143. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FALTZES

Udal ordenantza, laguntzak arautzen dituena COVID-19ak sorturiko osasun-krisiaren ondorio ekonomiko kaltegarriei aurre egiteko

Zioen azalpena

Azken aste eta hilabeteetan, gure gizartean inoiz ez bezalako osasun-krisi baten inpaktua jasan dugu, maila guztietan, COVID-19ak sorturiko pandemiaren ondorioz. Aurreikusten da larriak izanen direla oso krisi horren ondorio ekonomiko eta sozialak, eta erakundeentzat nahiz gizartearentzat erronka handia ekarriko dutela, maila guztietan.

Horregatik, ezinbestekoa da administrazio publiko guztiek neurriak hartu eta abian jartzea, krisi horren ondorio negatiboei aurre egiteko, Izan ere, gure gizarteak aurreko ekonomia krisi hondagarria guztiz gainditu baino lehen iritsi da.

Hartara, toki entitateek dituzten eskumenen eremuan (eremu mugatua, hain zuzen, herrialde-mailan ez ezik, maila globalean ere eragiten duten zirkunstantzia hauen aurrean), Faltzesko Udalak beharrezkotzat jo du premiazko eta presazko hainbat neurri bultzatzea, halako inpaktuak minimizatzearren.

Administrazioak ekonomia sustatzeko duen eginkizuna –tokiko ekonomia, gure kasuan– hainbat arautan dago aitorturik, hala nola Espainiako Konstituzioan, toki entitateei buruzko araudi orokorrean eta, bereziki, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 221. artikuluan, eta horixe da esparru egokia erakunde publikoen arteko lankidetzaren behar hori bideratzeko, guztien artean helburua lortzeko: aurre egitea COVID-19aren pandemiak sorturiko krisi ekonomiko eta sozialaren ondorioei.

Sustatze-eginkizun horren xedeak izan behar du babestea eta sustatzea behar publikoak betetzeagatik onura orokorrekotzat jotzen diren partikularren jarduerak. Ordenantza honi dagokionez, bertako denda eta negozioei buruz ari gara; izan ere, haiexek jartzen dituzte Faltzesen faltzestar guztien eskura mantenu eta garapenerako behar diren produktu eta zerbitzuak.

Ekonomiaren geldialdiak eragin egin die, ezbairik gabe, Faltzesko langile autonomo, mikroenpresa nahiz enpresa txiki eta ertainei, osasun krisiko garai gogorrenean. Haientzat da, hain zuzen ere, ordenantza hau, salbuespenezko eta indarraldi mugatuko laguntza batzuk ezarrita, lehen aipaturiko ondorio kaltegarriei aurre egiteko helburuz.

Ordenantza honen arau-esparrua honako hauek babesten eta ezartzen dute: 3/2020 Foru Lege-dekretua, apirilaren 15ekoa, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko; 4/2020 Foru Lege-dekretua, apirilaren 29koa, aurrekoa osatzen eta, zenbait alderditan, aldatzen duena; 6/2020 Foru Legea, apirilaren 6koa, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko; eta 9/2020 Lege Dekretua, apirilaren 15ekoa, arlo sozialean eta ekonomikoan premiazko neurri osagarriak ezartzen dituena koronabirusak (COVID-19) eragindako egoerari aurre egiteko.

Udal honen asmoa da aipaturiko kolektiboari zuzeneko laguntza bat ematea, onuradun bakoitzaren jarduera aintzat hartuz. Horrela, likidezia injektatzen da, lagungarria hartzaile diren negozio eta establezimenduek iraun dezaten.

Toki ogasun honek badu gaitasuna, gainera, aurre egiteko laguntza horiek emateak dakarren gastuari, dagokion aurrekontu-aldaketa egin baita eta horretarako behar diren kredituak baitauzka. Udal funts horiek erabakitako helbururako erabiltzeak ez du oztopatzen bete daitezen aurrekontuaren orekari eta finantzen jasangarritasunari loturiko betebeharrak, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Legean arautu bezala.

Gainera, jasangarritasunari dagokionez, izaera puntuala duten premiazko laguntzak dira, errentagarritasun ekonomikoaren arabera neurtzen ez direnak eta sartzen direnak, aldiz, tokiko ekonomia suspertzen laguntzeko xedez, Udal honek bere eskumeneko neurriak ezartzeko duen borondatearen esparruan.

TITULU BAKARRA

Laguntza bereziak autonomo eta enpresentzat

1. artikulua. Xedea.

Laguntzak emateko deialdi honen xedea da aurreneko premiazko neurri batzuk ezartzea COVID-19aren krisiak sorturiko ondorio ekonomikoei aurre egiteko, neurri horien bidez Faltzesko udalerriko jarduera ekonomikoa bultzatzearren, herriko negozioei eta ekoizpen-jarduerei likidezia emanez, eta lagunduz enpresa-betebeharrak bete ditzaten, enpleguak manten ditzaten eta diri-sarreren murrizketa arindu dakien.

Asmoa da sostengua ematea autonomoei, mikroenpresei eta enpresa txiki eta ertainei, COVID-19aren krisiak eragindako inpaktua minimizatzeko, eta erdiesteko, osasun krisia bukatutakoan, udalerriko ekonomia ahalik eta lasterrena suspertzea.

2. artikulua. Onuradunak.

Honako hauek izan daitezke dirulaguntzaren onuradun: pertsona fisikoak eta juridikoak, ondasun-erkidegoak, sozietateak edo nortasun juridikorik gabeko beste entitate batzuk, baldin legez eraturik badaude eta Faltzesen ekonomia-jarduerak aurrera eramaten badituzte, alarma-egoeraren murriztapenek nola edo hala eragindakoak. Eragin hori da, hain zuzen, ordenantza honetan xedatzen den dirulaguntza emateko arrazoia.

Deialdi honetatik kanpo uzten dira administrazio publikoak, haien erakunde autonomoak, enpresa publikoak eta titulartasun publikoko beste entitate batzuk, bai eta elkarteak, fundazioak eta, oro har, irabazi-asmorik gabeko erakundeak ere, halakoekin lan egiten duten langile autonomoak barne.

3. artikulua. Baldintzak.

Ordenantza honetan ezarritako laguntzak jaso ahal izateko, onuradunek honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte:

a) Autonomo, mikroenpresa edo enpresa txiki edo ertain batek gauzatzea dena delako ekonomia-jarduera; honetarako erabiliko diren definizioak izanen dira Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean jasorikoak.

b) Ekonomia-jarduerari eragin izana premiazko neurri bereziei buruzko martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-dekretuan ezarritako jarduera-eteteak, edo arau horren 17. artikuluan jasotako prestazioa hartzeko eskubidea izatea, artikulu horretan ezarritako edozein bidetatik.

Laguntza hauen onuradun izaten ahalko dira, orobat, 8/2020 Errege Lege-dekretuaren 17. artikuluan aipaturiko egoeretan ez egonik ere, fakturazioan %30eko murrizketa izan dutenak alarma-egoera iraun bitartean, egoera hori deklaratu aurreko 6 hilabete naturaletako fakturazioarekin alderaturik. Onuradunak ez badu eduki alta emanda bere ekonomia-jarduera alarma-egoera deklaratu aurreko 6 hilabete horietan, kontuan hartuko da jarduera alta emanda egon den aldia, alarma-egoera deklaratu aurretik.

c) Martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-dekretuan jarduera eteteagatik arautzen den prestazio bereziaren onuradun izatea (hartzeko eskubidea dutenen kasuan).

d) Alta emanda egotea Gizarte Segurantzan, dena delako jarduerak bidezko duen araubidean, edo horren ordezko mutualitate profesionalean, bai eta alta emanda egotea Nafarroako Foru Ogasunean ere, eskabidea aurkezten den unean.

e) Faltzesko udal-mugartean izatea egoitza fiskala, bai eta jarduera gauzatzen den establezimendua ere, halakoa izanez gero.

f) Egunean izatea tributu-betebeharrak Nafarroako Foru Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrarekin.

g) Faltzesko Udalarekin zorretan ez egotea, salbu eta zorra borondatez ordaintzeko epean badago edo zorraren ordainketa geroratzea onartu bada.

h) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 eta 13.3 apartatuetan aurreikusitako egoeraren batean ere.

i) Pertsona bat izendatzea, ordezkari jardun dezan Faltzesko Udalaren aurrean, onuradunak dituen betebeharrak betetzeari dagokionez.

4. artikulua. Ezartzen diren laguntza bereziak.

Deialdi honen onuradun diren pertsona fisiko eta juridikoek, 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte, honako laguntza hauek jasoko dituzte, hiru modalitatetan zehazturik:

–1. modalitatea: Erabateko eteteak eragin dien jardueren kasuan, laguntza 500 eurokoa izanen da gehienez, honela banaturik:

• 200 euroko zenbateko finko bat.

• Zenbateko gehigarri bat, aldakorra, 2020ko ekitaldiko ekonomia-jardueren gaineko zergaren urteko kuotaren hiru hileko ordainketaren parekoa.

–2. modalitatea: Aurreko 3.b) artikuluan adierazitako eran sarrerak murriztu zaizkien jardueren kasuan, laguntza 400 eurokoa izanen da gehienez, honela banaturik:

• 150 euroko zenbateko finko bat.

• Zenbateko gehigarri bat, aldakorra, 2020ko ekitaldiko ekonomia-jardueren gaineko zergaren urteko kuotaren hiru hileko ordainketaren parekoa.

–3. modalitatea: Udalak abian jarritako merkataritzako bonuen programari atxikitzen zaizkion jardueren kasuan, laguntza zenbateko bakar eta finko bat izanen da, 100 eurokoa. Laguntza hau eskatzen ahalko dute, orobat, lehen bi modalitateen laguntzak eskuratzeko aukera ez dutenek, ez betetzeagatik jarduera-eteteari edo fakturazio-murrizketari loturiko baldintzak.

5. artikulua. Eskabideak aurkezteko epea.

Laguntza berezi hauek eskuratzeko eskabideak 10 egun balioduneko epean aurkeztuko dira, ordenantza honen behin betiko onespena argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

6. artikulua. Eskabideak eta eskatzen den dokumentazioa aurkeztea.

Eskatzaileek bete eta aurkeztu beharko dute ordenantza honen I. eranskineko eskabide-orria, II. eranskineko zinpeko deklarazioa erantsirik, bai eta honako agiri hauek ere:

a) Pertsona fisikoen kasuan:

–Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, edo atzerritarraren identifikazio-zenbakiarena, pasaportearekin batera.

–Behin-behineko edo behin betiko ebazpena, jarduera eteteagatik ezarritako prestazio berezia eman izana egiaztatzeko, hura hartzeko eskubidea dutenen kasuan.

–Ekonomia-jardueren gaineko zergako altaren ziurtagiria, honako hauek adierazirik: jarduera ekonomikoa, altaren data, egoitza fiskala eta, halakoa izanez gero, jarduera gauzatzen den lokala.

–Gizarte Segurantzako altaren ziurtagiria, langile autonomoen araubidekoa, edo dagokion mutualitate profesionaleko altarena.

–Baldin eskatzaileari zorren geroratzea edo zatikatzea onartu badio Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak, Foru Ogasunak edo Udal Diruzaintzak, hura emateko ebazpena aurkeztu beharko du, eta harekin batera, zorrik ez izatearen azken ziurtagiria, geroratzea onartu ondokoa.

–Eskabidea aurkezteko behar besteko ahalordea, titularra ez den beste pertsona batek aurkezten badu.

b) Pertsona juridikoen, sozietateen, ondasun-erkidegoen eta nortasun juridikorik gabeko beste entitate batzuen kasuan:

–Identifikazio fiskaleko kodea (IFK), dena delako pertsona juridiko, sozietate, kooperatiba, ondasun-erkidego edo nortasun juridikorik gabeko entitatearena.

–Pertsona juridikoaren eratze eskritura eta estatutuak, eguneratuak eta bidezko den erregistroan inskribatuak.

–Administratzailearen ahalordeen egiaztagiria, bai eta eskabidea aurkezten duenarena ere, pertsona bera ez badira.

–Administratzailearen Nortasun Agiri Nazionala, edo atzerritarraren identifikazio-zenbakia pasaportearekin batera, bai eta eskabidea aurkezten duenarena, pertsona bera ez badira.

–Behin-behineko edo behin betiko ebazpena, entitatean lan egiten duten autonomoei jarduera eteteagatik ezarritako prestazio berezia eman izana egiaztatzeko, hura hartzeko eskubidea dutenen kasuan.

–Ekonomia-jardueren gaineko zergako altaren ziurtagiri eguneratua, honako hauek adierazirik: jarduera ekonomikoa, altaren data, egoitza fiskala eta, halakoa izanez gero, jarduera gauzatzen den lokala.

–Administratzailearen Gizarte Segurantzako alta, bidezko den araubidekoa.

–Baldin eskatzaileari zorren geroratzea edo zatikatzea onartu badio Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak, Foru Ogasunak edo Udal Diruzaintzak, hura emateko ebazpena aurkeztu beharko du, eta harekin batera, zorrik ez izatearen azken ziurtagiria, geroratzea onartu ondokoa.

7. artikulua. Beste laguntza edo dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Ordenantza honetan 1. modalitatearen eta 2. modalitatearen arabera arautzen diren laguntzak bateraezinak izanen dira Faltzesko Udalak onartu duen merkataritzako bonuen programari atxikitzearekin. Laguntza baten zein bestearen onuradun izan daitezkeenek bietako edozein aukera dezakete.

3. modalitateko laguntza berezia bateragarria izanen da merkataritzako bonuen programarekin. Onuradunek eskabide-orrian adieraziko dute aurreneko bi modalitateetako baten laguntza eskatu nahi duten, edo merkataritzako bonuen programari atxikitzea eta laguntza bereziaren 3. modalitatea bateratu nahi dituzten.

Gainerakoan, ordenantza honetan arauturiko laguntzak bateragarriak izanen dira beste administrazio publiko edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emaniko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ororekin.

8. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Ordenantza honetan xedaturiko laguntzen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Laguntza ematen zaiela jakinarazi ondoko 12 hilabetean segitzea dagokien Gizarte Segurantzako araubidean alta emanda, bai eta ekonomia-jardueren gaineko zergan ere, halakoei loturiko enpresa-jarduera mantenduta.

Ez bada betetzen aurreko paragrafoan ezartzen den aldi osoa, bete ez denari dagokion laguntza-zati proportzionala itzuli beharko du onuradunak.

b) Men egitea egiaztapeneko eta finantza-kontroleko jarduketei, dirulaguntzen arloan indarra duen araudian xedatuaren arabera.

c) Jasotako funtsak itzultzea Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan adierazitako kasuetan; bereziki, dirulaguntza lortzen denean horretarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo hori eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz, edo Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako egiaztapen eta finantza-kontrolen aurrean jarkitzea, desenkusa, oztopoa edo ukoa agertzen denean.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako gainerako betebeharrak betetzea, aplikatzekoak direnean.

e) Dirulaguntzaren ezaugarriak direla eta, salbuespenez, onuradunak salbuetsita daude emandako dirulaguntzari publizitatea egiteko betebeharretik.

9. artikulua. Eskabideak ebazteko epea.

Eginiko eskabideen prozedurak ebazteko epea 10 egun baliodunekoa izanen da, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Administrazioaren isiltasuna negatiboa izanen da, baldin ebazpenik ematen ez bada ezarritako epean.

10. artikulua. Araubide juridikoa.

Ordenantza honetan arauturiko neurri bereziak honako hauen babespean onetsi dira: 3/2020 Foru Lege-dekretua, apirilaren 15ekoa, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko; 4/2020 Foru Lege-dekretua, apirilaren 29koa, aurrekoa aldatzen duena; 6/2020 Foru Legea, apirilaren 6koa, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko; 9/2020 Lege Dekretua, apirilaren 15ekoa, arlo sozialean eta ekonomikoan premiazko neurri osagarriak ezartzen dituena koronabirusak (COVID-19) eragindako egoerari aurre egiteko; 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa; eta aurrekontuak betearazteko aplikatzekoak diren oinarrietako 30. oinarria.

Ordenantza honek berariaz arautzen ez duen orotan, jarraikiko zaio aipatutako araudi orokorrean eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoari.

Faltzesen, 2020ko ekainaren 19an.–Alkatea, Sara Fernández Allo.

Iragarkiaren kodea: L2006359