140. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

483E/2020 EBAZPENA, ekainaren 9koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Burgiko Hirigintzako Udal Planaren aldaketari buruz. Burgiko Udala da sustatzailea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, planen aldaketa txikiek ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar dute.

Burgiko Udalak igorritako kontsultarekin abiarazi zen espedientea. Kontsulta horren bidez, eskatzen zen 9. poligonoko 125. lurzatiaren erabilera aldatzea, abeltzaintza estentsiboan jardun ahal izateko eta nabe bat ezartzeko, jarduera horren lagungarri. Ingurune Naturalaren Zerbitzuak, 2019ko abuztuaren 1ean emandako txostenean, adierazi zuen ez zegoela arazorik abeltzaintzako erabilera ezartzeko basogintzako erabileraren ordez. Hala ere, abeltzaintzako erabilerako instalazioak ezin dira baimendu baso lurzoru urbanizaezin gisa sailkaturiko lurretan, Hirigintzako Udal Planaren araudiaren arabera. Horregatik, beharrezkoa da Udal Plana aldatzea, arautzeko baso lurzoruetan abeltzaintza estentsiboa egin ahal izatea baldintza zehatzetan.

Burgiko Udalak 2020ko maiatzaren 13an aurkeztu zuen “Hirigintzako Udal Planaren 36. artikuluaren (lurzoru urbanizaezina) aldaketa”, eta eskaera egin zuen ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua abiarazteko.

Burgiko Udalak 2020ko otsailaren 14an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko epe bat ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2020ko 108. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 21ekoan.

Aldaketaren helburua da baimengarritzat hartzea abeltzaintza estentsiboari loturiko eta hari laguntzeko instalazioak baso lurzoru gisa sailkaturiko lurzoruetan, baldin tradizioz erabilera hori eman bazaie. Horregatik, proposatu da 36. artikulua aldatzea, baso lurzoru urbanizaezinaren araubideari dagokionez, eta baldintza batzuk ezartzea justifikatzeko abeltzaintza estentsiboa eginen dela, antzinako bordak erabiliz, eta horiek bateragarri egiteko basogintzako antolamenduko proiektuekin; horretarako, sarbideak ezarriko dira bide publikoetatik, bai eta bidezkotzat jotzen diren neurriak ere, suteak prebenitzeko. Hortaz, honako hau da aldaketaren aplikazio eremua: baso lurzoru urbanizaezina, aipatu baldintzak betetzen dituena.

Aldaketaren ezaugarriak eta ondorioak ikusirik, ondorioztatu da aldaketak ez duela ondorio nabarmenik izanen ingurumenean. Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du bete dela ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura, eta aldeko txostena eman du.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea Burgiko Udal Planaren aldaketari buruz, ez baitu ondorio nabarmenik sortzen ingurumenean. Burgiko Udala da aldaketaren sustatzailea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriarekin bat, espediente hau tramitatu da epeen etendura aplikatu gabe, fase guztietan, interesdunaren adostasunarekin.

4. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Burgiko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko ekainaren 9an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2005888