140. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EULATE

Ordenantza, Udal pilotalekuaren erabilera eta funtzionamendua arautzen dituena. Behin betiko onespena

Eulateko Udalak, 2020ko otsailaren 11n egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Eulateko Udal pilotalekuaren erabilera eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza, kontsulta publikoa aldez aurretik eginda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133. artikuluan xedatua betetzeko.

Hasierako onespenaren erabakia 2020ko 38. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 25ean, eta jendaurreko epean inork ez duenez alegaziorik aurkeztu, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Eulaten, 2020ko ekainaren 4an.–Alkatea, María Idoya Martínez de La Hidalga Jáuregui.

ORDENANTZA, EULATEKO UDAL PILOTALEKUAREN ERABILERA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUENA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ohar orokorrak.

Eulateko Udalak, bere helburuen artean, Eulateko udalerrian kirola sustatzea eta indartzea du, eta, horretarako, udal pilotalekua kudeatu, administratu, kontserbatu, hobetu eta ikuskatzen du.

Eulateko Udalak edozein pertsona edo erakunderen esku jartzen du udal pilotalekuan sartzeko aukera, bai jardueretan aritzeko, bai kirol entrenamenduetarako, lehiaketetarako edo beste edozein kirol motatarako.

Helburu horiek hobeki betetzeko, Eulateko Udalak zenbait arau garatu ditu. Arau horiek baliagarriak izanen dira, batetik, udal pilotalekuaren erabiltzaileen eskubideak bermatzeko, eta, bestetik, horiek langileekin, gainerako erabiltzaileekin edo kirol ekipamenduarekin dituzten betebeharrak finkatzeko.

2. artikulua. Erabiltzaileak.

1. Araudi honen ondorioetarako, Eulateko udal pilotalekuaren erabiltzailetzat joko dira pilotalekua erabiltzen duten pertsonak edo erakundeak, bai Udalak berak sustatutako eta kudeatutako programetan parte hartuz, bai kirol espazio horren alokairuan edo lagapenean parte hartuz.

2. Instalazioaren erabiltzailea adingabea bada, gurasoak edo legezko tutoreak izanen dira bere ekintzen ondorioen erantzuleak.

3. Nahiz eta erabiltzailea jarduera edo zerbitzua erabiltzeagatiko tasa ordaintzetik salbuetsita egon, ordenantza hau betetzera behartuta egonen da beti.

II. KAPITULUA

Erabiltzaileen eskubide eta betebehar orokorrak

3. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak.

1. Instalazio osoaz baliatzea, ezarritako erabilera arauen eta indarrean dauden tarifen arabera.

2. Kontratatutako hitzarmenean edo alokairuan adierazitako egunetan eta ordutegietan erabiltzea pilotalekua; hala ere, Udalak, programazio premiak edo ezinbesteko arrazoiak direla-eta, ezarritako baldintzak baliogabetu edo alda ditzake, eta egoera horren berri eman behar die ukitutako erabiltzaileei, behar besteko denboraz.

3. Zerbitzu eta espazio osagarriak erabiltzea, hala nola aldagelak, komunak eta abar, ordenantza honetan ezarritako baldintzetan.

4. Erabiltzeko baldintza egokietan aurkitzea instalazioak, altzariak eta kirol materiala.

5. Egoki iritzitako kexak, iradokizunak edo erreklamazioak idatziz aurkeztea, udaletxean eskuragarri dauden orrietan.

4. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

1. Instalazioak, materiala eta altzariak behar bezala erabiltzea, instalazioetan edo beste erabiltzaileen osasunean eta eskubideetan kalte edo narriadurarik ez eragiteko.

2. Gainerako erabiltzaileak behar bezala errespetatzea, eta udal langileen jarraibideak beti betetzea, haien zeregina pilotalekuan eta haren ondoko esparruetan egiten den jarduera oro gainbegiratzea baita.

3. Instalaziora sartzea kirol jantzi guztia soinean dutela, bereziki kontuan hartuta zoladura bakoitzerako oinetako egokiak behar direla.

4. Erabilera hitzarmenetan edo egiten diren alokairuetan ezarritako ordutegiak betetzea.

5. Parte hartzen duen jarduera bukatu ondoren, instalazioetatik ateratzea.

6. Kirol instalazioetan ez erretzea.

7. Udalak ez du bere gain hartuko erantzukizunik erabiltzailearen aurrean, honako hauei dagokienez: arau hauek ez betetzearen ondoriozko istripu edo kalteak; beste erabiltzaile baten jokabide arduragabea, edo instalazioak, ekipamenduak eta zerbitzuak gaizki erabiltzea.

III. KAPITULUA

Pilotalekua erabiltzeko sarbidea

5. artikulua. Arau orokorrak, pilotalekua erreserbatzeko eta erabiltzeko.

1. Interesdunek eskatuko dute pilotalekua erabiltzea, Udalak adierazitakoaren arabera, ezarritako epeetan.

2. Ordutegi aldaketak eskatutako data baino bi egun baliodun lehenago eskatuko dira gutxienez, eta ordutegi berria erabilgarri dagoen guztietan onartuko dira.

6. artikulua. Denboraldiko erreserbarako arau orokorrak.

1. Sistema hori erabil dezakete udal pilotalekua entrenamenduetarako erregulartasunez erabili nahi duten erabiltzaileek, eta Udalak ezarritako epean bete beharko dute eskaera.

2. Nork bere lehiaketetako partidak egiteko pilotalekua erabili nahi duten klubek edo taldeek egutegi ofiziala aurkeztu beharko dute udaletxean. Egutegi horretan kluben edo taldeen datuak jasoko dira (helbidea, telefonoa eta ematen duen pertsonaren izena), partiden orduak eta egunak gainerako klubei dagokienez programatzeko.

3. Erabilera mota hori emateko, lehentasuna izanen da entitateak, klubak edo taldeak Eulaten edo Ameskoa ibarrean izatea egoitza.

4. Denboraldiko erreserba eskatzen duen erakunde, klub edo talde bakoitzeko arduradun bat izendatuko da; eskatzen diren kirol diziplina guztiak beteko dituen egutegia eta ordutegia koordinatuko dira.

7. artikulua. Udal pilotalekuaren unean uneko alokairuari eta erabilerari buruzko arau orokorrak.

1. Pilotalekua bakarrik aloka daiteke publiko orokorrari irekitako ekitaldiak egiteko; ezin izanen da instalazioa erabili festa edo ekitaldi pribatu bat egiteko.

2. Baimendutako erabileraren barrenean, bereizkuntza hau egiten da:

–Irabazizko jarduerak antolatzaileentzat: eguneko 150 euroko alokairu kostua izanen dute pilotalekua 5 orduz edo gehiagoz erabiltzen bada; eguneko 75 eurokoa pilotalekua 3-5 orduz erabiltzen bada, eta eguneko 35 eurokoa pilotalekua 3 orduz baino gutxiagoz erabiltzen bada.

–Irabazi-asmorik gabeko jarduerak antolatzaileentzat: alokairuak ez du kosturik izanen.

8. artikulua. Argien gastuak.

Argia erabil daiteke denboraldiko hitzarmena edo erreserba duten kirol klubek edo erakundeek erreserbatutako entrenamenduetan, bai eta egiten diren lehiaketa ofizialetan ere.

Era berean, instalazioen unean uneko alokairuetan, argiaren erabilera barne hartuko da.

Lagunarteko partidak edo entrenamendu libreak egiten dituzten gainerako erabiltzaileek, instalazioak argiztatzeko diru-zorro elektroniko bat izanen dute eskura.

9. artikulua. Garbiketa.

Udalarekin hitzarmen bat sinatzen duten edo denboraldiko erreserba doakoa duten kirol klub eta/edo entitateek instalazioen garbiketaz arduratu beharko dute haiek erabili ondoren.

Udal langileak arduratuko dira instalazioak garbitzeaz, baldin eta instalazioak unean-unean alokatzen edo erreserbatzen badira.

10. artikulua. Mantentzea.

Udala arduratuko da instalazioa mantentzeaz, eta erabiltzaile guztiek zaindu beharko dute instalazioa behar bezala erabiltzen dela.

11. artikulua. Pilotalekuari buruzko berariazko argibideak.

Pilotalekuan berariazko argibideak egonen dira, honako hauek jasoko dituztenak: erreserba iraunkorreko ordutegiak, unean uneko erreserbak, eta erabiltzaileentzat interesgarria izan daitekeen beste edozein informazio.

IV. KAPITULUA

Eulateko udal pilotalekuaren erabiltzailearen arau orokorrak

12. artikulua. Giltzaren kopia bat emanen zaio hitzarmena edo denboraldiko erreserba duen erakunde, klub edo talde bakoitzak izendatutako arduradunari. Arduradun horrek behar bezala zaindu beharko du giltza, eta erreserbatutako ordutegiak eta instalazioak garbitzeko, argiztatzeko eta zaintzeko arauak betetzeaz arduratu beharko du.

V. KAPITULUA

Erabiltzaile izaera galtzea

13. artikulua. Erabiltzaile izateari uzteko arrazoiak.

Erabiltzaile izaeraren ondoriozko betebeharrak ez betetzeak izaera hori galtzea ekar dezake, ordenantza honetan ezarritakoaren arabera.

Ez-betetze horiek arinak eta astunak izan daitezke, hurrengo artikuluetan adierazi bezala.

14. artikulua. Ez-betetze arinak.

1. Arintzat joko da erabiltzaileen betebehar batzuk ez betetzea, horren ondorioz astuntzat hartzen ez direnean.

2. Instalazioa erabiltzen ari diren pertsonak edo bertako langileak, teknikariak eta abar modu desegokian tratatzea.

3. Kalte arinak nahita eragitea instalazioetan, edota haien materialean edo ekipamenduan.

15. artikulua. Ez-betetze astunak.

1. Erabiltzaileen betebehar batzuk ez betetzea behin eta berriz.

2. Tratu txarra ematea, hitzez edo egitez, beste erabiltzaile, ikusle, irakasle, teknikari, epaile edo enplegatu batzuei.

3. Kalte larriak eragitea, nahita, instalazioari, materialari edo ekipamenduari.

4. Istripu larriak eragitea norberaren buruari edo beste pertsona batzuei, axolagabekeriaz edo zabarkeriaz.

5. Arintzat jotako ez-betetzeak behin eta berriz egitea.

16. artikulua. Ondorioak.

1. Ez-betetze arinak zuzentzeko, idatzizko ohartarazpena eginen da, edo erabiltzaile izaera galduko da 15 eta 30 egun bitartean.

2. Ez-betetze astunak zuzentzeko, erabiltzaile izaera galduko da 60 egun eta 2 urte bitartean, haien larritasunak hala eskatzen badu.

17. artikulua. Prozedura.

1. Udaleko Alkatetzak tramitatuko du prozedura.

2. Proposamenak idatziz jakinaraziko zaizkie interesdunei, eta hamar egun balioduneko entzunaldia emanen zaie, egoki iritzitako alegazioak egin ditzaten eta dokumentuak eta informazioak aurkez ditzaten.

3. Entzunaldi epea bukatuta, eta erabiltzaileak aurkeztutako alegazioak ikusita, Udalburutzak ebatziko du eta tartean denari jakinaraziko zaio, administrazioari buruzko legeriak ematen dion epearen barrenean.

4. Hartutako erabakien aurka, egoki iritzitako errekurtsoak jar daitezke, Administrazio Prozedurari buruzko Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

5. Hala ere, erabiltzaileak ordenantza honen aurka egiten badu nabarmen, udal langileek baimena dute pilotalekutik joateko eskatzeko, edo, kasua larria bada, segurtasun indarrei deitzeko, bertaratu daitezen, deusetan ukatu gabe kasuari aplika dakizkiokeen ondorengo ekintzak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du onesteko eta argitaratzeko legezko izapideak bete ondoren, eta horren ale bat udal pilotalekuan jarriko da ikusgai, orok jakin dezan.

Iragarkiaren kodea: L2005616