138. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

54E/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 15ekoa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita “Irabazi-asmorik gabeko elkarte eta entitateentzako dirulaguntzak biktimei, bakeari, bizikidetzari eta giza eskubideei loturiko jarduerak egiteko” izeneko dirulaguntzen 2020ko deialdia. DDBN identifikazioa: 511549.

Bakea eta bizikidetza Nafarroako gizarte osoak gogo biziz eskatzen dituen bi nahi dira, eta Gobernuaren programaren eta ekintzaren lehentasunezko helburuak dira.

Nafarroako errealitate sozial eta politikoa motibazio politikoko indarkeriak markatu du azken hamarkadetan. Indarkeriak kalte konponezinak sortu ditu, pertsonaren duintasunaren aurka egin du, giza eskubideak sistematikoki urratu ditu eta, neurri handi batean, zatiketa eta urruntze sakona ekarri du norbanako, talde, familia, herri, erakunde eta hizkuntza, kultura eta politika arloko unibertsoen artean, eta kalte larria eragin bizikidetza-harremanetan.

Gainera, bereziki azken urteotan, bizikidetza nahaspilatuz joan da gure erkidegoaren zenbait esparrutan etnia, kultura, zibilizazio eta erlijio proposamen desberdinen artean ageri den mesfidantza eta diskriminazioagatik.

Errealitate horiek agerian uzten dute ahalegin bat egin beharra egindako kalteak gainditzeko eta gatazka eta indarkeriazko eszenatoki berrien agerpena galarazteko. Horretarako, memoria historikoari buruzko legeetan xedatutakoa betetzeko asmoz, ezinbestekoa da gertatu denarekiko memoria bizia eta kritikoa indartzea, begirada biktima izan direnei zuzenduta, egia, justizia eta erreparazioa merezi baitute. Aniztasuna onar eta errespeta dadila sustatzea ere beharrezkoa da, bakearen kultura bultzatuz. Alde horretatik, ideologia, etnia, kultura, zibilizazio eta bizipen erlijioso desberdinen arteko harremanek, bizikidetzak eta topaketak balio positiboa eta aberasgarria izan behar dute gure gizarte demokratikoarentzat; betiere, aintzat hartuta pertsonaren duintasuna eta Giza Eskubideak erreferentzia etiko unibertsal eta ukaezina direla desberdinen arteko harremanetan.

Nafarroako Gobernuak, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren bidez, Nafarroako elkarteen ehunaren ahalik eta inplikazio handiena sustatu gogo du bakearen eta bizikidetzaren aldeko ekimenak sustatu eta garatzeko.

Legez eraturik dauden irabazi-asmorik gabeko hainbat erakundek, nork bere herrian, lan baliotsua egin dute eta egiten ari dira memoriari, biktimen arretari eta bakearen eta bizikidetzaren sustapenari loturiko ekimenen aitzindari gisa. Erakunde multzo horren bete-beteko sostengu irmoa funtsezkoa da bake iraunkorreko eta errespetuzko bizikidetzako eszenatoki berria sendotuko bada.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzekoa zaien araubide juridiko orokorra, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, dirulaguntzaren xedeko jarduerak egiten dituztenek edo haiek jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten dirulaguntza eskuratzeko.

Irabazi-asmorik gabeko elkarte eta entitateei laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea du xede deialdi honek, biktimei, bakearen kulturari, bizikidetzari eta giza eskubideei loturiko 2020ko jarduerak egin ditzaten.

Deialdiak bide ematen die erakunde interesdun guztiei baldintza berberetan parte hartzeko, eta bermatzen du, aldi berean, dirulaguntza irizpide objektiboei jarraikiz emanen dela.

Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuaren txosten-proposamena jasotzen du espedienteak, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia ados egonik.

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuaren bidez emandako ahalmenak erabiliz, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako toki erakundeentzako dirulaguntzen deialdia onestea, memoriarekin, biktimekin, giza eskubideekin, bakerako hezkuntzarekin eta bizikidetzarekin loturiko jarduerak egin ditzaten 2020an, bai eta haren oinarri arautzaileak ere, Foru Agindu honi erantsita doazenak.

2. 80.000,00 euroko gastua onestea 2020ko Nafarroako Gastu Orokorren Aurrekontuetako partida hauen kargura (nolanahi den, aldaketak egin litezke jasotzen diren eskaerak kontuan harturik):

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B20002/B2100/4819/232502: Irabazi-asmorik gabeko elkarteentzako dirulaguntzak, biktimei loturiko jarduerak egiteko

2020

40.000,00

B20002/B2100/4819/232504: Irabazi-asmorik gabeko elkarteentzako dirulaguntzak, bakeari, bizikidetzari eta giza eskubideei loturiko jarduerak egiteko

2020

40.000,00

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari OfizialEAN argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.

4. Foru agindu hau jakinaraztea Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiari, eta igortzea Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kudeaketa Administratibo eta Ekonomikorako eta Lankidetzarako Atalera, haren Kontabilitate Zentrora eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak aipatu departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko ekainaren 15ean.–Herritarrekiko Harremanetako Kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

IRABAZI-ASMORIK GABEKO ENTITATE ETA ELKARTEENTZAKO DIRULAGUNTZAK 2020AN BIKTIMEI, BAKEAREN KULTURARI, BIZIKIDETZARI ETA GIZA ESKUBIDEEI LOTURIKO JARDUERAK EGITEKO. OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

Laguntza hauen xedea da irabazi-asmorik gabeko entitate eta elkarteak inplikatzea eta pizgarriak ematea memoria eta biktimei eskubidez dagokien errekonozimendua eta erreparazioa bultzatzeko eta bakearen kulturaren eta bizikidetzaren eta Giza Eskubideen balioak hedatzeko asmoa duten ekimenak egin ditzaten, betiere Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak bultzatutako printzipioekin bat.

Ildo horretan, laguntzak honelako jarduketak egiteko erabiliko dira:

a) 1936ko estatu-kolpe militarraren eta geroko errepresio frankistaren ondoriozko biktimei errekonozimendua, erreparazioa edo elkartasuna adierazteko ekitaldiak, betiere ekarpenen bat egiten badute biktimei eskubidez dagokien egia, justizia eta erreparazioa lortzeko bidean, eta biktima bakoitza bere biktima-izaeraren testuinguruan hartuta.

b) Gizarte osoaren parte-hartzeari irekitako jarduerak antolatzea, hala nola:

–Honako helburu hauekin antolatzen diren erakusketa, foro, hitzaldi, eztabaida, topaketa eta ekitaldiak: memoria historikoari, bakearen eta bizikidetzaren baloreei, giza eskubideen urraketak ez errepikatzeari buruzko hausnarketa eta gai horiekiko konpromisoa bultzatzea.

–Bizikidetza lortze aldera egindako jarduerak, helburu dutenak topaketa, elkar ezagutzea eta elkarrizketa sustatzea sentsibilitate politiko desberdinetako pertsona eta taldeen artean, eta unibertso kultural, erlijioso eta ideologiko desberdinetakoen artean.

c) Plangintza, prestakuntza eta/edo trebakuntza jarduerak antolatzea bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan, nork bere esparruan bakearen eta bizikidetzaren arloko proiektu komunitarioak garatu nahi dituzten batzordeak edo lantaldeak sortu eta abian jartzeko.

d) Helburu hau duten erakundeen web orriak eta/edo sare sozialak berritu eta modernizatzea:

–Entitateak berak bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan egiten duenari buruzko informazioa jasotzea.

–Bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko ekimen eta ekintzak modu digitalean trukatzea.

–Material interesgarriak proposatzea gogoetarako, eztabaidarako eta abarretarako.

–Bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen aldeko lana eta jarduerak hedatu nahi dituzten pertsona eta taldeen parte-hartzea eta ekarpen sortzaileak sustatzea.

e) Antolaketa-proiektuak, deskribapen-tresnak sortzea, hala nola inbentarioak edo katalogo informatizatuak, digitalizazio-lanak edo memoriari lotutako artxibo-dokumentuak, elkarte edo erakundearenak direnak, prestatzeko beste zereginak.

Elkarte edo entitateek artxibatuko diren dokumentuak edo bestelako elementuak kontrolatzeko sistema bat izan behar dute, datu base baten bitartez. Datu baseak, gutxienez, informazio hau izanen du:

1. Produkzioa egiten duen entitatea: toki entitateak, elkarteak, partikularrak, etab.

2. Dokumentu, bilduma edo espediente zenbakia.

3. Muturreko datak. Dokumentua, bilduma edo espedientea artxibatzeko hasierako zein bukaerako data.

4. Dokumentuaren, bildumaren edo espedientearen izenburu edo laburpena: argi eta zehatza. Funtsezko datu guztiak izan behar dira.

5. Bilduma edo espedientea osatzen duten dokumentuen kopurua.

6. Serie dokumentala sailkatzeko kodea. Lehendik egindako sailkapen taula baten arabera zehaztuko da.

7. Hitz gakoak edo gaiak. Terminoen hiztegi kontrolatu batetik abiatuta identifikatuko dira, eta aukera eman behar dute dokumentuak, bildumak eta espedienteak azkar eta modu konbinatuan bilatzeko.

8. Kaxako instalazioaren identifikatzailea edo signatura. Dokumentua edo espedientea berreskuratzeko modua eskaini behar da.

9. Oharrak. Aurreko eremuetan jaso gabeko beste informazio garrantzitsu bat bilduko da.

Oro har, digitalizazioaren xede diren dokumentuek 40 urtetik gorako antzinatasuna izan behar dute, baina antzinatasun txikiagoko dokumentuak digitalizatzeko edo prestatzeko proiektu zehatzek ere har ditzakete dirulaguntzak, betiere Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Memoria eta Bizikidetza Zerbitzuak haiek aztertu eta baimena eman badu.

2.–Jarduketa eremua eta helburua.

Dirulaguntzaren xedeko proiektu eta jarduketak Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean garatuko dira, argi eta garbi erakutsi beharko dute bakearen eta bizikidetzaren aldeko ahalmen pedagogikoa eta soziala eta helburu hauetakoren bat bultzatu beharko dute:

–Indarkeriaren gure historia nola sortu eta garatu den eta haren ondorioak ikasten laguntzea, berriro gerta ez dadin bermatzeko, giza eskubideen zapalketekiko memoria kritikoa bultzatuz.

–Giza eskubideen errespetua sustatzea, eta biktimek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako duten eskubideari erantzutea, betiere biktima bakoitza bere biktima-izaeraren testuinguruan hartuta.

–Adiskidetzea, bakea eta bizikidetza helburu duten jarduera eta ekitaldietan sustatzea sentsibilitate politiko desberdinetako eta unibertso kultural, erlijioso eta ideologiko desberdinetako pertsona eta taldeen arteko topaketa eta gogoeta, azterketa, eta esperientzia kooperatiboa.

–Laneko batzorde edo talde egonkorrak bultzatzea, lan egin dezaten bakearen eta bizikidetzaren aldeko programa edo proiektuak sustatzen.

–Herritarrak, batez ere belaunaldi gazteenak, inplikatzea bakearen, errespetuaren eta bizikidetzaren kultura sustatzen, ideologia, sinesmen, uste edo iritzi desberdinetako herritarren artean haustura sozial berriak agertu baino lehen.

3.–Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Oinarri hauetan araututako laguntzak jasotzen ahalko dituzte legez eraturik eta Nafarroako Elkarteen Erregistroan, edo erregelamenduz dagokionean, inskribaturik dauden irabazi-asmorik gabeko entitateek.

Aurkezten diren erakundeek betebehar hauek ere bete beharko dituzte:

a) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean ez izatea, ezta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

b) Dirulaguntzen onuraduna izateko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta, bereziki, 3. apartatuan ezarritako gainerako debeku-egoeretan ez egotea.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diruz laguntzen den jarduerak irauten duen bitartean.

4.–Jarduerek bete beharrekoak.

Laguntzaren xedeko jardueren ezaugarriak eta helburuak hurrenez hurren 1. eta 2. oinarrietan ezarritakora egokituko dira.

Laguntzaren xedeko jarduera guztiak 2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 1era bitarte egin beharko dira.

5.–Eskaerak aurkeztea.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Entitate interesdunek eskaera aurkeztu beharko dute horretarako prestatu diren ereduen arabera, I. eranskinean jaso baitira. Eredu horiek entitateen eskura egonen dira Nafarroako atariaren webguneko “Laguntzak eta Bekak” izeneko atalean eta Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan (Arrieta kalea 12, 5. solairua). Eskaerarekin batera Nafarroako Gobernuaren eskabide-orri orokorra aurkeztuko da.

Erakunde interesdunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da eskaera, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean.

Eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezartzen diren tokietatik edozeinetan aurkeztuko dira, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoari buruzko ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez sortu eta araututako Erregistro Elektronikoan (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/1718/Registro-General-Electronico). Eskaerak Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiari zuzendu beharko zaizkio.

Horrez gain, bada aukera eskaerak aurkezteko Nafarroako atariaren webguneko “Laguntzak eta bekak” atalean, fitxa honetan:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/8496/Ayudas-para-actividades-relacionadas-con-las-victimas-y-con-la-cultura-de-paz-convivencia-y-derechos-humanos-a-asociaciones-y-entidades-sin-animo-de-lucro-2020

Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, argi eta garbi adieraziko dira bulegoaren izena eta eguna, tokia eta ordua, minutu eta guzti. Gainera, entitate interesdunak, egun berean, fax bidez edo posta elektronikoaren bidez (pazyconvicencia@navarra.es edo bizikidetza@navarra.es) jakinarazi beharko dio Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiari eskaera igorri duela.

Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaerak, ezarritako ereduen arabera prestatuak (ereduak entitate interesdunen eskura daude 5.1 oinarrian ezarritako tokietan), entitatearen ordezkariak behar bezala sinatuak aurkeztu beharko dira, Nafarroako Gobernuaren eskabide-orri orokorra eta honako dokumentazio hau erantsita:

a) Entitatearen estatutuak.

b) Eskabidea sinatzen duen ordezkariari emandako ahalordea frogatzen duen agiria eta haren nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

c) Entitatea Nafarroako Elkarteen Erregistroan edo erregelamenduz dagokionean inskribatuta dagoela frogatzeko ziurtagiriak, edo beste frogagiriren bat.

d) Identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia konpultsatua.

e) Behar diren ziurtagiriak, egiaztatzeko ezen zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean dituela eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko edo haren erakunde autonomoekiko zorrak ordainduak dituela.

f) Erakundearen erantzukizunpeko adierazpen berariazkoa, II. eranskineko ereduaren araberakoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoera batean ere ez dagoela dioena.

g) Transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea, behar bezala betea (eskaera lehen aldiz aurkezten dutenentzat eta banku kontuko zenbakia aldatu dutenentzat bakarrik).

h) Jarduera bererako eskatu diren beste laguntza guztien zerrenda, III. eranskineko ereduaren araberakoa, adierazita eskatutako kopurua, zer administrazio edo erakunde publikori zein pribaturi eskatu zaien eta laguntza horien egoera (ukatuak, ebazteko zain, emanak eta haien zenbatekoak). Bestela, entitateek erantzukizuneko adierazpena aurkeztu beharko dute, beste laguntzarik eskatu ez dutela dioena.

5.3. Eskaera zuzentzea.

Eskaerak ez baditu betetzen aipatutako betebeharrak, edo harekin batera ez badira aurkezten aginduzko agiriak, instrukzio organoak erakunde interesdunari eskatuko dio akatsak gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko, horrela egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatu bezala.

6.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko ahalmena duten organoak.

Deialdi honen ondorioetarako, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuari esleitu zaizkio prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak, laguntzak emateari begira. Oinarri arautzaileotan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, ulertzen da zerbitzu horretaz ari dela.

Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, 7. oinarri arautzailean ezarritako irizpideak kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu entitate onuradunek dirulaguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak du eskumena dirulaguntzak emateko prozedura ebazteko.

7.–Balorazioa.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Baremo honi jarraikiz baloratuko dira eskaerak:

7.1. Biktimei loturiko jarduerak egiteko:

A) Jardueren tipologia, definizioa eta abian jartzeko plana: 30 puntu arte.

–Jardueren zehaztasun maila: 20 puntu arte.

–Jarduerak abian jartzeko plangintza: 10 puntu arte.

B) Berariazko helburuen hedadura, eragina eta espero diren emaitzak: 30 puntu arte.

–Berariazko helburuen hedadura eta justifikazioa: 15 puntu arte.

–Eraginaren eta espero diren emaitzen kalitatea: 15 puntu arte.

C) Jende mota desberdinen inplikazioa eta aurreikusita dagoen parte-hartzea: 30 puntu arte.

–Parte hartzeko aurreikuspena: puntu 1 emanen da 10 pertsonako. Gehienez ere 20 puntu.

–Jende mota ezberdinak parte hartzea aurreikusten bada (toki erakundeko langileek, elkarteek, gazte taldeek, herritarrek etab.): 10 puntu arte.

D) Aurrekontuaren eragimena: 10 puntu arte.

7.2. Bakearen kulturari, bizikidetzari eta giza eskubideei loturiko jardueretarako:

A) Jardueren proiektuaren kalitate teknikoa: 65 puntu arte.

A1. Jardueren tipologia, definizioa eta abian jartzeko plana: 20 puntu arte.

–Jardueren zehaztasun maila: 10 puntu arte.

–Jardueren aniztasuna: 5 puntu arte.

–Jarduerak abian jartzeko plangintza: 5 puntu arte.

A2. Berariazko helburuen hedadura, eragina eta espero diren emaitzak: 20 puntu arte.

–Berariazko helburuen hedadura eta justifikazioa: 7 puntu arte.

–Eraginaren eta espero diren emaitzen kalitatea: 13 puntu arte.

A3. Jende mota desberdinen inplikazioa eta aurreikusita dagoen parte-hartzea: 15 puntu arte.

–10-100 parte-hartzaile edo gehiago aurreikusten badira: puntu 1 emanen da 10 pertsonako. Gehienez ere 10 puntu.

–Jende mota ezberdinak parte hartzea aurreikusten bada (toki erakundeko langileek, elkarteek, gazte taldeek, herritarrek etab.): 5 puntu arte.

A4. Aurrekontuaren efizientzia: gehienez 10 puntu.

B) Jarduerak bakearen eta bizikidetzaren helburuarekin lan egiten duten beste egitura edo/eta plan zabalago batzuetan sartzea: 10 puntu arte.

C) Jarduerak egiteko hartu diren zeharkako neurrien (genero berdintasuna, aukera berdintasuna, gaztelania eta euskara erabiltzea, ingurumen arloko neurriak jardueren eragina gutxitu edo/eta zuzentzeko) intentsitatea: 10 puntu arte.

D) Jardueren zabalkunderako planaren kalitatea: 15 puntu arte.

D1. Zabalkunderako euskarri ezberdinak erabiltzea: 10 puntu arte.

D2. Zabalkunde lanaren plangintza: 5 puntu arte.

Laguntza jasotzeko, proiektuek 60 puntu lortu beharko dituzte gutxienez.

8.–Laguntzaren zenbatekoa esleitzea.

Eskatu eta onartzen den aurrekontuaren %100 arterainokoa izaten ahalko da esleitzen den laguntzaren zenbatekoa, kontuan izanda proiektu bakoitzeko gehieneko laguntza 8.000 eurokoa izan daitekeela. Entitate bakoitzak deialdi honen babesean laguntzea eskatzen dituen jarduera guztiak jaso beharko dira proiektuan.

Laguntzaren kalkulurako aurrekontuan aurreikusita dagoen diru zenbatekoa gaindituz gero, eskatutako eta onartutako zenbatekoaren gainean portzentaje-tarte hauek aplikatuko dira dirulaguntza kalkulatzeko lortutako puntuazioaren arabera:

TARTEAK

PORTZENTAJEA %

60 eta 64 artean

65

65 eta 69 artean

70

70 eta 74 artean

75

75 eta 79 artean

80

80 eta 84 artean

85

85 eta 89 artean

90

90 eta 94 artean

95

95 eta 100 artean

100

Aurreko irizpidea aplikatu ondoren aurrekontuko kontsignazioa gainditzen bada oraindik ere, banaketa proportzionala edo hainbanaketa eginen da aurreko irizpidearen aplikazioaren ondoriozko zenbatekoetatik abiatuta.

Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, erakunde interesdunei entzuteko tramitea egin beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluari jarraikiz.

Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak 80.000 euro ditu 2020ko gastuen aurrekontuan deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak finantzatzeko, partida hauen kargura hain zuzen:

–40.000,00 euro, B20002 B2100 4819 232502 partidatik: “Irabazi-asmorik gabeko elkarteentzako dirulaguntzak, biktimei loturiko jarduerak egiteko”.

–40.000,00 euro “Irabazi-asmorik gabeko elkarteentzako laguntzak, bakeari, bizikidetzari eta giza eskubideei loturiko jarduerak egiteko” izeneko B20001 B2100 4819 232504 partidaren kargura.

9.–Gastu diruz lagungarriak.

2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 1era bitarte egiten diren gastuak izanen dira diruz lagungarriak.

Instrukzio organoak irizten baldin badu gasturen bat ezin zaiela egotzi dirulaguntzaren xedeari eta helburuari, diruz lagungarri ez den gastutzat hartzen ahalko du.

Gastu diruz lagungarrien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Gastu hautagarritzat hartzeko, gastu horiek zuzeneko lotura izan beharko dute jardueraren garapenarekin, zalantzarik gabe, eta entitate eskatzaileak aurkezten duen aurrekontu xehakatu eta zehaztuan jasota egon beharko dira.

Ez dira inoiz diruz lagungarritzat hartuko erakunde eskatzailearen ohiko funtzionamenduaren ondoriozko gastuak, ez eta langileen gastuak ere.

Inbertsio gastuak ez dira diruz lagungarriak. Berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak (hala nola, BEZa) eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere ez dira diruz lagungarriak.

Gastu diruz lagungarrien barrenean, diruz lagunduriko jardueraren zabalkunde gastuetatik kontuan hartuko dena ez da izanen jardueraren aurrekontuaren %20 baino handiagoa.

Toki erakunde eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan diruz lagungarria ez den gasturen bat badago edo gastuak neurriz kanpokoak badira nabarmen, kendu eginen dira, laguntzaren muga zehazteko orduan oinarri gisa hartuko den gastu diruz lagungarrien aurrekontua finkatzearren.

Gastu diruz lagungarrien gainean oinarri honetan zehazten ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

10.–Prozeduraren ebazpena eta publizitatea.

Eskaerak baloratu ondoren, instrukzio organoak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusita, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak ebazpena emanen du dirulaguntzen gainean.

Ebazpena erakunde interesdunei jakinaraziko zaie, eta bertan adieraziko dira dirulaguntza emateko arrazoiak, hura jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak, halakorik bada. Dirulaguntza emanez gero, helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta dirulaguntza justifikatzeko modua eta epea zehaztuko dira.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, Nafarroako atariko webguneko “Laguntzak eta bekak” atalean argitaratuko da, 5.1 oinarrian adierazitako fitxan.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 4 hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

11.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira jarduera garatzeko lortzen ahal diren beste batzuekin, horiek beste administrazio publiko batzuetatik, beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik edo partikularretatik etorri, Espainiakoak edo nazioartekoak izan.

Hala ere, diru zenbatekoak, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, edo diru-sarrera batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko erakunde onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua. Halakoetan, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gaineko soberakina itzuli eginen da, eta berandutze-interesa eskatuko da.

12.–Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

12.1. Laguntza ordainduko da, jarduerak egin ahala, horiek justifikatu eta deskribatu ondoren, eta egutegi honen arabera:

–Jarduera guztiak abuztuaren 31 baino lehen amaitu dituzten proiektuen kasuan, amaitu ondorengo edozein unetan aurkezten ahalko dira justifikazioak, 2020ko irailaren 7a izanik aurkezteko berandueneko data.

–Jarduera guztiak abuztuaren 31ren ondoren amaitu dituzten proiektuen kasuan, amaitu ondorengo edozein unetan aurkezten ahalko dira justifikazioak, 2020ko abenduaren 9a izanik aurkezteko berandueneko data.

12.2. Justifikazio ekonomikoak eginen dira diru-sarrerak eta gastuak frogatzeko kontu bat aurkeztuz, IV. eranskineko ereduaren araberakoa. Gastuen atalean dokumentuaren zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, jaulki zeneko data, zenbatekoa (BEZarekin edo BEZik gabe, dagokiona) eta egiazki noiz pagatu zen azalduko dira; eta diru-sarreren atalean, jatorria eta zenbatekoa (BEZarekin edo BEZik gabe, dagokiona). Kontu horrekin batera, kasuan kasuko frogagiriak aurkeztuko dira, jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatutako fotokopiak. Egiaztagiri gisa, banku-laburpenak, ordainagiriak eta fakturak onartuko dira bakarrik, eta horietan jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua adierazi beharko dira, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi baitzen. Nolanahi ere, dirulaguntzaren azken likidazioa proiektuei benetan egozten zaizkien gastu eta sarreren araberakoa izanen da.

12.3. Justifikazio teknikoa egiteko, ebaluazio memoria tekniko bat aurkeztu behar da Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorrarekin batera, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Memoria eta Bizikidetza Zerbitzuari zuzendua, 12.1 puntuan ezarritako datak baino lehen. Memoria horrek diruz lagundutako jarduera bakoitza zenbateraino eta nola betetzen ari den azaltzen duten datuak jaso behar ditu, V. eranskineko ereduaren araberakoa izanen da eta eredu hori entitate interesdunen eskura egonen da Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Memoria eta Bizikidetza Zerbitzuan. Nahi izanez gero, erakunde onuradunak bestelako agiriak aurkezten ahalko ditu, idatziak edo grafikoak, diruz lagundutako jarduketak ongi egin direla bermatzeko. Ebaluazio memoria teknikoaren zein erakunde onuradunak bere borondatez aurkezten duen dokumentazioaren parte diren datuak, elementu grafikoak eta idazkiak erabiltzen ahalko ditu Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak txosten, memoria, informazio kanpaina eta bere eginkizunen ondoriozko edozein jardueratan.

13.–Entitate onuradunen betebeharrak.

a) Laguntza ematea eragin duten proiektua eta jarduerak gauzatzea deialdi honetako oinarri arautzaile orokorren eta berariazkoen eta baldintza eta betebehar formal eta materialen arabera, eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea.

b) Berariazko oinarri arautzaileetan aipatzen diren frogagiriak aurkeztea.

c) Dirulaguntzaren jatorri publikoa adieraztea jardueren zabalkunde eta publizitate guztian. Zabalkunde idatzian edo grafikoan Nafarroako Gobernuaren logotipoak agertu beharko du, dirulaguntza jasotzen duen erakundearenak duen tamaina berean eta ikusteko moduko baldintza beretan, eta Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

e) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Erakundearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

g) Dirulaguntza ordaindu baino lehen, entitate onuradunek gardentasunaren gainean ezarritako informazio betebehar eta xedapenak bete beharko dituzte, hain zuzen, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoak. Horretarako, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen betebeharrei buruzko agiria bete beharko dute, VI. eranskinean dagoena. Foru dekretu honen 3. artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra bete ezean, 7. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen dira.

h) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

i) Oinarri arautzaile hauen ondoriozko edozein ekintzaren berri ematea eskabide orokorraren bidez.

j) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

14.–Jarraipena.

12. oinarri arautzailean adierazten diren ordainketak egin aurretik, instrukzio organoak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak eginen ditu, justifikatutako jarduerak behar bezala gauzatu diren, zer hedadura izan duten eta entitate onuradunak aurkeztutako gastuak onargarriak diren egiaztatzeko.

15.–Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera bateragarriez gain, dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko orduan kontuan hartutako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Memoria eta Bizikidetza Zerbitzuari. Betiere, funtsezkoak diren aldaketak organo eskudunak baloratu eta onartu beharko ditu.

Salbuespen gisa, programa gauzatzea eragozten edo zailtzen duten gorabeherak agertuz gero, dirulaguntzak jasotzen dituzten erakundeek zilegi izanen dute dirulaguntza jasotzen duen/duten programaren/programen edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere, diruz lagundutako jarduerak egiteko epea bukatu baino lehen.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

Instrukzio organoak %10etik beherako aldaketa ekonomikoak onartzen ahalko ditu kontzeptu diruz lagungarrietan, betiere horien ondorioz proiektuaren helburuak aldatzen ez badira edo baremoan lortutako puntuazioa jaitsi beharra gertatzen ez bada.

16.–Itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino bete diren dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

17.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzen erakunde onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboentzako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

18.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

19.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaz gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

I. ERANSKINA

Laguntza-eskabidearen eredua.

II. ERANSKINA

Erakundearen erantzukizunpeko adierazpen berariazkoa, adierazten duena dirulaguntzen onuradun izateko ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako debeku-egoera batean ere.

III. ERANSKINA

Entitatearen erantzukizunpeko adierazpen berariazkoa eskatutako beste laguntza batzuei buruz.

IV. ERANSKINA

Diru-sarreren eta gastuen justifikazio-kontuaren eredua.

V. ERANSKINA

Ebaluazio memoriaren eredua.

VI. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2006404