146. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

31/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 19koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez ondoriorik gabe uzten baita Iruñeko “Tres Reyes”, “Albret”, “Blanca de Navarra” eta “Sancho Ramírez” hotelen gaikuntza osasun sistemako langileei ostatu emateko.

Martxoaren 19ko SND/257/2020 Aginduaren bidez, eten egin zen ostatu turistikoko establezimenduak jendearentzat irekitzeko aukera, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 10.6 artikuluarekin bat eta dekretu horren luzapenekin bat. Errege dekretu horren bidez, COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratu zen.

Ondoren, martxoaren 23ko TMA/277/2020 Aginduaren bidez, ezinbesteko zerbitzutzat deklaratu ziren zenbait ostatu turistiko, haietan ostatu ematen ahal baitzitzaien osasun langileei. Horretarako, Osasun Ministerioak adierazitako babes neurriei eta jarraibideei jarraitu behar zitzaien, COVID-19arekin ez kutsatzen saiatzeko.

Osasun Departamentuak ostatu eman behar izan die premia hori izan duten osasun arloko langileei, Osasunaren Mundu Erakundeak deklaraturiko pandemiaren ondoriozko beharrei erantzute aldera. Ondorio horietarako, Osasuneko kontseilariaren martxoaren 29ko 11/2020 Foru Agindua onetsi zen, zeinaren bidez baimendu baitzen Iruñeko “Tres Reyes”, “Albret”, “Blanca de Navarra” eta “Sancho Ramírez” hotelak gaitzea osasun sistemako langileei ostatu emateko.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak egindako txosten teknikoarekin bat, une honetan ez da beharrezkoa establezimendu horiek erabiltzea profesionalek atseden har dezaten, ikusirik gero eta gutxiago direla SARS-CoV-2 pandemiaren ondorioz kutsaturikoak. Jasotako informazioaren arabera, ekainaren 16an atera ziren Albret hoteletik azkeneko osasun langileak, eta haren titularrei itzuliko zaie, ondorio guztietarako, ekainaren 21ean. Langileek maiatzaren 17an utzi zituzten “Tres Reyes” eta “Blanca de Navarra” hotelak, eta horien titularrei itzuli zitzaizkien maiatzaren 18an. Bestalde, “Sancho Ramírez” hotela ez zen xede horretarako erabili.

Hortaz, bidezkoa da bukatutzat jotzea hotel horietako gaikuntza, baimendu zena aipatu epean osasun sistema publiko eta pribatuko langileei ostatu emateko.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

1. Ondoriorik gabe uztea honako Iruñeko hotel hauen gaikuntza, baimendu zena osasun langileei ostatu emateko: “Tres Reyes” eta “Blanca de Navarra” hotelak, ondorioak izanen dituena 2020ko maiatzaren 18tik aurrera, “Albret” hotela, ondorioak izanen dituena 2020ko ekainaren 21etik aurrera, eta “Sancho Ramírez” hotela.

2. Foru agindu hau jakinaraztea aipatu hoteletako kudeatzaileei, eta igortzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeatzailetzara, Nafarroako Ospitaleguneko Kudeatzailetzara, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzura, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura, Profesionalen Zuzendaritzara, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasuneko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

3. Foru agindu hau sinatzen den unetik hasita egonen da indarrean.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko ekainaren 19an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2006700