138. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

203/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 15ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, amaiera ematen diona Félix Garrido Zahar-etxearen antolaketaren aldaketari eta kargutik kentzen duena Félix Garrido Zahar-etxean dagoen zentro soziosanitarioko zuzendaria; zentro hori Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren menpe dago organikoki eta 50 tokitik gorakoa da.

Martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduaren bidez hainbat neurri osagarri ezarri ziren gizarte zerbitzuetako egoitzen esparrua antolatzeko eta haietan informazioa banatzeko COVID-19ak eragindako osasun krisiaren kudeaketari buruz. Agindu horren hirugarren apartatuan ahalmena ematen zaio kasuan kasuko autonomia erkidegoko agintaritza eskudunari agindu horren xedeko egoitzetan esku hartzeko, egoitza bakoitzean dagoen egoera epidemiologiko eta asistentzialaren arabera, betiere behar eta proportzionaltasun irizpideei jarraikiz.

Apartatu horrekin bat, beste jarduketa batzuen artean, esku-hartze horren ondorioz, behar diren neurriak ezartzen ahalko dira, batetik, egoitza berriak abian jartzeko eta daudenen edukiera edo antolaketa aldatzeko, eta, bestetik, administrazio publiko horretako langile bat izendatzeko, zentroan martxoaren 19ko SND/265/2020 Aginduaren 2.1 apartatuko b), c) eta d) multzoetan sailkatutako erabiltzaileak dauden kasuetan, bertako jarduera asistentziala zuzendu eta koordina dezan.

Koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen apirilaren 6ko 7/2020 Foru Lege-dekretuaren 4. artikuluak ezartzen duenez, Eskubide Sozialetako Departamentuak zentro soziosanitario berriak abian jartzen ahalko ditu, horien bidez indartzeko edo modu alternatiboan emateko sektore kalteberek edo COVID-19aren ondoriozko osasun krisiak nahiz krisi horren kariaz harturiko neurriek ukitutako kolektiboek behar duten arreta, eta ezartzen du, halaber, zentro soziosanitario horietako zuzendaritza postuak izendapen librearen bidez beteko direla, Nafarroako Administrazio Publikoetako bateko edo horietako bati atxikitako funtzionarioen artetik, Eskubide Sozialetako kontseilariaren foru agindu baten bidez.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 26ko 136/2020 Foru Aginduaren bidez, Gema Urralburu Alcate izendatu zen Felix Garrido Zahar-etxean dagoen zentro soziosanitarioko zuzendari; egoitza hori Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren menpe dago organikoki eta 50 tokitik gorakoa da.

Orain, COVID-19ak eragindako osasun krisiaren egoera egonkortu denez Felix Garrido Zahar-etxera eramandako egoiliarren jatorrizko egoitzetan, proposatzen da amaiera ematea aldaketari, Félix Garrido Zahar-etxea COVID19a zuten erabiltzaileei arreta emateko zentro soziosanitario bihurtu zuenari alegia, eta kargutik kentzea zuzendaria, Gema Urralburu Alcate andrea.

Horregatik guztiagatik, martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduan, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretuan, eta koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen apirilaren 6ko 7/2020 Foru Lege-dekretuan ezarritakoarekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. Amaiera ematea Félix Garrido Zahar-etxearen antolaketaren aldaketari, eraginak izanik ekainaren 14tik aurrera.

2. Kargutik kentzea Gema Urralburu Alcate andrea, Felix Garrido Zahar-etxeab dagoen zentro soziosanitarioko zuzendaria, eraginak izanik ekainaren 14tik aurrera; egoitza hori Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren menpe dago organikoki eta 50 tokitik gorakoa da.

3. Foru agindu hau jakinaraztea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Kudeaketaren eta Baliabidearen Zuzendariordetzari, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari eta Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari, eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko ekainaren 15ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2006165