143. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

211/2020 EBAZPENA, ekainaren 17koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Batxilergoko Sari Berezietarako deialdia egiten baita Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoko ikasketak 2019-2020 ikasturtean bukatu dituzten ikasleentzat.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak aurkezturiko txostenean adierazi du komenigarria dela Batxilergoko Sari Berezietarako deialdia argitaratzea; izan ere, abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuan eta Hezkuntza Ministerioaren uztailaren 13ko EDU/2058/2010 Aginduan ezarritakoaren arabera, Hezkuntza Departamentuari dagokio Nafarroako Foru Komunitatean deialdi hori egitea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Batxilergoko Sari Berezietarako deialdia, 2019-2020 ikasturtekoa, ebazpen honen I. eranskinean ezarritakoarekin bat.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusira.

Iruñean, 2020ko ekainaren 17an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Batxilergoko Sari Berezietarako deialdia. 2019-2020 ikasturtea

Maiatzaren 3ko Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren 89. artikuluan xedatutakoaren arabera, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak deialdi bat egin du 2019-2020 ikasturteko Batxilergoko Sari Bereziak emateko. Hona hemen deialdiaren oinarriak.

OINARRIAK

Lehenbizikoa.–Ebazpenaren xedea.

Ebazpen honen xedea da deialdi bat egitea, Nafarroako Foru Komunitatean 2019-2020 ikasturteari dagozkion Batxilergoko Sari Bereziak emateko, norgehiagokako araubidean.

Bigarrena.–Izangaiek bete beharrekoak.

Betebehar hauek guztiak bete beharko dituzte:

1. Batxilergoko modalitateetako edozeinetako bi kurtsoak egin eta gainditu izana Espainiako ikastetxeetan, eta Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe batean bukatu izana 2019-2020 ikasturtean.

2. Batxilergoko titulua lortu izana, irakasgai guztiak gainditurik azken ebaluazio arruntean, deialdia egiten den ikasturte berean.

3. Batxilergoko bi kurtsoak aintzat harturik, 8,75eko batez besteko nota edo handiagoa lortu izana. Batez besteko nota kalkulatzeko, Batxilergoko baliozko ibilbidea osatu duten bi kurtsoetan egin eta gainditutako ikasgaietako kalifikazioak hartuko dira aintzat. Nota hori aurreko paragrafoan aipatutako ikasgaien batezbesteko aritmetikoa izanen da, bi dezimalekin adierazia, hurbileneko ehunenera biribildua (ekidistantziarik izanez gero, goiko ehunenera).

Hirugarrena.–Sari kopurua.

Batxilergoko 4 sari berezitarako deia egiten da.

Laugarrena.–Izena emateko prozedura eta epea.

1. Aurreko apartatuan ezarritako baldintza betetzen duten eta Batxilergoko Sari Berezia eskuratu nahi duten ikasleek eskabidea aurkeztuko dute, Batxilergoko 2. maila zein ikastetxetan ikasi duten, hartantxe, 2020ko uztailaren 3ko 14:00ak baino lehen. Eskabideak I. eranskinekoa bezalakoa izan behar du.

2. Izena emateko epea bukaturik, eta betiere 2020ko uztailaren 15eko 14:00ak baino lehen, ikastetxeetako idazkariek Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorri beharko dituzte jaso dituzten eskabideak. Eskabideari ikasketen ziurtagiria erantsiko diote, II. eranskinaren araberakoa, behar bezala betea. Baliozkoak izanen dira EDUCA kudeaketa aplikazioaren bidez jasotako ziurtapen akademikoak, edo ikastetxe itunduen sarean erabiltzen diren aplikazioen bidez jasotakoak, baldin eta gutxienez II. eranskinean eskatutako informazioa baldin badute. Behar bezala sinaturik eta zigilaturik aurkeztu beharko dira, izangaiaren NANaren fotokopiarekin batera. Bai eskabideak, bai ziurtagiriak, telematika bidez igortzen ahalko dira ikastetxetik, Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak ezartzen duen moduan.

3. 2020ko uztailaren 20an, onartutako ikasleen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, baita baztertutakoena eta haiek baztertzeko arrazoia ere, webgune honetan horretarako prestatutako fitxan:

http://www.navarra.es/home_es/servicios/ficha/6404/Premios-Extraordinarios-de-Bachillerato2

4. Balizko okerrak zuzentzeko eskaerak eta behin-behineko zerrendaren aurkako erreklamazioak uztailaren 22ko 14:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira.

5. Uztailaren 27an onartutako ikasleen behin betiko zerrenda argitaratuko da, horretarako gaitu den webgunean jendaurrean jarrita. Egun horretan berean, argitara emanen da nork eskuratu duen Batxilergoko Sari Berezia, aipatu webguneko fitxan jendaurrean jarrita.

6. Interesdunek, ahal dela, Hezkuntza Departamentuaren erregistroan aurkeztu behar dituzte behin-behinean onartutakoen zerrendaren aurkako erreklamazioak. Erreklamazioa urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak aipatzen dituen beste tokietako batean aurkeztu bada, interesdunak, erreklamazioa aurkezturik, posta elektronikoz bidali beharko ditu, sie/hiz@navarra.es helbidera, erreklamazioaren kopia eta dokumentazio guztia, behar bezala zigilaturik eta dataturik.

7. Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzua arduratuko da 2019-2020ko Batxilergoko Sari Bereziak emateko prozedura tramitatzeaz.

Bosgarrena.–Batxilergoko sariak emateko prozesua.

1. Sariak emateko prozesuan, aintzat hartuko da izangaien batez besteko nota, hiru dezimalekin, kontuan harturik Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren (USE) derrigorrezko zatiko irakasgaiak: Gaztelania eta literatura II, Espainiako historia, Atzerriko hizkuntza (Ingelesa, Frantsesa edo Alemana), Euskal Hizkuntza eta Literatura II (A eta D ereduetako ikasleentzat) eta ikaslearen modalitateko enborreko irakasgaia.

2. Batxilergoko Sari Berezia eskuratu ahal izateko, ikasleek gutxienez 5 puntu lortu behar dute ariketa bakoitzean, eta azken kalifikazioan, berriz, 8 puntu edo gehiago.

3. Berdinketarik gertatzen bada, irizpide hauek ordenan aplikatuz hautsiko dira:

a) Ariketa bakoitzean lorturiko puntuaziorik altuena, ordena honetan:

–Gaztelania eta literatura irakasgaian lorturiko nota.

–Espainiako historia irakasgaian lorturiko nota.

–Atzerriko hizkuntza irakasgaian lorturiko nota.

–Euskal hizkuntza eta literatura II irakasgaian lorturiko nota, A eta D ereduetako ikasleen kasuan.

b) Ebazpen honen bigarren oinarriko 3. apartatuan aipatzen den batez besteko nota.

c) Zozketa publikoa, berdindutako izangaien artean.

4. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak proposamen bat eginen du Batxilergoko Sari Bereziak esleitzeko, kontuan harturik, bakar-bakarrik, izangaiek Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioan (USE) lortu dituzten kalifikazioak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak igorritako aktetan daudenak, salbu eta berdinketa hautsi behar bada bosgarren oinarriko bigarren eta hirugarren irizpideak aplikatuz.

5. Sariak esleitzeko proposamena egiteko, izangaiak ordenatuko dira USEko azken kalifikazioaren arabera, handienetik txikienera. Proposatzen den sari kopuruak ez du gainditu behar deialdiko sari kopurua.

6. Deialdiko Batxilergoko Sari Bereziak gehiago baldin badira sariak esleitu ahal izateko baldintzak betetzen dituzten izangaiak baino, proposamenean zehatz adieraziko da zenbat sari geldituko diren eman gabe.

7. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak proposamena eginen dio Hezkuntzako zuzendari nagusiari, onesteko, eta gero behar den ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

8. Batxilergoko Sari Berezia lortu izana ikaslearen espedientean eta historia akademikoan jarriko da, behar den eginbidearen bitartez.

9. Batxilergoko Sari Berezia lortzen duten ikasleek hori adierazten duen diploma bat jasoko dute, eta, izena emanez gero, Batxilergoko Sari Nazionalera aurkezten ahal dira (Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak eginen du horretarako deia, aplikatu beharreko araudiak ezartzen dituen baldintzetan).

10. Tasei eta Prezio Publikoei buruzko apirilaren 13ko 8/1989 Legearen 25. artikuluko 2. apartatuan ezarritakoari jarraikiz, Batxilergoko Sari Berezia lortzen duten ikasleek ez dituzte ordaindu beharko Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko batean goi mailako ikasketen lehenbiziko kurtsoa egiteko prezio publikoak. Saria tasak ordaindu eta gero ematen bazaie, unibertsitateak bi aukera izanen ditu: ikasleari tasen zenbatekoa itzultzea edo, bestela, ikasleak saria lortu ondoren kontzeptu hori dela-eta egin behar duen lehen ordainketatik deskontatzea.

Seigarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, onartutakoen behin betiko zerrendaren aurka eta sari bereziak emateko ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Izena emateko fitxa (PDFa).

III. ERANSKINA

Ikasketen ziurtagiria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2006408