140. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EULATE

Ordenantza, Bide publikoen erabilera eta landa-lurreko finketako sarbidea arautzen dituena. Behin betiko onespena

Eulateko Udalak, 2020ko otsailaren 11n egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Eulateko Bide publikoen erabilera eta landa-lurreko finketako sarbidea arautzen dituen ordenantza, kontsulta publikoa aldez aurretik eginda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133. artikuluan xedatua betetzeko.

Hasierako onespenaren erabakia 2020ko 38. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 25ean, eta jendaurreko epean inork ez duenez alegaziorik aurkeztu, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Eulaten, 2020ko ekainaren 4an.–Alkatea, María Idoya Martínez de La Hidalga Jáuregui.

ORDENANTZA, BIDE PUBLIKOEN ERABILERA ETA LANDA-LURREKO FINKETAKO SARBIDEA ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Xedea.

Eulateko udal-mugartean, bide publikoetarako arauak ezartzea du xede ordenantza honek.

Araudi ezak eta bide publikoetan izandako gehiegikeriak eta erabilera txarrak ekarri dute erregulazioa; izan ere, Udalaren betebeharra da haien kontserbazio egokia.

2. artikulua. Definizioak eta bide motak.

Bide publikoak dira jende, ibilgailu eta animalien joan-etorrietarako lur publikoak, baita haien inguruko eremuak ere, ura garraiatzeko edo beste xedeetarako erabiltzen direnak, hala nola, aparkaleku eta abarretarako, landa-lurrean.

Ordenantza honi dagokionez, honela sailkatzen dira bide publikoak:

a) Lurzatien berrantolamenduko bideak: lurzatiak berrantolatzeko prozesuen ondorioz sortzen direnak; harea eta legar trinkotuaz eginak dira eta dagokien planimetrian agertzen dira.

b) Mendiko bideak: arboladietara edo larreetara iristeko sarbideak, haiek zaindu, kontserbatu eta ustiatzeko direnak.

c) Gainerako bideak: udal-mugarteko beste bideak, zolan lurra dutenak eta planimetrian agertzen direnak, baita lurzatiak berrantolatzeko prozesuetan sartu ez direnak, edo sartuak izanik exekutatu ez direnak.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza hau Eulateko udal-mugarteko bide publiko guztietan aplikatuko da, baita areka eta gainerako azpiegituretan ere, ibilgailuak bideetan ibiltzeko behar badira.

4. artikulua. Erabilera onartuak.

Bideak erabiltzea baimentzen zaie udalerrian finkatutako nekazaritza, abeltzaintza, ehiza eta oihangintza jardueretan baliatzen diren ibilgailuei eta jardunean dauden instituzio publikoen ibilgailuei, ordenantza honetan ezarritako mugak kontuan hartuta.

Behar diren mugak ezartzen ahal zaizkio ibilgailu motordunen pisuari; batez ere, lurzoruaren egoera, ur bideen gaineko pasabideak eta drainatzeko azpiegiturak kontuan hartuta. Kasu bakoitzean, gehieneko tona kopuru bat ezarriko da.

Hezetasunagatik eta lurzoruaren egoeragatik, mugatu daiteke bideak zer sasoitan erabili, ez daitezen hondoratu eta desegin.

Aurreko mugak aldi bakoitzean ezarriko dira, Udalaren iragarki-taulan argitaratuko den Udalburutzaren ebazpenaren bidez.

Asfaltozko eta hormigoizko bideak erabiltzea baimentzen da, berariaz mugatu ezean.

5. artikulua. Baimentzen ahal diren erabilerak.

Bideak erabiltzea baimentzen ahal zaie aurreko artikuluan jasotzen ez diren ibilgailu motordunei (turismoak, mendiko ibilgailuak, motorrak etab.), Eulaten finkatuta ez egonik, nekazaritza, abeltzaintza, ehiza eta oihangintza jardueretan baliatzen diren ibilgailuei edo beste jarduera batzuetan erabiltzen direnei.

Eulateko Udalak emanen ditu baimenak, Udalburutzaren ebazpenaren bidez, Udalak aldeko txostena eman ondoren, bidezkoa den kasuetan. Alde horretatik, baimena eskatu behar duenak dagokion udal eskabidea bete beharko du, betiere zehazturik zergatik eskatzen den baimena eta joan-etorriak egiteko zein bide publiko erabiliko d(it)uen maizenik.

Baimenak denbora tarte jakin baterako edo mugagabekoak izan daitezke, eta bertan ibilgailu baimenduaren matrikula agertu beharko da. Baimena ibilgailu horretan eraman beharko da, erakutsi ahal izateko agintaritza eskudunak eskatuta.

Nolanahi ere, ebazpen arrazoituaren bidez, baimena eskatu duenari eskatzen ahalko zaio fidantza edo abal bat pausatzeko; Udalak bideen gain zenbatesten duen arriskuaren arabera kalkulatuko du, eta itzuliko da, bidea lehengoratu eta kalterik gabe dela egiaztatzen denean.

6. artikulua. Erabilera debekatuak.

Bide publikoen azpiegituretan, erabilera hauek debekatuta daude espresuki:

a) Ez errespetatzea bideetan ibiltzen diren ibilgailuen pisuari edo tamainari ezarritako mugak.

b) Areka eta bideak lantzea.

c) Lurzatiak lantzen direnean, nekazaritzako makineriarekin bidera ateratzea itzulia egitera, horretarako espresuki ezarritako tokitik ez bada.

d) Nekazaritza-lanetan ezponden ondo-ondoan aritzea, lubetaren lurra erauzteraino. Gutxienez, 30 zentimetro utzi beharko dira ezpondatik.

e) Arbolak landatzea edo finken itxiturak egitea, bidearen kanpoko ertzetik hiru metroko zortasun eremua gorde gabe, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 111.2 artikuluan xedatutakoaren arabera (foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

f) Lasto metak eratzea areketatik, finken sarreretatik eta bideetatik 5 metro baino gutxiagora, lurzoru urbanizaezinean suaren erabilera arautzen duen araudiak ezarritakoa galarazi gabe.

g) Harriak eta nekazaritzako hondakinak (lastoa etab.) botatzea bide, areka edo erretenetara.

h) Bideetako areka eta hustubideak betetzea edo haietara lurra botatzea, haietatik hurbil nekazaritzako lanak egitean edo finkan sartzean, edo beste edozein inguruabar dela eta.

i) Nekazaritzako lurzatietako euri-uren azaleko saneamenduak beste bide edo lurzatietako sarbideetara ateratzea, zuzenean erretenetara eraman behar baitira.

j) Hodiak tapatzea, areka gaineko pasabideak barne.

k) Nekazaritzako hondakinak (lastoa, etab.) bide, areka edo erretenetan erretzea.

l) Bideetako zola kaltetzen duten lanabesak edo bestelako makineriak garraiatzea.

m) Udal-mugarteko bide publikoetan jende, ibilgailu eta abarren joan-etorria erabat edo parte batean trabatzea.

ñ) Espresuki debekaturik gelditzen dira lehiaketak eta lasterketak, bai eta paseoan dabiltzanentzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat eta basa-faunarentzat arriskugarri gerta daitezkeen gidatzeko manera muturreko guztiak. Salbuespen gisa, Udalak baimena ematen ahalko du lehiaketa ofizialak eta taldeka eta ibilgailu motordunetan antolatzen diren jarduera turistikoak egiteko.

o) Lasto fardelen zamalanak bidetik egitea, lurzatiaren barrenean egin behar baitira.

p) Erretenak lantzea edo hondatzea.

q) Ureztatzeko uraren eta aspertsoreen erabilera. Bidearen ertzetik gutxienez metro batera jarriko dira finkan; ura perimetro guztian finka barrenera botako dute. Ureztatzea dela eta ur gehiegi botatzen bada bideetara, falta astun gisa zehatuko da.

Euri bortitzeko egunetan komeni da bideak ahalik eta gutxiena erabiltzea.

Erabilera debekatu horietako edozeinen ondorioz Udalari sortzen zaion gastua arau-hausleari egotziko zaio.

7. artikulua. Mugatze eta debekuen salbuespenak.

Udalak salbuespenak ezartzen ahalko ditu, interes publikoa tartean denean.

8. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

Hauek dira finken erabiltzaile eta/edo jabeen betebeharrak:

a) Finketara sartzeko areka gaineko pasabideak jarri, aldatu edo handitzeko, Udalari baimena eskatu beharko zaio eta hura eskuratu.

Eragiketa hauek partikularraren kontura eginen dira; hodiak jarriko dira, 50 cm-ko diametrokoak, gutxienez. Non ez dagoen diametro horretako hodiak paratzerik erretenaren sakoneragatik; kasu horietan, Udaleko teknikariek erabakiko dute zein den paratu beharreko hodiaren diametroa, partikularrak eskarian zehaztu ondoren hura aldatzeko edo oztopo hori dagoela. Hodien ahoak hormigoiz zuzen bildu beharko dira. Lurzatietako sarbideak zenbateko zama jasoko duten kontuan izanda eginen dira, eta 6 metro zabal izanen dira, gutxienez.

Jabeak, sarbidea egindakoan, Udalari jakinaraziko dio, ikuskatu eta oniritzia eman diezaion.

Areka gaineko pasabideak urari igarotzea galarazten badio eta bidea hondatzen badu, lurzatiaren jabeak edo baimenaren eskatzaileak sarbidea egokitu beharko du eta, bidea hondatu bada, bere kontura konpondu.

Udalaren baimenik gabe eta arau honen aurka areka gaineko pasabidea eginez gero, ohartaraziko da 15 eguneko epean legeztatu dadin. Ez bada epe horretan legeztatzen, Udalak desegiteko aginduko du eta gastuak partikularrari egotziko zaizkio.

b) Finketako areka gaineko pasabideak garbi mantentzea, ura aise pasa dadin. Erabiltzaileak edo jabeak ez badu garbitzen, Udalak eginen du eta gastuak arau-hausleari egotziko dizkio.

c) Oro har, bide guztietan barna ibiltzeko, gehieneko abiadura 20 kilometro/ordua da, hiru ardatzeko edo gehiagoko ibilgailuendako, eta 30 kilometro/ordua, gainerako ibilgailuendako.

Nolanahi ere, abiadura behar adina mantsotu beharko da tarte maldatsu eta arriskutsuetan, ibilgailu bereziak, ibilgailu motelak eta animalia taldeak hurbiltzen direnean, eta aske dabilen aziendaren eta oinezkoen ondoan, istripurik eta trabarik izan ez dadin, are gehiago idorraldietan, hautsa metatzen baita, bideetako goiko geruza desagertu ez dadin. Bide horietan ezartzen diren trafiko seinaleak errespetatuko dira beti. Beti dute lehentasuna nekazaritza, abeltzaintza eta oihangintzako ibilgailuek eta, haien artean, karga gehien daramanak.

Ibilgailu mota guztiendako, gehienez baimentzen den pisua 20 Tm da.

Behar puntualak direla-eta beharrezkoa bada pisu gehiagoko ibilgailuren bat pasatzea, jabeak lizentzia eskatu beharko dio Udalari, eta honek egokia iruditzen zaiona erabakiko du, edo ukatzen ahalko du, bideetan egiten ahal diren kalteak direla-eta.

Udalak beste muga batzuk ezartzen ahalko ditu, eguraldia, bidearen egoera eta abar kontuan hartuta.

d) Bide bat konpondu, moldatu edo egokitu ondoan, bide publiko horretatik beren lurzatietako sarbide desegokiak dauzkaten edo sarbide horiek trabaturik edo hautsirik dituzten jabe guztiek hilabeteko epea izanen dute haiek konpontzeko.

9. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.

Erabiltzaileek beren gain izanen dute ordenantza honetan aipatzen diren arauak ez betetzeagatik pistetan egiten dituzten kalteen erantzukizuna.

10. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-hausteak dira, indarrean diren xedapenetan ezarritakoez gain, ordenantza honetan xedatutakoa urratzea, Udalak idatziz edo bandoen bitartez agindutakoa ez betetzea, eta ordenantza honetan ezarritako baimenak ez eskatzea.

Arau-hausteak arinak edo astunak izan daitezke.

10.1. Arau-hauste arinak: oro har, arau-hauste arintzat hartuko da ordenantza honetan xedatua hausten duen zerbait egitea edo ez egitea, edo, Udal honek bandoen eta ebazpenen bidez idatziz ematen dituen aginduen kontra doana, baita ordenantza honetan aurreikusten diren baimenak ez eskatzea ere, betiere ez badira berariaz arau-hauste astuntzat hartzen.

10.2. Arau-hauste astunak:

Hona hemen arau-hauste astunak:

a) Bide baten ezaugarriak aldatzea. Planimetria berariazkoan islaturik gelditzen diren bezala.

b) Bide publikoetan aginduzko baimenik gabe zirkulatzea, ordenantza honen arabera hura eramatea beharrezkoa bada.

c) Areka eta bideak lantzea.

d) Nekazaritza-lanetan ezponden ondo-ondoan aritzea, lubetaren lurra erauzteraino.

e) Finken itxituretan zuhaitzak landatzea edo itxiturak egitea, hiru metroko zortasun eremua errespetatu gabe, kanpo ertzetik neurtuta.

f) Harriak eta nekazaritzako hondakinak (lastoa etab.) botatzea bide, areka edo erretenetara.

g) Bideetako areka eta hustubideak betetzea edo haietara lurra botatzea, haietatik hurbil nekazaritzako lanak egitean edo finkan sartzean, edo beste edozein inguruabar dela eta.

h) Nekazaritzako lurzatietako euri-uren azaleko saneamenduak beste bide edo lurzatietako sarbideetara ateratzea, zuzenean erretenetara eraman behar baitira.

i) Hodiak tapatzea, areka gaineko pasabideak barne.

j) Lanabesak edo beste edozein makineria garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

k) Lehiak, lasterketak edo beste muturreko gidatze motak baimenik gabe egitea bideetan.

l) Pertsona batek edo nekazaritzako nahiz abeltzaintzako ustiategi bateko zein enpresa bateko kideek hiru arau-hauste arin egitea bi urteko epean.

m) Bidera ura botatzea, putzuak eta uraren geldiuneak sortzeko moduan.

11. artikulua. Zehapenak.

11.1. Ordenantza honen arau-hausteak honako zenbateko hauekin zehatuko dira:

–Arinak, 60 eta 900 euro bitarteko isunarekin.

–Astunak, 901 eta 1.800 euro bitarteko isunarekin.

11.2. Zehapenak ezartzea eragindako kalte-galeren ordainetik aparte izanen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 117. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

11.3. Isunen dirua eta kalte-ordainak biltzeko, administrazioko premiamendu bideari ekinen zaio, borondatez ordaintzen ez bada.

11.4. Espediente zehatzaileak, prozedurari dagokionez, ordenantza honetan ezarritakoari lotuko zaizkio.

11.5. Kasuak arras larriak direnean, organo eskudunak jarduera etetea erabaki dezake, badaezpadako neurri gisa, falta astunak egin direla-eta irekitako zehapen espedientea tramitatzen den bitartean.

11.6. Zehapenak ezartzeko ahalmena Udalburutzarena da.

12. artikulua. Zehapen prozedura.

Zehapen prozedura Eulateko Udalburutzaren ebazpenak abiaraziko du, ofizioz edo salaketaren bidez egindako jarduketei jarraikiz.

Ebazpenean zehaztuko da nor izanen den jarduketen instruktorea eta hura jakinaraziko zaio ustezko erantzuleari.

Instruktoreak karguaren agiria idatziko du, eta zehaztuko du zein den egintzei dagokien arau-haustea, egotz daitekeen zehapena eta hori ezartzeko organo eskuduna. Ustezko erantzuleari jakinaraziko zaio, eta hark 15 eguneko epea izanen du bidezkoak iruditzen zaizkion alegazioak aurkezteko bere eskubideen defentsan.

Instruktorearen karguen agirian ondokoa zehaztuko da:

a) Egiaztatutako egintzak, betiere garrantzitsuenak nabarmenduta arau-haustearen tipifikazioari eta zehapenaren graduazioari dagokienez.

b) Ustez egindako arau-haustea, urratutako agindua edo aginduak adierazita.

c) Kasuan kasuko zehapena, haren graduazioa eta kuantifikazioa.

d) Prozedura ebazteko eskumena izan dezakeen organoa, eta hura zer arauditan zehazten den.

Alegazioak aurkezteko epea iraganik, eta hala balegokio, baita frogak egitekoa ere, beharrezkoak juzgatzen diren eginbideen aurretik, instruktoreak ebazpen proposamena eginen du eta espedientearekin batera Udalburutzari igorriko dio. Udalburutzak, organo eskuduna izanik, beharrezko ebazpena emanen du edo, bestela, instruktoreari aginduko dio behar adina eginbide osagarri aurrera eramateko.

Alegazioen edo frogen ondorioz bestelako egintzak egiaztatzen badira edo karguen agirian jasotakoak baino astunagoak badira, instruktoreak interesdunari helaraziko dio karguen beste agiri bat dagokion zehapenarekin, hamabost eguneko epean bidezko iruditzen zaizkion alegazioak aurkez ditzan.

Zehapen prozedura amaitzen duen ebazpena arrazoitua izanen da eta espedientean azaldutako gai guztiak ebatziko ditu.

Ebazpenak ez du onartuko prozeduran aztertu ez den gertaerarik, zein den ere haien balorazio juridikoa.

Ebazpena betearazlea izanen da bide administratiboari amaiera ematen badio.

Zehapen prozedura ebazteko eperik luzeena, arau-haustearen kalifikazioa kontuan hartu gabe, sei hilabetekoa izanen da, zehapen espedientea abiarazteko ebazpenaren egunetik hasita. Beste sei hilabeterako luzatzen ahal da, gehienez ere, erabaki arrazoituaren bidez betiere.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek indarra hartuko du bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L2005618