140. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

562/2020 EBAZPENA, ekainaren 16koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako II., III., IV. eta V. eskualdeetan gaitz fitosanitario orokorrak daudela deklaratzen duena.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 16ko 222/2016 Foru Aginduaren bidez, sua lurzoru urbanizaezinean nola erabili arautzen da, baso-suteak prebenitzeko.

Aipatu foru aginduaren II. kapituluak salbuespeneko baimenak jasotzen ditu sua nekazaritza eta baso lurretan erabiltzeko.

6.1 artikuluak lehen puntuan ezartzen du ezen Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiak berariaz eta jendaurrean deklaratzen badu gaitz fitosanitario orokorrak daudela Nafarroako nekazaritzako lurretan, uztondoak erre daitezkeela nekazaritzako lurretan baimen espezifikorik izan gabe.

Nafarroako Nekazaritzako Teknologien eta Azpiegituren Institutuak, Nekazaritza Zerbitzuak eskatuta, txosten bat egin du, eta bertan zehaztu zer gaitz fitosanitario diren zereal-kanpaina honetan (uztaldia hastear da). Gaitz horietako batzuentzat, sua erabiltzea da konponbide egokia, nahiz agronomiako beste praktika batzuekin osatu beharko den; izan ere, gai fitosanitarioen erabilera masiboak ez ditu gaitz horiek sendatzen eta inpaktu negatiboa sortzen du ingurumenean, eta arriskutsuak izan daitezke elikagaien segurtasunaren aldetik eta erabiltzailearentzat berarentzat ere; horrez gain, organismo kaltegarriak erresistenteago bihur ditzake fitosanitarioekiko.

Gaur egun efektu hori nabarmenagoa da, zerealen laborantzan fungizida, helizida, intsektizida eta herbizida gutxiago erabiltzen direlako; azpimarratzekoa da clorpirifos eta prosulfocarb debekatuta daudela, besteak beste.

Galondoa erretzea erabat eraginkorra da lastoa lurrazalean uzten denean. Izan ere, moztutako zurtoinekin batera galondoa erretzen denean, behar den tenperatura lortzen da hazi eta organismo kaltegarriak suntsitzeko. Hori gertatzeko, nekazariak planifikatu behar du lastoa ez dela bilduko; horretarako, behar bezain goiz jakin behar du erre ahalko duen.

Egoera fitosanitarioa ezaguna da, INTIAk landan egiaztatu baitu; beraz, bidezkoa da gaitz horiek deklaratzea, ustiategiek hartu behar diren neurriak kudeatu ahal ditzaten lehenbailehen.

Bestetik, COVID-19k Espainian eta nazioartean eragindako osasun publikoko larrialdia dela-eta, eta Alarma, Salbuespen eta Setio Egoerei buruzko ekainaren 1eko 4/1981 Lege Organikoan xedatutakoaren babesean (4. artikuluko b) eta d) apartatuak), Gobernuak alarma-egoera deklaratu zuen Espainiako lurralde osoan (martxoaren 14ko 463/2020 Errege-dekretua), osasun krisiari aurre egiteko, eta sei aldiz luzatu da alarma-egoera; azkena, ekainaren 5eko 555/2020 Errege-dekretuaren bidez, COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege-dekretuak deklaratutako alarma-egoera luzatzen baitu, ekainaren 7ko 00:00etatik ekainaren 21eko 00:00ak arte, arau horretan adierazitako baldintzetan.

Hortaz, gaitz fitosanitarioen deklarazio hau egungo osasun publikoko larrialdian kokatzen da, COVID-19k ondorio larriak baititu herritar eta gizarteentzat.

Horri dagokionez, maiatzaren 22ko 537/2020 Errege-dekretuak xedapen indargabetzaile bakarraren 2. puntuan ahalbidetzen du prozedura honen tramitazioarekin jarraitzea, martxoaren 14ko 463/2020 Errege-dekretuaren hirugarren xedapen gehigarria indargabetzen baitu; izan ere, indargabetutako xedapenak epe administratiboen etetea deklaratu zuen sektore publikoko entitateek izapidetutako prozeduretan.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako II., III., IV. eta V. eskualdeetan gaitz fitosanitario orokorrak daudela deklaratzea, bidezko egiten dutenak uztondoak erretzea neurri egoki gisa, nekazariek laborantzan erabili beharko dituzten beste praktika batzuen osagarri.

2. Uztondoen erreketa ekainaren 16ko 222/2016 Foru Aginduan (2016ko 128. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 4koa) eta horri buruz Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak onesten dituen arauetan xedatutakoaren arabera eginen da.

3. Ebazpen honen aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita edo alarma-egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunetik hasita, aurrekoaren ondotik gertatzen bada.

Interesdunak administrazio publikoak badira, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, eskumena duen jurisdikzio-ordenari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

4. Ebazpen hau Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusira igortzea.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko ekainaren 16an.–Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F2006140