145. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 17an hartua, zeinaren bidez adierazten baita presakoa dela “Oronozko kontsultategia handitzea eta eraberritzea” izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

2019ko maiatzaren 19an, Baztango Udalak Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari eskatu zion presako prozeduraren bidez tramita zezala “Oronozko kontsultategia handitzea eta eraberritzea” izeneko proiektuaren desjabetze-espedientea, udal horren alde.

2020ko otsailaren 27an, Baztango Udalak erabaki zuen aipatu proiektua onestea, eta hasiera batean onestea proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta jendaurrean jarri zuen hamabost egunez. Prentsan ere argitaratu zen, bai eta 2020ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere, martxoaren 6koan, hain zuzen.

Alkatetzak 2020ko apirilaren 23an emandako Ebazpenaren bidez (2020ko 88. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 28koa) Baztango Udalak erabaki zuen hasitako prozedurari jarraipena ematea, hona zergatik: interes orokorreko arrazoiak zeudelako sektore publikoko entitateen prozedura-epeak etetea salbuesteko. Hala dago ezarrita martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian (errege dekretu horren bidez deklaratu zen alarma egoera, COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez).

Jendaurreko epea igaro zen eta ez zen alegaziorik aurkeztu; horrenbestez, Baztando Udalak, 2020 maiatzaren 18an egindako bilkuran, aho batez erabaki zuen behin betiko onestea “Oronozko kontsultategia handitzea eta eraberritzea” izeneko proiektua, bai eta Nafarroako Gobernuari eskaera egitea ere, organo eskuduna denez gero, prozedura presakotzat deklara dezan.

Hona zergatik den presakoa proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa: beharrezkoa delako kontsultategi horretatik zerbitzu egokia eskaintzea. Gaur egun, ordea, ezin da zerbitzu hori eman, espazio mugatua duelako eta kudeatzen dituen zerbitzuak (bizilagunak, NA-121, etab.) ugaritu egin direlako. Horrez gain, beharrezkoa da kontsultategiko egiturak egokitzea COVID-19 detektatzeko eta hari eusteko, osasun zerbitzuetako oinarrizko arreta funtsezkoa baita osasun-krisiaren garapenean. Horri dagokionez, espedientean badago txosten tekniko bat, 2020ko apirilaren 16koa, udaleko arkitektoak egina, zeinean jasotzen baita arrazoi teknikoen eta aukera arrazoien zerrenda bat, eskatutako deklarazioa justifikatzeko.

Nafarroako Gobernuak, Baztango Udalak alegatutako arrazoiak ikusita eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, justifikatutzat jotzen du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, txosten juridikoa ikusirik, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Adieraztea presakoa dela “Oronozko kontsultategia handitzea eta eraberritzea” izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitalpenaren egunetik beretik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren aurka, hautara, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Baztango Udalari jakinaraztea.

Iruñean, 2020ko ekainaren 17an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2006170