142. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

26/2020 EBAZPENA, otsailaren 10ekoa, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana. Honen bidez, unibertsitatez kanpoko ikastetxe publiko bakoitzeko zuzendaritzaren esku uzten da eskumena ikastetxearen funtzionamendurako beharrezkoak gertatzen diren gastu txikietarako obra, hornidura eta zerbitzu kontratuak egiteko, eta eskumen hori erabiltzeko prozedura ezartzen da.

Ikastetxe publikoek behar duten autonomia bermatzeko eta, aldi berean, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea gorde eta betetzeko, berriz ere arlo honetako eskumena aipatu ikastetxeei ematen zaie eskuordetzan, abenduaren 19ko 951/2018 Ebazpenaren bidez egin zen bezala.

Horrenbestez, Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzuaren txostena ikusita, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publiko bakoitzeko zuzendaritzaren esku uztea Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Legearen 8. xedapen gehigarriak zuzendari nagusiei ematen dien eskumena beren administrazio unitateen funtzionamendurako beharrezko gertatzen diren gastu txikiak baimentzeko, ikastetxearen kargurako baliabide finantzario eta materialak kudeatzeko aukera izan dezan.

2. Eskuordetzan emandako eskumena erabiltzeko prozedura:

2.1. Ikastetxearen gastu finkoak (energia elektrikoa, berokuntza, ura, garbiketa, kontserbazioa...) eta ikastetxearen funtzionamendu arrunterako bestelakoak ordaindu ondoren, ikastetxeak kudeaketa-funtsetako gerakinak erabiltzen ahalko ditu behar dituen obrak, hornidurak eta zerbitzuak kontratatzeko, baldin eta kontratazio zentralizatuaren programetan ez badaude.

2.2. Unibertsitatez kanpoko ikastetxe bateko zuzendariak ikastetxearen funtzionamendurako behar diren obrak, hornidurak eta zerbitzuak kontratatzen ahalko ditu, baldin eta kontratuaren zenbatekoak 5.000 euro (BEZa kanpo) gainditzen ez baditu, salbu gastua zentralizatuta badago edo hornidura- edo laguntza-enpresarekin atxikipen akordioa bada.

2.3. Kontratuak aurreko atalean ezarritako zenbatekoa gainditu bai baina 15.000,00 euro (BEZa kanpo) gainditzen ez baditu, Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiak berariazko baimena eman beharko du.

Horretarako, ikastetxeko zuzendariak datu hauek biltzen dituen agiria eginen du:

a) Kontratuaren xedearen deskribapena, gutxieneko betekizun teknikoak argi eta garbi adierazita.

b) Zer balorazio irizpideren arabera eginen den kontratuaren adjudikazioa, eta haien haztapena.

–Agiria kontratua egiteko gaitasuna duten hiru enpresa edo profesionali bidaliko zaie, gutxienez, epe jakin batean eskaintza aurkez dezaten. Ondasunaren izaeragatik nahikoa hornitzailerik ez badago, baldintza hau ez da bete beharko.

–Aurkeztutako eskaintzak ikusirik, eta aipatu agirian finkatutako irizpideen arabera baloraturik, ikastetxeko zuzendariak adjudikaziorako proposamen-txostena egin eta eskola kontseilura bidaliko du, hark onets dezan.

–Onespen hori lortuta, ikastetxeko zuzendariak Hezkuntza Departamentuarena eskuratu beharko du; horretarako, eskabidea eta espedienteko agiriak (aurreko tramiteen betearazpena frogatzeko agiri guztiak) aurkeztuko ditu.

Kontratuaren gaia kontuan hartuta, zerbitzu eskudunari bidaliko zaio eskaera, txosten teknikoa egin dezan kontratazioaren premiari buruz; Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera bidaliko du txostena, atalak txostena egin dezan ikastetxeak kontratazioa egiteko duen bideragarritasun ekonomikoari buruz.

3. Ikastetxeen kontratazio guztiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak kontratazioaren arloan duen araudia bete beharko dute.

Hezkuntza Departamentuak erabakitzen ahalko du berak egitea kontratazioa, komenigarritzat jotzen badu.

4. Ikasliburuak doan jasotzeko planaren kasuan, liburuen erosketak ez ditu aipatutako mugak izanen, eta araudi aplikagarrian xedatutakoa beteko du.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta adieraztea ebazpen honen ondorio juridikoak argitalpen-egunaren biharamunean hasiko direla.

6. Ebazpen hau igortzea Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzura, Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzura, Egoitzen eta Ikastetxeen Mantentze-lanetarako Atalera, Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalera, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Hornidura Bulegora, Erosketa Bulegora eta Ikastetxe Publikoak Finantzatzeko Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko otsailaren 10ean.–Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Begoña Unzué Vela.

Iragarkiaren kodea: F2006028