139. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

64E/2020 EBAZPENA, ekainaren 11koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, dirulaguntza deialdi hau onesten duena: “Toki entitateentzako 2020rako dirulaguntzak, aukera berdintasuneko agenteak kontrata ditzaten eta lanpostu horiek finka daitezen”. DDBN identifikazioa: 510101.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuari (NABI), haren estatutuak arautzen dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuarekin bat, eskumen hau dagokio, besteak beste: emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politikak koordinatu eta kudeatzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan. Hala, bere eginkizunen artean dago genero berdintasuna sustatzeko deialdiak kudeatzea.

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 12. artikuluan ezartzen denez, toki entitateek beren eskumenak betetzean txertatuko dute emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa, eta, horretarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin elkarlanean arituko dira. Halaber, xedatzen du Nafarroako Gobernuak laguntza eta babesa emanen diela toki entitateei, eta sustapena eginen duela berdintasun arloko teknikariak kontrata ditzaten.

Tokiko esparrua da herritarrengandik eta sare ekonomiko eta sozialetik hurbilen dagoena, eta, hortaz, esparru egokienetako bat da emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna integratzeko.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa lortzeko lehentasuntzat jotzen du genero berdintasunerako politikak Toki Administrazioarekin batera sustatzea. Horretarako, modu egituratu, koordinatu eta sistematikoan lan egin beharra dago, lurraldeko errealitate ezberdinen premiei eta berezitasunei erantzunez.

Toki entitateetako errealitate desberdinen premia eta berezitasun horiei erantzuteko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzen deialdi hau planteatzen du, bai toki entitateentzat banan-banan, bai toki entitateen batasunentzat, dirulaguntza honen ondorioetarako akordioak eginez gero.

Deialdi honen xedea dirulaguntzak ematea da Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateek aukera berdintasuneko agenteen lanpostuak sortu eta finkatzeko.

Berdintasuneko agenteen kontratazioa bultzatzea funtsezko tresna da gizon eta emakumeen arteko berdintasun helburuak tokian-tokian egon eta bultza daitezen. Berdintasuneko agenteen kontratazioa bultzatu eta babesteak eragin beharko luke lanbide profil hori finkatzea tokiko administrazioetan. Horregatik, ulertu behar da dirulaguntzen deialdi hau finantzaketa prozesu baten parte dela, emaitza hori lortzeko bidean.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, onesten den dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikuluak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 12.h) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdia onestea, 2020an aukera berdintasuneko agenteen lanpostuak sortu eta finkatzeko.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, 185.000 euroko gastua baimentzen da, partida honen kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

080001-08100-4609-232200: (E) Toki entitateentzako transferentziak, berdintasun politikak sustatzeko

2020

185.000

Salbuespen gisa, 10.000 euro gehiago bideratzen ahalko dira deialdi honetarako, kontuan hartuta zenbat eskaera aurkezten diren; horretarako, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bat emanen du, beste deialdi bat egin gabe, baldin Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan ezarritakoa betetzen bada. Zenbateko gehigarri hori erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da foru lege horren 31.3.a) artikuluan adierazten diren gorabeheretako bat gertatzen delako.

4. Ebazpen honen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari jakinaraztea.

Iruñean, 2020ko ekainaren 11n.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Eva Isturiz Garcia.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea eta helburua.

Deialdiaren xedea da araubide bat ezartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak 2020an Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko, entitate horietan emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzeko eta sustatzeko, aukera berdintasuneko agenteen figura profesionala sortuz eta finkatuz.

2. oinarria.–Entitate onuradunak.

Toki entitateak aurkezten ahalko dira deialdira, baldin izaera hori aitortua badute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera, eta oinarri hauetan ezarritako beharkizunak betetzen badituzte.

3. oinarria.–Beharkizunak.

3.1. Toki entitateek beharkizun hauek bete beharko dituzte:

1. Biztanle kopurua:

a) 6.000 biztanletik gorako toki entitateak edo beharkizun hori betetzeko asmoz akordioak sinatzen dituzten toki entitateen batasunak. Kasu horretan, batasunak akordio bat sinatuko du alderdien artean, eta, hartan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan adierazitako puntuak jasoko dira.

b) Toki entitateen batasunak, guztira gutxienez ere 1.500 biztanle dituztenak, edo dagoeneko sortuta dauden mankomunitateak, gutxienez 1.500 biztanle dituztenak. Bi kasu horietan, biztanleria dentsitatea izanen da kilometro koadroko 25 biztanlekoa edo txikiagoa, batasuneko edo mankomunitateko entitate guztietan. Indize horretarako erreferentziatzat hartuko dira Nafarroako Estatistika Institutuak prestaturiko adierazle demografikoak, erakunde horren webgunean daudenak:

https://administracionelectronica.navarra.es/GN.InstitutoEstadistica.Web/informacionestadistica.aspx?R=1&E=1

c) 6.000 biztanletik gorako mankomunitateak eta gizarte zerbitzuen kudeaketarako sortu direnak, maiatzaren 17ko 33/2010 Foru Dekretuan zehazten den gizarte zerbitzuen lurralde egiturari jarraituz. Foru dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen eskualdeak ezartzen ditu.

2. B mailako berdintasuneko agente bat lanaldi osoan kontratatua izatea eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntza jaso izana 2019. urtean (salbu eta zazpigarren urteko kontratazioak) edo diruz lagungarria den epean kontratazio bat hastea.

Betiere, kontratazioa lanaldi osokoa dela ulertuko da, baita laurden bateko, seiren bateko edo zortziren bateko lanaldi murrizketa hartzen denean ere, apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera (haren bidez arautu zen Nafarroako Administrazio Publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa) edo langileek lanaldia murrizteko duten eskubidea antzera biltzen duen edozein arauditan xedatutakoaren arabera.

Kontratazio bat diruz lagungarria den epean hasten bada, dirulaguntza emateari begira beharkizun hori betetzat joko da toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiri bat aurkeztuz gero, non frogatuko baita toki entitateak konpromisoa hartu duela berdintasuneko agente bat kontratatzeko; geroago, diruz lagundutako kontratazioa egin izana egiaztatu beharko da.

3. Aurreko deialdietan diruz lagundu den kontrataziorik eten ez izana, ohiz kanpoko kasuetan salbu; halakorik bada, behar bezala frogatu beharko da Nafarroako Berdintasunerako Institutuan.

4. Diruz laguntzen den aldian, berdintasun gaietako edo emakumeen alorreko zinegotzitza, batzorde edo berdintasun alorra izatea bere egitura organikoan edo haietan funtzioak dituena.

5. Aurrekontuko partidak edo aurrekontu esleipenak izatea kontratazioaren ondoriozko gastuak ordaintzeko.

6. Aukera berdintasunerako plana edo gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako plan estrategikoa edo genero berdintasunerako lan egitasmoa izatea, “Udalaren berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea” izeneko dokumentuan oinarrituta.

Berdintasuneko agentea lehen aldiz kontratatzen bada, beharkizun hori betetzat joko da toki entitateko idazkaritzaren egiaztagiri bat aurkeztuz gero, non egiaztatuko baita toki entitateak asmoa duela berdintasun plana edo urteko lan plana prestatzeko deialdi honek aintzat hartzen duen aldian, “Udalaren berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea” izeneko dokumentua oinarri hartuta.

7. Entitate eskatzailearen organo eskudunaren baimena, berdintasuneko agente gisa kontratatzen den pertsonak parte har dezan Nafarroako Berdintasunerako Institutuak generoaren eta berdintasunaren arloetan antolatzen duen etengabeko prestakuntzaren programan, horrelakorik antolatzen bada, deialdi honek aintzat hartzen duen aldian.

3.2. Toki entitateek akordioak egiten ahalko dituzte beste toki entitate batzuekin biztanle kopuruaren beharkizuna eta lanaldi osoarena betetzeko.

Kasu horretan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluaren 3. apartatuarekin bat, akordioko testuan espresuki agertu beharko dira batasuneko toki entitate bakoitzak hartutako egiteko konpromisoak eta horietako bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Horiek, orobat, entitate onuradun izanen dira. Nolanahi ere, pertsona bat izendatu beharko da batasunaren ordezkari edo ahaldun bakarra izan dadin, entitate onuradun gisa batasunari dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalmenen jabe.

Horrez gain, adierazi beharko da entitate sinatzaileen artean zein toki entitatek egiten duen kontratazioa.

Orobat, toki entitateen batasunen kasuan, entitateren batek agortua badu diruz lagungarria den gehieneko kontratazio epea, deialdi honetan baterako parte-hartzea onartuko da, baina gehieneko kontratazio epea gainditzen ez duen toki entitateari dagokion kontratazioak bakarrik jasoko du dirulaguntza.

4. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak eta horiek gauzatzeko epea.

4.1. Toki entitate bakoitzak edo toki entitateen batasun bakoitzak eskaera bakarra aurkezten ahalko du dirulaguntzen deialdi honetan.

Berdintasuneko agente baten 2020ko urtarrilaren 1etik 2020ko azaroaren 30a bitarteko kontratazioa finantzatzeko emanen da dirulaguntza, baldintza hauei jarraikiz:

a) B maila.

b) Lanaldi osoa.

Dena dela, agente titularraren lanaldia murriztuz gero, kontratazioak dirulaguntza izanen du bi lagunek lanaldi osoa betetzen badute.

Agente titularrak laurden bateko, seiren bateko edo zortziren bateko lanaldi murrizketa hartzen duenean, lanaldi osoa dela ulertuko da, eta ez da eskatuko beste agente baten kontratazioa lanaldia osatzeko, apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera (haren bidez arautu zen Nafarroako Administrazio Publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa) edo antzeko baldintzetan langileek lanaldia murrizteko duten eskubidea biltzen duen edozein arauditan xedatutakoaren arabera.

Orobat, 3. oinarrian ezarri bezala, toki entitateek beste entitate batzuekin egiten ahalko dituzte behar diren akordioak, baldintza hori betetzearren. Kasu horretan, ulertuko da lanaldi osoa batasuneko entitateen guztirako lanorduek osatzen dutela, nahiz batek bakarrik kontratua formalizatu, eta aurreko paragrafoan xedatutakoa ere aplikatuko da.

c) Dirulaguntzaren bidez kontratatzen den berdintasuneko agenteak altan egon beharko du, eta berdintasuna sustatzen eta bultzatzen jardun. Kontratazio berrien kasuan, alta egoera ezin izanen da hasi 2020ko azaroaren 30a baino beranduago.

Berdintasuneko agentea altan dagoela joko da baldin eta egoera hauetako batean badago: soldatarik gabeko baimena, lizentzia, eszedentzia edo/eta ezintasuna, edo lan arloko legeriak aintzat hartzen duen beste antzeko egoera batean, baldin agentea laurogeita hamar egun igaro baino lehen ordezten bada.

90 egunak zenbatzeko, diruz laguntzen den aldian altan eman ez diren aldi guztiak batuko dira.

d) Kontratua urtebetekoa izanen da, kontratua lehen aldiz egiten denean izan ezik, orduan ez baita 2020ko abenduaren 31 baino lehen bukatuko.

Hasieran kontratatutako pertsona aldi baterako ordezteko egiten diren kontratazioetan, kontratua bukatzeko beharkizun hori ez da aplikatuko, baldin eta hasieran kontratatutakoa bere lanpostura itzultzen bada, eta orduan beteko da atal honen hasieran adierazitako beharkizuna.

4.2. Gastu diruz lagungarriak.

Dirulaguntza Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko B mailako langileen hasierako soldata (2019ko abenduaren 31ko zenbatekoan) finantzatzeko izanen da, bai eta Gizarte Segurantzako enpresa-kuota ere, berdintasuneko agente baten lanaldi osoari dagokiona.

4.3. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.

Kontratatutakoari kontratua bukatzean dagozkion kalte-ordainak ez dira inoiz ere diruz lagungarriak izanen.

5. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa irizpide ekonomiko hauen arabera ezarriko da:

a) Erreferentzia gisa hartu dira Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko B mailako langileen hasierako soldata (2019ko abenduaren 31ko zenbatekoan) eta Gizarte Segurantzako enpresa-kuota, berdintasuneko agente baten lanaldi osoari dagokiona.

b) Aurreko apartatuaren arabera finkatutako soldatari dagokionez, dirulaguntzaren portzentaje hauek aplikatuko dira, kontuan hartuta urtea eta hasierako kontratazioan egindako hobekuntzak:

–Diruz lagundutako kontratazioko lehen eta bigarren urteak, ehuneko 85.

–Diruz lagundutako kontratazioko hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren urteak, ehuneko 70.

–Diruz lagundutako kontratazioko zazpigarren urtea, ehuneko 60, bakar-bakarrik toki entitateak plantilla organikoan sartu baldin badu lanpostua, hobekuntza gisa, lanpostua finkatze aldera.

c) Toki entitate batek, kontratazioari eusteko, hitzarmena egiten badu beste toki entitate batekin, entitate bakoitzari dagokion dirulaguntzaren portzentajea aplikatuko zaio eskaerari, oinarri honen beraren b) apartatuaren arabera. Batasuneko entitateek eskatuz gero, proportzionaltasuna aplikatuko da, entitate bakoitzean ematen den lan denboraren arabera.

d) Toki entitateen batasunen kasuan, entitateren batek agortua badu kontratazioa diruz laguntzeko gehieneko epea, kontuan hartuko da diruz laguntzen den epea agortua ez duen toki entitateari dagokion kontratazioa.

e) Hasieran kontratatutako pertsona bat aldi baterako ordezteko egiten diren kontratazioetan, ordezten duen hasierako kontratazioari dagozkion portzentajeak aplikatuko dira dirulaguntza kalkulatzeko.

f) Entitateak aurreko deialdietan diruz lagundutako kontratazioa eten badu, dirulaguntzaren ehunekoak kalkulatzeko kontuan hartuko da aurreko deialdietan diruz lagundutako denbora.

6. oinarria.–Dokumentazioa.

6.1. Dirulaguntza eskatzen duten toki entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskaera, nahitaez horretarako berariaz diseinatu den eskaera-ereduan aurkeztu behar dena. Eredu hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan eskuratzen ahalko da (hemendik aurrera, laguntzen fitxa), baita beste helbide honetan ere: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Igualdad+de+genero/Politicas+de+igualdad/

Baturik aurkezten diren toki entitateen kasuan, kontratazioa egiten duen toki entitatearen ordezkariak sinatu beharko du eskaera.

Eskabidea aurkezteko unean hasi gabe dagoen kontratazio berri baten kasuan, kontratazioa hasteko aurreikusitako eguna adierazi beharko da; data hori erabiliko da kalkulatzeko zenbateko dirulaguntza eman behar den.

b) Toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiria, ziurtatzen duena 3. oinarriko baldintza guztiak betetzen dituela.

c) Kontratazioa bi toki entitatek edo gehiagok sinatutako akordio baten bidez gauzatzen bada, haien artean ezarritako akordioaren kopia.

d) Toki entitatearen eta berdintasuneko agente gisa kontratatzen den/diren pertson(ar)en artean izenpetutako kontratuaren kopia. Eskabidea aurkezteko epea bukatzen den egunerako dokumentu hori aurkezterik ez badago, entitateak formalizatu bezain laster bidaliko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuari. Kontratuaren kopia lehendik aurkeztu bada eta kontratuak indarrean badirau, baldintza beretan, ez da beharrezkoa izanen dokumentazio hori aurkeztea.

e) Toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiria, frogatzen duena agentearen kontratazioa indarreko legediaren arabera egin dela. Dirulaguntzaren eskaera aurkezteko unean egin gabe dauden kontratazioen kasuan, aipatu ziurtagiria kontratua sinatzeko momentuan igorriko da.

f) Kontratazio bat diruz lagungarria den epean hasten bada, toki entitatearen idazkaritzaren ziurtagiria, non jasoko baita toki entitatearen konpromisoa berdintasuneko agente bat kontratatzeko.

g) Berdintasuneko agentea lehen aldiz kontratatzen bada, toki entitatearen idazkaritzaren ziurtagiria, non jasoko baita toki entitatearen konpromisoa 2020an berdintasun plana edo urteko lan-plana prestatzen hasteko.

h) Aurreko kontratazio bat eten bada, egoera azaltzeko txostena.

6.2. Agiri horiek ez dira eskatuko baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badute baldintzak betetzen direla, edo agiriak Administrazioaren eskuetan badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Hala bada, adierazi beharko da zer unetan eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren aipatu agiriak.

6.3. Aurkeztutako dokumentazioa osatugabea bada, toki entitateari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala; halaber, ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera ezetsi eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Proiektua deskribatzeko eta haren aurrekontua zehazteko dokumentazioa ezin da zuzendu. Edonola ere, NABIk azalpenak eskatzen ahal ditu, aurkeztutako proiektua aldatzeko aukerarik gabe. Erantzuteko epea gehienez bost egun baliodunekoa izanen da.

7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan (aurrerantzean laguntzen fitxa), “Tramitatu” aukeratuz.

Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskabideak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dokumentazioa dokumentu bereizitan aurkeztuko da, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Gaitutako helbide elektroniko bat adieraziko da eskabideetan, eta horixe izanen da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta toki entitate eskatzaileen arteko jakinarazpen eta komunikazioetarako lehentasunezko bidea.

Eskatzaileak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan harpidetuta egon beharko du. Hauxe da gaitutako helbide elektronikoa eta jakinarazpen elektronikorako harpidetza lortzeko helbidea: http://notificaciones.060.es. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, pertsona interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.

8. oinarria.–Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Atalari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

8.2. Berdintasunerako Gobernantzaren Zuzendariordetzako Genero Zeharkakotasunaren Atalak baloratuko ditu eskaerak, eta, horretarako, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko teknikarien edo bereziki kualifikatutako teknikarien laguntza izan dezake, eta egokiak iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehazteko, ezagutzeko eta egiaztatzeko.

8.3. Eskaerak irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira:

Eskaeren lehentasun hurrenkera:

–Lehenik, lehentasuna emanen zaie deialdi honen aurretik egindako eta 2019. urtean NABIk diruz lagundutako kontratazioei eta, horien artean, antzinatasun handiena dutenei, hau da: kontratazioko zazpigarren, seigarren, bosgarren, laugarren, hirugarren, bigarren eta lehenbiziko urtea.

–Bigarrenik, diruz lagungarria den epean hasitako kontratazioen artean, beren toki entitateetan berdintasuneko agenterik aurretik izan ez duten toki entitateek egindakoak, aurretik dirulaguntza hau jaso ez dutenak.

–Hirugarrenik, diruz lagungarria den epean toki entitateek hasten dituzten kontratazioak, epe horretan berdintasuneko beste agente bat ez badago.

–Azkenik, deialdi honen babesean diruz lagungarriak diren gainerako kontratazioak.

Kasu guztietan, talde bakoitzean berdinketa gertatuz gero, lehentasuna emanen zaie biztanleria handieneko toki entitateen eskaerei.

8.4. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Atalak ebazpen proposamena igorriko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, non adieraziko baita entitate onuradunek dirulaguntzak jasotzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

9. oinarria–Ebazpena.

9.1. Dirulaguntzei buruzko ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 3 hilabeteko epean, gehienez ere. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntzaren fitxan. Hiru hilabeteko epe hori bukatuta, ebazpen espresurik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

9.2. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpenean adieraziko dira entitate eskatzaileen zerrenda, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, justifikatu beharreko zenbatekoa eta, kasua bada, zein eskaerari uko egin zaien.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak ere argitaratuko ditu datu horiek bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

9.3. Entitate eta pertsona juridiko onuradunak behartuak daude Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarritako gardentasun betebeharra betetzera, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetez Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien ehuneko 20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Aurreko egoeretako batean egonda, gardentasun betebeharrari lotuak dauden entitate onuradunek foru lege horren 12.4 artikuluan azaltzen den informazioa eman beharko dute, entitateko ordezkariak sinatua, dirulaguntzak emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean. Horretarako, Nafarroako Atarian, Tramiteen atalean, argitaratutako deialdiaren fitxa erabili beharko dute.

Entitateak gardentasunaren betebeharra bete behar ez badu aurreikusitako egoeretan ez egoteagatik, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

Aurreko bi puntuetan aipatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, aitorpen eredu normalizatu bat egonen da eskuragarri Nafarroako Atariko Tramiteen atalean.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

10. oinarria.–Dirulaguntzen ordainketa eta justifikazioa.

10.1. Dirulaguntzaren ordainketa:

Emandako dirulaguntza ordainketa bakarrean ordainduko da, berdintasuneko agente bat 2020ko urtarrilaren 1etik 2020ko azaroaren 30era kontratatzearen kostuei aurre egiteko. Aldez aurretik, ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, toki entitatearen idazkaritzak horretarako ezarri duen ereduaren araberakoa, baita 10.2 apartatuan ezartzen den dokumentazio guztia ere. Justifikazioa aurkezteko epea 2020ko azaroaren 30ean bukatuko da.

10.2. Dirulaguntzaren justifikazioa:

Entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–Berdintasuneko agenteak diruz lagundu den epean zein funtzio eta jarduketatan parte hartu duen, horiek biltzen dituen memoria, ereduaren arabera prestatua; eredu hori laguntzaren fitxaren bidez jasotzen ahalko da (www.nafarroa.eus), edo Nafarroako Berdintasunerako Institutuan, Interneten bidez, helbide honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Igualdad+de+genero/Politicas+de+igualdad/.

–Izenpetutako kontratuaren edo kontratuen kopia, baldin eta aldez aurretik Nafarroako Berdintasunerako Institutura igorri ez bada/badira.

–Toki entitateko Idazkaritzaren ziurtagiria, agentearen kontratazioa indarreko legediaren arabera egin dela adierazten duena, baldin eta aldez aurretik igorri ez bada.

–Kontratazio kostuaren eta ordura arte benetan ordaindutako gastuaren justifikazioa. Horretarako, Idazkaritzak luzatutako egiaztagiria aurkeztuko da, gastua diruz lagundutako jardueran egoki aplikatu dela ere frogatzen duena.

Oro har, egindako gastutzat hartuko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindutakoa, salbu eta finantza eta zerga gastuak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko beste ordainketa batzuk, haiek likidatzeko epea irekita ez egoteagatik ordaindu ezin izan direnak.

–Dokumentu bidezko froga bat, erakusteko bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako kontratazioan daukaten parte-hartzearen berri emateko betebeharra, egiten den publizitatean eta zabalkundean eta diruz lagundutako kontratazioari buruzko dokumentazio guztian txertatuz Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta honako testu hau: “Nafarroako Berdintasunerako Institutuak lagunduta / Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad”.

–Idazkaritzaren ziurtagiria, dirulaguntzaren xederako hartutako diru-sarrera, laguntza, baliabide eta dirulaguntzak jasoko dituena. Hori guztia, ezertan galarazi gabe 12. oinarriaren e) letran xedatutakoa.

10.3. Instrukzio organoaren iritziz ez bada nahikoa gastuen justifikazioa eta haiek frogatzeko egindako ordainketena, errekerimendua eginen dio toki entitateari, beharrezko frogagiriak erants ditzan hamar egun balioduneko epean, gehienez. Toki entitateak eskabidean adierazten duen gaitutako helbide elektronikora eginen da errekerimendu hori.

10.4. Kontratazioaren behin betiko kostu osoa dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zena baino txikiagoa bada, edo gastuaren frogagirien bidez justifikatutako zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, murrizketa proportzionala ezarriko zaio dirulaguntzaren zenbatekoari. Nolanahi ere, deialdi honen 5. oinarrian ezarritako portzentajeak errespetatuko dira.

10.5. Aurrekoa galarazi gabe, honako hau hartuko da kontuan dirulaguntza ordaintzeko ezintasun, eszedentzia, lan lizentzia edo/eta soldatarik gabeko baimen egoeretan, edo lan arloko legeriak aintzat hartzen duen antzeko beste egoera batean:

a) Ordezkapena egiten bada:

–Ordezkapenerako kontratazioa 90 egun iragan aurretik egiten bada, bajan dagoen langilearen egiazko kostuak hartuko dira aintzat, gehi hura ordezten duen langilearen kostua.

–Ordezkapena 90 egun iragan eta gero egiten denean, agente titularraren kostuak altan egon den artean ordainduko dira bakarrik, eta ordezkapenik gabeko aldiaren lan-kostuen 90 egun, gehienez. Ordezkapena egiten duen agentearen kostuak ez dira zenbatuko.

b) Ordezkapenik egiten ez denean, ordeztu ez den langile kontratatuaren kostuak altan egon den artean ordainduko dira bakarrik, eta gehienez ere 90 egun.

c) Lanaldiaren murrizketaren kasuan, ordaindu beharreko kopurua proportzionalki gutxiagotuko da.

d) Eszedentzietan, lizentzietan, baimenetan edo ordainsaririk ez duten egoeretan, iraupena 90 egun baino gutxiago denean, proportzionalki gutxiagotuko da ordaindu beharreko kopurua.

90 egunak zenbatzeko, diruz lagungarria den epean altan eman ez diren aldi guztiak batuko dira.

11. oinarria.–Bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da Nafarroako Berdintasunerako Institutuak xede eta helburu bererako ematen dituen beste batzuekin, baldin eta horiek, guztira, ez badira oinarri hauetan ezarritako gehieneko zenbatekoak baino handiagoak.

Gainera, deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradun diren entitateek jasotzen ahalko dituzte, helburu eta xede bererako, bestelako edozein administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribaturen dirulaguntzak, laguntzak edo diru-sarrerak, baldin eta haien guztien batura ez bada dirulaguntzen deialdi honen xede den kontratazioaren kostuaren %100 baino handiagoa.

12. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Halaber, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta oinarri hauetan ezarritako betebeharrez gain, toki entitate onuradunek beharkizun hauek ere bete beharko dituzte:

a) Diruz lagundutako kontratazioa egitea, deialdiaren helburua bete dadin.

b) Prestakuntza saioan parte hartzea, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak prestakuntza saiorik antolatuz gero dirulaguntzaren onuradun diren toki entitateetako teknikarientzat, ebazpen honen babesean.

c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari dirulaguntzaren xedeko kontratazioa dela-eta sortzen den edozein aldaketaren edo gorabeheraren berri ematea, eta aldez aurreko baimena eskatzea egin daitekeen edozein aldaketarako.

d) Onartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako lanak.

e) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortzen diren bestelako laguntzak, dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Dena dela, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi ondoren jakinez gero, justifikazioaren unean eman beharko da haren berri, jasotako funtsa zertan aplikatu den adierazita.

f) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

g) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Idatziz edo ahoz eta bidea edozein dela ere egiten den edozein informazio, komunikazio, publizitate edo zabalkundetan Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea agertzea, bai eta berdintasuneko agentearen lanaren esparruan prestatzen den dokumentazio guztian ere, eta testu hau jartzea: “Nafarroako Berdintasunerako Institutuak lagunduta / Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad”.

i) Betetzea Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoa.

13. oinarria.–Dirulaguntzak itzultzea.

13.1. Onuradunak ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

–4.1 oinarrian ezarritako jarduerak gauzatzen ez badira, %100eko ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da.

–10. oinarrian ezarritakoak zehazten du zein egoeratan murriztuko den emandako zenbatekoa.

13.2. Aurrekoa gorabehera, bidezkoa izanen da eskubidea kentzea eta jasotako diru guztia itzularaztea baldin eta toki entitateak, bere erabakiz eta bidezko arrazoirik gabe, berdintasuneko agentearen kontratazioa bukatu eta ez badu berdintasuneko beste agente bat kontratatzen hilabeteko epean. Ildo horretan, entitate onuradunek dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.

13.3. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

14. oinarria.–Arau hausteak eta zehapenak.

Arau hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

15. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarri arautzaileen eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen kontra, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

16. oinarria.–Arau osagarriak.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F2005948