139. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

57/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 18koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez mailaz igotzeari eta matrikulatuta jarraitzeari buruzko salbuespeneko neurriak hartzen baitira zenbait irakaskuntzatan 2019-2020 ikasturterako, COVID-19ak eragindako krisiaren aurrean.

COVID-19aren epidemiaren bilakaerarekin Espainian eta nazioartean sortutako egoeraren ondorioz, alarma egoera deklaratzen duena martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua eman zen, COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez.

Errege dekretu horren 9. artikuluan ezartzen denez, hezkuntza-jarduera presentziala eten egin da Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3. artikuluan jasotako ikastetxe eta etapa, ziklo, gradu, ikasmaila eta irakaskuntza-maila guztietan, unibertsitate-irakaskuntza barne, bai eta beste ikastetxe publiko edo pribatu batzuetan emandako beste edozein hezkuntza-jarduera edo prestakuntza-jarduera ere.

Hezkuntza-jarduera presentziala etenda, bat-batean aldatu da 2019-2020 ikasturtearen garapena, eta horrek ekarri du hezkuntza komunitate osoak ahalegin handiak egin behar izatea irakaskuntzari jarraipena ematearren irakasteko eta ikasteko beste modalitate batzuen bitartez.

Horiek horrela, bi agindu hauek onetsi ditu Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak:

–EFP/361/2020 Agindua, apirilaren 21ekoa, zeinaren bidez salbuespeneko neurriak hartzen baitira Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzak eta Araubide Bereziko irakaskuntzak malgutzeari dagokionez.

–EFP/365/2020 Agindua, apirilaren 22koa, zeinaren bidez esparrua ezarri eta jarraibideak ematen baitira 2019-2020 ikasturteko hirugarren hiruhilekoan eta 2020-2021 ikasturtearen hasieran jarduteko, COVID-19ak eragindako krisiaren aurrean.

2019-2020 ikasturte honetan aplikatu daitezen bi ministro-aginduetan mailaz igotzeaz eta irauteaz aurreikusitako salbuespeneko neurrietako batzuk, foru agindu bat onetsi behar da, arau bidezko babesa ematearren neurri horiei, gai horiek lehendik baitaude erregulaturik arau maila bereko arau hauetan:

–72/2014 Foru Agindua, abuztuaren 22koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez arauak ezartzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan, pribatuetan eta pribatu itunduetan Lehen Hezkuntzan ari diren ikasleak ebaluatu eta hurrengo mailara pasatzeko.

–21/2019 Foru Agindua, zeinaren bidez arautzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen egiaztapena.

–48/2011 Foru Agindua, martxoaren 29koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez arauak eman baitziren Nafarroako Foru Komunitatean Musikako graduko goi mailako irakaskuntzetan sartu, matrikulatu eta jarraitzeko.

–30/2013 Foru Agindua, martxoaren 5ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez arautzen baitira Diseinuko goi mailako ikasketen plana eta antolamendua Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan.

Foru agindu horietako erregulazioa aplikatzen jarraitu beharko da 2019-2020 ikasturte honetan, salbu eta mailaz igotzeari buruzko neurriak Lehen Hezkuntzan eta Lanbide Heziketako erdi mailan eta goi mailan; horietan, izan ere, foru agindu honetan xedatutakoa aplikatu beharko da 2019-2020 ikasturtean.

Halaber, 2019-2020 ikasturte honetan Musikako eta Diseinuko goi mailako arte ikasketetan matrikulatuta dauden ikasleei, urtebeteko luzapena aplikatuko zaie, ikasketa horiek bururatu ahal izateko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Ikasmailaz eta etapaz igotzea Lehen Hezkuntzan, 2019-2020 ikasturtean.

1. Kurtsoetako bakoitza bukatzean, eta ebaluazio prozesuaren ondorioz, taldeari eskola ematen dion irakasle taldeak ikasleak hurrengo mailara pasatu ala ez erabakiko du. Horretarako, irakasle tutorearen informazioa eta iritzia hartuko da bereziki kontuan.

2. Maila guztietan, arau orokorra izanen da ikasleak mailaz igotzea, kontuan hartu gabe kalifikazio negatiboa duten arlo kopuruari buruz ezarritako muga.

3. Maila berean urte bat gehiago eman beharra ohiz kanpoko neurria izanen da. Irakasle taldeak proposatzen badu soilik hartuko da erabaki hori, ikastetxeko hezkuntza orientazioaren departamentuak horren aldeko txostena eman ondoan eta familiei entzunaldia eman ondoan. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari jakinarazi beharko zaie, justifikazio txosten bat erantsita.

4. Banakako balorazio txostena eginen da ikasle bakoitzarentzat, garrantzi berezia izanen duena 6. mailatik DBHra pasatuko diren ikasleen kasuan. Txostenak informazioa eta orientabideak emanen ditu, eta zehaztuko du ezinbesteko zer ikaskuntza ez den eskuratu hezkuntza jarduera presentziala etetearen ondorioz. Ikaskuntza horiei tratamendua eman beharko zaie 2020-2021 ikasturtean.

5. Ikasleak maila gainditzen ez badu, beste urtebetez egon beharko du maila berean. Neurri hau behin baizik ez daiteke hartu Lehen Hezkuntza osoan, eta ikastetxeak prestatutako berariazko plan bat ere behar da aldi berean, familiaren laguntzarekin batera zailtasunak gainditu ahal izateko. Tutoreak elkarrizketa bat izanen du ikaslearen gurasoekin edo ordezkari legalekin, hartutako neurriaren berri emateko.

6. Arloren bat gainditu gabe pasatu bada hurrengo mailara, ikasleari berreskurapen plan egoki bat jarriko zaio haiek gainditzeko, betiere familiaren laguntzarekin. Tutoreak elkarrizketa bat izanen du ikaslearen gurasoekin edo ordezkari legalekin, hartutako neurriaren berri emateko. Ebaluazioaren agirietan, gainditu gabeko arlo bakoitzean, BP sigla jarriko da (Berreskurapen plana), eta, horrekin batera, berreskuratu beharreko mailaren zenbakia.

7. Aurreko apartatuak aipatzen dituen ikasleei dagokienez, ikasturteko edozein unetan, irakasleak, ikaslearen bilakaera azterturik, burutzeko zituen ikaskuntzak gainditu dituela erabaki dezake. Ebaluazio-agirietan erabakia zein egunetan hartu zen idatziko da. Halaber, une hartatik aurrera, ikasleak egin behar duen curriculum-maila eguneratuko da. Taldearen curriculum-maila gaurkotuko balitz, ez litzateke erabiliko BP sigla.

2. artikulua. Ikasleak ikasmailaz igotzea Lanbide Heziketako erdi mailako graduan eta goi mailako graduan, 2019-2020 ikasturtean.

Ikasleak ikasmailaz igo daitezen Lanbide Heziketako erdi mailako graduan eta goi mailako graduan, baldintza hauetako bat bete beharko da:

a) Maila horretan ematen diren lanbide modulu guztiak gainditzea, barnean hartuta ikasturte akademiko batean baino gehiagotan banatuta dauden moduluen prestakuntza edukiak.

b) Modulu batean edo gehiagotan kalifikazio negatiboa izatea, honako kasu hauetan:

–Modulu bakarra izatea gainditu gabe, gehienez ere 350 ordukoa baldin bada.

–Zenbait modulu izatea gainditu gabe, betiere modulu guztien iraupenaren batura gehienez ere 300 ordukoa bada.

–Beste autonomia erkidego batzuetatik edo Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren lurralde eremutik lekualdatu izana, betiere jatorrizko lurraldeko araudian posible bada bigarren mailara iragatea.

Ondorio horretarako, gainditu gabeko modulutzat hartuko dira ikasturte berean edo ikasturte batean edo gehiagotan sekuentziatutako prestakuntza blokeetan antolatutako moduluen edukiak.

Aurrekoa gorabehera, salbuespenez, ikastetxeko zuzendariak baimentzen ahal du, irakasle taldeak proposamen arrazoitua eginda, artikulu honetan mailaz igotzeko zehaztutako baldintzak betetzen ez dituzten ikasleak igotzea mailaz.

3. artikulua. Musikako goi mailako arte irakaskuntzetan matrikulatua egoteko gehieneko denbora luzatzea 2019-2020 ikasturtean.

2019-2020 ikasturtean matrikulatuta daudenentzat, urtebete gehiagokoa izanen da Musikako goi mailako arte irakaskuntzetan matrikulatua egoteko gehieneko denbora, Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 29ko 48/2011 Foru Aginduaren 18. artikuluan araututa dagoena.

4. artikulua. Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzetan matrikulatua egoteko gehieneko denbora luzatzea 2019-2020 ikasturtean.

2019-2020 ikasturtean matrikulatuta daudenentzat, urtebete gehiagokoa izanen da Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzetan matrikulatua egoteko gehieneko denbora, Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 5eko 30/2013 Foru Aginduaren 8. artikuluan araututa dagoena.

Azken xedapenetako lehenbizikoa.–Foru agindu hau garatu eta betearazteko ahalmena.

Ahalmena ematen zaie Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari eta Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiri, foru agindu hau garatzeko behar diren xedapen guztiak emateko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 18an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2006319