138. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Deialdia, Tuterako Udaltzaingoko agente lehena izateko 2 lanpostu bete daitezen kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez

Alkatetzak ekainaren 2an emandako 775/2020 Ebazpenaren bitartez onetsi ziren Tuterako Udaltzaingoiko agente lehena izateko bi lanpostu kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez betetzeko deialdia eta haren oinarriak. Lanpostu horietako bat barne igoerako txandan betetzekoa da eta bestea txanda irekian, Nafarroako Polizia guztietako kideen artetik.

Deialdi hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:

OINARRIAK

1. oinarria.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Tuterako Udaltzaingoko agente lehena izateko bi lanpostu betetzea kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez, barne igoeran eta txanda irekian, Nafarroako Polizia guztietako kideen artetik. Deialdia gauzatuko da gai honi buruz arau hauetan xedatzen denari loturik: Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legea; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdiaren oinarriak.

Deialdiko lanpostuek 0506C01804 eta 0506C01805 identifikazio kodea dute plantilla organikoan.

0506C01804: Barne igoerako txanda, Tuterako Udaltzaingoko kideentzat.

0506C01805: Txanda irekia, ezarritako baldintzak betetzen dituzten Nafarroako Polizia guztietako kideentzat.

1.2. Txanda irekian betetzen ez diren lanpostu hutsak barne igoerako txandari gehituko zaizkio, eta bete gabe gelditzen badira izangaiek hautaprobak gainditzeko gutxieneko puntuazioa lortu ez dutelako, bete gabe deklaratuko dira.

1.3. Izendapenak Tuterako Udaltzaingoko agente lehena bilakatuko du izendatua, Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean eta aplikagarri zaizkien gainerako xedapenetan jasotzen diren eskubide eta betebehar guztiekin.

1.4. Lanpostuak C mailako lansariak izanen ditu, eta aplikatu beharreko xedapenen araberako osagarriak.

1.5. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

1.6. Deialdi honetako lanpostuetarako izendatu eta lehendik eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean afiliatuta dauden funtzionarioek, hots, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den hartan afiliatuta daudenek, bertan segitzea aukera dezakete edo Gizarte Segurantzan afiliatzea.

1.7. Tuterako Udaleko langile finkoek, oinarrizko prestakuntza ikastarora sartzen badira, eutsiko diote aurreikuspen sozialerako duten araubideari eta beren jatorrizko lanpostuko lansariak jasoko dituzte, ikastaroan parte hartzeagatik jasotzen direnak baino handiagoak direnean.

2. oinarria.–Izangaien betekizunak.

2.1. Kategoriaz igotzeko lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

A.–Barne igoerako txanda:

a) Tuterako Udaleko udaltzaingoko agente izatea eta frogatzea lanpostuaren jabetza hartu zen egunetik gutxienez 3 urteko antzinatasuna duela herri horretako udaltzaingoko agente lanpostuan.

b) Jatorrizko lanpostuan jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.

B.–Txanda irekia, Nafarroako Polizia guztietako kideentzat:

a) Nafarroako Polizia kidegoren bateko poliziako agente izatea eta frogatzea lanpostuaren jabetza hartu zen egunetik gutxienez 3 urteko antzinatasuna duela polizia agente lanpostuan.

b) Jatorrizko lanpostuan jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.

2.2. Izangaiek parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzean eta lanpostuaz jabetu arte bete beharko dituzte betebehar horiek.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Esteka honetan agertzen den ereduaren arabera bete beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_E.pdf

Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan (HLZ) erregistratu beharko dira (Plaza Vieja, 1), edo El Frontón kaleko 1. zenbakiko bulegoetan, edo bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean; hartan, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

3.2. Behar bezala betetako eskabidearekin batera, izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Udalak ofizioz aurkeztuko du Tuterako Udaltzaingoko udaltzain lanpostuan hiru urteko antzinatasuna gutxienez ere (jabetza hartuz geroztik) baduela frogatzen duen dokumentazioa, baita interesdunaren egoera administratiboari eta egindako eta aitortutako zerbitzuei buruzkoa ere; aldiz, Tuterakoa ez den beste Polizia Kidego batzuetan emandako zerbitzuei buruzko agiriak interesdunek aurkeztu behar dituzte.

–Deialdiaren II. eranskinean ezarritako baremoaren arabera alegatutako merezimenduen frogagirien jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak edo behar bezala kautotuak, indarrean den legediarekin bat.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.4. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzendu ahalko dira, noiznahi.

4. oinarria.–Onartu eta baztertuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Tuterako alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Tuterako Udalaren iragarki-taulan eta udal web-orrian argitaratzeko.

Ezarritako epean inork eskaerarik aurkezten ez badu, kategoriaz igotzeko lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko ebazpena emanen da. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, horiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Tuterako Udalaren iragarki-taulan eta udal web-orrian argitaratzeko aginduko du.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta aginduko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Tuterako Udalaren iragarki-taulan eta udal web-orrian argitaratzeko.

4.4. Aurreko apartatuetan aipatzen diren behin-behineko eta behin betiko zerrendetan poliziaren edo agentearen zenbakia agertuko da soilik.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Pedro González Felipe, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: Zeus Pérez Pérez, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: José Antonio Agramonte Redrado, Tuterako Udaltzaingoko bitarte baterako inspektoreordea.

Ordezko epaimahaikidea: Alberto Arellano Miranda, Tuterako Udaltzaingoko agente lehena.

Epaimahaikidea: Francisco Javier Orta Quinto, Tuterako Udaltzaingoko agente lehena.

Ordezko epaimahaikidea: Juan Manuel Varón Beltrán, Tuterako Udaltzaingoko agente lehena.

Epaimahaikidea: Marta Burgos Ausejo, Langileen Batzordeak proposaturiko ordezkaria.

Ordezkoa: Rosa Domínguez Berges, Langileen Batzordeak izendaturiko ordezkaria.

Idazkaria: Ana Rosa Valero Gómez, Tuterako Udaleko administrari-ofiziala.

Ordezkoa: Belén Serrano Cornago, Tuterako Udaleko administrari-ofiziala.

5.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, aipatu diren egoera horietakoren bat gertatzen denean (delako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

5.3. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

5.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Nolanahi ere, modu baliozkoan eratua izateko eta jarduteko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan edo, bestela, haien ordezkoek.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jaso ahalko du proba guztietan edo haietako batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria.–Kategoriaz igotzeko lehiaketa nola eginen den.

6.1. Kategoriaz igotzeko lehiaketak hiru fase izanen ditu, lehenbizi lehiaketaldia, gero proba teoriko praktikoa eta proba psikoteknikoak, eta azkenik trebakuntza ikastaroa, oinarri hauetan adierazten den bezala.

6.2. Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen diren kategoriaz igotzeko lehiaketa osatzen duten probak. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak Udaleko iragarki-tauletan eta Tuterako Udaltzaingoaren lokaletakoan emanen dira argitara 48 ordu lehenago, baita Udalaren web-orrian ere.

6.3. Lehiaketaldia.

Lehiaketaldian baloratuko dira izangaiek alegatu eta ondoko baremoaren arabera behar bezala frogaturiko merezimenduak eta gehienez ere 77,5 puntu emanen dira. Hona hemen:

a) Administrazio Publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu gehienez.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu gehienez.

c) Hizkuntzak: 15 puntu gehienez.

d) Sariak: 2,5 puntu gehienez.

Aurreko a), b), c) eta d) ataletan alegatu eta frogaturiko merezimenduak epaimahaiak kalifikatu eta puntuatuko ditu, deialdiko II. eranskineko baremoaren arabera. Izangaiek lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezten duten unean alegatu eta agiri bidez frogatu beharko dituzte beren merezimenduak. Epaimahaiak ez du inolaz ere kontuan hartuko alegatu ez den eta agiri bidez frogatu ez den merezimendurik, eta ez du adierazitako puntuazioa baino altuagorik emanen merezimenduen atal bakoitzean.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatu ahalko ditu, lehiatzaileek alegatutako merezimenduei buruz.

Fase hau bukatzean, epaimahaiak ohiko euskarrietan argitaratuko ditu lehiaketaren behin-behineko puntuazioak eta irekiko du erreklamazioak aurkezteko bost egun naturaleko epea, argitaratzen diren egunetik hasita, izangaiek beren eskubideen alde komeni zaiena alega dezaten.

Behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioen gainean epamahaiak ebatzi ondoren, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak onetsi eta euskarri beretan argitaratuko ditu.

6.4. Bigarren fasea:

6.4.1. Bigarren fasean 220 puntu lortu ahalko dira gehienez eta honako proba hauek izanen ditu:

a) Lanpostuaren eginkizunei eta edukiari buruzko proba teoriko-praktikoa.

b) Proba psikoteknikoak.

Proba guztiak deialdi bakarrean eginen dira. Bazterturik geldituko dira haietako edozeinetara agertzen ez diren izangaiak.

6.4.2. Proba teoriko-praktikoek gehienez ere 150 puntu izanen dituzte guztira, eta test motako azterketa eginen da, hots, 100 galdera III. eranskineko gai zerrendari buruz, galdera bakoitzak balizko lau erantzun dituela. Galdera zuzen bakoitzeko 1,5 puntu emanen dira, eta oker bakoitzeko 0,5 puntu kenduko da.

Proba hau baztertzailea izanen da eta, gainditzeko, gutxienez ere 75 puntu lortu beharko dira.

6.4.3. Proba psikoteknikoen xedea da izangaiak lanpostuaren lanbide-profilaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien zehaztea. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak eginen du eta gehienez ere 70 puntu lor daitezke.

Proba psikoteknikoak hasi aurretik, Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak, Alkatetzarekin kontsulta egin ondoren, lanbide-profilari buruzko proposamena igorriko dio Alkatetzari. Alkatetzak onetsi eginen du profil hori eta deialdiko epaimahaiari jakinaraziko dio.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak, behar diren probak egin ondotik, txosten psikotekniko bat eginen du izangai bakoitzari buruz; hura lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratuko du txostenak. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

Proba hau ez da baztergarria izanen eta 0tik 70 puntura baloratuko da.

6.4.4. Fase honetako bi probetako bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak behin-behineko puntuazioak argitaratuko ditu ohiko euskarrietan, eta erreklamazioak aurkezteko bost egun naturaleko epea irekiko du, argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek beren eskubidearen alde komeni zaiena alega dezaten.

Behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioen gainean epamahaiak ebatzi ondoren, behin betiko emaitzak onetsi eta euskarri beretan emanen ditu argitara.

Berdinketarik suertatuz gero irizpide hauen arabera erabakiko da: oposizioaldian puntuazioarik handiena ateratzea, probetan puntuaziorik handiena ateratzea deialdian agertzen diren ordenari jarraituz, baremoko ataletan puntuazio handiena ateratzea, deialdian agertzen diren ordenari jarraituz, baremoko azpiataletan puntuazio handiena ateratzea eta, azkenik, zozketa egitea puntuazio berbera duten izangaien artean.

Berdinketarik izan bada horiek ebatzi ondoren, aditzera emanen da gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, baita trebakuntza ikastarora onartutako izangaien zerrenda ere, gehienez ere 2 izangaikoa.

6.5. Igoerarako trebakuntza ikastaroa.

6.5.1. Izaera baztertzailea.

Nafarroako Segurtasun Eskolako prestakuntza ikastaroa baztertzailea da. Ikastaroa bukatzean, izangaiei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen zaie, eta azken horiek ezin izanen dira izendatu.

Trebakuntza ikastaroa Nafarroako Segurtasun Eskolak emanen du, eta Eskolak berak erabakitzen duena iraunen du. Bestalde, baztertzailea izanen da eta 200 puntuko balorazioa izanen du. Baztertu eginen dira ikastaroa osatzen duten arlo guztiak gainditzen ez dituzten izangaiak.

Hautaketa prozesua gainditu duten eta eman beharreko lanpostu hutsen kopuruan sartzen diren izangaiek Tuterako Udalari (edo haien jatorrizko entitateari) eskatuko diote zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa, Tuterako Udaltzaingoko agente lehenaren lanposturako ikastaroa egin ahal izateko Nafarroako Segurtasun Eskolan. Hori guztia honako hauetan ezarritakoarekin bat: Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamenduaren 23. artikuluan eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 24.2 artikuluan. Ondorioak izanen ditu Tuterako Udaltzaingoko agente lehena izateko Prestakuntza ikastaroaren hasierako egunetik aurrera.

Trebakuntza ikastaroa egiteko onartutakoen zerrendan adieraziko da ikastaroa zein toki, egun eta ordutan hasiko den.

Trebakuntza ikastaroa egin bitartean, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Segurtasun Eskolari atxikiko zaizkio izangaiak.

6.5.2. Ikastaroa bukatu eta gainditutakoan, langilea jarduneko egoerara itzuliko da berehala, zerbitzu berezien egoeran deklaratu zenean zuen lanpostura.

Zerbitzu berezietan deklaratzeak ez du aldaketarik sortuko izangaiaren aurreikuspen sozialeko sisteman, jatorrizko lanpostuan zuenarekin segituko baitu.

Tuterako Udalaren aldetik zerbitzu berezietan deklaratutako izangaiek, trebakuntza ikastaroan onartuak badaude, Tuterako Udaleko Udaltzaingoko agente lehenaren lanpostuko hasierako soldata eta berariazko osagarria jasoko dute Tuterako Udaletik, baita beren jatorrizko lanpostuan onarturik dituzten gradua, antzinatasuna eta familia laguntza ere. Alderdi horiek Tuterako Udalak egiaztatuko ditu.

Izangaiak ikastaroa uzten badu, uzten duen egun horretara arte izanen du eskubidea aurreko apartatuan aipatu lansariak jasotzeko.

Zerbitzu berezien egoera bukatzen denean, aurreko apartatuan aipatutako lansari-erregimena izateari utziko zaio, eta ez du eskubiderik ekarriko, ez eskubide pasiborik sortuko, ezta deialdiko lanpostuaren ondoriozko inolako eskubiderik ere.

7. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta izendapen proposamena.

7.1. Trebakuntza ikastaroa bukatutakoan, Nafarroako Segurtasun Eskolako zuzendariak epaimahaiari igorriko dizkio ikastaroko puntuazioak, bai eta arlo bakoitzerako eta haren azken kalifikaziorako proposamena ere. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, batuko dira lehiaketaldiko, proba teoriko praktikoko, proba psikoteknikoetako eta trebakuntza ikastaroko puntuazioak. Epaimahaiak puntuazio handiena lortu duten izangaien aldeko izendapen proposamena eginen du.

8. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Alkateak Tuterako Udaltzaingoko agente lehen izendatuko ditu aitzineko atalean aipatu proposamenean sartu diren izangaiak, eta izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

8.2. Izangai izendatuak deialdia egin duen organoak zehazten duen egunean jabetu beharko du lanpostuaz. Karguaz jabetzen ez bada, Tuterako Udaltzaingoko agente lehen bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik.

9. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Tuteran, 2020ko maiatzaren 27an.–Alkate udalburua, Alejandro Toquero Gil.

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio Publikoetan egindako zerbitzuak: gehienez ere 35 puntu.

1) Nafarroako Polizia Kidego batean, lanpostu finkoan egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 1,50 puntu poliziako agente lanpostuan.

2) Nafarroako polizia kidego batean, bitarteko gisa eta deialdiko enpleguan egindako urte bakoitzeko: 1,65 puntu.

3) Administrazio publiko baten bestelako Segurtasun Indar eta Kidegoetan, lanpostu finkoan, egindako zerbitzuak: urte bakoitzeko 1,50 puntu, polizia lanpostuan.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeari dagokionez, egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakasle eta ikerketa lana eta beste merezimendu batzuk: gehienez ere 25 puntu.

1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola ordu), eta gehienez ere 10 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza ekintzetan, eskola-orduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena frogatzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barruan antolatutakoak.

2) Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 3 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoa, kontuan hartuz lana edo jarduera bakar batek edo taldean egina den eta biltzarra edo argitalpena zein mailatakoa den, tokikoa, eskualdekoa, naziokoa edo nazioartekoa.

3) Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatzea eta/edo halakoetan irakasle gisa parte hartzea: gehienez ere 2 puntu, epaimahaiak haien iraupenaren arabera baloratu beharrekoak.

4) Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: gehienez ere 4 puntu.

5) Doktore edo lizentziatu gradua, deialdian eskatutako titulazioari buruzkoa: gehienez ere 2 puntu.

6) Beste merezimendu batzuk, epaimahaiak baloratu beharrekoak: sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako bekak edo egonaldiak, edo kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan parte hartzea: gehienez ere 4 puntu.

Oharrak b) apartatu osorako:

1. Apartatu honetan jasotako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin zerikusia dutenean baizik ez dira baloratuko. Ez dira inolaz ere baloratuko kidegoan sartzeko edo gora egiteko trebakuntza ikastaroak.

c) Hizkuntzak: Gehienez ere 15 puntu.

1) Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira, 5na puntu gehienez ere.

a) A2 maila: 1 puntu.

b) B1 maila: 2 puntu.

c) B2 maila: 3 puntu.

d) C1 maila: 4 puntu.

e) C2 maila: 5 puntu.

Titulazio eta ziurtagiri baliokideak Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailen arabera baloratuko dira.

Izangaiek hizkuntza bakoitzean frogatutako maila goikoenari dagokion puntuazioa emanen da, eta inolaz ere ez dira batuko bi maila edo gehiagori dagozkion puntuazioak.

d) Sariak: gehienez ere 2,5 puntu.

1) Zerbitzu Goraipagarrien Plakagatik: 1,25 puntu.

2) Zerbitzu Goraipagarrien Dominagatik: 0,75 puntu.

3) Jendaurreko esker onagatik: 0,50 puntu.

4) Esker on pribatuagatik: 0,25 puntu.

III. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. 23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

2. 11/2009 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena, eta eguneratzeak.

3. 5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, Adingabeen erantzukizun penala arautzen duena.

4. 2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak arautzen dituena.

5. 201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra arautzen duena. 202/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa onetsi eta enpresen eta lokalen erregistroak arautzen dituena.

6. 33/2011 Foru Dekretua, maiatzaren 2koa, aisiako jardueretan sartzeko eta haietan egoteko baldintzak arautzen dituena eta sarrera kontrolatzen duten langileen gaikuntza irizpideak eta eginkizunak ezartzen dituena.

7. Udal ordenantza, arautzen duena terrazak, beladoreak eta barra-mostradoreak jabari eta/edo erabilera publikoko eremuetan paratzea.

8. 4/1997 Lege Organikoa, abuztuaren 4koa, Segurtasun Indar eta Kidegoek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duena.

9. 4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa.

10. Tuterako Udalaren ordenantza, Eremu publiko eta bideen garbiketa arautzen duena.

11. Udal ordenantza, Merkatu eta azoka txikietan lurzorua okupatzeko tasak arautzen dituena.

12. Trafikoaren gaineko ordenantza.

13. Tuterako Udalaren ordenantza, Lagun egiteko animaliak edukitzea eta babestea arautzen duena.

14. Tuterako Udalaren ordenantza, Kuadrilletarako gelak arautzen dituena.

15. Udal ordenantza, Elikagaien segurtasuna arautzen duena elikagaiak eta/edo edariak prestatu, saldu eta zerbitzatzen dituzten establezimenduetan.

16. Prozedura Kriminalaren Legea. Prozedura Kriminalaren Legea: I. liburua: IV. titulua: Nori dagokion delitu eta falten ondoriozko akzioak egikaritzea. II. liburua: I. titulua: Salaketa. VI. titulua: II. kapitulua: Atxiloketa; IV. kapitulua: Defentsa-eskubidearen egikaritza, abokatuaren laguntza, eta atxilotuei eta presoei eman beharreko tratua. VIII. titulua: Toki itxian sartu eta hori miatzea; liburuak eta paperak miatzea; eta idatzizko posta eta posta telegrafikoa geldiarazi eta irekitzea.

17. Zigor Kodea. I. liburua: II. titulua: Delitu eta faltei dagokienez erantzukizun kriminala duten pertsonak. II. liburua: Delituak eta horiei dagozkien zigorrak. III. titulua: Lesioak. VI. titulua: Askatasunaren aurkako delituak; II. kapitulua: Mehatxuak; III. kapitulua: Derrigortzeak. VII. titulua: Sexu-askatasun eta -ukigabetasunaren aurkako delituak. XIII. titulua: Ondarearen, eta gizarte eta ekonomiaren ordenaren aurkako delituak; I. kapitulua: Ebasketak; II. kapitulua: Lapurretak; IV. kapitulua: Ibilgailua erabiltzeko lapurreta eta ebasketa; VI. kapitulua: Iruzur egitea, I. atala: Maulak, 2. bis atala: Bidegabe jabetzea. XVII. titulua: Segurtasun kolektiboaren aurkako delituak; III. kapitulua: Herri-osasunaren aurkako delituak; IV. kapitulua: Trafiko-segurtasunaren aurkako delituak. XVIII titulua: Faltsutzeak; II. kapitulua: Agiri-faltsutzeak, 1. atala: Agiri publikoak, ofizialak, merkataritza-agiriak eta telekomunikazio-zerbitzuen bidez bidalitako idatz-agiriak faltsifikatzea. 2. atala: Agiri pribatuak faltsifikatzea. XIX. titulua: Herri administrazioaren aurkako delituak. XXII. titulua: Ordena publikoaren aurkako delituak; II. kapitulua: Agintaritzaren aurkako atentatuak, agintaritzaren agenteen eta funtzionario publikoen aurkako atentatuak, eta jarkitzea eta desobeditzea.

18. Udalaren ordenantza, Tuterako taxien hiriko zerbitzua arautzen duena.

Oharra: Gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz baloratuko dira, baina egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak baloratu ahalko ditu epaimahaiak.

Iragarkiaren kodea: L2005863