143. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

137E/2020 EBAZPENA, ekainaren 15ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita hilabetez Babes Akustiko Bereziko Eremuen aldarrikapena, eta 2020-2024 aldiko Zaratari buruzko Ekintza Planen onespena (Iruñerriko hiri aglomerazioko zaratari buruzko mapa estrategikoaren lurralde eremuari dagozkionak).

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legearen 22. artikuluak hauxe ezartzen du: administrazio eskudunek kutsadura akustikoari buruzko ekintza planak prestatu eta onetsi behar dituztela, gutxienez hilabeteko epean jendaurrean egoteko tramitea pasatu eta gero, zaratari buruzko mapen lurralde eremuak kontuan hartuta.

Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak ekainaren 29an emandako 533E/2018 Ebazpenaren bidez, Iruñerriko hiri aglomerazioko zaratari buruzko mapa estrategikoa onetsi zen, Inguruneko zarataren ebaluazioari eta kudeaketari buruzko 2002ko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentarauaren hirugarren fasearen aplikazioari dagokiona.

Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren maiatzaren 27ko 296E/2019 ebazpenaren bidez, eguneratu ziren Iruñerriko hiri aglomerazioko zaratari buruzko mapa estrategikoko lurralde eremuak barnean hartzen dituen eremu akustikoetako mugaketa eta hiri garapen berrietan aplikatzekoak diren mugaketa akustikoak. Aipatutako mapa estrategikoa Inguruneko zarataren ebaluazioari eta kudeaketari buruzko 2002ko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentarauaren hirugarren fasearen aplikazioari dagokio.

Halaber, Zaratari buruzko Legeak ezartzen du administrazio eskudunek ekintza planak prestatuko dituztela, eremuen araberako berariazko planez osaturik, bateraezintasun akustikoaren eremuetan ingurumeneko hobekuntza akustikoa lortzeko pixkanaka, aplikatzekoak diren kalitate akustikoaren helburuak lortzera bideraturik eta bost urteko epean egin nahi diren jarduketak zehazturik.

Bateraezintasun akustikoaren eremuak dira urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak ezarritako kalitate akustikoaren helburuak gainditzen dituzten eremu urbanizatuak. Dekretu horrek Zaratari buruzko Legea garatzen du zonifikazio akustikoari, kalitate helburuei eta emisio akustikoei dagokienez.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, eremu horiek ez daudenean sartuta azpiegitura baten zortasun akustikoaren eremuaren barruan, babes akustiko bereziko eremu deklaratu beharko ditu administrazio publiko eskudunak.

Bestalde, Zaratari buruzko Legea ingurumeneko zarataren ebaluazio eta kudeaketaren arloan garatzen duen abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuaren 10. artikuluak ezartzen duenaren arabera, ekintza planek bidezkotzat jotzen diren neurri zehatzak jasoko dituzte, eta, horiek, muga balioak gaindituz gero gauzatu beharreko lehentasunezko ekintzak zehaztuko dituzte, edo administrazio horiek hautatutako beste irizpide batzuk. Zaratari buruzko mapa estrategikoetan ezarritako eremu nabarmenetan aplikatu beharko dira neurriak.

Horregatik, Iruñerriko hiri aglomerazioan atzeman diren bateraezintasun eremuak sailkatu dira, eta lehentasun irizpide bat aplikatu zaie. Irizpide hori alderdi eremu bakoitzak jasaten duen afekzio akustikoaren mailan oinarritzen da.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legearen 4. artikuluak ezartzen du autonomia erkidegoaren administrazioak duela eskumena eremu akustiko bat babes akustiko bereziko eremu deklaratzeko, baita kutsadura akustikoaren arloko ekintza plana prestatu, onetsi eta berrikusteko ere, zarataren mapa baten lurralde eremuaren barnean, baldin eta eremu horrek udal mugape bat gainditzen badu.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusirekin batera eta bateraezintasun akustikoko eremuak atzeman direneko udal-mugarteekin batera, zaratari buruzko ekintza planak prestatu ditu.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 36. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Babes Akustiko Bereziko Eremuen aldarrikapena eta 2020-2024 aldirako Zaratari buruzko Ekintza Planen onespena jendaurrean jartzea hilabetez, (Iruñerriko hiri aglomerazioko zaratari buruzko mapa estrategikoaren lurralde eremuari dagozkionak). Mapa horiek Inguruneko zarataren ebaluazioari eta kudeaketari buruzko 2002ko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentaraua aplikatzeko lehenengo faseari dagozkio.

Ondorio horietarako, Babes Akustiko Bereziko Eremuen eta 2020-2024 aldirako Zaratari buruzko Ekintza Planen proposamena, baita plan horiek prestatzeko lanen ondoriozko dokumentazio guztia ere, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan (González Tablas 9, Iruña) ikusten ahalko dira, bulegoko ordu baliodunetan, baita Interneten ere, Nafarroako Gobernuaren Atariaren orrian, helbide honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Ruido/Planes+de+accion.htm

Alegazioak Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzura zuzenduko dira, eta bide hauetako bat erabiliz aurkezten ahalko dira:

–Aurrez aurre: Nafarroako Gobernuaren erregistro bulegoetan.

–Telematika bidez: Nafarroako Atarian dagoen Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (www.nafarroa.eus).

–Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako gainontzeko bideetako edozein erabiliz.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Iruñerriko Mankomunitateko Eskualdeko Hiri Garraioaren Zerbitzuari; Lurralde Kohesiorako Departamentuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari; Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari; Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atalari; eta Antsoaingo, Aranguren ibarreko, Barañaingo, Beriaingo, Berriobeitiko, Berriozarko, Burlatako, Zizurko, Eguesibarko, Esteribarko, Ezkabarteko, Galar Zendeako, Uharteko, Noain Elortzibarko, Oltza Zendeako, Orkoiengo, Iruñeko, Atarrabiako eta Zizur Nagusiko udalei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko ekainaren 15ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F2006162