138. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

205/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 16koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, amaiera ematen diona Agoizko San Jose Zahar-etxearen antolaketaren aldaketari eta kargutik kentzen duena egoitza horretako zuzendaritzarako eta koordinazio asistentzialerako behin-behineko zentroko zuzendaria.

Martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduaren bidez hainbat neurri osagarri ezarri ziren gizarte zerbitzuetako egoitzen esparrua antolatzeko eta haietan informazioa banatzeko COVID-19ak eragindako osasun krisiaren kudeaketari buruz. Agindu horren hirugarren apartatuan ahalmena ematen zaio kasuan kasuko autonomia erkidegoko agintaritza eskudunari agindu horren xedeko egoitzetan esku hartzeko, egoitza bakoitzean dagoen egoera epidemiologiko eta asistentzialaren arabera, betiere behar eta proportzionaltasun irizpideei jarraikiz.

Apartatu horrekin bat, beste jarduketa batzuen artean, esku-hartze horren ondorioz, behar diren neurriak ezartzen ahalko dira, batetik, egoitza berriak abian jartzeko eta daudenen edukiera edo antolaketa aldatzeko, eta, bestetik, administrazio publiko horretako langile bat izendatzeko, zentroan martxoaren 19ko SND/265/2020 Aginduaren 2.1 apartatuko b), c) eta d) multzoetan sailkatutako erabiltzaileak dauden kasuetan, bertako jarduera asistentziala zuzendu eta koordina dezan.

Koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen apirilaren 6ko 7/2020 Foru Lege-dekretuaren 4. artikuluak ezartzen duenez, Eskubide Sozialetako Departamentuak zentro soziosanitario berriak abian jartzen ahalko ditu, horien bidez indartzeko edo modu alternatiboan emateko sektore kalteberek edo COVID-19aren ondoriozko osasun krisiak nahiz krisi horren kariaz harturiko neurriek ukitutako kolektiboek behar duten arreta, eta ezartzen du, halaber, zentro soziosanitario horietako zuzendaritza postuak izendapen librearen bidez beteko direla, Nafarroako Administrazio Publikoetako bateko edo horietako bati atxikitako funtzionarioen artetik, Eskubide Sozialetako kontseilariaren foru agindu baten bidez.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 30eko 141/2020 Foru Aginduaren bidez, neurriak aurreikusi ziren martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduaren aplikaziorako COVID-19ak ukitutako zentro soziosanitarioetan; Eskubide Sozialetako kontseilariaren apirilaren 13ko 152/2020 Foru Aginduaren bidez aldatu zen Agoizko San José Zahar-etxearen antolaketa eta Mikel Calvo Herrero jauna izendatu zen behin-behineko zentroko zuzendari, 50 tokitik gorako egoitza horretako zuzendaritzan eta koordinazio asistentzialean laguntzeko.

Une hauetan, COVID-19aren osasun krisiaren egoera egonkortu denez Agoizko San José Zahar-etxean, ez da beharrezkoa Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako behin-behineko zuzendariaren figurari eustea zuzendaritza eta koordinazio asistentzialean laguntzeko.

Horregatik guztiagatik, martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduan, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretuan, eta koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen apirilaren 6ko 7/2020 Foru Lege-dekretuan ezarritakoarekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. Amaiera ematea Agoizko San José Zahar-etxearen antolaketaren aldaketari, eraginak izanik ekainaren 19tik aurrera.

2. Kargutik kentzea Mikel Calvo Herrero jauna, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako behin-behineko zentroko zuzendaria, 50 tokitik gorako egoitza horren zuzendaritza eta koordinazio asistentzialean laguntzeko izendatu zena, eraginak izanik ekainaren 19tik aurrera.

3. Foru agindu hau jakinaraztea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Kudeaketaren eta Baliabidearen Zuzendariordetzari, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari eta Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari, eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko ekainaren 16an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2006238