145. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

XABIER

Aldaketa, Kultura eta kirol jardueretara joateko Xabierko 0 eta 17 urte bitarteko bizilagunei dirulaguntzak ematea arautzen duen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Xabierko Udalak, 2020ko apirilaren 2an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Kultura eta kirol jardueretara joateko Xabierko 0 eta 17 urte bitarteko bizilagunei dirulaguntzak ematea arautzen duen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2020ko 88. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 28an, eta jendaurreko epean inork ez zuen alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza behin betiko onesten da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA KULTURA ETA KIROL JARDUERETARA JOATEKO DIRULAGUNTZAK EMATEA XABIERKO 0 ETA 17 URTE BITARTEKO BIZILAGUNEI

Zioen azalpena

Azkenengo 30 urte hauetan Xabierko udalerriko populazioa nabarmen zahartu da. Hori dela eta, aurreko udalbatzak, 2007. urtetik aurrera, udalerriko biztanle kopuruari eusteko irtenbideak aztertzen eta proiektatzen hasi ziren.

Udalbatza berria, azkenengo udal hauteskundeen ondorioz 2011ko maiatzean eratu zena, bat dator guztiz aurrekoen ikuspuntuekin, bizilagunei dirulaguntzak ematen segitzeko politikarekin, alegia, horiek herri txiki batean bizitzeagatik desabantaila handia dutelako. Xedea da herria ohiko bizilekua izatea bai Xabierko gazteentzat bai azken urte hauetan etorri diren bizilagun berrientzat. Horrela, Udala, udalerrian bizi ohi diren bizilagunen kopuruak gora eginen duela aurreikusita, Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzak eskuratzen saiatzen ahalko da, Xabierko biztanleen bizi baldintzak osasuntsuagoak eta jasangarritasun handiagokoak izan daitezen, gure herria bizitzeko toki hobea izan dadin.

Udalbatzak badaki seme-alabak landa ingurunean hezteak eta mantentzeak gainkostua duela. Hori dela eta, adingabeei kultura eta kirol jarduerak egiten lagundu nahi die dirulaguntza horiek emanez. Horrela, gertatzen ahal den pixkanakako despopulatzea arintzen saiatuko da eta landa ingurunean bizitzea aukeratu dutenei nolabaiteko konpentsazioa emanen zaie, aukera horrek dakarkien zama ekonomikoa arinduz guraso diren biztanleei.

Udalbatzak badaki botere publikoek errenta birbanatu behar dutela, ez merkatu libreak ez, askotan, zergen gaineko eskumenak dituzten administrazioek ez dituztelako modu egokian kontuan hartzen herri txikienetan bizi direnen beharrak. Gainera, azpimarratu behar da dirulaguntza horiek balioko dutela familia-ekonomiek egiten duten sakrifizioa arintzeko. Kasu gehienetan familia-ekonomiak dira gehien ahalegintzen direnak barne produktu gordina sortzen eta beren adingabeei zerbitzuak ematen, haien beharrak kontuan hartuz eta haien kultura eta kirol heziketa sustatuz. Pertsona horien bizitzako une horretan kulturaren eta kirolaren hazia zabaltzeak azkenean ekarriko du botere publikoek –bai Foru Komunitatekoek bai Estatukoek– etorkizunean baliabideak gastatu behar ez izatea gastu publiko handiagoa sortzen duten bestelako mendekotasunak dituzten pertsonak tratatzen (alkohola, tabakoa, sedentarismoa, drogak, isolamendua, bakardadea, arduragabekeria, indibidualismo kaltegarria, depresioa, etab.).

Baldintza orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Udalak dirulaguntzak arautzea, Xabierko 0 eta 17 urte bitarteko umeak kultura eta kirol jardueretara joan ahal daitezen, jardueretarako laguntzak banan-banan emanda.

2. artikulua. Oinarri juridikoa.

Ordenantza hau ezartzen da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluaren babespean, eta haren helburua da bizi-baldintzak kaskarragoak ez izatea beste herri batzuetan izaten ahal dituztenak baino, zeinetan, handiagoak izaki, kirol eta kultura zerbitzuak zentralizatzen baitituzte.

3. artikulua. Onuradunak.

1. Seme-alabekin bizi diren gurasoak izaten ahalko dira dirulaguntzen onuradun. Haiek eta haien seme-alabek etxebizitza berean erroldatuta egon beharko dute eta honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.–Xabierko bizilagun izatea, urtebeteko antzinatasunez gutxienez, eta egoera juridiko horretan segitzea Xabierko Udalak emaniko laguntzen iraunaldi guztian.

2.–Egunean izatea Xabierko Udalarekiko tributu-betebeharrak.

3.–Kultura eta kirol jardueretara joan izana egiaztatzea, zuzenbidean onarturiko edozein bide erabiliz, bai Udalak berak antolatutako jardueretara, bai beste entitate publiko edo pribatu batzuenetara.

4.–Dirulaguntzak emanen dira udalerritik kanpo egiten diren jardueretarako, garraioa behar baldin badute.

5.–Adingabe bakoitzak jarduera bakarra egiteko dirulaguntza jasoko du.

2. Dirulaguntza hauek jaso ahal izateko, nahitaezko betebeharra izanen da Xabierko udalerrian benetan bizitzea, dela jabetzako etxe batean, dela senide batenean, dela alokairuan, bai eta herrian erroldatuta egotea ere; halaber, nahitaezkoa izanen da diruz lagunduko den jarduera egiten duen adingabea Xabierren benetan bizitzea eta bertan erroldatuta egotea.

3. Adingabe bakoitzagatik dirulaguntza bakarra jaso ahalko du gurasoetako bakar batek.

4. artikulua. Zenbatekoa.

Kultura eta kirol jardueretara joateko dirulaguntzaren zenbatekoa ezarriko da aurrekontuan horretarako izendaturiko partidaren eta eskaera-kopuruaren arabera. Jasoko diren dirulaguntzak urteko gastu osoaren %40 izanen dira gehienez, eta ume bakoitzagatik gehienez ere 150 euro jasotzen ahalko da urtean. Egunero ikastetxera joatea eta eskola-autobusa ez dira kontuan hartuko dirulaguntzak eskuratzeko. Eskolatik kanpoko jarduerek bakarrik sorraraziko dituzte dirulaguntzak.

5. artikulua. Eskabideak.

1. Ordenantza honetan ezarritako dirulaguntzak jasotzeko interesa dutenek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Xabierko Udalaren erregistro orokorrean:

a) Ordenantza honen 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztela frogatzeko agiriak.

b) Kultura edo kirol jarduera antolatu duenaren egiaztagiria, jardueraren matrikula eta horren ordainketa egin izanari buruzkoa, jardueraren kostua justifikatzeko.

c) Banku-kontuaren zenbakia.

2. Xabierko Udalak beste edozein agiri eskatzen ahalko die eskatzaileei, interesdunek edo antolatzaileek baldintzak betetzen ote dituzten aztertzeko.

3. Kasu bakoitza aztertu eta, ondoren, onuradun bakoitzari dagokion dirulaguntza ezarriko da Alkatetzaren ebazpen baten bidez. Azken horren aurka, zuzenbidean onarturiko errekurtsoak jartzen ahalko dira.

6. artikulua. Eskaerak egiteko epea.

Dirulaguntzak kultura edo kirol jarduera egin baino lehen eskatu beharko dira, edo jarduera bukatu eta, gehienez ere, hiru hilabeteko epe luzaezinean.

7. artikulua. Eskuratzeko baldintzak.

Dirulaguntza jaso duen onuradunak kultura edo kirol jarduera guztiz bukatzeko konpromisoa hartuko du, ezinbesteko kasuetan salbu. Ez dira ordenantza honetan ezarritako dirulaguntzak emanen, baldin desagertzen badira horiek eskatzeko aukera ematen duten baldintzak; Udalak noiznahi eskatzen ahalko du dirulaguntza itzultzeko.

Xabierko Udalak onuradunei emandako dirulaguntza edo ekarpentzat joko dira laguntzak, eta, ordenantza honetan araututako baldintzetan, behin bakarrik kobratuko dira, ordenantzaren 5. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera.

8. artikulua. Laguntzen konpentsazioa.

Laguntzen onuraduna Xabierko Udalarekin zorretan badago, Udalak kobratzeke dagoen zorra ofizioz kitatzen ahalko du, dirulaguntzan emandako zenbatekoarekin konpentsazioa eginez horretarako.

9. artikulua. Ebazpena emateko epea.

Ordenantza honetan ezarritako dirulaguntzarako eskaera jasotakoan, eta bertan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuta, bi hilabeteko epean ebatziko da dirulaguntza ematea, ordenantzaren 6. artikuluak aipatzen duen egunetik hasita. Epearen barnean ebazten ez bada, ezetsitzat emanen da eskaera.

10. artikulua. Beste erakunde batzuek antolatutako jarduerak egiteko dirulaguntzak.

Jarduera baten antolatzaileek ezin izanen dituzte ordenantza honetako dirulaguntzak eskatu, nahiz eta jarduera hori eginen duten guztiek haiek jasotzeko baldintza guztiak bete.

11. artikulua. Laguntzak itzuli beharra.

Eskuratutako zenbatekoa itzuli beharko da, eta dirulaguntza ordaindu zenetik aurrera dagokion berandutze-interesa ordaindu, honako kasu hauetan:

a) Xabierko Udalak, dirulaguntzak emateko nahitaezko baldintzak betetzen ote diren egiaztatzeko, eskatu dituen agiri osagarriak ez aurkeztea.

b) Laguntza eskuratzea eskatutako baldintzak bete gabe.

c) Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak ez betetzea.

12. artikulua. Jarduera bertan behera utzi izana jakinarazi beharra.

Jarduera egiten ari den bitartean, onuraduna izateko baldintzak betetzeari uzten bazaio, onuradunak berehala jakinaraziko dio Udalari, eta, halakoetan, emandako dirulaguntza proportzionalki banatuko da eta ordenantzaren baldintzak betetzen zituen aldiaren araberako dirulaguntza emanen zaio onuradunari.

13. artikulua. Ez-betetzeak.

Dirulaguntza eta laguntza publikoen alorrean, honako hauek dira ez-betetze administratiboak:

a) Laguntza eskuratzea jasotzeko baldintzetan gezurra esanez.

b) Jasotako dirua zertan erabili den ez frogatzea edo frogagiri faltsuak erabiltzea.

14. artikulua. Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Ordenantza honetako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira beste laguntza edo dirulaguntza batzuk eskuratzearekin, baldin eta laguntza eta dirulaguntza guztien baturak ez badu gainditzen eskatzaileak kultura eta kirol jardueran izan duen kostua.

15. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Ez-betetze administratiboen ondoriozko arau-hausteengatik isuna ezarriko da: gaizki lortu, gaizki aplikatu edo justifikatu gabeko zenbatekoa halako hiru, gehienez ere. Jartzen ahal den zehapena gorabehera, Xabierko Udalak bere esku dituen agiriak igortzen ahalko dizkie jurisdikzio-organo eskudunei, horiek bestelako erantzukizunak ote dauden erabakitzeko.

16. artikulua. Zehapenak ezartzeko prozedura.

Arau-hausteak eta zehapenak administrazio espediente bidez bideratuko dira, eta halakoetan entzunaldia emanen zaio beti interesdunari, erabakia hartu aurretik; espediente hori izapidetuko da Administrazio Prozedurari buruzko Legeko VI. tituluko II. kapituluan xedatuaren arabera.

AZKEN XEDAPENA

Lehendabizikoa.–Ordenantzaren oinarrien aurka eta hori betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka, Nafarroako Toki Entitateentzat aurreikusitako errekurtsoak jartzen ahalko dira.

Bigarrena.–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betikoz onetsitakoan, ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitaratu ondoren. Atzeraeraginezko ondorioak izanen ditu, hala ere, 2011ko irailaren 1etik aurrera.

Xabierren, 2020ko ekainaren 11n.–Alkatea, Laura Guindano Taínta.

Iragarkiaren kodea: L2005947