142. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

35E/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 9koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita “Europako eta Iberoamerikako filmak emateko laguntzen deialdia. Generazinema Emanaldia 2020” izeneko dirulaguntzaren deialdia. DDBN identifikazioa: 509724.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aurkeztutako txostenean eskatu du onets daitezela Europako eta Iberoamerikako filmak emateko laguntzen deialdia, “Generazinema Emanaldia 2020” izenekoa, eta hari dagozkion oinarri arautzaileak, horretarako 20.000 euroko gastua baimen dadila eta foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela; hori guztia, kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen baldintzak eta betebeharrak, eta ikusirik espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onartzea Europako eta Iberoamerikako filmak emateko “Generazinema Emanaldia 2020” izeneko laguntzen deialdia.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten den gastua baimendu da:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2540-4709-334102: Generazinema: Zinemagintzarako laguntzak

2020

20.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko ekainaren 9an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, Europako eta Iberoamerikako filmak emateko “Generazinema Emanaldia 2020” izeneko laguntzen deialdiarenak

1.–Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio-eremua.

1.1. Deialdi honek filmen kopiak eskuratzeko laguntzak arautzen ditu, norgehiagokako araubidean, zinema areto pribatuek edota modu pribatuan kudeatzen diren zinema aretoek eskura ditzaten Europako eta Iberoamerikako filmen kopiak, jatorrizko herrialdean duela bi urte baino gutxiago estreinatutakoak.

Deialdi honen ondorioetarako, film bat Europakoa dela joko da baldin eta hura ekoitzi duen konpainia –edo konpainia gehienak, bat baino gehiago badira– kokatuta badago Europa Creativa (sormenezko Europa) programaren Media azpiprograman parte hartzen duten estatuetan. Bestalde, film bat Iberoamerikakoa dela joko da baldin eta hura ekoitzi duen konpainia –edo konpainia gehienak, bat baino gehiago badira– Iberoamerikako estatuetan kokatuta badago.

Laguntzen deialdi honetatik kanpo geratzen dira film publizitarioak, pornografikoak edo arrazakeriaren edo indarkeriaren apologia egiten dutenak.

1.2. Deialdi honen xedeko jarduerak 2020ko urtarrilaren 1etik 2020ko irailaren 30era bitarte eginen dira, biak barne.

1.3. Deialdi honetan, bi laguntza modalitate daude:

–A) modalitatea: gehienez ere hiru pantaila dituzten aretoentzako laguntza. Kasu honetan, laguntzak jaso ahal izateko, Europako eta Iberoamerikako filmek aretoko programazioaren %35 baino gehiago hartu behar dute, aurreko puntuan adierazitako epean.

–B) modalitatea: hiru pantaila baino gehiago dituzten aretoentzako laguntza. Kasu honetan, laguntzak jaso ahal izateko, Europako eta Iberoamerikako filmek aretoko programazioaren %50 baino gehiago hartu behar dute, aurreko puntuan adierazitako epean.

1.4. Eskatzaile bera areto bat baino gehiagoren titularra baldin bada, laguntza eskaera bat aurkeztu beharko du sala bakoitzeko.

2.–Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

2.1. Baldintza hauek betetzen dituzten pertsonak edo entitateak izan daitezke dirulaguntzen onuradun:

a) Pertsona fisikoak, Nafarroako Foru Komunitatekoak direnak edo gutxienez 2020ko urtarrilaren 1etik Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturik daudenak.

b) Merkataritzako sozietateak, sozietate zibilak, ondasun erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, nortasun juridikorik gabea.

Eskatzaileek, sozietatearen helburuen artean edo estatutuen araberako xede edo helburu sozialen artean, honako hauek izan beharko dituzte: zinemagintzako emanaldiak egitea; zinema areto bat edo batzuk kudeatzea, jendeari irekita daudenak, gutxienez ere, 2020ko urtarrilaren 1etik, eta txarteldegia nahiz diru sarreren aitorpena egiteko sistema dutenak; eta inskribaturik egotea Kultura Ministerioaren Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren (ICAA) Zinematografiako eta Ikus-entzunezko Enpresen Administrazio Erregistroan.

2.2. Aurreko apartatuan aipatutako pertsona edo entitateek alta emanik egon behar dute, eskaera aurkezteko unean, oinarri hauen 4.3 puntuan aipatutako ekonomia jardueren gaineko zergaren epigrafeetako batean.

2.3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2.4. Onuradun izateko ezinbestekoa da eskatzailea ez egotea zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez egotea zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

2.5. Laguntza hauetatik propio baztertzen dira honako hauek:

a) Toki entitateak, beren erakunde autonomoak eta nagusiki Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateen partaidetza duten enpresa publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Nafarroako Gobernuaren 2019ko aurrekontuetan partida izenduna duten entitateak.

c) Ikastetxeak edo arte irakaskuntzetako zentroak, eskolak eta/edo akademiak.

d) Irabazi-asmorik gabeko elkarteak, fundazioak eta entitateak, sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, lanbide elkargoak eta elkarte profesionalak.

3.–Deialdiaren diru kopurua eta laguntzen zenbatekoa.

3.1. Deialdi honek, guztira, 20.000 euroko diru kopurua izanen du, 2020. urterako onetsitako aurrekontuaren A20002 A2540 4709 334102 partidaren kargura, “Generazinema: Zinemagintzarako laguntzak” izenekoa.

3.2. Modalitateka, aurrekontua honela banatuko da:

A) modalitatea, gehienez ere hiru pantaila dituzten aretoentzako laguntza: 10.000 euro.

B) modalitatea, hiru pantaila baino gehiago dituzten aretoentzako laguntza: 10.000 euro.

3.3. Laguntzen zenbatekoak 3.2 puntuan adierazitako muga izanen du, eta areto berak ezin izanen ditu 5.000 euro baino gehiago jaso.

3.4. Onartzen den aurrekontua kalkulatzeko, aurkezten den aurrekontuari honako diru kopuru hauek kenduko zaizkio: batetik, BEZa, entitate eskatzaileentzat berreskuratzeko modukoa bada, eta, kasua bada, balorazio batzordearen ustez, proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren edo deialdiaren xedekoak ez diren jarduerei dagozkien diru kopuruak, edo deialdi honen 5. oinarriaren arabera diruz lagungarriak ez diren gastuei dagozkien diru kopuruak.

3.5. A modalitaterako gordetako kreditua agortzen ez bada, modalitate horretan gelditzen den soberakina B modalitatera igaroko da. B modalitaterako gordetako kreditua agortzen ez bada, modalitate horretan gelditzen den soberakina A modalitatera igaroko da.

4.–Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

4.1. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.2. Eskaerak honela aurkeztuko dira:

Pertsona juridikoen kasuan, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (www.nafarroa.eus). Identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo NAN-PINa eduki beharko da.

Kasu horretan, eskabidea aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskabidea geroago aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

Pertsona fisikoen kasuan, ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre, Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz. Azken kasu horretan, eskabideari erantsiko zaion dokumentazioa formatu digitalean aurkeztu beharko da (diskoa edo USBa).

Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta tramiteen katalogoan egonen dira eskuragarri (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

4.3. Eskaera egiteko berariazko inprimakiarekin batera (I. eranskina), honako hauek aurkeztu behar dira, agiri bereizitan eta behar bezala identifikatuak:

a) Frogagiria, egoki den udalak emana, zeinaren bidez frogatzen baita eskatzailea, eskaera aurkezteko unean, alta emanik dagoela ekonomia jardueren gaineko zergaren (EJZ) 1. sekzioko 963 taldeko epigrafeetako batean (zinemagintzako filmak eta bideoak ematea).

b) Profesionala edo enpresa den kontuan hartuta, agiri hauetako bat:

–Pertsona fisikoak, ondasun komunitateak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate izanez gero: nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia –edo, hala bada, nortasun txartelarena– eta pertsonaren edo pertsonen, parte-hartzaileen edo bazkideen identifikazio fiskaleko zenbakia.

–Merkataritza sozietateen forma juridikorik hartzen ez duten eta nortasun juridikoa duten sozietate zibilak izanez gero: sozietatearen kontratuaren kopia eta identifikazio fiskaleko kodearena.

–Merkataritza sozietateen kasuan: eraketaren edo, hala denean, aldaketaren eskrituraren kopia, estatutuena, Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioarena eta identifikazio fiskaleko kodearena.

c) Proiektuaren deskripzio memoria, II. eranskinean ezarritakoaren arabera.

d) Aurrekontu ekonomiko xehatua, III. eranskinean xedatutakoaren arabera. Nahitaezkoa da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru sarrerak berdinduta izatea.

e) Eskabidea telematika bidez bidali ez bada, aurreko guztiaren kopia digitala.

4.4. Kultura Zuzendaritza Nagusiaren beste deialdi batzuetan parte hartu duten entitate eskatzaileek ez dituzte aurkeztu beharko sozietatearen estatutuak eta eskriturak, baldin eta haietan aldaketarik izan ez bada.

4.5. Baldin dirulaguntza-eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez, hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, ebazpena eman ondoren, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

4.6. Prozesuan noiznahi ere, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

4.7. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak, funsgabeak direnak edo ausartegiak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

5.–Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, deialdian ezarritako epean egiten badira. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Deialdi honen ondorioetarako, gastu diruz lagungarritzat joko dira, bakar-bakarrik, Europako edo Iberoamerikako filmen kopiak alokatzeko gastuak.

5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ekipamendu ondasunen, ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak.

b) 5.1 puntuan adierazitako arloei ezin egotz dakizkiekeen gastu kontzeptuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztuta ez dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, baita antzeko beste zerga batzuk ere, entitateak berreskura ditzakeenak.

6.–Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Eskaerak tramitatzeko ardura duen organoa Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atala da. Norgehiagokako araubidearen bidez eginen da deialdia.

6.2. Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak aztertuko du deialdian onartua izateko betebeharrei buruzko dokumentazioa. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 4.5 puntuan zuzenketa egiteko adierazten dena eginen da.

6.3. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak proiektuak baloratuko ditu, bat etorriz 8. puntuan ezarritako irizpideekin, eta deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du. Ebaluatuko dira, bakar-bakarrik, oinarrietako 1.3 puntuko gutxieneko programazio ehunekoak betetzen dituzten eskaerak.

Kultur Ekintza Zerbitzuak eskaturik, kanpoko adituengana jotzen ahalko da, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzearren.

7.–Beste dirulaguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak bateragarriak dira helburu bera duten beste dirulaguntza batzuekin, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Gainfinantzaketa gertatzen bada, dirulaguntzaren zenbatekoa gutxituko da behar den gehieneko diru-mugaraino.

8.–Proiektuen balorazioa.

8.1. Baloratzeko irizpideak hauek izanen dira:

a) Europako film bat gaztelaniaz ematen den bakoitzeko, edo jatorrizko bertsioan eta gaztelaniazko azpitituluekin: 10 puntu.

b) Iberoamerikako film bat ematen den bakoitzeko: 10 puntu.

c) Film bat jatorrizko bertsioan –euskaraz– ematen den bakoitzeko: 8 puntu.

d) Film bat jatorrizko bertsioan –gaztelaniaz bestelako hizkuntza batean eta gaztelaniaz bikoiztuta– ematen den bakoitzeko: 6 puntu.

e) Film bat jatorrizko bertsioan –gaztelaniaz bestelako hizkuntza batean eta euskaraz bikoiztuta edo azpitituluekin– ematen den bakoitzeko: 5 puntu.

8.2. Eskatzaile bakoitzaren puntuazioa kalkulatzeko, aurreko puntuko irizpideen arabera lortutako puntuazio guztiak batuko dira.

8.3. Laguntzak emateko, laguntzen deialdi honetan erabiliko den guztizko zenbateko maximoa hainbanatuko da dirulaguntzaren onuradunen artean, bat etorriz Nafarroako Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 17.1 puntuan ezarritakoarekin. 3. artikuluko zuzkidura proportzionalki banatuko da zinema aretoen artean (modalitateka), lortutako puntuazioa kontuan izanik, harik eta esleitutako baliabideak agortu arte. Eskatzaile bakoitzari esleituko zaion zenbatekoa kalkulatzeko, lortu duen guztizko puntuazioa bider bere modalitateko guztizko zenbatekoa eginen da, eta, ondoren, horren biderkadura zati eskatzaile guztien puntuazioen batura.

8.4. Proiektu bakoitzerako laguntza ez da inola ere izanen oinarri hauen 3.2 eta 3.3 puntuetan ezarritako kopurutik gorakoa.

8.5. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

9.–Laguntza emateko ebazpena.

9.1. Laguntzak emateko Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpena emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaera bakoitza jaso eta biharamunetik hasita. Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

9.2. Ebazpena eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio bakoitzak eskabide-orrian adierazten duen helbide elektronikoaren bidez, eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian jakitera emanen da (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

9.3. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legerian xedatuari jarraikiz.

9.4. Ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

10.–Onuradunek bete beharrekoak.

Onuradunek betebehar hauek dituzte:

10.1. Emandako laguntza onartzea. Baldin eta dirulaguntza ematen dela jakinarazten den egunetik hasita hamabost laneguneko epean onuradun ateratzen den pertsonak ez badio berariaz eta idatziz uko egiten, ulertuko da laguntza onartzen duela.

10.2. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean telematikoki aurkeztu beharko da (salbu eta pertsona fisikoen kasuan) dirulaguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz (dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen ditu).

Aitorpen eredua eta aginduzko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/, edo deialdi hau kudeatzen duen Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalaren bidez.

Izan daitezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

10.3. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den programarako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak beteko dira.

10.4. Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin den.

10.5. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalari idatziz jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean berean, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu. Proiektuan edozein aldaketa egiteko Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da, eta horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak funtsean aldatzen ez badu onetsitako proiektua.

10.6. Nafarroako Gobernuak emandako dirulaguntza argi eta berariaz aipatzea honako euskarri hauetan, hura emateko ebazpena argitaratzen den egunetik aurrera: katalogoetan, egitarauetan, karteletan, argazkietan eta prestatzen den gainerako material grafiko eta entzunezkoan. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute, aurretik honako testu hau idatzita: “Con la ayuda de/Laguntzaile”. Logotipoa jartzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuko Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuan (Argitalpen Atala) kontsulta daitezke, helbide elektroniko honetan: publicaciones@navarra.es.

Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldaketa eginen da, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartuko, aurreko apartatuko baldintzei jarraituz.

10.7. Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak proiektua gauzatu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak onartzea.

10.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

10.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak eduki beharko dira, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan. Halaber, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak eduki beharko dira.

10.10. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordeko dira, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

10.11. Proiektua bukatutakoan, ebaluazio txosten bat aurkeztea. Txosten horretan, proiektuaren betetze maila zein den adieraziko du, eta egindako jarduerari buruzko memoria txertatuko du.

10.12. Kudeaketa lanean konpromiso etikoa begiratzearren, eskatzaileak konpromisoa hartu beharko du jardun egokiak izateko diruz laguntzen den jardueraren garapenean, bereziki lan eskubide eta betebehar oinarrizkoen esparruan.

10.13. Proiektuko informazioaren osagarri, eskatzaileak generoari buruzko memoria bat erantsiko du, helburu izanen duena ezagutzea zein den Nafarroako kultura sektorearen errealitatea genero-ikuspegitik. Horretarako, datu hauek bilduko dira:

–Entitatearen egitura: sexuaren araberako banaketa zuzendaritza organoetan eta masa sozialean.

–Programatutako filmetatik zenbatek duten emakumezkoa zuzendari, eta guztizkoaren aldean ehuneko zenbat diren.

10.14. Hitz ematea ez duela hizkera edo irudi sexistarik erabiliko inolako publizitate edo informazio euskarritan. Halaber, egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa izanen da (horretarako, honako lan hau kontsulta daiteke: “La Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad”, helbide honetan dagoena: http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf).

11.–Ordainketa, justifikatzeko epea eta modua.

11.1. Laguntzak ordainduko dira onuradunak jarduera diruz lagundua gauzatu duela frogatu ondoren. 2020ko urriaren 31ra arte du frogatzeko, hura barne. Justifikazio hori proiektua bukatutakoan egin beharko da. Horretarako, onuradunak dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

a) Egindako jardueraren azalpen memoria, proiektuaren betetze mailaren ebaluazioa dakarrena.

b) Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien fakturen zerrenda, zenbakiz zenbaki, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena; IFK; fakturaren kontzeptua, zenbakia eta data; guztirako zenbatekoa (zerga-oinarria eta BEZa zehaztuta, eta kontuan hartuta dirulaguntzatik kanpo dagoela balio erantsiaren gaineko zerga, eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu dezakeen zatian, bai eta antzeko beste zerga batzuk ere, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak); eta ordainketaren data. Zerrenda Excel formatuan igorriko da.

c) Jatorrizko fakturak edo horien fotokopia konpultsatuak, egindako gastuak justifikatzeko eta dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzeko; eta egindako ordainketen frogagiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzeko. 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste dokumentu batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.

d) Faktura horiek deialdiaren 1. oinarrian ezarritako epeetan emanak izan beharko dira, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Kanpo gelditzen dira, berariaz, ordainagiriak, aurrekontuak eta albaranak. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna, lana eta/edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.

e) Emanaldien txostenaren kopia, ICAAri igorritakoa, diruz lagundutako kopiei buruzkoa.

f) Generoari buruzko memoria, honako datu hauek jasoko dituena:

–Entitatearen egitura: sexuaren araberako banaketa zuzendaritza organoetan eta masa sozialean.

–Proiektuko filmetatik zenbatek duten zuzendari emakumezkoa, eta programazioaren guztizkoaren aldean ehuneko zenbat diren.

g) Xede bera helburu duten beste laguntza batzuen zerrenda.

11.2. 2020ko urtarrilaren 1etik 2020ko irailaren 30era bitartean egindako gastuen ordainagiriak onartuko dira.

11.3. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntzak kobratzeko eskubidea.

11.4. Baldin, amaierako justifikazioaren ondotik, onuradunak ez baditu betetzen 1.3 oinarrian ezarritako gutxieneko baldintzak, ez-betetzea gertatu dela joko da, eta, horrenbestez, emandako laguntza galduko du.

11.5. Baldin, amaierako justifikazioaren ondotik, onuradunak behar baino emanaldi gutxiago egin baditu edo puntuazio txikiagoa lortzea ekar lekiokeen emanaldi kopurua egin badu, laguntza berriz kalkulatuko da, kontuan izanik zer puntuazio lortuko zukeen egiazki egin dituen emanaldiengatik.

11.6. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

12.–Dirua itzultzea.

Onuradunak programa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

13.–Arau-hausteak eta zehapenak.

13.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

13.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan ezarritakoa izanen da.

14.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

15.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

ERANSKINAK

I. eranskina.–Eskabide eredua(PDFa).

II. eranskina.–Proiektuaren deskripzio-memoria(Excela).

III. eranskina.–Aurrekontu ekonomikoa(Excela).

Iragarkiaren kodea: F2005884