139. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

55E/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 3koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzak eman diezazkien 2020. urtean Nafarroako Foru Komunitatean LGTBI+ pertsonen berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak egiten dituzten elkarteei edo irabazi-asmorik gabeko entitateei. DDBN identifikazioa: 508876.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eskumenen artean dago LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialerako politikak koordinatzea eta kudeatzea, haren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuarekin bat.

LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legearen xedea da oinarriak, bitartekoak eta neurriak ezartzea eta arautzea LGTBI+ pertsonen eskubideen egiazko berdintasun eraginkorra bermatzeko, eta, horretarako, sexu-joera, genero-adierazpena edota sexu- edo genero-identitatea direla-eta izan daitekeen diskriminazio oro prebenitzea, zuzentzea eta deuseztatzea, Nafarroako Gobernuak eta toki entitateek eskumena duten esparru publikoetan eta pribatuetan.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bitartez, eta LGTBI+ pertsonen herritartasun osoaren garapena lagundu eta bultzatzeko legezko agindua betetzeko, baliabide ekonomikoak bideratzen ditu LGTBI+ pertsonen elkarteen eta irabazi-asmorik gabeko entitateen arloko gizarte ekintzako proiektuetarako. 2020an zehar Nafarroako Foru Komunitatean garatzen diren proiektuak dira, genero ikuspegia dutenak eta berdintasuna bultzatzera eta sustatzera bideratuak daudenak.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikuluak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 12.h) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat eta haren oinarriak onestea, dirulaguntzak emateko 2020. urtean LGTBI+ pertsonen gizarte berdintasunerako proiektuak egiten dituzten elkarteei edo irabazi-asmorik gabeko entitateei. Ebazpen honen eranskinean daude oinarri arautzaileak.

2. 30.000 euroko gastua baimentzea, 2020ko gastu-aurrekontuaren “Entitateentzako dirulaguntzak, sexu eta genero aniztasunarekin lotutako proiektuetarako” izeneko 080001 08100 4819 232206 partidaren kargura.

3. Ebazpen honen eta dagozkion oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.

Iruñean, 2020ko ekainaren 3an.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Eva Isturiz Garcia.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzak eman diezazkien Nafarroako Foru Komunitatean, LGTBI+ pertsonen eskubideen berdintasuna lortze aldera, proiektuak garatzen dituzten LGTBI+ elkarteei edo irabazi-asmorik gabeko entitateei, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat eta kredituek zehaztutako mugen barnean.

Dirulaguntza hauen helburua da aniztasun sexualarekiko eta genero aniztasunarekiko errespetua eta berdintasuna sustatzen duten proiektuak bultzatzea eta, horrela, bermatzea pertsona guztien giza eskubideak, bereizkeriarik gabe.

2. oinarria.–Onuradunak.

Hona hemen deialdi honetan parte hartzen ahalko dutenak: LGTBI+ elkarteak edo irabazi-asmorik gabeko entitateak, baldin eta haien estatutuetan berariazko helburu gisa badago bizitza sozial, ekonomiko, kultural, laboral edo politikoaren edozein eremutan LGTBI+ pertsonen berdintasuna sustatzea eta/edo defendatzea, eta Nafarroako Foru Komunitatean LGTBI+ pertsonen berdintasuna lortzera bideratutako proiektuak garatzen badituzte.

3. oinarria.–Betebeharrak.

Dirulaguntza hauen onuradun izateko, elkarteek edo irabazi-asmorik gabeko entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaera aurkeztean, eta baldintzak mantendu beharko dituzte diruz lagundutako jarduera egiten den aldian eta jarduera justifikatu arte:

3.1. Indarra duen legeriarekin bat eratuak egotea, nortasun juridikoa izatea eta dagokien erregistroan inskribatuak egotea, inskripzio hori bakarrik publizitate ondorioetarako eskatuta ere.

3.2. Irabazi asmorik ez edukitzea.

3.3. Nafarroako Foru Komunitatean jardutea.

3.4. Haien estatutuetan xede gisa agertzea LGTBI+ pertsonen egoera hobetzeko konpromisoa eta kolektibo horren berdintasunerantz aurrera egiten jarraitzekoa, bizitza sozial, ekonomiko, kultural, laboral edo politikoaren edozein esparrutan.

3.6. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeraren batean ez egotea.

4 oinarria.–Gauzatzeko epea eta proiektu eta ekintza diruz lagungarriak.

4.1. Dirulaguntzaren xedeko proiektuak gauzatzeko epea 2020ko urtarrilaren 1etik azaroaren 13ra arte izanen da. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun balioduna arte luzatuko da epea.

4.2. Hauek dira diruz lagunduko diren proiektuak: 2020. urtean, bizitza sozialean, ekonomikoan, kulturalean eta laboralean, LGTBI+ pertsonen aukera berdintasuna (genero ikuspegitik), parte-hartzea eta presentzia sustatzera zuzendutako jarduerak biltzen dituztenak (A motako proiektuak).

Era berean, diruz lagunduko dira Nafarroako Foru Komunitateko elkarteen lurralde-topaketarako proiektuak, elkarteen sare bat bultzatzeko eta, horrela, LGTBI+ pertsonen berdintasuna eta eskubideak sustatzeko jarduerak gauzatzen dituen Nafarroako elkartegintza indartzeko (B motako proiektuak). Topaketak Nafarroan egin beharko dira.

4.3. Helburu hauek betetzeko jarduketa bat edo batzuk izanen dituzte proiektuek:

a) LGTBI+ pertsonen pertzepzio sozialari modu negatiboan eragiten dioten estereotipoak eta aurreiritziak gainditzen laguntzea.

b) LGTBI+ pertsonen eskubideei buruz informatzea eta sentsibilizatzea, kolektibo horrekiko errespetuzko jarrerak eta diskriminaziorik eza sustatuz.

c) LGTBI+ pertsonen artean berdintasunezko harremanak sustatzea.

d) LGTBI+ pertsonen eskubideekin eta aldarrikapenekin lotutako garrantzi bereziko datak ikusgarri egitea.

e) Sareko lanaren alde egitea, jarduteko estrategiak, esperientziak eta esku hartzeko moduak partekatzeko asmoz, eta LGTBI+ pertsonei lotutako egoera bereizgarriak gehiago ezagutzen laguntzeko.

f) Historian zehar eta gizartearen esparru guztietan LGTBI+ pertsonek egindako ekarpenak ikusgarri egitea.

g) Beste aldagai batzuekin –besteak beste, adinarekin, dibertsitate funtzionalarekin edo egoera administratiboarekin– izandako intersekzionalitatetik sortzen diren diskriminazio moduen gainean jardutea.

h) LGTBI+ pertsonen parte-hartzea sustatzea, bereziki emakumeena, erabakiak hartzeko guneetan.

4.4. Elkarte edo entitate bakoitzak proiektu bakar baterako dirulaguntza eskuratzen ahalko du. Hala ere, onartuko da elkarte batek aldi berean bi eskaera egitea, bat A motako proiektu baterako eta beste bat B motako proiektu baterako, baldin eta aurkezturiko proiektuak ezberdinak badira.

4.5. Gastu diruz lagungarriak.

Dirulaguntzak soilik erabiliko dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat egiten duten gastuak finantzatzeko, oinarriotan ezarritako epean eginak. Zehazki, hurrengo gastu kontzeptuek jasoko dute dirulaguntza, merkatu balioa gainditu gabe.

4.5.1. Zuzeneko gastuak:

a) Aholkularitza teknikoa (enpresak kontratatzea, profesionalen ordainsariak, txostengileak, joan-etorriak, dietak eta ostatu-hartzea, frogatzen badute generoari buruzko prestakuntza dutela).

Proiektua gauzatzeko enpresa bat kontratatuz gero, enpresa horrek ziurtatu beharko du badituela langileak zeinak baduten gutxienez 120 orduko prestakuntza (erakunde publikoek edo unibertsitate publiko nahiz pribatuek emana) genero berdintasunaren eta/edo sexu eta genero aniztasunaren arloan, eta horiexek direla proiektua gauzatzeko erantzule zuzenak. Prestakuntza hori egiaztatzeko, zerbitzua emanen duenak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko du. Diruz lagundutako jardueraren %100 arte azpikontrata daiteke.

Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, frogatu beharko da laguntza teknikoa eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Kontu horiek onuradunaren txosten baten bidez frogatuko dira.

b) Diruz lagundutako jardueren publizitate edo zabalkunde gastuak.

c) Materialak argitaratzeko gastuak. Dena den, soilik programaren xedea lortzeko ezinbestekoa den material inprimatuak jasoko du dirulaguntza, betiere Nafarroako Berdintasunerako Institutuak (NABI) baimendu ondoren.

Egutegien ediziorako eta inpresiorako dirulaguntza eskatzen bada, soilik 2021ekoek jasoko dute dirulaguntza.

d) Jarduera egiteko erabiltzen diren lokalen edo ekipamenduen alokairu gastua edo material suntsikorrarena. Gastu hori ez da izanen emandako dirulaguntzaren %50 baino handiagoa.

e) Elkarteen topaketa proiektuetarako egindako joan-etorrien gastua. Garraio publikoan egindako gastua soilik onartuko da, eta onuradunari fakturatzen zaion gastua hartuko da kontuan, 500 euroko muga gainditu gabe.

f) Gastu finantzarioak, aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak eta antzekoak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta ezinbestekoak badira hura ongi prestatu edo egiteko.

4.5.2. Proiektuarekin lotutako zeharkako gastuak:

Emandako dirulaguntzaren edo, hori baino txikiagoa bada, justifikatutako gastu guztiaren %10 ere erabil daiteke objektiboki, zeharkako gastu hauetarako: kudeaketa administratiboa, entitatearen lokalaren alokairua, argia, ura eta telefonoa; baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta jarduera gauzatzen den epean egin badira. Zeharkako gastutzat hartuko dira, orobat, proiektuak gauzatzeaz arduratzen den elkarte edo entitatearen langileen gastuak, baldin eta justifikatzen bada langile horiek diruz lagundutako proiektuan parte hartu dutela eta badutela genero berdintasunaren eta/edo sexu eta genero aniztasunaren arloan gutxienez 120 orduko prestakuntza (erakunde publikoek edo unibertsitate publiko nahiz pribatuek emana).

4.6. Diruz lagungarriak ez diren proiektuak, jarduerak eta gastuak:

4.6.1. Proiektu eta jarduera hauek deialdiaren esparrutik kanpo geldituko dira:

a) Diseinu, abiarazte eta ebaluazioan genero ikuspegia ez duten proiektuak.

b) Ikasleekin ikasgelan egindako proiektuak edo jarduerak, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentutik gauzatzen ari den Hezkidetza Planean ezarritakoarekin bat.

c) Aisia-jarduerak edo ludiko-jostetakoak.

d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren programa eta jarduera berekiak.

e) Diruz lagundutako entitatearen edo elkartearen langileen nominak, 4.5.2 apartatuan ezarritakoa salbu.

4.6.2. Ezin izanen dira deialdi honetan sartu honako gastu hauek:

a) Banku kontuetako interes zordunak.

b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.

c) Prozedura judizialen gastuak.

d) Aperitibo, bazkari, arratsaldeko eta antzekoen gastuak.

e) Aurreikusitako jarduerak betetzeaz bestelako helburua duten bidaiak.

f) Entitatearen edo elkartearen publizitateari edo sustapenari lotutako gastuak.

g) Jardueretan parte hartu dutenentzako eskersariak edo opariak, edonolakoak.

h) Ordenagailuak, tabletak, inprimagailuak, gailu mugikorrak, telefonoak, USBak eta beste gailu digital batzuk erosteak dakartzan gastuak.

5. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Deialdi honetarako, 30.000 euro bideratu dira guztira.

5.2. 10.000 euroko dirulaguntza eman daiteke gehienez, proiektuaren kostua handiagoa bada ere. Eskatzen den zenbatekoa 10.000 eurokoa edo txikiagoa izanen da.

5.3. Dirulaguntzaren zenbatekoa irizpide hauen arabera kalkulatuko da, baldin proiektuak gutxienez 50 puntuko balorazioa lortu badu, oinarri hauetan ezarritako irizpideen arabera, eta honako portzentaje hauek aintzat hartuz:

–81-100 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, eskatu eta onartutako kopuruaren %100.

–61-80 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, eskatu eta onartutako kopuruaren %80.

–50-60 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, eskatu eta onartutako kopuruaren %60.

5.4. Aurrekontuko partida agortzen bada dirulaguntzaren xede izateko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe, hainbanatu eginen da zenbateko orokorra.

6. oinarria.–Dokumentazioa.

6.1. Dirulaguntza eskatzen duten elkarte edo entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskabidea, behar bezala beterik, proiektua erantsita eta adierazita zein diren proiektuaren aurrekontu osoa eta jardueren aurrekontu xehatua. Dirulaguntzen eskaerak ereduaren arabera aurkeztuko dira nahitaez; Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoko laguntzen fitxan eskura daiteke eskabide eredua. Helbide elektroniko bat adierazi beharko da, Administrazioarekiko harremanetarako bide gisa.

Proiektuaren azalpenean, balorazioaren xede diren atalak zehaztu eta deskribatuko dira, oinarri hauen I. eranskinean adierazitako irizpideekin bat, bakoitzari dagokion puntuazioa eman ahal izateko.

b) Nortasuna egiaztatzen duten agiriak, estatutuak (horietan jasoko da elkarteak edo entitateak duen konpromisoa LGTBI+ pertsonen berdintasuna lortzeko proiektuak egiteko), eta dagokion erregistroko inskripzioa.

c) Ziurtagiri eguneratua, deialdia argitaratu ondotik igorritakoa, non jasoko baita elkarteak edo entitateak eguneratuak dituela zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Ziurtagiri hori aurkezten ez bada eta alderdi interesdunak aurkakorik adierazten ez badu, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak egiazta dezake elkarteak edo irabazi-asmorik gabeko entitateak egunean dauzkala tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

d) Elkartearen edo entitatearen ordezkariak sinatutako adierazpena, ordezkaritza organoa osatzen dutenen identitatearen eta sexuaren berri ematen duena.

e) Elkarteen kasuan: elkartearen ordezkariak sinatutako adierazpena, bazkideen kopurua zehazten duena, datua sexuaren arabera sailkatuta: gizona, emakumea edo ez binarioa.

f) Elkartearen edo entitatearen ordezkariak egindako erantzukizunpeko adierazpena, puntu hauek baieztatzen eta/edo aitortzen dituena:

–Ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debekurik.

–Elkarte edo entitate eskatzaileak beste edozein administrazio publikoren edo entitate pribatu baten laguntzak edo dirulaguntzak jaso edota eskatu dituen edo ez, xede eta helburu bererako, emanak nahiz ebatzi gabe egon.

–Elkarte edo entitate eskatzaileak ez duela galdu, zigor edo administrazio arloko zehapen baten ondorioz, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera, eta horretarako desgaikuntza ekartzen duen legezko debekurik ez duela jaso.

g) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, baldin Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia bada edo baldin aurreko dirulaguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada.

h) Kasua bada, funtsen aurrerakinaren eskaera; txosten bat erantsiko da, frogatzeko ez dutela baliabide nahikorik aldi baterako finantzatzeko diruz lagundutako jarduera, eta adieraziko da zein diren 2020ko diru-sarreren eta gastuen mugimendu aurreikusiak, edo funtsen eskasia frogatzen duen edozein agiri. Halaber, laburpen bankario bat ere aurkeztu beharko da, azken mugimenduak jasoko dituena.

i) Funtsak aurreratzeko eskatuz gero, gardentasun adierazpena, baldin onuradun den entitatea edo pertsona juridikoak bete behar badu Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 eta 3.c) artikuluetan ezarritako betebeharra:

–20.000 euro baino gehiago jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, urtean, laguntza edo dirulaguntzetan, edo

–Jasotako laguntzen edo dirulaguntzen zenbatekoa bere urteko sarreren %20 baino handiagoa bada, eta gutxienez 5.000 euro egiten badu.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

j) Sare sozialetan egonez gero, sare sozialen estekak jasotzen dituen dokumentua.

6.2. Agiri horiek ez dira eskatuko baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badute baldintzak betetzen direla, edo agiriak Administrazioaren eskuetan badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Hala bada, adierazi beharko da zer unetan eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren aipatu agiriak.

7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

7.1. Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan (aurrerantzean laguntzen fitxa), “Tramitatu” aukeratuz.

Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dokumentazioa dokumentu bereizitan aurkeztuko da, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Gaitutako helbide elektroniko bat adieraziko da eskabideetan, eta horixe izanen da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta toki entitate eskatzaileen arteko jakinarazpen eta komunikazioetarako bidea.

Eskatzaileak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan harpidetuta egon beharko du. Hauxe da gaitutako helbide elektronikoa eta jakinarazpen elektronikorako harpidetza lortzeko helbidea: http://notificaciones.060.es. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, pertsona interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.

7.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo akatsak baditu, toki entitateari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera ezetsi, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekiko harremanetarako lehentasunezko bide gisa eskaeran adierazitako helbide elektronikoaren bidez eskatuko da akatsak zuzentzeko.

Proiektua deskribatzeko dokumentazioa ezin da zuzendu. Edonola ere, NABIk azalpenak eskatzen ahal ditu, aurkeztutako proiektua aldatzeko aukerarik gabe. Erantzuteko epea gehienez bost egun baliodunekoa izanen da.

8. oinarria.–Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Atalari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.

Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da. Aurrekontuko partida agortzen bada dirulaguntza jasotzeko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe, hainbanatu eginen da zenbateko orokorra.

8.2. Eskaerak I. eranskinean zehaztutako irizpideei jarraikiz ebaluatuko dira, eta, horretarako, instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko edo beste departamentu batzuetako teknikarien laguntza izaten ahal du, eta egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

8.3. Gutxienez ere 50 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ezetsiko dira.

Proiektuak diruz lagundu ezin diren ekintzak baditu, soilik diruz lagungarriak direnak hartuko dira kontuan.

8.4. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Atalak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio ebazpen proposamena. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, non adieraziko baita entitate onuradunek dirulaguntzak jasotzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

9. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematikoki eginen dira, onuradunek beren eskaeran adierazitako helbide elektronikoaren bidez.

10. oinarria–Ebazpena.

10.1. Dirulaguntzei buruzko ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 3 hilabeteko epean, gehienez ere. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntzaren fitxan. Hiru hilabeteko epe hori bukatuta, ebazpen espresurik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

10.2. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean honako hauek adieraziko dira: entitate eskatzaileen zerrenda, diruz lagundutako proiektuak eta proiektu bakoitzerako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, kasua bada, zer eskaera ezetsi den eta zergatik.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, jakinarazi ondoko hilabetean, jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren atarian eta web-orrian (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak ere argitaratuko ditu datu horiek bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

10.3. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek bete beharko dute Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarritako gardentasun betebeharra, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetez Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Aurreko egoeretako batean egonda, gardentasun betebeharrari lotuak dauden entitate onuradunek foru lege horren 12.4 artikuluan azaltzen den informazioa eman beharko dute, entitateko ordezkariak sinatua, dirulaguntzak emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean. Horretarako, Nafarroako Atarian, Tramiteen atalean, argitaratutako deialdiaren fitxa erabili beharko dute.

Entitateak gardentasunaren betebeharra bete behar ez badu aurreikusitako egoeretan ez egoteagatik, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

Aurreko bi puntuetan aipatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, adierazpen eredu normalizatu bat egonen da eskuragarri Nafarroako Atariko Tramiteen atalean.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

11. oinarria.–Proiektuak gauzatzean gertatzen diren gorabeherak.

11.1. Proiektuak deialdi honetan ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan.

Hala ere, dirulaguntzaren proposamenaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa baldin bada, eta dirulaguntza ematea efizientea bada, instrukzio organoak eskaera berregiteko eskatzen ahalko du, konpromisoak eta baldintzak egokitu daitezen ematen ahal den dirulaguntzaren arabera, betiere hasierako xedea eta ezaugarriak errespetaturik. Aldatutako proiektu horren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoaren eta, halakorik badago, hasiera batean antzeko baldintzetan aurreikusitako kofinantzaketaren batura baino (eskaeran ageri den kofinantzaketa portzentaje bera mantenduko da).

12. oinarria.–Dirulaguntzen ordainketa eta justifikazioa.

12.1. Oro har, dirulaguntza ordainduko da haren xede den proiektua bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondotik.

Hala ere, gizarte ekintzako programak direnez, dirulaguntza emateko ebazpenean erabakiko da dirulaguntzaren aurrerakina eskatu duten entitateei emandakoaren %100 aldez aurretik ordaintzea, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, baldin eta justifikatzen bada funtsen hornidura beharrezkoa dela dirulaguntzaren xedeak betetzeko.

Funtsak behar direla justifikatzeko, entitateak txosten bat aurkeztu beharko du, frogatzeko ez duela baliabide nahikorik aldi baterako finantzatzeko diruz lagundutako jarduera, bai eta 2020ko diru-sarrera eta gastuen mugimenduen aurreikuspena ere, edo beste edozein egiaztagiri, frogatzeko funtsak aldez aurretik behar direla dirulaguntzaren xedeak betetzeko. Halaber, laburpen bankario bat ere aurkeztu beharko da, azken mugimenduak jasoko dituena.

Edozein ordainketa egin baino lehen, gardentasun betebeharrak bete beharko dira.

12.2. Dirulaguntzaren xedeko jarduketak egin ondoren, elkarte eta entitate onuradunek diruz lagundutako ekintza guztiak justifikatu beharko dituzte. Horretarako, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2020ko azaroaren 13an, beranduenez:

–Memoria, horretarako diseinatutako ereduaren araberakoa (“Memoriaren eredua”), Internet bidez eskuratzen ahalko dena, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoko laguntzen fitxan (www.nafarroa.eus).

Memoriarekin batera, egindako ekintzen frogagiriak aurkeztuko dira, bai eta ekintza horien ondoriozko produktuen edo zabalkunde eta publizitaterako prestatutako produktuen frogagiriak ere.

–Proiektua gauzatzeko enpresa bat kontratatuz gero, haren adierazpen bat, frogatzeko generoaren eta/edo sexu eta genero aniztasunaren arloan prestakuntza eta eskarmentua duten pertsonak dituela eta horiexek direla proiektua gauzatzeko zuzeneko arduradunak.

–Egindako gastuen eta ordainketen frogagirien zerrenda (“Gastuen eredua”).

Justifikazio kontu baten bidez justifikatuko dira izandako gastuak eta ordainketak. Kontuak dirulaguntzaren xede diren jardueren eta haien kostuaren aitorpena bildu beharko du gutxienez ere, jarduerak egiteko gastu guztiak zehazturik. Jatorrizko fakturak aurkeztu beharko dira, baita horiek benetan ordaindu direla frogatzen duten agiriak ere. Frogatzeko balio bera duten beste agiri batzuk eta faktura elektronikoak onartuko dira, baldin eta betetzen badituzte zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak.

–Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, entitateak frogatu beharko du enpresa hautatu dela efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Diruz lagundutako ekintzetan Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren parte-hartzea azaltzeko betebeharra bete dela frogatzen duen agiria; izan ere, proiektuari lotutako publizitate, hedapen eta agiri guztietan Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta testu hau agertu behar dira, edozein dela ere erabilitako bitartekoa: “Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz laguntzen du”, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoekin bat.

–Diruz lagundutako proiekturako eta ekintzetarako jasotako edozein laguntzaren edo edozein motatako diru-sarreren aitorpena.

12.3. Instrukzio organoak uste badu zuzentzeko moduko akatsak daudela onuradunak aurkeztutako justifikazioan, eskaera egin duen elkarte edo entitateari errekerimendua eginen dio horiek zuzendu ditzan, 10 egun balioduneko epean.

12.4. Egindako gastutzat joko da, oro har, justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena. Aurrekoa gorabehera, ez da eskatuko 2020ko urriaren 31 baino lehen ordaindu ezin diren finantza eta zerga gastuak eta Gizarte Segurantzarekikoak benetan ordainduak izatea, horren arrazoia baldin bada likidatzeko borondatezko aldia oraindik irekita ez egotea.

13. oinarria.–Bateragarritasuna.

13.1. Deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek zilegi izanen dute jasotzea Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk edo nazioarteko erakundeek helburu edo xede bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak eta sarrerak, baldin eta, guztira, proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez bada.

13.2. Aurrekoa gorabehera, dirulaguntzen deialdi hau bateraezina da dirulaguntza eskatu den proiektu edo jarduera bererako jasotako diru-sarrerekin, laguntzekin edo dirulaguntzekin, horiek jaso badira Nafarroako Gobernuarekin edo Nafarroako bestelako administrazio publiko batekin lankidetza hitzarmen bat edo kontratu bat sinatua izateagatik.

14. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten elkarte eta entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:

a) Diruz lagundutako proiektua adierazitako epeetan gauzatzea eta deialdiaren helburua betetzea.

b) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea sortzen bada dirulaguntzaren xede den proiektua dela-eta sorturiko gorabehera oro, barne harturik bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortzea.

c) Frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diruz lagundutako proiektua egin dela eta dirulaguntza emateko arrazoi izan den helburua bete dela.

d) Emandako dirulaguntzei buruz, egiaztatze lana eta kontrol tekniko eta ekonomikoa egiten uztea Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, baita horretarako eskumena duen edozein organori ere; jarduketa horietan eskatzen zaion informazio eta dokumentazio guztia aurkeztu beharko da.

e) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortzen diren bestelako laguntzak, dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

g) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzaren berri ematea, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren modu tradizionalean edo digitalean egiten diren idatzizko edo ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere.

i) Agiri, publizitate, irudi edo material guztiek hizkera ez-sexista erabili behar dute, bereizkeria islatzen duen irudi oro edo estereotipo sexistak saihestu, eta berdintasunari, presentzia orekatuari, aniztasunari, ardurakidetzari eta rolen eta identitateen pluraltasunari lotutako balioak sustatu behar dituzte.

j) Betetzea Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoa.

15. oinarria.–Inbertitu gabeko gerakinak.

15.1. Dirulaguntzaren helburuak bete ondoren, inbertitu gabeko gerakinik badago baliabideak efizientziaz erabili direlako (barne harturik diruz lagundutako jarduerari aplikatu ez zaizkion balizko finantza etekinak), onuradunek baimena eskatzen ahalko diote Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari, gerakinak erabiltzeko izaera bereko edo antzeko beste jarduera batzuetan; hain zuzen ere, oinarri arautzaile hauen arabera diruz laguntzeko modukoak izan eta elkarte edo entitate onuraduna gauzatzen ari den jardueretan.

15.2. Inbertitu gabeko gerakinak erabiltzea baimentzeko eskaeran, abiatutako edo, hala bada, bukatutako proiektuaren helburuen zabalpena eta dagokion aurrekontua zehaztuko dira.

15.3. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Atalak proposamena egin ondoren, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko du aldatu behar dela dirulaguntza emateko hasierako ebazpena, gerakina aplikatu dadin, edo deskribatutako gerakinak itzuli behar direla.

16. oinarria.–Dirulaguntzak itzultzea.

16.1. Onuradunak ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

16.2. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Dena dela, entitateak modu boluntarioan eskatzen ahalko du justifikatu gabeko dirulaguntzaren zenbatekoaren itzulketa. Horretarako, frogagiri bat aurkeztu beharko du erakusteko diru-sarrera bat egin dela Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren alde, aldez aurretik ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldearen adinakoa. Kasu horretan, ez da berandutze-interesik aplikatuko, eta ulertuko da entitateak espresuki uko egiten diola itzultzen duen zenbatekoari.

–Ez bada gauzatzen proiektuan aurkezturiko jardueretatik bakar bat ere 4.2 oinarrian ezarritakoaren arabera, %100eko ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da.

–Ez badira gauzatzen edo betetzen aurkezturiko proiektu orokorreko jarduera bat edo batzuk, osorik itzuli beharko da jarduera horiei dagokien eta justifikatu gabe dagoen aurrerakina, eta berandutze-interesak eskatuko dira.

17. oinarria.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

18. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta beronen oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari jarraikiz.

19. oinarria.–Arau osagarriak.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

I. ERANSKINA

Proiektuari lotutako irizpideak (80 puntu bitarte)

IRIZPIDEAK

NEURTU BEHARREKO ALDERDIAK

APLIKAZIOA

Kalitatea

(75 puntu)

Koherentzia

(gehienez ere 31 puntu)

–Hobetu nahi diren beharren deskribapena: 5 puntu arte.

–Helburu orokorra definitzea: 5 puntu arte.

–Ekintzak deskribatzea berariazko helburuei eta xedeko biztanleriari lotuta: 5 puntu arte.

–Egutegia eta hartzaileak: 5 puntu arte.

–Ebaluaziorako adierazle neurgarriak: 6 puntu arte.

–Proiektuan baliabide propioak erabiltzea: 5 puntu arte.

Sexu- eta genero-aniztasuna txertatzea

(gehienez ere 16 puntu)

–Hizkuntza ez-sexista erabiltzea: 5 puntu arte.

–Analisian sexuaren arabera bereizitako datuak (emakumea, gizona edo ez binarioa) eta datuen ebaluaziorako adierazleak: 6 puntu arte.

–LGTBI+ pertsonen egoera aintzat hartzea abiapuntuko analisian: 5 puntu arte.

Proiektuan aniztasuna eta/edo era askotako diskriminazio egoerak kontuan hartzeko aurreikusitako neurriak, ikuspegi intersekzionala aintzat harturik

(gehienez ere 10 puntu)

–Programazioan aurreikusitako irisgarritasuna: 5 puntu arte.

–Berariazko ekintzak, bestelako diskriminazio ardatzei heltzeko, modu intersekzionalean: 5 puntu arte.

Beste elkarte batzuekin lankidetzan aritzea, proiektua egin eta garatzeko

(gehienez ere 5 puntu)

–Bi baino gehiagorekin: 5 puntu.

–Birekin: 4 puntu.

–Batekin: 3 puntu.

Espero den inpaktua/emaitza

(gehienez ere 3 puntu)

–Eraginpeko eremuan zenbait herri daude: 3 puntu arte.

–Herri bat: 1 puntu.

Elkartean 30 urtetik beheitikoen parte-hartzea sustatzea

(gehienez ere 5 puntu)

–Haien parte-hartzea sustatzeko ekintza berariazkoak programatzea: 2,5 puntu arte.

–Elkarteko gazteei buruzko adierazpena: 2,5 puntu.

Elkartean 60 urtetik goitikoen parte-hartzea sustatzea

(5 puntu gehienez ere)

–Haien parte-hartzea sustatzeko ekintza berariazkoak programatzea: 2,5 puntu arte.

–Elkarteko 60 urtetik goitikoei buruzko adierazpena: 2,5 puntu

Berrikuntza

(5 puntu)

Berrikuntza metodologikoa eta originaltasuna: sare sozialetan egotea

(gehienez ere 5 puntu)

–Puntu bat emanen da sare sozial edo web ingurune bakoitzeko (gehienez ere 5 puntu).

PROIEKTUA, GUZTIRA: 80 puntu

Elkarte/entitate eskatzaileari dagozkion irizpideak (20 puntu arte)

IRIZPIDEAK

NEURTU BEHARREKO ALDERDIAK

APLIKAZIOA

Esperientzia

(10 puntu)

LGTBI+ pertsonen berdintasunaren arloan gauzatutako proiektuak. Egindako 2 lan deskribatu

(gehienez ere 10 puntu)

Kalitatea Irismena Ekarpena

Berdintasuna lortzea

LGTBI+ pertsonen elkarteak soilik

(5 puntu)

LGTBI+ pertsonen eskubideen defentsa.

(5 puntu)

LGTBI+ pertsonen eskubideen defentsa izatea helburu bakarra: 5 puntu

Kokapen geografikoa

(5 puntu)

Dirulaguntzaren xedeko proiektua non gauzatuko den (gehienez ere 5 puntu)

–Iruñerria: 3 puntu.

–Nafarroako gainerako eremuak: 5 puntu.

ENTITATEA, GUZTIRA: 20 puntu

Iragarkiaren kodea: F2005613