
  • Mota: 4. multzoa. Saila D400 gutxienez.
  • Markaketa: S/EN-124, egiaztatutako ziurtapen-erakundearen markarekin.

–Pate igokariak.

UNE-EN 13101 arauak ezarritakoa beteko da, lurperatutako erregistro zuloetarako pateei dagokienez. Pate horiek 2 motatakoak izaten ahalko dira:

1.–Ø 12ko altzairuzko hagaz indartutako polipropilenoa.

2.–Polipropileno takoaz anodizatutako aluminioa.

k) Katodo babeserako baldintzak.

Hodiak estaltzen dituen hiru geruzadun PEzko estalduran ager daitezkeen etenak direla-eta, katodo babesa erabiliko da horiek babesteko (anodo galbanikoak edo korronte inprimatua). Babes horien ezaugarriak honako hauek dira:

–Hodia babesteko, biltzeko zentraletik inprimatutako korronte bakoitzeko babes katodikoa emanen da, eta metalezko eremuetan kontzentratzen den eta korrosio lokalizatua eragozten duen mili korronte bat injektatuko da.

–Hodia lurpean ezarrita dagoen lotura guztietan, eta juntura dielektrikoaz gain, katodo babesa mantendu beharko da, anodo galbaniko bitartez. Loturaren babes instalazio horren kopurua eta ezaugarriak hartara espezializatutako enpresa batek eginen ditu.

–Eraikinen sarbideetan juntura dielektrikoa ezarriko da, sare nagusiaren eta barnekoaren babes korrontea egoki ez den beste ezein lekutara iristea eragozteko.

–Horma bat zeharkatzen den bakoitzean, pasabide bat jarriko da, babes katodikoa deuseztatzen duen hodiarekin (egiturazkoa, lur-hargunea, etab.) deribazio metalikorik ez egiteko.

l) Estalduraren ezaugarriak.

Altzairuaren azaleko edozein punturen gainean estaldurak izanen duen lodiera osoa taula honen araberakoa izango da: Tutuaren DN hazbetetan

Lodiera mm-tan

Arrunta

Sendotua

Bikoitza

< 4’’

1,8

2,5

3,6

4’’ eta 8’’ bitartean

2

3

4

10’’ eta 30’’ bitartean

2,5

3,5

5

8.–Ekipamenduak eta instalazio mekanikoak.

8.1.–Bilketa-gune nagusiko ekipamenduak.

Proiektuko bilketa-gune nagusiko oinarrizko ekipamenduen ezaugarriak honako hauek dira:

a) Turboerauzgailuak.

Turboerauzgailuak, altzairuzko bastidoredunak.

Turboerauzgailuak motor elektrikoz hornituta egonen dira, akoplamendu malguen bidez.

Multzoaren ezaugarriak (xurgatzeko ahalmen osoa, depresioa, xurgatutako potentzia eta motorrak) kualitatiboak izanen dira instalazio bakoitzaren neurrien arabera.

Bibrazioen aurkako altzairuzko karkasen gainean horizontalki muntatutako motorrak, turboerauzgailuekin batera.

Ezaugarri nagusiak:

–Motorraren potentzia: 55, 75, 90 eta 110 Kw, instalazioaren arabera. Babesa: IP-54.

–Birak (Asinkronoa - 50 Hz): 2.950 b/min.

–Tentsioa: 380 V trifasikoa.

–Abiaraztea: maiztasun erregulagailu bidez, Profibus-DP bitartez PLC orokorrarekin komunikatua.

b) Hondakinak bereizteko zikloia.

Zikloiak eraikin estatikoa izanen dira. Dimentsio nagusiak honako hauek dira:

–Altuera: 4,5 m.

–Diametroa: 2,5 m.

–Lodiera: 10 mm.

St. 52.3 altzairuz eginda egonen dira eta hondakin-maila adierazgailuak izanen dituzte.

Elikatze tobera baten bitartez, haren barnealdea hondakin trinkogailuarekin konektatua egonen da, depresioa jasaten duen akoplamendu baten bidez.

Haren lau bermapuntuak bibrazioen aurkako elementuz finkatuta egonen dira.

c) Hondakin bereizgailu birakaria.

Bereizgailu birakaria bereizte zikloiaren goiko aldean egonen da. Motor elektriko batek eragingo du eta uhal-murriztailua izanen du, trapezio formakoa.

Ezaugarri nagusiak:

–Biratze abiadura: 600 b/min gutxi gorabehera.

–Motor elektrikoa: 7,5 kW.

–Diametroa: 1 m gutxi gorabehera.

–Abiarazte mota: izar/triangelu motakoa.

d) Hondakin trinkogailua.

Trinkogailuak trinkotze horizontaleko plaka motakoak izanen dira, eta funtzionamendu hidraulikoa izanen dute. Hermetikoki itxita egonen dira, presiopean lan egiteko. Haien goialdea bereizte zikloiko elikatze toberarekin konektaturik egonen da, eta haren alboetako bat hondakin edukiontziarekin. Konexio guztiak hermetikoki itxita egonen dira, eta depresioa jasateko modukoak izanen dira. Trinkogailuaren eta edukiontziaren arteko itxidura mekanismoa akzionatze automatikokoa izanen da.

Ezaugarri nagusiak:

–Trinkotzeko plakaren dimentsioak: 0,9 m u 1,3m.

–Zama-ganberaren dimentsioak: 1,1 m u 1,3 m u 1,1m.

–Trinkogailuaren dimentsioak: 3,3 m u 2,5 m u 1,7m.

–Trinkotze presioa: 20 - 30 T.

–Ekipamendu elektrikoa: 7,5 kW-eko motorra.

–Abiarazte mota: izar/triangelu motakoa.

e) Hondakin edukiontziak.

Edukiontziak St 37.2 altzairuzkoak izanen dira. Hermetikoki itxiak eta depresioa jasateko modukoak izanen dira. Haien beheko aldean profil sorta batez hornituta egonen dira, kamioietatik zama eta hustuketa lanak errazteko.

Ezaugarri nagusiak:

–Edukiontzi bakoitzaren bolumena: 25-30 m³ proiektuaren arabera.

–Dimentsioak: luzera, 7.000 mm; altuera, 2.560 mm; zabalera, 2.460 mm.

–Karga/deskarga: roll-on/roll-off sistema.

–Edukiontziaren bareneko gehieneko depresioa: 40 kPa.

f) Edukiontzien barne-garraiatzea.

Zubi-garabi bitartez edo gurdi bitartez egiten ahalko da. Zubi-garabiaren kasuan, gutxienez 25 tona jasotzeko eta garraiatzeko ahalmena izanen dute, bai eta edukiontziari eusteko lau ainguratze puntu. Gurdiari motor elektriko batek eraginen dio. Gutxienez 25 tona zama jasotzeko eta garraiatzeko ahalmena duen gailua izango du, bertikalean eta zeharka aritzeko.

g) Garraiatzeko airea araztea. Lehen iragazketa.

Ezaugarri nagusiak:

–Garraiatzeko airearen emaria: 7 m³/s.

–Arazketaren eraginkortasuna: gutxienez %80.

–Ateratako aireak metro kubo arrunt bakoitzeko gehienez 10 mg hauts edukitzen ahalko du.

h) Garraiatzeko airea araztea. Bigarren iragazketa. Usainak kentzea.

Ezaugarri nagusiak:

–Aurrearazketaren eraginkortasuna: gutxienez %90.

–Atmosferara kanporatzen den airean eragin behar den arazketak gutxienez %99,9 izan behar du.

i) Airearen lastertasun kontrola.

Tresneria izanen dira erregulazio-balbula, Venturi hodiaz hornitua, depresioa neurtzeko elementuak, manobakuometroak eta abar. Turboerauzgailuen abiaraztea edo geldiaraztea gobernatu beharko dute, eta balbulen irekierak eta itxierak.

j) Aire konprimituaren instalazioa.

Aire konprimitua pasabide bikoitzeko konpresore batean sortuko da; konpresoreak bolantea eta abiarazteko/gelditzeko gailu automatikoa izanen ditu. Lan-presio arrunta 8 kg/cm²-koa izanen da. Aire konprimitua biltegiratzeko bolumena 500 litrokoa izanen da.

Aire konprimitua araztuko da lehortzeko eta aire araztua sortzeko bi dorrerekin, banatu aurretik.

Aire-konpresoreari 7,5 kW-ko motor elektriko batek eraginen dio.

k) Bilketa-gune nagusiaren barneko hodiak eta balbulak.

Bilketa-gune nagusian hainbat hodi eta balbula egonen da.

Itxitura-balbulak, turboerauzgailuen mailaren gainetik kokatuak. Atzera ezineko balbulak izanen dira, aireak kontrako noranzkoan zirkulatzea eragozteko. Kolore urdina RAL 5051.

Airearen hodia. Airea gune nagusitik eramaten duena da. Turboerauzgailuak eta hondakinen zikloia birplanteatu eta gero diseinatuko da. Kolore horia RAL 1021. 3 mm-ko lodiera izanen du, St 37.2 karbono-altzairuzkoa.

8.2.–Garraio-sareko ekipamenduak.

a) Hondakin balbulak.

Balbulak aire-konpresorera konektatuta daude bilketa-zentralean, eta aire konprimatuzko zilindroek eragiten dituzte itxitura-elementuak.

Balbulen funtzionamendua bilketa-gune nagusiko PLC-k kontrolatzen du. Terminal elektroniko zenbaitek, hondakin-balbulak kokatzen diren aretoetan jarriak, ordenagailuak igorritako aginduak egiaztatzen eta gauzatzen dituzte.

Ixteko elementua plaka sendotu bat da, balbularen barruan kokatua, bertikalki ireki eta ixten dena.

Ezaugarri nagusiak honako hauek dira:

–Dimentsioa: irekiera diametroa 500 mm-koa (500 mm-ko diametroko garraiatze hodirako).

–Balbula-gorputza. Materiala: altzairua DIN St 34-2.

–Hormaren lodiera: 5 mm.

–Aire konprimituzko zilindroa. Diametroa: 100 mm.

–Ibilbitartea: 200 mm.

–Presioa: 10 atm.

Aire konprimituzko ekipamenduak honako hauek ditu: balbula magnetikoak, arazketa iragazkia, itxitura balbulak eta abar. Kontrolerako terminal elektronikoa.

Luzapen hodia, zorroten bertikalaren eta balbularen artean, ikuskatzeko atea daukana.

Hondakinen maila kontrolatzeko ekipamendua, haren osagaiak zelula fotoelektrikoak baitira, luzapen hodiaren goiko aldean kokatua.

b) Airea sartzeko balbulak.

Balbulak aire-konpresorera konektatuta daude bilketa-gune nagusian, eta itxitura-elementuak aire konprimatuzko zilindroek eragiten dituzte.

Balbulen funtzionamendua bilketa-gune nagusiko PLC-k kontrolatzen du. Terminal elektroniko zenbaitek, balbulak kokatzen diren aretoetan jarritakoak, egiaztatzen eta gauzatzen dituzte ordenagailuak igorritako aginduak.

Airea lastertasun handiz sartzen denez balbulara, soinu-maila handi samarra da eta, horregatik, balbulak isilgailuz hornituta daude.

Ezaugarri nagusiak honako hauek dira:

–Dimentsioa: irekiera diametroa 400 mm-koa (500 mm-ko garraiatze- hodietarako).

–Itxitura elementua: altzairuzko diskoa, gomazko juntura duena.

–Aire konprimituzko zilindroa. Diametroa: 100 mm.

–Presioa: 10 atm.

–Aire konprimituko ekipamendua ixteko balbulak eta abar dira.

–Kontrolerako terminal elektrikoa.

–Soinu-maila 55 dB-tik behera murrizten duen isilgailua altzairu galbanizatuz eta artile mineralez egina dago.

Dimentsioak honako hauek dira:

–Kanpoko neurriak: 1200 mm × 1200 mm × 1000 mm.

–Artile mineralaren lodiera: 50 mm.

c) Sekzionamendu-balbulak.

Sekzionamendu-balbula bakoitza bere kutxan instalatuko da.

500 mm-ko diametroa duten irekitze-balbulak dira, zilindro baten modu pneumatikoan eragiten direnak, ate irristakor bakoitzeko itxiturarekin.

Ireki eta ixteko kontrol-ekipamendua kontrol panelarekiko egokia izanen da.

d) Ikuskatze erregistroak.

Zerbitzu galerian, erregistro putzuetan eta sekzionamendu-kutxetan kokatuak.

St 37.2 altzairuz egindakoak dira. Haien dimentsioak 800 × 600 mm dira.

e) Aire konprimituaren hodia eta seinalea.

Plastikozko hodiak izanen dira (polietilenoa) PE 63-4 ATM, kable elektrikoetarako babes-alanbrearekin eta aire konprimitukoak, azalera leuneko 44 × 3 mm-ko diametroa dutenak. Hodia muntatzeko planoen arabera instalatuta egonen dira.

8.3.–Isurtze instalazioak.

a) Hondakin balbulen eta aire balbularen ganbararen ezaugarri teknikoak.

–Paretak eta sabaiak, gutxienez, 200 mm c.a. azpipresiorako dimentsionatu behar dira.

–Zoruak leunduta eta pintatuta egonen dira, eta pareta eta zoruaren arteko elkargunea kurbatua.

–Hormak garbigarriak izanen dira.

–Ateak kanpoalderantz irekitzen ahalko dira.

–Soinu mailak gutxi gorabehera:

  • Hondakin-balbularen ganbera: 80-90 dB (A).
  • Aire-balbularen ganbera: 60-80 dB (A).

b) Isur-guneak. Konportak eta/edo ontziak.

Erabiliko den konporta altzairu herdoilgaitzezkoa da, eta irekidura 400 x 400 mm-koa. Itxiturak, segurtasun blokeo elektronikoak eta maila sentsoreak eduki beharko dituzte. Konporta horiek bete behar dituzten segurtasun funtzioak honako hauek dira:

–Konporta irekiera blokeatzea, isur-ontzia aktibatuta dagoenean.

–Behin konporta irekita dagoela, isur-ontzi hori aktibatzea ezinezko bihurtzea.

–Konporta irekita dagoelako seinale akustikoa eginen du.

c) Ontzien eta konporten ezaugarri teknikoak.

Bai sustatzaileek bai eta urbanizatzaileek ere aurkeztuko dituzte aukeratu ahal izateko hainbat eredu, SCPSAren zerbitzu teknikoek egokiena hautatzeko aukera izan dezaten.

8.4.–Automatismoa eta kontrola.

a) Automatismoa.

Aurreikusitako automatizazio-instalazioak honako elementu hauek instalatzea aurreikusten du:

–Kontrolagailu nagusi bat ekipamendu guztietarako.

–Kontrolagailuaren eta mendeko ekipamenduen arteko komunikazio sarea.

–Kontrolagailuaren eta kontrol sistemaren arteko komunikazio sarea.

Sistemako ekipamendu guztiak kontrolatuko dituena PLC bat izanen da, Siemens S7-400-ekin bateragarria.

PLC propioa duten ekipamenduen kasuan (trinkotzaileen kasuan), Siemens markarekin bateragarria izan beharko da, eta PLC orokorrarekin komunikatu beharko da Profibus DP edo Ethernet sare baten bidez.

Maiztasun-aldagailua duten ekipamenduen kasuan, bateragarria izan beharko da Siemens edo Danfoss markarekin, eta PLC orokorrarekin komunikatuko da Profibus DP txartelaren bidez.

Bilketa-sareko balbula pneumatiko guztiak periferia dezentralizatuaren bidez kontrolatuko dira. Eremu busa egonen da PLC orokorra sareko seinale-kontzentratzaileekin konektatzeko.

b) Kontrolagailu logikoak eta programagarriak.

PLC-k izanen ditu behar diren sarrera- eta irteera-txartel digitalak eta analogikoak, gehi erreserbako sarreren eta irteeren %20. Prozesuko PLC-k honako lan hauek eginen ditu:

–Informazioa jasotzea makina bakoitzaren egoerari buruz (funtzionatzen, gelditua gorabeherarik gabe, gelditua babesak aktibatu direlako) eta funtzionatzeko moduari buruz (eskuzkoa edo automatikoa).

–Makinen abiarazte eta geldiarazte automatikoa programatutako logiken arabera.

–Teleaginte sistemarekin informazioa eta aginduak helaraztea eta partekatzea.

–PLC-a koadro independente batean instalatuko da CCMen ondoan, altzairuzko xaflaz eta IP54 babes-mailarekin egina, eta sarrailadun ateen bidez erregistra daitekeena. Ateak polikarbonato gardenekoak izanen dira PLC-ko led-ak ikusi ahal izateko.

Koadro horiek honako elementu hauek izanen dituzte:

–IV motako etengailu automatiko magnetotermikoa, babes diferentzialeko gailu gehigarria duena.

–I+N etengailu magnetotermiko bat aurrekoaren irteeran, babesteko isolamendu-transformadorearen zirkuituak, erresistentzia berotzeaz, koadroaren barneko argiztapena, korronte-hargunea eta abar.

–Isolamendu-transformadore monofasikoa, 380/220 V erlazioa duena.

–Etengailu automatiko magnetotermikoak II aurrekoaren irteeran, elikatze-iturrien zirkuituak babesteko.

–Elikatze-iturri egonkortua, 220 Vca/24 Vcc.

–Etengailu automatiko magnetotermiko monopolarrak aurrekoaren irteeran, PLC-ren sarrera-irteeren txartelak elikatzeko.

–Prozesuko PLC-ren kasuan, 24 Vcc-ko bobina duten errele osagarriak, kontaktoreak, etengailu motordunak eta abar maniobratzeko irteera digitalak bezainbeste.

III. ERANSKINA

Garbiguneetara eraman daitezkeen hondakinak

HONDAKINA

LER KODEA

KOPURUAK

Tonerra, tinta, inprimatzeko zintak

080317*

2 unitate

Aerosolak

150110*

3 unitate

Metalezko ontziak

150110*

5 unitate

Plastikozko ontziak

150110*

5 unitate

Su-itzalgailuak

150110*

1 unitate

Hidrokarburoak dituen ura

160708*

5 litro

Fibrozementua

170605*

1 m²(1)

Disolbatzaileak

200113*

3 litro

Azidoak

200114*

1 litro

Oinarriak (soluzio alkalinoak)

200115*

1 litro

Argazkilaritzako likidoak

200117*

1 litro

Fitosanitarioak

200119*

3 unitate

Merkurioa

200121*

2 Termometro, anpulu bat

Automozioko olioa

200126*

5 litro

Landare olioa

200125

5 litro

Argizariak eta koipe erabiliak

200126*

1 kilogramo

Erregaiak, gasolioa

Erregaiak, gasolina

130701

130702

5 litro

5 litro

Automozioko iragazkiak

160107

1 unitate

Pintura

200127*

5 litro

Pintura, disolbatzailea duena

200113

5 litro

Garbigarriak

200129*

3 litro

Bateriak, Pb-azidoa

200133*

2 unitate

Erradiografiak

200199

Mugarik gabe

Material kutsatua, xurgatzaileak

150202

5 kilogramo

Izotz-kontrakoa

160114*

5 litro

Botikak

200132

1 kilogramo

Botoi erako pilak, litioa, kadmioa

200133*

0,5 kilogramo

Pilak

200134

2,5 kilogramo

TEEH

HONDAKINA

LER KODEA

KOPURUAK

Fluoreszenteak

200121*

3 unitate

Telebisten pantailak, ordenagailuak

200135*

2 unitate

Etxetresna elektriko txikiak

200135*

2 unitate

(1) Soil-soilik garbigune finkoetan. Erabiltzaileak sartu beharko du hondakina poltsan (poltsa garbigunean bertan emanen diote).

Garbigunean ez dira onartuko honako hondakin hauek:

–Sailkatu gabeko materialak.

–Industria hondakinak, kopuru handitan.

–Gorpu hondakinak edo kutsakorrak.

–Janari hondarrak.

–Konfiskatu diren gaiak.

–Hondakin erradioaktiboak.

–Meagintzan edo ateratze langintzan sortutako hondakinak.

–Nekazaritzako edo abeltzaintzako hondakinak.

IV. ERANSKINA

Edukiontziak eta buzoiak irekitzeko gailuak eskuratzeko
eta erabiltzeko arauak

Dagokion eremuan irekiera-sistema instalatu ondoren, ordenantza honetako 16. artikuluan ezarritakoaren arabera, erabiltzaileei gutxienez bi txartel edo gailu baliokide emanen zaizkie posta-helbide bakoitzeko, eta gailuaren erabilera posta-helbideari lotuta egonen da.

Galtzearen, lapurtzearen, hondatzearen, berritzearen eta/edo helbidea aldatzearen ondorioz irekitzeko gailu gehiago emateko, aurretik eskaera egin beharko da.

Ezaugarri hauetako irekitze-sistema duen zeinahi edukiontzi eta/edo buzoi irekitzeko balioko dute gailuek. Mankomunitateko lehendakariak onetsitako edozein aldaketa edo murrizketa abian jarri aurretik jakinarazi beharko da, behar den denborarekin.

Mankomunitateak ezarriko du asteko zein egunetan ireki daitekeen sistema ezarrita duen frakzioetako bakoitza. Asteko irekitze-egunen zerrenda hori ezarri eta aldatzea, Mankomunitateko lehendakariak onetsia, abian jarri aurretik jakinarazi beharko da, behar den denborarekin.

Aginduta dituen zerbitzuek behar bezala funtzionatzeko beharrezkoak diren aldaketak egiteko ahalmena du Mankomunitateak. Berariazko inguruabarrak daudenean gainerakoen frakzioaren edukiontzian eta/edo buzoian bota beharreko hondakin gehiago sortzea justifikatzen dutenak, hala nola pixoihalak eta antzekoak, egunero zabaltzeko aukera ematen duten gailuak emanen dira. Hala emandako gailuak jaulki eta handik bost urtera iraungiko dira.

Eraikin batean atezaintza-zerbitzua, garbiketakoa edo baliokidea badago, eraikineko hondakinak botatzeaz arduratzen dena, Mankomunitateak zerbitzu horien arduradunari gailu bat emanen dio, eraikinean sortzen diren hondakinak botatzeko edukiontzia eta/edo buzoia ireki ahal izateko.

Irekitzeko gailuen funtzionaltasunak Iruñerriko Mankomunitateak ematen dituen zerbitzu publikoetan erabiltzen diren beste batzuekin integratzen ahalko dira, esaterako, Eskualdeko Hiri Garraioan erabiltzen direnekin.

Iruñean, 2020ko ekainaren 9an. Lehendakaria, David Campión Ventura.

Iragarkiaren kodea: L2005850