140. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

477E/2020 EBAZPENA, ekainaren 9koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Ablitasko Udal Planaren 53. artikuluaren aldaketa egituratzaileari buruz. Pago de Cirsus SL da sustatzailea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, planen aldaketa txikiek ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar dute.

2019ko azaroaren 27an, Udalak “Ablitasko Udal Planaren 53. artikuluaren aldaketa egituratzailea” espedientearen dokumentazioa igorri zuen, espedienteari hasiera emateko, eta eskaera egin zuen ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua abiarazteko. Aldaketaren sustatzailea Pago de Cirsus SL da.

Ablitasko Udalak 2019ko azaroaren 27an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko epe bat ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2019ko 250. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 23koan.

Aldaketaren xedea da berriz definitzea 53. artikulua, Udal Plan Orokorraren hirigintzako arauei buruzkoa, lurzoru urbanizaezinean upategiak eraikitzeko baldintzei dagokienez. Proposamenean, 10.000 m²-ra handitzen da upategiak eraikitzeko lurzatiek gutxienez izan behar duten azalera; horrez gain, gehieneko azalera eraikia lurzatiaren azaleraren %1 izanen da, eta inola ere ez dira eraikiko 10.000 m² baino gehiago.

Hortaz, aldaketak ez du ukitzen eremu fisiko zehatz bat, eta bakar-bakarrik aplikatzen zaie gorde beharreko lurzoru urbanizaezin batzuei, zeinetan baimentzen ahal baitira horrelako instalazioak. Horien artean daude, besteak beste, natura aldetik ustiatzeko eta jarduera berezietarako balioaren azpikategorietan sartutakoak. Eraikuntza jardueren proiektuetarako lehendik zegoen determinazioa bere horretan uzten da; hortaz, berariazko apartatu bat sartu beharko da, lurzatiaren eta haren perimetroaren tratamenduari buruzkoa: zuhaitzak eta zuhaixkak landatu beharko dira, ahal dela tokiko espezieetakoak, jarduera paisaian integratze aldera.

Aldaketaren ezaugarriak ikusirik eta jarduketaren eremua azterturik, ondorioztatu da aldaketak ez duela ondorio nabarmenik izanen ingurumenean. Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du bete dela ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura, eta aldeko txostena eman du.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen txosten estrategikoa egitea Ablitasko Udal Planaren 53. artikuluaren aldaketa egituratzaileari buruz, ez baitu ingurumen ukipen nabarmenik sortzen. Pago de Cirsus SL da sustatzailea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Ablitasko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko ekainaren 9an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2005881