140. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

22E/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 2koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, “Ágorart-2020. Arte ikasketetan sakontzeko beken deialdia” onesten duena. DDBN identifikazioa: 508582.

Kultur Ekintza Zerbitzuak txostena egin du, non eskatzen baita arte ikasketetan sakontzeko beken 2020ko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea, horri lotutako gastua baimentzea eta foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, kontuan hartuta aipatu gastua baimentzeko legez ezarrita dauden baldintzak eta betebeharrak betetzen direla, bai eta helburua ere; gainera, kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna jasotzen da espedientean.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Ágorart 2020. Arte ikasketetan sakontzeko beken deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, jaso baitira foru agindu honen eranskinean.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2530-4809-334102: Ágorart: arte ikasketetan sakontzeko beken deialdia.

2020

91.000,00

A20002-A2530-4809-334102: Ágorart: arte ikasketetan sakontzeko beken deialdia.

2021

100.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen aurka, administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko ekainaren 2an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ARTE IKASKETETAN SAKONTZEKO BEKEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK. ÁGORART-2020

1.–Beken xedea eta helburua.

1.1. Beka hauen xedea da 30 urte bitarteko ikasle nafarrei aukera ematea arte ikasketetan sakontzeko, Espainiako zentroetan nahiz atzerrikoetan.

1.2. Beka horiek onura publikoaren xedea dute arte ikasketen prestakuntza eta zabalpena lehentasunezkoak direlako, eragin zuzena baitute kalitatezko kultur lanen sorreran, hedapenean eta produkzioan.

1.3. Zortzi beka eskaintzen dira deialdian: bat arte plastikoetarako, bat ikus-entzunezko arteetarako, hiru arte eszenikoetarako eta hiru musikarako, bai eta kasuan kasuko luzapenak ere.

2.–Onuradunek bete beharrekoak.

2.1. Nafarra izatea edo Nafarroan erroldatuta egotea 2019ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik eta horri eustea bekak irauten duen bitartean.

2.2. 30 urte edo gutxiago izatea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.

2.3. Baldintza hauetako bat betetzea:

a) Beka zein ikasketatan sakontzeko eskatzen den, arlo horretako ikasketa-titulu ofizialaren jabe izatea.

b) Salbuespenez, beste instituzio batzuek emandako tituluak onartuko dira, Hezkuntzako Ministerioak homologatuta ez badaude ere. Salbuespen hori arte eszenikoen kasuan aplikatuko da.

Luzapenak eskatzeko, 8. oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio.

3.–Aurrekontuetako egozpena.

3.1. Beka hauetarako 191.000 euro bideratuko dira gehienez, eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2020ko eta 2021eko gastuen aurrekontuaren kargura finantzatuko dira, honela:

–2020ko ekitaldi ekonomikoa: 91.000 euro.

–2021eko ekitaldi ekonomikoa: 100.000 euro.

3.2. Hasiera batean emandako zenbatekoak askatuz gero, diru gehigarria banatzen ahalko da eskatutako gutxieneko puntuazioa gainditu bai, baina dirulaguntzarik lortzen ez duten eskatzaileen artean, betiere lortutako puntuazioaren hurrenkeran.

3.3. Onuradunen batek uko egiten badio laguntzari 2020ko abenduaren 1a baino lehen, puntuazioaren hurrenkeran eta arlo berean hurrengoa den eskatzaileari emanen zaio; betiere, horrek eskatzen zaion gutxieneko puntuazioa gainditu badu.

3.4. Beka hauek luza daitezke, baina, bakar-bakarrik, luzapen bat edo bi dituen ikasketa plan jarraitu bat aldez aurretik aurkeztu duten eskatzaileen kasuan; luzapen horiek plan akademiko berean hasitako ikasketak jarraitzeko izanen dira. Ikastetxez edo ikasketa planez aldatzea ez da luzapen gisa onartuko. Ezin izanen da bi luzapen baino gehiago eman. Luzapena ez da besterik gabe emanen, baldintza hauek bete beharko baitira: adina, kurtsoa gainditzea, luzapenen deialdia egitea, batzordeak luzapenaren aldeko irizpena ematea eta aurrekontu erabilgarria izatea.

3.5. Eskatzaileak beka baterako eta haren luzapenetarako bakarrik izanen du eskubidea, eta ezin izanen du berriz deialdi honetan parte hartu.

4.–Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

4.1. Laguntza eskabideak oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduarekin bat aurkeztuko dira, bertan aipatzen diren agiriak nahitaez erantsita.

4.2. Eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan aurkezten ahalko dira, baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Erregistro Orokor Elektronikoan ere. Eskabideak erregistro elektronikoaren bidez tramitatzeko, sinadura elektronikoa beharko da.

Postetxean aurkezten diren eskabideak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehen orrialdearen idazpuruan adieraz daitezen bulegoaren izena, data eta tokia. Argibide horiek eskaera aurkeztu dela frogatzen duen gordekinean ere agertu beharko dira.

Aurkezpena Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez egiten denean izan ezik, eskabidearekin batera aurkezten den dokumentazioa paperean eta euskarri digitalean aurkeztu beharko da, tramitazioa eta balorazioa errazte aldera.

4.3. Eskabide ereduak Nafarroako Gobernuaren webgunearen bitartez bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/.

4.4. Eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, eta oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da.

4.5. Izangaiak, eskola-itxieraren egutegia dela eta, ezin badu aurkeztu I. eranskineko 1.c) puntuko dokumentazioa, 2020ko uztailaren 20ra arteko epea izanen du, egun hori barne, betiere eskaera aurkeztean ezintasun hori justifikatzen badu.

4.6. Kasuan kasuko zentroan onartuak izateko egutegi ofiziala dela kausa, beka nahiz luzapen baten onuradunari ezinezkoa gertatzen bazaio programan onartua izan dela frogatzeko dokumentazioa aurkeztea eskaerak formalizatzeko epearen barruan, baldintzapean emanen zaio beka, eta aurtengo urriaren 14a baino lehen aurkeztu beharko du dokumentazio hori.

4.7. Dirulaguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, posta elektronikoaren bidez, hamar egun naturaleko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

5.–Gastu diruz lagungarriak.

Bekaren diru-zenbateko osoa kontzeptu hauen batuketa izanen da: matrikula gastuak, joan eta etortzeko bidaietakoak, ostatukoak eta aseguru-polizakoak.

a) Matrikula deritzon kontzeptuaren barrenean haren kostuaren %100 emanen da, baina gehienez 2.000 euro.

b) Onuradunak, joan-etorrien kontzeptuagatik, ohiko bizilekutik bekaren xedeko ikasketak egiteko zentrora joan eta etortzeko bidaia baten gastuaren %100 jasoko du, justifikatu ondoren. Txartela ematen duten garraiobideetan egin beharko dira joan-etorriak, hura gastuaren frogagiria izan dadin. Joan-etorriak turista klasean eginen dira beti, eta, aireko garraioa erabiliz gero, 500 km-tik gorako bidaiak sortzen duen gastuak bakarrik izanen du dirulaguntza. 500 km-tik beherako bidaien kasuan, trenean eta autobusean turista klasean egindako gastuak bakarrik izanen du dirulaguntza.

c) Egonaldiagatik, eta ikasketak egiten dituen bitartean, bekadunak gehienez 500 euro jasoko ditu hilean ikasketak Espainian egiten baditu, eta gehienez 800 euro, aldiz, atzerrian egiten baditu.

d) Onuradunak aseguru-polizaren gastuen diru kopurua haiek justifikatu ondoren jasoko du. Gehienez ere 100 euro jasoko ditu oinarri hauen 11.1 puntuan aurreikusitako egoeran baldin badago, eta gehienez 600 euro 11.2 puntuan aurreikusitakoa aplikatu behar bazaio.

6.–Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Eskaerak Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean. Bekak arlo bakoitzean puntuaziorik altuena lortzen duten eskatzaileei emanen zaizkie, oinarri hauen 7. puntuan ezarritako balorazio irizpideak aplikatu ondoren.

Kreditu erabilgarria aski ez bada onuradun suertatzen diren izangaien eskaerei erantzuteko, eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, hainbanaketa eginen da haien artean, beka berrien nahiz luzapenen artean, esleipenak dagoen kreditura doitzeko.

6.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko da, eta elkarrizketak zer ordutan eta non eginen diren adieraziko da.

COVID-19 pandemiak sortutako osasun krisia dela eta, elkarrizketak modu birtualean eginen dira; ebaluazio batzordearen aurrean, gehienez 30 minutu iraunen duen azalpena emanen da.

Elkarrizketa horiek, ziur aski, uztailaren 27tik 31ra bitarteko astean eginen dira. Elkarrizketen data eta prozedura zehatzak finkatzeko, aurkeztutako eskaeren kopurua hartuko da kontuan. Ebazpen horretan ezartzen diren egunak eta orduak behin betikoak izanen dira, eta ezin izanen da inolako aldaketarik egin izangaiek eskatuta.

Ebazpen hori jendaurrean jarriko da, bai Kultura eta Kirol Departamentuko iragarki oholean (Navarrería kalea 39, Iruña), bai Nafarroako Gobernuaren webgunean: http://www.navarra.es/home_es/servicios/.

6.3. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bidez izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Batzorde horretako kideen izenak Nafarroako Gobernuaren web atarian argitaratuko dira, tramiteen katalogoan dagoen deialdiaren fitxan (www.nafarroa.eus). Honako hauek izanen dira:

a) Batzordeburua: Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, edo, hura ezean, Kultura Zuzendaritza Nagusian pareko kargua duen beste bat.

b) Batzordeko kideak: bi aditu, arte eszenikoetako, arte plastikoetako eta musikako espezialitate bakoitzeko; Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikari bat, eta Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua edo, hura ezean, Kultur Ekintza Zerbitzuan pareko kargua duen beste bat.

c) Idazkaria: Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikari bat, hizpidearekin baina botorik gabe.

Batzorde horrek eskaeren ebaluazioa eginen du, eta haren irizpena loteslea izanen da. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

Kultur Ekintza Zerbitzuak eskaturik, kanpoko adituengana jotzen ahalko da, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzearren.

7.–Balorazio irizpideak.

7.1. Aurkeztutako eskaerak baloratzeko, Batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

a) Prestakuntza eta merezimendu akademikoak: 30 puntu gehienez ere, baremazio honen arabera:

ESKALA: 0-10 ERREALA

ESKALA: 0-10 PONDERATUA

0-4 ESKALA

ESKALA LITERALA

BALORAZIOA

5,00 - 6.99

5,50 - 7,49

1 - 1,99

Gainditua

10 puntu

7,00 - 8,99

7,50 - 8,99

2 - 2,99

Oso ongi

20 puntu

9,00 - 10

9 - 10,00

3 - 4

Bikain/ohorezko matrikula

30 puntu

Aplikatu beharreko zuzenketa faktorea, egiaztatutako ikasketa mailaren arabera:

–Unibertsitateko ikasketak edo goi mailako arte ikasketak: 1.00.

–Goi mailako heziketa zikloak: 0.90.

–Erdi mailako heziketa zikloak eta lanbide ikasketak: 0.80.

–Homologatu gabeko titulazioak, arte eszenikoen kasuan: 0.75.

b) Elkarrizketa eta proiektua: 30 puntu arte gehienez.

Atal honetan honako hauek baloratuko dira: eskatzaileak nola defendatzen duen aurkeztutako proiektua, heldutasuna eta osoko prestakuntza, komunikatzeko gaitasuna, motibazioa eta jarrera, egokitzeko gaitasuna eta ekimena, sormenerako gaitasuna eta lanbide esperientzia, bidezkoa bada.

Atal honetan gutxienez ere 15 puntu lortzen ez dituztenak ezin dira laguntzaren onuradun izan. Puntuazio hori lortu ezean, ez dira gainerako irizpideak baloratuko, eta zuzenean ezetsiko da eskaera.

Eskatzailea aurrez aurreko elkarrizketara agertzen ez bada, deialditik baztertuko da.

c) Irizpide ekonomikoak (gehienez ere 40 puntu).

Atal honetako puntuazioa beka eskatzen duenaren familia-unitateak duen errentaren arabera emanen da.

c.1. Deialdi honen ondorioetarako, honako hau hartuko da familia-unitatetzat:

1. Familien egoerak.

a) Ezkontideek eta 30 urtez beherako seme-alabek osatua, non ez diren beregain bizi.

b) Legezko banantzeetan, edo ezkontzaren bidezko loturarik nahiz bikote egonkorrik edo bizikidetzarik ez dagoenean, amak edo aitak eta harekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aurreko ataletan aipatu baldintzak betetzen badituzte. Berriz osatutako familien kasuan, eskatzaileak frogatu beharko du laguntzarako eskubidea ematen dion semearen/alabaren aurreko seme-alaben zaintza eskatzaileak berak edo bere ezkontideak edo bikotekideak duela, eta denak elkarrekin bizi direla.

2. Eskatzailea aurreko atalean (c.1.1) sartuta ez badago eta alegatzen badu beregaintasun familiarra eta ekonomikoa duela, zein den ere bere egoera zibila; modu fede-emailean frogatu beharko du aski baliabide ekonomiko dituela beregaina izateko. Udalak emandako erroldatze eta bizikidetza ziurtagiria, 2019. urteari dagokiona, aurkeztu beharko du.

c.2. Familia-unitatearen errenta kalkulatzeko, laguntzaren ondorioetarako kontuan hartu beharreko familia-unitateko kide guztien 2018ko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenetako likidazio-oinarrien batura hartuko da.

c.3. Irizpide ekonomikoen apartaturako puntuazioa errenta horren arabera finkatuko da, zein den familia unitateko pertsona kopurua eta 2018ko Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoa, taula honi jarraituz:

PERTSONA KOPURUA FAMILIA UNITATEAN

1

2 (koef. 0,9)

3 (koef. 0,85)

4 (koef. 0,85)

5 (koef. 0,8)

6 (koef. 0,8)

7 (koef. 0,8)

1. tartea

OAEAP x 1

40 puntu

7.519,59 euro

14.287,22 euro

20.678,87 euro

27.070,52 euro

33.086,19 euro

39.101,86 euro

45.117,53 euro

2. tartea

OAEAP x 1,5

30 puntu

11.279,39 euro

21.430,84 euro

31.018,32 euro

40.605,80 euro

49.629,31euros

58.150,08 euro

67.676,33 euro

3. tartea

OAEAP x 2

15 puntu

15.039,18 euro

28.574,44 euro

41.357,74 euro

54.141,04 euro

66.172,38 euro

78.203,72 euro

90.235,06 euro

4. tartea

OAEAP x 2,5

5 puntu

18.798,98 euro

35.718,06 euro

51.697,19 euro

67.676,32 euro

82.715,50 euro

97.754,68 euro

112.793,86 euro

7.2. Ez dute inola ere laguntzarik jasoko puntuazio osoaren %60 lortzen ez dutenek.

8.–Bekak luzatzea.

8.1. Interesdunek eskatuta, Kultura eta Kirol Departamentuak beka luza diezaieke beka 2019an hasi zutenei edo lehenbiziko luzapena 2019an lortu zutenei, baldintza hauek betez gero:

a) 2019-2020ko ikasturtea gainditu izana elkarrizketak egiten direnean.

b) 2019an luzapen bat edo bi zituen ikasketa plan bat aurkeztu izana.

8.2. Aurreko deialdietan emandako beken luzapenetarako, oinarri arautzaile hauek aginduko dute.

8.3. Eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aurkezteko epea oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 20 egun naturalekoa izanen da.

8.4. Eskaerak 6.3 puntuan aipatutako ebaluazio batzordeak baloratuko ditu. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak, ebaluazio batzordeak emandako irizpen loteslea ikusita, luzapenak emateko proposamena eginen du.

8.5. Batzordeak kurtsoa gainditu izanari buruzko memoria baloratuko du, hots, aurreko ikasturteko bekaren azken ordainketaren frogagiri gisa eskatzen zaiena, edo luzapena eskatzeko berariaz prestatua.

8.6. Balorazio irizpideak, beka luzatzeko eskaeretarako:

a) Egindako ikasturtearen memoria, ikasleak ikasturtean izan duen bilakaeraren gainean zentroak edo irakasleak egindako ebaluazioa eta ikasturteko espediente akademikoa barne: 75 puntu.

b) Elkarrizketa: 25 puntu arte gehienez.

Atal honetan honako hauek baloratuko dira: eskatzaileak nola defendatzen duen aurkeztutako ikasketa plana edo proiektua, heldutasuna eta osoko prestakuntza, komunikatzeko gaitasuna, motibazioa eta jarrera, egokitzeko gaitasuna eta ekimena, sormenerako gaitasuna eta lanbide esperientzia, bidezkoa bada.

8.7. Ez dute inola ere laguntzarik jasoko puntuazio osoaren %60 lortzen ez dutenek.

9.–Beka emateko ebazpena.

9.1. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emanen du bekak eman eta luzatzeari buruzko ebazpena, entzunaldiak eta elkarrizketak egiten direnetik hasita bi hilabeteko epean gehienez.

9.2. Deialdiaren ebazpena jendaurrean jarriko da, bai Kultura eta Kirol Departamentuko iragarki oholean (Navarrería kalea 39, Iruña), bai Nafarroako Gobernuaren web orrian: http://www.navarra.es/home_es/servicios/buscador-avanzado/.

9.3. Bekak eta luzapenak eman direla jakinarazi ondoren, onuradunek gehienez ere 15 egun naturaleko epea izanen dute laguntzarekin ados daudela edo uko egiten dutela adierazteko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean.

9.4. Deialdi honi buruzko dokumentazio guztia Kultura eta Kirol Departamentuko Erregistroaren bitartez bideratuko da (Navarrería kalea 39, 31001 Iruña), baita Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Erregistro Orokor Elektronikoan ere.

9.5. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jo daiteke, posta elektronikoko helbide honen bidez: iniciativacultural@navarra.es.

10.–Onuradunen betebeharrak.

10.1. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean aurkeztea aldi horretan egindako ikasketen aprobetxamendua frogatzen duen dokumentazioa, zentroak emana, 12. oinarrian ezarritako epeen barrenean.

10.2. Egindako ikasketak eta izandako gastuak frogatzea Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean.

10.3. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

10.4. Ikastaroa bukatutakoan, egindako ikasketei dagokien frogagiriak eta ikasketen memoria bidaltzea Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalera.

10.5. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinaraztea hezkuntza programaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean berean, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu. Programan edozein aldaketa egiteko, Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da aurretik; zerbitzu horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako programa funtsean aldatzen ez badu, ebaluazio batzordearen ustean.

10.6. Beka hartzeak Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren zabalkunde artistikorako programetan parte hartzeko konpromisoa ekarriko dio onuradunari, bi aldeak ados daudela, eta parte-hartze horrek ikasketen bilakaera egokian oztoporik sortzen ez badu.

10.7. Ikasketetan sakontzeko aldia bukatzen denean, bekadunek, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak eskatuta, kontzertu batean, erakusketa batean edo antzezpen batean parte hartuko dute, aipatu zuzendaritza nagusiak horrelakorik antolatuz gero.

10.8. Prozedura guztian aurkeztu beharreko dokumentazioarekin batera, gaztelania edo euskara ez den hizkuntza batean idatzita egonez gero, itzulpena ere aurkeztu beharko da.

11.–Osasun laguntza.

11.1. Ikasketak Espainian egiten dituzten laguntza hauen onuradun guztiek babestuta egon beharko dute istripuetarako aseguru poliza baten bitartez.

11.2. Atzerrian ikasten dutenek bidaiako laguntzarako aseguru-poliza bat sinatuko dute. Aseguru horrek gastu medikoak eta ospitalekoak estaliko ditu ikasketa garaian gaixotu, istripua izan, sorterriratu edo hilez gero.

12.–Ordainketa, justifikatzeko epea eta modua.

12.1. Emandako beken zenbatekoa honela ordainduko da, oro har:

a) Lehenengo ordainketa batean matrikularen, joaneko bidaiaren eta aseguru-polizaren zenbatekoak sartuko dira, gehi hileko saria 2020ko irailerako, urrirako, azarorako eta abendurako, kasu bakoitzaren arabera.

Lehenengo zatia ordaintzeko ezinbestekoa izanen da ondoko frogagiriak aurkeztea 2020ko azaroaren 20a baino lehen:

–Matrikulari dagokion gastuaren eta horren ordainketaren frogagiriak.

–Ikasketa zentroak emandako ziurtagiria, onuraduna kurtsoa egiten ari dela jasoko duena.

–Joaneko bidaiaren faktura eta hori ordaindu izanaren frogagiria.

–Kasuan kasuko aseguru-polizaren fotokopia, eta horren ordainketarena.

b) Bigarren ordainketa ikasturtea bukatutakoan, barne hartuko duena itzulerako bidaiaren prezioa, 2021erako hileko kopuruez gain.

Bigarren zatia ordaintzeko ezinbestekoa izanen da honako agiri hauek aurkeztea 2021eko uztailaren 16a baino lehen:

–Ikasketak egin, aprobetxatu eta gainditu direla egiaztatzen duen agiria.

–Honako datu hauek jasotzen dituen memoria:

a) Ikasketa zentroaren txosten zehatza, ikaslearen bilakaerari buruzkoa, tutoreak edo zuzendariak egina.

b) Norberaren balorazioa kurtsoari eta egindako jarduerei buruz.

c) Etorriko bidaiaren faktura eta hori ordaindu izanaren frogagiria.

Ikasturtea bukatzeko eguna oro har ezarritakoaz beste bat bada, ikasturtea bukatu eta hilabetean aurkeztuko da frogagiria, kontuan hartuta 2021eko azaroaren 20a dela hura aurkezteko azken eguna.

12.2. Salbuespen gisa, matrikularen zenbatekoa eta hileko zenbatekoa aurreratzen ahalko dira, frogatzen bada funtsak behar direla dirulaguntzaren helburuak betetzeko. Urte bakoitzean, kasuan kasuko urteko hileko sari guztiak aurreratzen ahalko dira. Aurrerakina eskatzeko gehieneko epea hilabetekoa izanen da, lehendabiziko ordainketa egin dela jakinarazten denetik hasita, eta 2021eko otsailaren 15etik aurrera, bigarren ordainketaren kasuan.

12.3. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntzak kobratzeko eskubidea.

13.–Beste dirulaguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.

Beka hau bateraezina da xede edo helburu bera duen beste edozein dirulaguntzarekin. Salbuespen gisa, matrikula 2.000 eurotik gorakoa baldin bada, hori baita deialdi honen bidez eman daitekeen laguntzarik handiena, dirulaguntza honen zenbatekoa beste dirulaguntza batzuekin osatzen ahalko da, matrikularen kostu osoa berdindu arte. Kasu horietan, Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari aditzera emanen diote beste laguntzaren zenbatekoa eta zein den organo emailea.

14.–Dirua itzultzea.

Onuradunak ikasketen programa bete duela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta beka ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

15.–Arau-hausteak eta zehapenak.

15.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

15.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluaren III. kapituluan ezarritakoa izanen da.

16.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

17.–Deialdiaren, bere oinarri arautzaileen eta bere ebazpenaren aurkako errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Beka edo luzapenaren berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz. Ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (Berriak) (PDFa).

II. ERANSKINA

Eskabide eredua (Luzapenak) (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2005605