144. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

59E/2020 EBAZPENA, ekainaren 4koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzen deialdi bat, Nafarroako toki entitateentzat, 2020. urtean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak eta “Eginkizunak bateratzeko tokiko itunak” programa garatzearren. DDBN identifikazioa: 510877.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroan genero berdintasuna lortzea du helburu, horretarako bide ematen duten baldintzak sustatuz eta genero desberdintasuneko eta bazterkeriako modu guztiak Nafarroan deuseztatzen lagunduz. Horretarako, urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsita dituen estatutuen arabera, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politikak koordinatzeko eta kudeatzeko eskumena dagokio Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, eta bere helburuetako bat da Nafarroako Administrazio Publikoei laguntza ematea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egiteko.

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 12. artikuluan ezartzen denez, toki entitateek beren eskumenak betetzean txertatuko dute emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa, eta, horretarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin elkarlanean arituko dira. Halaber, baieztatzen du, foru lege honek esleitzen dizkien funtzioei dagokienez, Nafarroako Gobernuak osatuko duela toki entitateen nahikotasun finantzarioa.

Tokiko esparrua da herritarrengandik eta sare ekonomiko eta sozialetik hurbilen dagoena, eta, hortaz, esparru egokienetako bat da emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna integratzeko. Horregatik, inportantea da Nafarroako toki entitateek emakumeen eta gizonen aukera berdintasunarekin duten konpromisoa bultzatzea, eta tokiko garapena lehentasunezkotzat jotzea hura lortzeko. Lehentasun horren barnean honako hau biltzen da: udalek, garrantzia duten gizarte eragileekin adosturik, erantzunkidetasunaren aldeko neurriak garatzeko konpromisoa sustatu eta laguntzea.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa lortzeko lehentasuntzat jotzen du genero berdintasunerako politikak sustatzea tokiko esparruan, toki entitateekin batera lan egituratu, sistematiko eta koordinatua eginez, lurralde bakoitzean sortzen diren beharrei eta berezitasunei erantzuna emateko.

Toki entitateetako errealitate desberdinen premia eta berezitasun horiei erantzuteko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzen deialdi hau planteatzen du gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak gauzatzen dituzten toki entitateentzat. Ebazpen honetan lau laguntza modalitate desberdin aurreikusten dira, eta beharkizun eta diru kopuru desberdinak ezartzen dira, alde batetik, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak egiteko berdintasuneko agentea duten toki entitateentzat, eta bestetik, figura profesional hori gabe, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak garatzen dituzten toki entitateentzat. Deialdi honen xede da, orobat, toki entitateetan Eginkizunak bateratzeko tokiko itunak izeneko programa garatzea.

Institutua udalen berdintasun arloak planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidearen eredua bultzatzen ari da esku-hartzea errazagoa, sistematikoa eta koherentea izan dadin. Eredu horretan, esku hartzeko esparru bat ezartzen da toki entitateen arteko lankidetza eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekiko koordinazioa ahalbidetzeko. Ibilbide horrek inbertsio arlo hauek ezartzen ditu: Toki gobernamendua eta genero-zeharkakotasuna; Emakumeen aurkako indarkeria; Zaintza, erantzunkidetasuna eta eginkizunak bateratzea; eta Emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikuluak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 12.h) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzen deialdi bat onestea, Nafarroako toki entitateentzat, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak eta “Eginkizunak bateratzeko tokiko itunak” programa garatzearren.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko gastua baimentzea, partida honen kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

080001-08100-4609-232200: (E) Toki entitateentzako transferentziak, berdintasun politikak sustatzeko

2020

401.000

Salbuespen gisa, 100.000 euro gehiago bideratzen ahalko dira deialdi honetarako, kontuan hartuta zenbat eskaera aurkezten diren; horretarako, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bat emanen du, beste deialdi bat egin gabe, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz. Zenbateko gehigarri hori erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da foru lege horren 31.3.a) artikuluan adierazten diren gorabeheretako bat gertatzen delako.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.

5. Ebazpen honen eta bere oinarrien aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko ekainaren 4an.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Eva Isturiz Garcia.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea eta helburua.

Deialdiaren xedea da araubide bat ezartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak 2020an Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko, entitate horietan emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzeko eta sustatzeko, toki entitateek prestatzen eta planifikatzen dituzten proiektuak gauzatzearen bitartez.

Deialdi honen xedea da, orobat, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako toki entitateei 2020. urtean dirulaguntzak emateko araubide bat ezartzea, entitate horietan emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzeko eta sustatzeko, Nafarroako toki entitateak eginkizunak bateratzeko tokiko itunen programan sartzeko eta/edo “Eginkizunak bateratzeko tokiko itunak” izeneko programako proiektuak garatzeko.

2. oinarria.–Entitate onuradunak eta dirulaguntzaren modalitateak.

2.1. Toki entitateak aurkezten ahalko dira deialdira, baldin izaera hori aitortua badute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera, eta oinarri hauetan ezarritako beharkizunak betetzen badituzte. Halaber, talde batean sartu diren toki entitateak ere aurkezten ahalko dira deialdira, eskaeran berariaz adierazten badira zein den entitateetako bakoitzak hartzen dituen gauzatze-konpromisoak, eta ordezkari bakar bat izendatzen bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluak ezartzen duenarekin bat.

2.2. Dirulaguntza modalitate hauek daude:

a) 1. modalitatea: berdintasuneko agentea lanaldi osoan kontratatuta edo plantillan izanik ere, kontratazio hori dela-eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzarik jasotzen ez duten Nafarroako toki entitateek garatzen dituzten proiektuak.

b) 2. modalitatea: berdintasuneko agentea lanaldi osoan kontratatuta edo plantillan izanik, kontratazio hori dela-eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntza jasotzen duten Nafarroako toki entitateek garatzen dituzten proiektuak.

c) 3. modalitatea: berdintasuneko agenterik lanaldi osoan kontratatuta edo plantillan ez duten 6.000 biztanle baino gutxiagoko Nafarroako toki entitateek garatzen dituzten proiektuak.

d) 4. modalitatea: gaur egun, kontziliaziorako tokiko itun bat sinatua duten Nafarroako toki entitateek gauzatzen dituzten proiektuak, edo, horrelako itunik ez badute, kontziliaziorako tokiko ituna 2020ko urriaren 31 baino lehen abian jartzeko konpromisoa hartzen duten toki entitateenak.

3. oinarria.–Beharkizunak.

3.1. Nafarroako toki entitateek betebehar hauek bete beharko dituzte eskaera aurkezteko unean, eta haiek betetzen jarraitu beharko dute jarduera diruz laguntzen den epe osoan eta hura justifikatu arte, salbu 3.1 oinarriko b.2 jasotakoaren kasuan:

a) 1. eta 2. modalitateak:

1.–B mailako berdintasuneko agente bat kontratatua edo plantillan izatea, lanaldi osorako. Toki entitateak zerbitzua lanaldi partzialean egiten duten pertsonak kontratatuak dituenean, proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko, non ez den agente nagusia lanaldiaren murrizketa eskatzen duena; izan ere, horrelakoetan, zilegi izanen da bi lagunen artean betetzea lanaldi osoa.

Betiere, lanaldia osoa dela ulertuko da, eta ez da nahitaezkoa izanen bi lagunek betetzea, baldin lanaldia zortziren bat, seiren bat edo laurden bat murrizten bada, apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera (haren bidez arautu zen Nafarroako Administrazio Publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa) edo horri dagokionez aplikatzekoa den beste edozein arauditan xedatutakoaren arabera.

Orobat, toki entitateek akordioak egiten ahalko dituzte beste toki entitate batzuekin lanaldi osoko berdintasuneko agentea izateari buruzko betebeharra betetzearren. Kasu horretan, diruz laguntzeko proiektu bakar bat beharko dute aurkeztu, eta bi entitateen artean garatu.

2.–2020rako partida edo aurrekontu esleipena edukitzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko ekintza eta proiektuak finantzatzeko.

3.–Aukera berdintasunerako plan bat edo gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako plan estrategikoa edo lanerako urteko plana izatea, udalen berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidearen araberakoa. Berdintasuneko agentea lehen aldiz kontratatzen bada, beharkizun hori betetzat joko da toki entitateko idazkaritzaren egiaztagiri bat aurkeztuz gero, non egiaztatuko baita toki entitateak asmoa duela berdintasun plana edo urteko lan plana prestatzeko deialdi honek aintzat hartzen duen aldian, “Udalaren berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea” izeneko dokumentua oinarri hartuta.

4.–Entitate eskatzailearen organo eskudunaren baimena, berdintasuneko agente gisa kontratatzen den pertsonak parte har dezan Nafarroako Berdintasunerako Institutuak genero berdintasunaren arloan 2020. urtean antolatzen duen etengabeko prestakuntzaren programan, horrelakorik antolatzen bada.

b) 3. modalitatea:

1.–2020rako partida edo aurrekontu esleipena edukitzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko ekintza eta proiektuetara bideratua.

2.–Eskaera egiten den unean, ez du B mailako berdintasuneko agenterik lanaldi osorako kontrataturik edo plantillan.

3.–6.000 biztanle baino gutxiago izatea.

c) 4. modalitatea:

Kontziliaziorako tokiko itun bat sinatua izatea, edo bestela, konpromisoa hartzea toki entitate horretan 2020ko urriaren 31 baino lehen abian jarriko dela kontziliaziorako tokiko itun bat.

4 oinarria.–Exekuzio epea eta proiektu diruz lagungarriak.

4.1. Dirulaguntzen xede diren proiektuak 2020ko urtarrilaren 1etik 2020ko azaroaren 13 bitartean gauzatu beharko dira.

4.2. Toki entitateek proiektu bakarra aurkezten ahalko dute 1., 2. eta 3. modalitateetarako, eta, horrez gainera, denek beste proiektu bat aurkezten ahalko dute 4. modalitaterako, betiere kontziliaziorako tokiko itun bat baldin badute edo konpromisoa hartzen badute 2020ko urriaren 31 baino lehen abian jarriko dutela kontziliaziorako tokiko itun bat beren toki entitatean, deusetan galarazi gabe 5.5 oinarrian xedatutakoa.

4.3. Deialdian adierazitako modalitate bakoitzean, proiektu hauek jaso dezakete dirulaguntza:

–1. eta 2. modalitateak: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak, berdintasuneko agentea duten toki entitateetan.

Proiektuak deialdi honen xedearen arabera (1. oinarrian adierazia) diseinatuta aurkeztuko dira, bai eta “Udalen berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidean” adierazitako esku-hartze arlo hauen arabera ere:

a) Toki gobernamendua eta zeharkakotasuna.

b) Emakumeen kontrako indarkeria.

c) Zaintza, erantzunkidetasuna eta kontziliazioa.

d) Emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa.

Dirulaguntzaren xede izanen dira honelako ekintzak dituzten proiektuak:

  • Baldintzak sortzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa eta generoaren ikuspegia Administrazioan eta haren politika publikoetan zeharkakotasunez integratzeko.
  • Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko prestakuntza (jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, eta abar)
  • Sentsibilizazioa (kanpainak, generoaren ikuspegia lantzen duten materialak prestatu eta zabaltzea).
  • Emakumeen ahalduntzea eta parte-hartzea sustatzeko jarduerak.
  • Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko azterlanak, ikerketak, plangintzak eta ebaluazioak.

–3. modalitatea: Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak, berdintasuneko agenterik lanaldi osoan ez duten toki entitateek aurkeztuak, arlo hauen gaineko ekintzak garatzen dituztenak:

a) Emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa.

b) Zaintza, erantzunkidetasuna eta kontziliazioa.

c) Emakumeen kontrako indarkeria.

Arlo horietako ekintzak helburu hauek lortzera bideratuko dira:

  • Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean prestakuntza ematea gauzatzen diren ekintzen eremuan (jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, etab.).
  • Sentsibilizazioa (kanpainak, generoaren ikuspegia lantzen duten materialak prestatu eta zabaltzea).
  • Toki entitatean emakumeek eta gizonek berdintasunean jardun dezaten lehentasunak ezartzeko asmoz egindako ikerlanak eta diagnostikoak.

–4. modalitatea: Modalitate honetan bi proiektu mota aurkezten ahalko dira:

a) Kontziliaziorako tokiko itun berri bat martxan jartzea, aurretik halako itunik eduki ez duten entitateentzat, edo ituna biziberritzeko proiektuak, tokiko ituna eduki duten arren, itun hori, bizitasun falta dela eta, berriz abiaraztea beharrezkoa duten entitateentzat.

b) “Zaintza, erantzunkidetasuna eta kontziliazioa” esku-hartze arloko proiektuak, “Udalen berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidean” jasotzen den bezala.

4.4. Gastu diruz lagungarriak.

4.4.1. Modalitate guztietan, dirulaguntzak honako gastu kontzeptu hauek finantzatzeko izanen dira bakar-bakarrik (gainera, gastuak dirulaguntzaren xedeko jarduerara bideratu beharko dira zalantzarik gabe, 2020ko urtarrilaren 1etik 2020ko azaroaren 13ra arte egin beharko dira eta zenbatekoak merkatuko balioaren araberakoak izan beharko dira):

a) Laguntza teknikoa. Atal honetan dirulaguntza jasotzeko baldintza izanen da kontratatzen diren pertsona fisiko edo juridikoek genero berdintasunaren arloan gutxienez 120 orduko prestakuntza izatea, organismo publikoek edo unibertsitate publiko zein pribatuek emana.

Pertsona edo entitate kontratatuaren erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da generoaren arloko prestakuntza.

Toki entitate onuradunak azpikontratatzen ahalko du diruz laguntzen den jarduera osoa.

4. modalitatean, toki entitateak aholkularitza teknikoa kontratatzen ahalko du itun berri bat abian jartzeko edo daukaten ituna indartzeko.

b) Hizlariek sortutako ordainsariak, bai eta hitzaldien ondoriozko joan-etorrietako eta ostatuko dietak ere.

c) Diruz laguntzen diren jardueren publizitate gastuak eta materialak argitaratzekoak.

d) Lokalen alokairuen eta ekipamenduen gastuak, edo jarduera garatzeko beharrezko material suntsikorrarenak.

e) Diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean beren kabuz balia ezin daitezkeen pertsonei arreta ematearen ondoriozko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea, eta abar).

f) Gastu finantzarioak eta aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.

g) Proiektuaren jarduerarekin loturiko gastuak, bidezkotzat jotzen direnak eta oinarri hauen 4.6 puntuan berariaz salbuetsita ez daudenak.

4.4.2. Proiektuarekin lotutako zeharkako gastuak:

Ematen den dirulaguntzaren %20 arte egozten ahalko zaie zeharkako gastuei, baldin eta zerikusia badute kudeaketa administratiboarekin edo hornidurekin (hala nola, ura, argia eta telefonoa), zentzuzko neurri batean, betiere behar bezala justifikatuta badaude eta jarduera benetan gauzatzen den epean egin badira.

4.5. Dirulaguntzarik izanen ez duten proiektuak.

Proiektu hauek deialdi honen esparrutik kanpo geldituko dira:

a) Toki entitatearen zerbitzuak sortu edo finantzatzeko asmoa duten proiektuak, konparazio batera, ludotekak, jubilotekak, atsedenguneak edo pertsonentzako zerbitzuak. Hortaz, beren buruaz ezin baliatu diren pertsonei arreta emateko bakarrik diren proiektuak bazter utziko dira, 4.4.1.e) atalean xedatutakoa salbu.

b) Diseinu, abiarazte eta ebaluazioan genero ikuspegia ez duten proiektuak.

c) Nafarroako Gobernuko beste departamentuetako berariazko deialdien xede izan daitezkeen proiektuak eta jarduerak.

d) Nafarroako edo Estatuko beste deialdi edo programa batzuetan eginkizunak bateratzeko agertzen diren azpiegiturak, baliabideak edo laguntzak sortu edo mantentzea.

e) Aisiako edo jostetako jarduerak bakarrik jasotzen dituzten proiektuak, helburuen artean generoaren ikuspegia aurreikusten ez badute.

f) Ikasleekin hezkuntza ziklo guztietan egindako jarduerak ez dira diruz lagunduko, 0-3 tartea barne, edozein dela ere bere titulartasuna, baldin eta jarduera horiek eskola-orduetan egiten badira, bat etorriz Hezkidetza Planarekin, zeina Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentua ari baita gauzatzen.

g) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren beraren programa eta jarduerak eta, oro har, zuzenean haren eskumeneko edo beste departamentu, erakunde edo entitate publiko zein pribatu batzuen eskumeneko jotzen diren jarduketak.

4.6. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.

Gastu kontzeptu hauek deialditik kanpo geldituko dira:

a) Toki entitateek kontratatutako langileen nominak, salbu eta proiektua gauzatzen den bitartean beren buruaz ezin baliatu diren pertsonei arreta emateko une jakin batean kontratatzen direnena, 4.4.1. ataleko e) letran ezarritakoarekin bat.

Bereziki, ez da inoiz diruz lagunduko berdintasuneko agentearen kontratazioa.

b) Toki entitatearen beraren zerbitzuen funtzionamenduak sortzen dituen gastuak.

c) Otorduak, aperitiboak, opariak, protokoloari loturikoak eta antzekoak.

5. oinarria.–Guztirako zenbatekoak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Hona hemen modalitate bakoitzerako aurreikusita dauden guztirako zenbatekoak:

a) 1. modalitatea: 195.000 euro.

b) 2. modalitatea: 61.000 euro.

c) 3. modalitatea: 95.000 euro.

d) 4. modalitatea: 50.000 euro.

Modalitate bakoitzerako gaitutako aurrekontuko diru-izendapena agortu arte emanen dira dirulaguntzak.

Aurrekontuko partida agortzen bada dirulaguntzaren xede izateko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe, hainbanatu eginen da modalitate bakoitzerako zenbateko orokorra.

Modalitateetako batean deialdia hutsik geratzen bada edo aurreikusitako aurrekontua agortzen ez bada, aurrekontu nahikoa ez duten programen aurrekontua handitzeko erabiltzen ahalko da gerakina, modalitate bakoitzean aurreikusitako zenbatekoaren proportzioan.

5.2. Proiektu bakoitzeko, honako dirulaguntza hauek emanen dira, gehienez, zein den ere aurkezten den proiektuaren guztirako kostua:

a) Gehienez ere 15.000 euro, berdintasuneko agentea lanaldi osoan izanik, hura kontratatzeko Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren laguntzarik jasotzen ez duten toki entitateen eskaerentzat. (1. modalitatea).

b) Gehienez ere 7.000 euro, berdintasuneko agentea lanaldi osoan izanik, hura kontratatzeko Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren laguntza jasotzen duten toki entitateen eskaerentzat. (2. modalitatea).

c) Gehienez ere 3.000 euro, berdintasuneko agenterik lanaldi osoan ez duten eta 6.000 biztanle baino gutxiago dituzten toki entitateen eskaerentzat (3. modalitatea).

d) Gehienez ere 4.000 euro, eginkizunak bateratzeko tokiko ituna duten edo 2020ko urriaren 31 baino lehen horrelako itun bat abian jartzeko konpromisoa hartzen duten entitateen eskaerentzat (4. modalitatea).

5.3. 8. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz emanen da dirulaguntza hau, portzentaje hauek aplikatuta:

5.3.1. 1., 2. eta 4. modalitateen kasuan, 8. oinarriko balorazio irizpideen arabera 60 puntutik gora lortzen duten proiektuei hau emanen zaie:

a) Aurkeztutako eta onartutako aurrekontua modalitate horietan ematen den gehieneko kopurua adinakoa edo txikiagoa denean, aurkeztutako eta onartutako kopuruaren %100 jasoko dute.

b) Aurkeztutako eta onartutako aurrekontua modalitate horietan ematen den gehieneko kopurua baina handiagoa denean, modalitate bakoitzean ematen den kopuruaren %100 jasoko dute.

5.3.2. 3. modalitatean, 8. oinarriko balorazioan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, eta puntuazio hori irizpide harturik, portzentaje hauek aplikatuko dira:

–71-100 puntu lortzen dituzten proiektuetarako onartutako gastuaren zenbatekoaren %100.

–61-70 puntu lortzen dituzten proiektuetarako onartutako gastuaren zenbatekoaren %90.

–40-60 puntu lortzen dituzten proiektuetarako onartutako gastuaren zenbatekoaren %80.

Edonola ere, 5.2 oinarrian ezarritako gehieneko mugak errespetatu egingo dira.

5.4. Berdintasuneko agente baten kontratazioa hitzartzen duten toki entitateen kasuan, 2020. urtean Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzarik jasotzen ez badute kontratazio horretarako, elkarrekin aurkezten duten proiektuak 1. modalitatearen araberako dirulaguntza izanen du, eta zilegi izanen da hitzarmena sinatu duten entitateetan gauzatuko diren ekintza ezberdinak jasotzea proiektuan.

5.5. Berdintasuneko agente baten kontratazioa hitzartu duten toki entitateen kasuan, 2020. urtean, hitzarmen horretako entitateetako batek egindako kontratazioak baizik ez badu jasotzen Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntza, bi proiektuk izaten ahalko dute dirulaguntza; proiektu horiek 1. modalitatean eta 2. modalitatean aurkeztu beharko dira, eta bakoitzean lagunduko den gehieneko zenbatekoa hauxe izanen da: modalitate bakoitzerako ezarritako gehieneko zenbatekoaren %50.

6. oinarria.–Dokumentazioa.

6.1. Dirulaguntza eskatzen duten toki entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskaera. Eskaera-ereduan aurkeztuko da nahitaez, proiektua deskribatuta eta aurrekontua proiektuaren deskripzioaren arabera zehaztuta, garatu gogo diren jarduera guztiak xehakatuta daudela; proiektuaren aurrekontu orokorrik ez da onartuko.

Eskaera-eredua Nafarroako Gobernuaren interneteko atariaren (www.navarra.es) tramiteen katalogoan eskuratzen ahalko da (hemendik aurrera, laguntzen fitxa), baita beste helbide honetan ere:

http://www.navarra.es/home_es/Temas/Igualdad+de+genero/Politicas+de+igualdad/

Elkartuta aurkezten diren toki entitateen kasuan, zein entitate aukeratzen den elkartutakoen ordezkari izateko, haren ordezkariak sinatu beharko du eskabidea. Hitzarmeneko entitate bakoitzak zer konpromiso hartu dituen bere gain adierazi beharko da eskaeran.

b) Toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiria, ziurtatzen duena 3. oinarriko baldintza guztiak betetzen dituela.

c) 1. eta 2. modalitateetarako, kontratazioa bi toki entitateren edo gehiagoren akordio baten bidez egiten bada, 2020rako hartutako akordioaren kopia.

d) 4. modalitaterako, entitateak itunik sinatu ez badu eta konpromisoa hartzen badu 2020ko urriaren 31 baino lehen itun bat abian jartzeko, toki entitateko alkateak sinatutako konpromisoa, ezarri den ereduaren araberakoa.

e) Toki entitatearen eta berdintasuneko agentearen arteko kontratuaren kopia, 2020rako indarraldia izan behar duena, hala badagokio.

f) Berdintasuneko agentea kontratatua baldin badu, entitate eskatzailearen organo eskudunaren baimena, berdintasuneko agente gisa kontratatzen den pertsonak parte har dezan Nafarroako Berdintasunerako Institutuak generoaren eta berdintasunaren arloetan 2020. urtean antolatzen duen etengabeko prestakuntzaren programan, horrelakorik antolatzen bada.

6.2. Agiri horiek ez dira eskatuko baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badute baldintzak betetzen direla, edo agiriak Administrazioaren eskuetan badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Hala bada, adierazi beharko da zer unetan eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren aipatu agiriak.

6.3. Aurkeztutako dokumentazioa osatugabea bada, toki entitateari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala; halaber, ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera ezetsi eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Proiektua deskribatzeko eta haren aurrekontua zehazteko dokumentazioa ezin da zuzendu. Edonola ere, NABIk azalpenak eskatzen ahal ditu, aurkeztutako proiektua aldatzeko aukerarik gabe. Erantzuteko epea gehienez bost egun baliodunekoa izanen da.

7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan (aurrerantzean laguntzen fitxa), “Tramitatu” aukeratuz.

Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dokumentazioa dokumentu bereizitan aurkeztuko da, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Gaitutako helbide elektroniko bat adieraziko da eskabideetan, eta horixe izanen da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta toki entitate eskatzaileen arteko jakinarazpen eta komunikazioetarako lehentasunezko bidea.

Eskatzaileak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan harpidetuta egon beharko du. Hauxe da gaitutako helbide elektronikoa eta jakinarazpen elektronikorako harpidetza lortzeko helbidea: http://notificaciones.060.es. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, pertsona interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.

8. oinarria.–Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Atalari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

8.2. Eskaerak baloratzeko, instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko teknikarien edo bereziki kualifikatutako teknikarien laguntza izan dezake, eta egokiak iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen den informazioa zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko. Horren arabera zehaztuko da gero ebazpen proposamena.

8.3. Eskaerak II. eranskinean aipatutako irizpideen arabera baloratuko dira.

8.4. Proiektuari buruzko irizpideetan, guztira 60 puntu (1., 2., eta 4. modalitateak) eta 40 puntu (3. modalitatea) lortzen ez duten proiektuek ez dute dirulaguntzarik izanen.

8.5. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Atalak ebazpen proposamena igorriko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio; bertan, entitate onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betebehar guztiak betetzen dituztela adieraziko da, eta proiektuen balorazioa jasoko da.

9. oinarria–Ebazpena.

9.1. Dirulaguntzei buruzko ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 3 hilabeteko epean, gehienez ere. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntzaren fitxan. Hiru hilabeteko epe hori bukatuta, ebazpen espresurik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

9.2. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpenean adieraziko dira entitate eskatzaileen zerrenda, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, justifikatu beharreko zenbatekoa eta, kasua bada, zein eskaerari uko egin zaien.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak ere argitaratuko ditu datu horiek bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

9.3. Entitate eta pertsona juridiko onuradunak behartuak daude Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarritako gardentasun betebeharra betetzera, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetez Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien ehuneko 20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Aurreko egoeretako batean egonda, gardentasun betebeharrari lotuak dauden entitate onuradunek foru lege horren 12.4 artikuluan azaltzen den informazioa eman beharko dute, entitateko ordezkariak sinatua, dirulaguntzak emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean. Horretarako, Nafarroako Atarian, Tramiteen atalean, argitaratutako deialdiaren fitxa erabili beharko dute.

Entitateak gardentasunaren betebeharra bete behar ez badu aurreikusitako egoeretan ez egoteagatik, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

Aurreko bi puntuetan aipatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, adierazpen eredu normalizatu bat egonen da eskuragarri Nafarroako Atariko Tramiteen atalean.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

10. oinarria. Proiektuak gauzatzea.

Proiektuak deialdi honetan ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan.

11. oinarria.–Dirulaguntzen ordainketa eta justifikazioa.

11.1. Dirulaguntzaren ordainketa:

Dirulaguntza ordainduko da behin dirulaguntzaren xede den proiektua bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondoren.

11.2. Dirulaguntzaren justifikazioa:

Entitate onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2020ko azaroaren 13an, beranduenez:

–Memoria, berariaz prestatutako ereduaren araberakoa (“Memoriaren eredua”). Eredua Interneten bidez eskuratzen ahal da, laguntzen fitxan eta web-orri honetan:

http://www.navarra.es/home_es/Temas/Igualdad+de+genero/Politicas+de+igualdad

Memoriarekin batera, egindako ekintzen egiaztagiriak aurkeztuko dira, bai eta haiek gauzatu edo zabaltzearen ondoriozko produktuak ere.

Diruz laguntzen den proiektuaren guztirako gastuaren justifikazioa, toki entitateko Idazkaritzak emandako ziurtagiria aurkeztuta; bertan, diruz laguntzen diren jarduketak eta haien kostua aitortuko dira, eta haiek garatzean izan diren gastuak zehaztuko dira. Deialdi honen ondorioetarako, ziurtagiri horrek ordainketaren egiaztapenerako balioa izanen du. Eskaeran aurkeztu den aurrekontua zenbatekoa zen, horixe izanen da justifikatu beharreko kopurua, emateko ebazpenean onartu ez diren kontzeptuak salbuetsita.

Oro har, egindako gastutzat hartuko dira justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindutakoak, salbu eta tributuak, bestelako tributu betebehar batzuk edo Gizarte Segurantzari egin beharreko beste ordainketa batzuk, haiek likidatzeko epea irekita ez egoteagatik ordaindu ezin izan direnak.

Ziurtagiriarekin batera, honako agiri hauek aurkeztuko dira: kalkulu-orri gisa prestatutako zerrenda bat eta behar bezala jaulkitako fakturen kopia, tributuak eta antzeko balioa duten gainerako agiriak, merkataritza bidean eta bide juridikoan balioa dutenak edo administrazioaren aurrean antzeko eraginkortasuna dutenak.

Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, toki entitateak frogatu beharko du enpresa hautatu dela efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Dokumentu bidezko froga bat, erakusteko bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako proiektuan daukaten parte-hartzearen berri emateko betebeharra, egiten den publizitatean eta zabalkundean eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta honako testu hau txertatuz: “Nafarroako Berdintasunerako Institutuak lagunduta / Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad”.

Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsulta daitezke: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala edo haren Argitalpen Zerbitzuaren bidez.

Salbuespenez, zenbait jarduketaren ondorioz egiten diren objektuetan, beren izaera dela-eta, zaila denean logoa eta aipatu testua jartzea, ez da nahitaezkoa izanen. Hala ere, jarduketei buruzko agiri, publizitate eta zabaltzeko medio guztietan, eta objektu guztietan ezarri beharko dira: liburuxkak, kartelak, posta elektronikoak, banatzen diren prestakuntza-materialetan eta abar. Halaber, logoa eta aipatu testua beti jarriko dira telematikoki zabaltzeko medioetan, web-orrietan eta jartzeko aukera ematen duten medio guztietan.

4. modalitateko proiektuetan, itunik ez badago eta itunari hasiera emateko konpromisoa hartu bada, itunean parte hartzeko eskaera aurkeztu beharko da, 4.3 oinarrian eman den helbidean eskuratzen ahal den ereduaren bidez:

http://www.navarra.es/home_es/Temas/Igualdad+de+genero/Politicas+de+igualdad/Entidades/Pactoslocales.htm

Idazkaritzaren ziurtagiria, dirulaguntzaren xederako hartutako bestelako diru-sarrera, laguntza, baliabide eta dirulaguntzak aipatzen dituena, edo horrelakorik ez duela jaso adierazten duena.

Laguntza teknikoa kontratatu bada, kontratatutako laguntza-enpresek generoan prestakuntza dutela frogatzen duen ziurtagiria, 4.4.1. puntuaren a atalean ezartzen denaren arabera.

11.3. Instrukzio organoak uste badu zuzentzeko moduko akatsak daudela onuradunak aurkeztutako justifikazioan, eskaera egin duen elkarte edo entitateari errekerimendua eginen dio horiek zuzendu ditzan, 10 egun balioduneko epean.

11.4. Diruz lagundutako proiektuaren behin betiko guztirako kostua dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostua baino txikiagoa bada (10. klausulan xedatutako kasuetan izan ezik) edo gastua eta ordainketa frogatzeko agirien bidez justifikatzen den zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa gutxituko da, betiere erabat gauzatzetik hurbil samar ibili bada eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera duela frogatzen bada, eta proiektuaren balorazio berari eutsiko zaio.

12. oinarria.–Bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren xede eta helburu bererako beste deialdi batzuekin.

Gainera, deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen entitate onuradunek bestelako edozein administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribaturen laguntzak eta dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte helburu eta xede bererako, baldin eta haien guztien batura ez bada dirulaguntzen deialdi honetan aurkeztutako proiektuaren kostuaren %100 baino handiagoa.

13. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten toki entitateek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain, oinarri hauetan ezarritakoak ere bete beharko dituzte, eta, bereziki, honako hauek:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, deialdiaren helburua betez.

b) Dirulaguntzaren xedeko proiektuari buruz izan daitekeen edozein aldaketaren berri ematea Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, bai eta baimena idatziz eskatzea ere diruz laguntzen den proiektuaren kudeaketan eta garapenean aldaketak egiteko, izan ere, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearen berariazko onespena beharko dute proiektuan aldaketak egiteko.

c) Onartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako lanak.

d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortzen diren bestelako laguntzak, dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Dena dela, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi ondoren jakinez gero, justifikazioaren unean eman beharko da haren berri, jasotako funtsa zertan aplikatu den adierazita.

e) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

f) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak eta haien ordainketarenak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

g) Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea jasotzea dirulaguntza ematen denetik aurrera idatziz edo ahoz egiten den edozein informazio, komunikazio, publizitate edo zabalkundetan, bai eta berdintasuneko agentearen lanaren esparruan prestatzen den dokumentazio guztian ere, honako testu hau idatziz: “Nafarroako Berdintasunerako Institutuak lagunduta / Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad”.

h) Betetzea Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoa.

14. oinarria.–Dirulaguntzak itzultzea.

14.1. Onuradunak ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

–Ez bada gauzatzen proiektuan aurkezturiko jardueretatik bakar bat ere 4.3 oinarrian ezarritakoaren arabera, %100eko ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da.

–11. oinarrian ezarritakoak zehazten du zein egoeratan murriztuko den emandako zenbatekoa.

14.2. Aurrekoa gorabehera, bidezkoa izanen da eskubidea kentzea eta jasotako diru guztia itzularaztea baldin eta toki entitateak, bere erabakiz eta bidezko arrazoirik gabe, berdintasuneko agentearen kontratazioa bukatu eta ez badu berdintasuneko beste agente bat kontratatzen hilabeteko epean. Ildo horretan, entitate onuradunek dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.

14.3. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

15. oinarria.–Arau hausteak eta zehapenak.

Arau hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

16. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarrien aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

17. oinarria.–Arau osagarriak.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA

Balorazio irizpideak

1. eta 2. modalitateak. Eskaerak baloratzeko irizpideak.

Balorazioa. 100 puntu

A) PROIEKTUAREN KALITATE TEKNIKOA

60

1. Koherentzia: helburuak, ekintzak, denbora, baliabideak, aurrekontua

45

Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/Berariazko helburuak zehazten ditu

5

Ekintzak deskribatzen ditu berariazko helburuei lotuta

15

Ekintzak deskribatzen ditu xedeko biztanleriari lotuta

5

Proiektuaren garapen kronologikoa

5

Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak

5

Aurrekontua egokia da proiektuarentzat

10

2. Proiektuaren inpaktua, segimendua eta ebaluazioa

10

Gauzatze mailaren eta emaitzaren adierazleak

5

Ebaluatzeko tresnak eta mekanismoak

5

3. Proiektuaren jardueren irisgarritasuna (proiektuaren jardueretan irisgarritasun unibertsalerako baldintzak bermatu beharko dira, desgaitasuna dutenek jarduera eta ekitaldi horietaz goza dezaten, uler ditzaten eta parte har dezaten)

5

B) PROIEKTUA NOLA EGOKITZEN DEN TOKI ENTITATEAREN EDO HAREN ESKUMENEKO LURRALDEAREN BERARIAZKO PREMIETARA ETA ERREALITATERA

5

C) PROGRAMATURIKO JARDUERAK ZABALDU ETA JAKINARAZTEKO EKINTZAK

10

Elkarteei eta beste kolektibo batzuei, toki entitatetik kanpora eta herritarrei, orokorrean (publiko aniztasuna)

5

Web-orrietan, sare sozialetan, toki buletinetan, prentsan argitaratzea (komunikabide aniztasuna)

5

D) PROIEKTUAN PARTE HARTZEA BESTE TOKI ENTITATE BATZUEK, LURRALDEKO BESTE ELKARTE EDO ERAKUNDE BATZUEK ETA/EDO TOKI ENTITATEKO BESTE ARLO BATZUEK

15

Emakumeen elkarteak

5

Tokiko kolektiboak

5

Toki entitatearen eskumeneko beste arlo batzuk eta beste instituzio batzuk

5

E) PROIEKTUAK DAKARREN BERRIKUNTZA (proiektua praktika ontzat hartzea, beste entitate edo lurralde batzuetara eramateko modukoa)

10

3. modalitatea. Eskaerak baloratzeko irizpideak.

100 puntu

TOKI ENTITATEAK BERDINTASUNAREKIN DUEN KONPROMISOA

30

Berdintasun plana / Lan plana

15

Eginkizunak bateratzeko tokiko ituna

10

Berdintasunerako Kontseilua edo Batzordea

5

PROIEKTUARI BURUZKO IRIZPIDEAK

70

A) PROIEKTUAREN KALITATE TEKNIKOA

40

1. Koherentzia: helburuak, ekintzak, denbora, baliabideak, aurrekontua

30

Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/Berariazko helburuak zehazten ditu

5

Ekintzak deskribatzen ditu berariazko helburuei lotuta

10

Ekintzak deskribatzen ditu xedeko biztanleriari lotuta

4

Proiektuaren garapen kronologikoa

4

Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak

2

Aurrekontua egokia da proiektuarentzat

5

2. Proiektuak toki entitatearen beste programa eta jarduerekin duen harremana (sinergiak beste udal arlo batzuekin, emakumeen elkarteen mugimenduekin, eta abar).

5

3. Proiektuaren jardueren irisgarritasuna (proiektuaren jardueretan irisgarritasun unibertsalerako baldintzak bermatu beharko dira, desgaitasuna dutenek jarduera eta ekitaldi horietaz goza dezaten, uler ditzaten eta parte har dezaten)

5

B) PROIEKTUA NOLA EGOKITZEN DEN TOKI ENTITATEAREN EDO HAREN ESKUMENEKO LURRALDEAREN BERARIAZKO PREMIETARA ETA ERREALITATERA

5

C) PROGRAMATURIKO JARDUERAK ZABALDU ETA JAKINARAZTEKO EKINTZAK

10

Elkarteei eta beste kolektibo batzuei, toki entitatetik kanpora eta herritarrei, orokorrean (publiko aniztasuna)

5

Web-orrietan, sare sozialetan, toki buletinetan, prentsan argitaratzea (komunikabide aniztasuna)

5

D) PROIEKTUAREN INPAKTUA, JARRAIPENA ETA EBALUAZIOA

10

Gauzatze mailaren eta emaitzen adierazleak

5

Ebaluatzeko tresnak eta mekanismoak

5

E) PROIEKTUAK DAKARREN BERRIKUNTZA (proiektua praktika ontzat hartzea, beste entitate edo lurralde batzuetara eramateko modukoa)

5

4. modalitatea. Eskaerak baloratzeko irizpideak.

Balorazioa 100 puntu

A) PROIEKTUAREN KALITATE TEKNIKOA

60

1. Koherentzia: helburuak, ekintzak, denbora, baliabideak, aurrekontua

45

Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/Berariazko helburuak zehazten ditu

5

Ekintzak deskribatzen ditu berariazko helburuei lotuta

15

Ekintzak deskribatzen ditu xedeko biztanleriari lotuta

5

Proiektuaren garapen kronologikoa

5

Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak

5

Aurrekontua egokia da proiektuarentzat

10

2. Proiektuaren inpaktua, segimendua eta ebaluazioa

10

Gauzatze mailaren eta emaitzaren adierazleak

5

Ebaluatzeko tresnak eta mekanismoak

5

3. Proiektuaren jardueren irisgarritasuna (proiektuaren jardueretan irisgarritasun unibertsalerako baldintzak bermatu beharko dira, desgaitasuna dutenek jarduera eta ekitaldi horietaz goza dezaten, uler ditzaten eta parte har dezaten)

5

B) LURRALDEKO BESTE ELKARTE EDO ERAKUNDE BATZUEK ETA/EDO TOKI ENTITATEAREN BESTE ARLO BATZUEK PARTE HARTZEA PROIEKTUAN

20

Emakumeen elkarteak

5

Tokiko kolektiboak

5

Toki entitatearen eskumeneko beste arlo batzuk

5

Beste instituzio batzuk (osasuna, hezkuntza eta abar)

5

C) PROIEKTUA NOLA EGOKITZEN DEN TOKI ENTITATEAREN EDO HAREN ESKUMENEKO LURRALDEAREN BERARIAZKO PREMIETARA ETA ERREALITATERA

5

D) PROGRAMATURIKO JARDUERAK ZABALDU ETA JAKINARAZTEKO EKINTZAK

10

Elkarteei eta beste kolektibo batzuei, toki entitatetik kanpora eta herritarrei, orokorrean (publiko aniztasuna)

5

Web-orrietan, sare sozialetan, toki buletinetan, prentsan argitaratzea (komunikabide aniztasuna)

5

E) PROIEKTUAK DAKARREN BERRIKUNTZA (proiektua praktika ontzat hartzea, beste entitate edo lurralde batzuetara eramateko modukoa)

5

Iragarkiaren kodea: F2006104