145. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

47/2020 EBAZPENA, ekainaren 4koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, prestakuntza beka baterako deialdia egiten duena. Beka jasotzeko izangaiek Informazio Zientzietako edo/eta Komunikazio adarreko unibertsitate titulua (Kazetaritza, Ikus-entzunezko komunikazioa, Publizitatea...) eduki behar dute. Beka Nafarroako Gazteriaren Institutuan aritzeko da.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Ataleko burutzak proposatu du prestakuntza beka bat sortzea eta gero deialdia egitea. Beka jasotzeko, izangaiek Informazio Zientzietako edo/eta Komunikazio adarreko unibertsitate titulua (Kazetaritza, Ikus-entzunezko komunikazioa, Publizitatea...) eduki behar dute. Beka Nafarroako Gazteriaren Institutuan aritzeko da.

Beka hau iragarri eta emanez, Nafarroako Gazteriaren Institutuak bi helburu lortu nahi ditu: alde batetik, ordenamendu juridikoak esleitutako eginkizunak hobeki betetzea, zehazki, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren Estatutuak onetsi zituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak esleitutakoak; eta, bestetik, unibertsitateko tituludunen prestakuntza sustatzea, ezagutza teoriko eta praktiko hobea eta zuzenagoa lor dezaten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren bitartez, gazteriaren arloan egiten den lanari buruz.

Bekaren deialdiari eta kontzesioari buruz oinarri arautzaileetan aurreikusita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren martxoaren 30eko 53/2020 Foru Aginduak ezarriko du bekaren zenbatekoa (foru agindu horren bidez eguneratzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko zuzkidura ekonomikoa). 1.080,00 euro gordin jasoko dira, hilean, bekak irauten duen denbora osoan. Zenbateko horretatik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokiona kenduko da. Halaber, Nafarroako Gazteriaren Institutuak bekadunaren gizarte segurantzaren kotizazioaren kuota ordainduko du bekak irauten duen denbora osoan.

Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa sortzen duen eta haren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Gazteriaren Institutuan aritzeko prestakuntza beka bat emateko deialdia onestea, ebazpen honen eranskinean biltzen diren oinarrien arabera. Beka jasotzeko izangaiek Informazio Zientzietako edo/eta Komunikazio adarreko unibertsitate titulua (Kazetaritza, Ikus-entzunezko komunikazioa, Publizitatea...) eduki behar dute. Bekaren iraupena izanen da 2020ko abuztuaren 1etik 2021eko uztailaren 31ra arte, eta hurrengo bi urteetan luzatzen ahalko da, 2023ko uztailaren 31ra arte. Horrela, legeak baimentzen dituen hiru urteak beteko lirateke, apirilaren 3ko 172/2004 Foru Dekretuaren 3. artikuluak ezartzen duenarekin bat (foru dekretu hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena da).

2. Urteko beka honetarako 13.590,92 euroko gastua baimentzea. Kopuru hori honela banatuko da:

2020. urtean, gastua, osotara, 5.593.64 euro izanen da, 2020ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren 090002 09110 4809 232100 partidaren kargura egotziko dira (“Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak”). Kopuru hori honela banatuko da:

• 5.400 euro, 2020ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak” izeneko partidaren kargura egotziko dira, 5 hilabeteko soldata ordaintzeko.

• 193,64 euro, 2020ko abuztutik azarora arteko 48,41 euroko gizarte segurantzako enpresaren kuotari dagozkionak.

2020ko abenduaren 48,41 euroko kuota 2021ean ordainduko da, 2021. urterako onetsiko diren Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura.

2021erako, gastua, osotara, 7.947,28 eurokoa izanen da, baldin eta horretarako aski kreditu egokia bada, eta 2021. urterako onetsiko diren Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura egotziko da. Kopuru hori honela banatzen da:

• 7.560 euro, 2021eko urtarriletik uztaileko hileko soldatak ordaintzeko.

• 387,28 euro, gizarte segurantzako zortzi hil ordaintzeko, 2020ko abendutik 2021eko uztailera.

Hurrengo urteetan, baldin beka luzatzen bada, zenbatekoak berdinak izanen dira: 1.080 euro gordin hilean, eta gizarte segurantzaren kuotari dagozkion 48,41 euro hilean. 2021-2022 eta 2022-2023 urteetan luzatutako beken gastua urte horietarako onetsiko diren Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen diren partiden kargura egotziko da.

2021., 2022. edo 2023. urteetan gizarte segurantzaren kuota eguneratzen bada, erreserbatutako eta baimendutako kopuruak ere eguneratuko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

5. Ebazpen hau Nafarroako Gazteriaren Institutuaren kudeaketako zuzendaritzara, institutu bereko Administrazio eta Kudeaketa Atalera, Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atalera, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera igortzea, bere ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2020ko ekainaren 4an.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Carlos Amatriain Busto.

I. ERANSKINA

Prestakuntza beka baterako deialdiaren oinarriak, Nafarroako Gazteriaren Institutuan aritzeko

1.–Xedea.

Deialdi honen helburua da oinarriak ezartzea, prestakuntza beka bat emateko norgehiagokako araubidean. Beka jasotzeko izangaiek informazio zientzietako edo/eta komunikazio adarreko edozein titulaziotako lizentziadun edo graduatu izan behar dute (kazetaritza, ikus-entzunezko komunikazioa, publizitatea...). Beka Nafarroako Gazteriaren Institutuan aritzeko da.

Bekaren helburua unibertsitate tituludunen prestakuntza bultzatzea da, Institutuak gazteriaren arloan gauzatzen dituen jarduerak zuzenean ezagut ditzaten.

2.–Aurrekontu erabilgarria.

Beka honen urteko kostua 13.590,92 eurokoa da. Kopuru hori honela banatuko da:

2020. urtean, gastua, osotara, 5.593.64 euro izanen da, baldin eta aski kreditu egokia bada, eta 2020ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren 090002 09110 4809 232100 partidaren kargura (“Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak”) egokitzko da. Kopuru hori honela banatuko da:

• 5.400 euro, 2020ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak” izeneko partidaren kargura egotziko dira, 5 hilabeteko soldata ordaintzeko.

• 193,64 euro, 2020ko abuztutik azarora arteko 48,41 euroko gizarte segurantzako enpresaren kuotari dagozkionak.

2020ko abenduaren 48,41 euroko kuota 2021ean ordainduko da, 2021. urterako onetsiko diren Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura.

2021erako, gastua, osotara, 7.947,28 eurokoa izanen da, baldin eta horretarako aski kreditu egokia bada, eta 2021. urterako onetsiko diren Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura egotziko da. Kopuru hori honela banatzen da:

• 7.560 euro, 2021eko urtarriletik uztaileko hileko soldatak ordaintzeko.

• 387,28 euro, gizarte segurantzako zortzi hil ordaintzeko, 2020ko abendutik 2021eko uztailera.

Hurrengo urteetan, baldin beka luzatzen bada, zenbatekoak berdinak izanen dira: 1.080 euro gordin hilean, eta gizarte segurantzaren kuotari dagozkion 48,41 euro hilean. 2021-2022 eta 2022-2023 urteetan luzatutako beken gastua urte horietarako onetsiko diren Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen diren partiden kargura egotziko da.

2021., 2022. edo 2023. urteetan gizarte segurantzaren kuota eguneratzen bada, erreserbatutako eta baimendutako kopuruak ere eguneratuko dira.

3.–Iraupena.

Bekak urtebeteko iraupena izanen du, hasiera batean, eta esleipenaren ebazpenean adieraziko den egunean hasiko da; edonola ere, hasiera data ez da izanen 2020ko abuztuaren 1a baino lehen, eta 2021eko uztailaren 31n bukatuko da. Beka 2021eko abuztuaren 1etik aurrera bi urte luzatzen ahalko da, apirilaren 3ko 172/2004 Foru Dekretuaren 3. artikuluak ezartzen duenarekin bat (foru dekretu hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena da).

4.–Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.

Onuradunari hilero 1.080,00 euro gordin ordainduko zaizkio, hila amaitu eta gero, edo dagokion zati proportzionala, hala behar denean. Zenbateko horretatik, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokiona kenduko da. Gainera, Nafarroako Gazteriaren Institutuak, hilero, bekadunari dagokion gizarte segurantzaren kotizazio kuotaren zatia ordainduko du.

1.080,00 euro gordineko kopuru hori emanen da, hileko, bekak irauten duen denbora osoan.

5.–Bateraezintasunak.

Prestakuntza beka hau ez da bateragarria izanen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio batzuek edo beste entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek ematen dituzten beste batzuekin.

6.–Eskatzaileak.

Beka hartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, jarraian azaltzen diren betebehar guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:

a) 1. oinarrian azaldu den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua, eta deialdi hau argitaratu aurre-aurreko hiru urtean lortu izana.

b) Espainiar nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Nafarroan erroldatua egotea, deialdiaren eguna baino urtebete lehenagotik gutxienez.

d) Adinez nagusia izatea.

e) Euskararen C1 ezagutza-maila izatea.

f) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko ezgaitua ez egotea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluarekin bat.

g) Bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeen ezintasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.

Betebehar guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira.

7.–Eskaerak.

7.1. Prestakuntza beka hau lortzeko interesaturik dauden pertsonek Nafarroako Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkezten ahalko dute eskaera (Yanguas y Miranda 27, behea, 31003 Iruña), baita Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan ere.

Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Nolanahi ere, eskaerak aurkezteko hogei egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.2. Honako agiri hauek aurkeztuko dira eskabide orokorrarekin batera:

a) Eskaera-orria (deialdiaren II. eranskina).

b) Eskatzailearen curriculum vitae-a, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, aipatutako merezimendu guztiak, eta dagozkien ziurtagiriak. Horri gehituko zaio euskararen ezagutza egiaztatzen duen ziurtagiria.

c) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, ikasmaila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin, batez besteko nota barne, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatuta.

d) Lehenbiziko oinarrian aipatzen den titulu ofizialaren fotokopia.

e) Nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.

f) Nafarroako erroldatze-ziurtagiria, antzinatasuna zehazten duena.

g) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere. (III. eranskina).

h) Alegatutako merezimenduen gaineko egiaztagirien dokumentuak eta fotokopiak, bederatzigarren oinarriaren arabera baloratuak izateko.

7.3. Organo eskudunak epearen barrenean aurkezten diren eskaerak aztertuko ditu. Epearen barrenean aurkeztutako eskaeraren batek aurreko zenbakietan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela; ebazpena jakinaraziko zaio.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.

7.4. Prestakuntza beka hau jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

8.–Ebaluazio Batzordearen osaera. Batzordearen osaera eta prozeduraren instrukzioa.

8.1. Ebaluazio Batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz, bekak eskatzen dituztenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz eta ebazpen proposamena prestatzeaz, non izangai onartu bakoitzari guztira emandako puntuak adieraziko baitira.

Ondoko hauek egonen dira Ebaluazio Batzordean:

–Batzordeburua: Jesús Laguardia Hontañón jauna, Ikasketa Eklesiastikoetan lizentziaduna, Gizarte-lanean diplomaduna eta Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Ataleko burua.

–Ordezkoa: Carlos Amatriain Busto jauna, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea.

–Idazkaria: Raquel Ezquerra Sales andrea, Turismoko graduduna, gazteria arloko teknikaria Gazteriaren Zuzendariordetzan.

Ordezkoa: Benito Daniel Goñi Lara jauna, Soziologiako lizentziaduna, Nafarroako Gazteriaren Institutuko soziologoa.

–Kidea: David Chivite Pérez jauna, Ikus-entzunezko Komunikazioko lizentziaduna eta Komunikazio Zerbitzua-Gobernuaren Eledunaren Bulegoko burua.

Ordezkoa: Juan Arcón Alzorriz jauna, Biologia Zientzietako lizentziaduna, Argibide eta Prestakuntza Bulegoko burua.

–Kidea: Mar Basail Barberena andrea, Gizarte-lanean diplomaduna, Gazteen Sormenaren eta beste zerbitzu batzuen Bulegoko burua.

Ordezkoa: Jesús Beitia López jauna, Geografia eta Historiako lizentziaduna, Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Ataleko burua.

8.2. Ebaluazio Batzordea instrukzio organoa da, eta ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.

Ebaluatzen hasi aurretik, txosten bat prestatuko du, non adieraziko baita eskatzaileek laguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten ala ez. 6. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko.

8.3. Ebaluazio Batzordeak aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratuko ditu; gero, puntuazioaren arabera beka emateko proposamena eginen du eta proposamen hau loteslea izanen da.

9.–Balorazio baremoa.

Eskaerak baloratzeko, merezimenduak honako baremo honen arabera kalifikatuko dira, eta lortzen ahal den gehieneko puntuazioa (12 puntu) ezarriko da:

a) Ikasketa-espedientea. Gehienez ere: 4 puntu.

Ikasketa-espedientearen batez besteko nota baloratuko da, azaroaren 27ko 1497/87 Errege Dekretuaren arabera (errege dekretu hori abuztuaren 1eko 1044/03 Errege Dekretuaren bidez aldatu zen).

–Nahikoa: 1 puntu.

–Oso ongi: 2 puntu.

–Bikain: 3 puntu.

–Ohorezko matrikula: 4 puntu.

b) Atzerriko hizkuntzak jakitea: ingelesa, frantsesa eta alemana.

Gehienez ere: puntu 1.

Hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo C1 titulua edo ofizialki baliokidea den titulua edukiz gero, 0,50 puntu emanen dira hizkuntza bakoitzarengatik.

B2 tituluak edo ofizialki horien baliokideak diren tituluak 0,25 punturekin baloratuko dira. B2 baino maila txikiagokoak diren titulazioei ez zaie punturik emanen.

c) Beste titulu akademiko batzuk. Gehienez ere: 1,5 puntu.

Titulu akademikoak (graduak, diplomak edo lizentziak) beka eskuratzeko eskatzen denaz eta horretarako aurkeztu denaz bestelakoak: 0,50 puntu titulu bakoitzeko.

d) Administrazio Publikoetan sartzeko oposizioetan parte hartu izana. Gehienez ere: puntu 1.

Administrazio Publikoan sartzeko hautapen prozesuetan parte hartu izateagatik, Komunikazioko gradua edo lizentzia (Kazetaritza, Ikus-entzunezko Komunikazioa, Publizitatea...) edukitzea nahitaezkoa baldin bazen eta, gutxienez, lehenengo ariketa gainditu baldin bazuen. 0,25 puntu emanen dira hautapen prozesuan gainditutako proba bakoitzeko.

Administrazio Publikoen aldi baterako kontratazio zerrendak prestatzeko probak ez dira kontuan hartuko.

e) Lanbide esperientzia edo boluntario moduan izandako esperientzia komunikazioarekin loturiko gaietan, 1. oinarrian ezartzen diren lizentzia edo graduaren unibertsitate titulua lortu eta gero: puntu 1 gehienez.

0,25 puntu emanen dira langile edo boluntario gisa emandako hiru hilabeteko aldi bakoitzeko. Hiru hilabetetik gorako aldiak baizik ez dira baloratuko, behar bezala justifikaturik badaude dokumentu fede-emaile baten bidez (lan-bizitzaren ziurtagiria, nomina, entitatearen arduradunaren aitorpena, eta abar).

f) Nafarroako Gazteriaren Institutuak antolatu dituen ikastaroekin lotutako ekintzetan parte hartzea. Puntuazioa, gehienez ere: 0,50 puntu.

0,25 puntu emanen dira Astialdiko Zuzendariaren titulua lortu bada. Astialdiko monitore titulua baino ez dutenentzat: 0,15 puntu. Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskolak (NGJE) antolatutako ikastaro bat egiteagatik, ikastaro bakoitzeko: 0,10.

g) Elkarrizketa pertsonala. Kalifikazio onenak lortzen dituzten lehenbiziko 6 pertsonei aurrez aurreko elkarrizketa bat eginen zaie. Elkarrizketari 3 puntu arteko balorazioa emanen zaie, gehienez, honako hauei: gazteekin zerikusia duten lanei buruzko ezagutza, eta gizarte sareak ezagutzea eta erabiltzen jakitea; araudi administratiboari buruzko ezagutza, bereziki gazteriaren arlokoa; halaber, motibazioa, ekimena, erantzunen argitasuna eta ordena, ahozko trebetasuna eta komunikatzeko trebetasuna, sormena, gaiak beren artean lotzeko gaitasuna, lantaldean aritzeko gaitasuna eta bestelako trebetasun sozialak.

Eskatzaileei telefonoz eta posta elektronikoz deituko zaie, elkarrizketa egin baino 72 ordu lehenago gutxienez. Elkarrizketara joatea nahitaezkoa da. Hortaz, elkarrizketara agertzen ez diren izangaien eskaerak artxibatuko dira.

10.–Beka ematea.

10.1. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez emanen da beka, instrukzio organoaren proposamena ikusita. Ebazpenean, gutxienez, gainditu duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da, baita beka nori emanen zaion ere (puntuazio altuena lortzen duenari, alegia), eta espresuki adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla, halakorik baldin bada.

Ebazpen hau eta hautagaien lehentasun-ordena, merezimenduen baremazioan lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren iragarki oholean jarriko dira jendaurrean, informazio gisa.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

10.2. Beka jasotzeko hautatzen den pertsonak, beka eman zaiola dioen ebazpena jakinarazten denetik 10 laneguneko gehieneko epean, beka eskatzerakoan alegatu zituen merezimendu guztien jatorrizko egiaztagiriak edo haien kopia konpultsatuak aurkeztu beharko ditu. Konpultsak Nafarroako Gazteriaren Institutuaren egoitzan egiten ahalko dira (Yangüas y Miranda 27, behea, 31003 Iruña). Dokumentazioa aurkeztu ezean, puntu-sailkapenean bigarren denari esleituko zaio beka, eta, horrela, berdin jokatuko da bata bestearen atzetik.

11.–Tutoretzak.

11.1. Nafarroako Gazteriaren Institutuko Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Ataleko buruak koordinatuko ditu bekaren onuradunak egin beharreko jarduerak.

11.2. Tutoreak prestakuntza gainbegiratuko eta zuzenduko du. Nafarroako Gobernuaren Komunikazio Zerbitzuko zuzendariak eginen ditu tutoretza lanak, edo hark eskuordetutako norbaitek, zeinak beka honetan eskatzen den maila bereko titulazioa edo maila handiagokoa eduki beharko baitu. Tutoreak prestakuntza ekintza batzuk egitea aginduko du, gazteei –zentzu zabalenean– zuzendutako komunikazioa garatzen lagundu dezan. Orobat, Nafarroako Gazteentzako Informazio Sarean egiten diren lanetan parte hartzea agintzen ahalko dio, eta, horrez gainera, Institutuaren sare sozialak eguneratu eta garatzeko lanetan, web-orriaren edukiak eguneratzeko lanetan eta gazteentzako ekitaldiak hedatzeko lanetan parte hartzea. Eskatutako titulazioarekin zerikusia duten beste prestakuntza ekintza batzuetan ere laguntzen ahalko du. Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskolak (NGJE) prestatzen dituen ikastaroetan parte hartuz osatuko du bere prestakuntza, interesgarriak iritziz gero. Tutoreak ordutegiak zehaztuko ditu (gehienetan 9:00etatik 15:00etara, astelehenetik ostiralera), eta begiratuko du bekadunak bere betebehar orokor eta zehatzak betetzen dituela, bai zuzenean, baita Institutuko Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atalaren bidez ere.

12.–Justifikatzeko epea eta modua.

Beka amaitu eta hurrengo hilabeteko epean, egindako prestakuntza jardueraren azken memoria aurkeztu beharko du onuradunak.

Azken memoria hori prestatzen ez badu, bekadunak jaso duen bekaren azkeneko hilekoa itzultzeko eskatuko zaio.

Memoriak tutorearen adostasuna izan beharko du, eta horrek balorazio bat gehituko du beka emateko baldintzen eta aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruz.

13.–Onuradunaren betebeharrak.

Bekaren onuradunak apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 19. artikuluan adierazitako betebehar orokorrak bete beharko ditu, foru dekretu horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra. Besteak beste, betebehar hauek izanen ditu:

a) Bekaren xedeko prestakuntza jarduera betetzea.

b) Organo emaileari frogatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin dituela eta helburuak bete direla.

c) Eskumena duten organoek eman den bekaren gainean egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.

d) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

e) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga arloko betebeharrak egunean dituela egiaztatzea. Dena dela, eskabide-orrian hala adieraziz, baimena ematen ahalko dio Nafarroako Gazteriaren Institutuari jarduerak hasten direnean bere zerga betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko behar diren datuak kontsulta ditzan.

Horrekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, adierazteko ez duela kobratzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batetik edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batetik helburu bera duen beste edozein laguntza publiko bateraezin.

f) Bere gain hartzea Gizarte Segurantzaren araubidean sartzeagatik dagozkion betebeharrak.

g) Organo eskudunari jakinaraztea emandako bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

h) Bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan bekadun gisa aritu dela adieraztea.

i) Prestakuntza jarduera gauzatu bitartean ezagutzen duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea.

j) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne edo funtzionamendu araudia betetzea.

14.–Prestakuntza jardueraren hasiera eta ukoak.

Onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du lanean. Horrela egiten ez badu, bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez dituen.

Bekari uko eginez gero, Nafarroako Gazteriaren Institutuari horren berri eman beharko zaio, jarduera utzi eta gutxienez hamabost egun natural lehenago.

Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da beka instrukzio organoak ezarritako zerrendan hurrengoa denari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte zituen betebeharrak.

15.–Prestakuntza jarduera egitea.

Bekaren xede diren jarduerak Nafarroako Gazteriaren Institutuaren instalazioetan eginen dira, astean gehienez ere 30 orduz.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia emanen zaio onuradunari.

16.–Jabetza intelektuala.

Bekadunak jabetza intelektualaren gainean dituen eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen dituenak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.

17.–Lan edo administrazio harremanik eza.

17.1. Bekak erabiltzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

17.2. Prestakuntzako bekadunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak kasuan kasuko departamentu edo erakunde autonomoko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte, eta haiek izanen dira lan horien erantzuleak. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

17.3. Bekaren onuraduna besteren konturako langileen parekoa izanen da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzearen ondorioetarako, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala; dekretu horrek prestakuntza programetan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean nola eta zein baldintzatan sartzen diren arautzen du, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2012 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatuz.

18.–Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

Bekadunak, prestakuntza zer administrazio publikoarekin egiten ari den, administrazio horrekin duen harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen du zerbitzuagatik eta bidaiengatik izaten dituen gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.

19.–Ez-betetzeak.

Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak betetzen ez baditu, haiek egitean ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa badu edo lanak kalitate gabekoak badira, azken txostena aurkezten ez badu, edo tutorearen oniritzia lortzen ez badu, edo beka emateko aintzat hartu ziren baldintzak aldatuz gero, edo bateraezinak diren bekak edo dirulaguntzak lortuz gero, organo eskudunak beka aldi baterako edo betiko kentzea erabakiko du, dagokion administrazio unitateak proposaturik eta interesdunari entzunaldia eman ondoren; horrekin batera zuzkidura ekonomikoaren zati proportzionala ere galduko du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluaren arabera eska daitezkeen diru-itzulketak, berandutze-interesak eta ezar litezkeen zehapenak galarazi gabe.

20.–Errekurtsoak.

Oinarri hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilari zuzendua.

Deialdi honen aplikazio ekintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua.

Bi kasuetan, errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izanen da, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

21.–Aplikatu beharreko legeria.

Oinarri hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA

Eskaera-orria (PDFa).

III. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2005899