138. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

6/2020 FORU LEGE-DEKRETUA, ekainaren 17koa, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma egoera deklaratzen da COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko. Hurrenez hurreneko luzapenak egin eta gero, alarma egoeraren indarraldia 2020ko ekainaren 21eko 00:00ak artekoa dela ezartzen da.

Martxoaren 14ko aipatutako 463/2020 Errege Dekretuak 4. artikuluan ezartzen duenez, Gobernua izanen da alarma egoeraren ondorioetarako eskumena duen agintaritza, eta, zein bere ardura eremuan, agintaritza eskudun delegatuak izanen dira, halaber, ministerio hauetako titularrak: Osasuna, Defentsa, Barne Arazoak, Garraioak, Mugikortasuna eta Agenda Urbanoa. Hala eta guztiz ere, errege dekretu horren 6. artikuluarekin bat, administrazio bakoitzak eskumenak ditu, indarreko legeriak bere zerbitzuen ohiko kudeaketarako emandakoak, beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartzeko, betiere agintaritza eskudunaren zuzeneko aginduen esparruan.

COVID-19 koronabirusaren bilakaerak sortu duen ohiz kanpoko egoeraren ondorioz, premiazko zenbait neurri berezi hartu behar izan dira. Horretarako, martxoaren 18ko 1/2020, martxoaren 25eko 2/2020, apirilaren 15eko 3/2020, apirilaren 29ko 4/2020 eta maiatzaren 20ko 5/2020 Foru Lege-dekretuen bidez, premiazko neurri batzuk onetsi ziren koronabirusaren (COVID-19) osasun-krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko. Nafarroako Parlamentuak 2020ko martxoaren 27an egindako Osoko Bilkuran erabaki zuen lehenbiziko bi foru lege-dekretuak baliozkotzea eta foru lege proiektu gisa tramitatzea, premiazko prozeduraren bidez. Tramitazio horren ondorioz onetsi ziren, batetik, apirilaren 6ko 6/2020 Foru Legea, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun-krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko, eta, bestetik, apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legea, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun-krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko. Era berean, Nafarroako Parlamentuak 2020ko apirilaren 21ean, maiatzaren 7an eta ekainaren 4an egindako Osoko Bilkurek erabaki zuten baliozkotzea apirilaren 15eko 3/2020, apirilaren 29ko 4/2020 eta maiatzaren 20ko 5/2020 Foru Lege-dekretuak.

Ohiz kanpoko premia bereziko inguruabarrak ikusita, beharrezkoa da seigarren neurri sorta ezartzea, zeina foru lege-dekretu honetan jasotzen baita.

Gaixotasunaren abantzuari eusteko, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak mugapen handiak ipintzen zizkion pertsonen zirkulazio askeari, eta beste hainbat ezohiko neurri ere ezartzen zituen behin-behinean.

Bidaiarien garraio publikoari dagokionez, Errege Dekretuaren 14.2 artikuluak gaitu egiten zituen autonomia-erkidegoetako agintariak zerbitzuetan murrizketa-ehunekoak ezartzeko, kontuan izanik ezinbestekoa zela herritarrei lantokira joateko eta oinarrizko zerbitzuak izateko eskubidea bermatzea.

Halaber, ezartzen zuen bidaiarien garraio-zerbitzuetako operadoreak beharturik daudela ibilgailuak egunero-egunero garbitzera, eta beharrezko neurriak hartu behar dituztela erabiltzaileen artean ahalik eta tarterik handiena gorde dadin.

Manu horrekin bat, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuaren Garraio Zuzendaritza Nagusiak hainbat ebazpen onetsi zituen, zeinetan ehunekoak eta irizpideak zehazten baitziren bidaiarien hiriarteko errepide-garraio publikoko zerbitzu erregular orokorren eskaintza murrizteko, osasun-egoeraren bilakaera eta zerbitzuen eskaria kontuan hartuz, baita ibilgailuen okupazioan ezarritako murrizketak aintzakotzat hartuz ere. Horretaz gainera, alarma-egoeran pertsonen zirkulazioari ezarritako mugaketen ondorioz, eskariaren gainbehera handiarekin eskaini dira errepide bidezko bidaiarien garraio publikoko zerbitzu erregular orokorrak –hain zuzen ere, %95 ingurukoa izan da beherakada hori–.

Egoera horretan, alarma-egoerak iraun bitartean zerbitzuak emateko baldintzek aldaketa esanguratsuak izan dituzte, zerbitzu horiek emateko aurretik ziren baldintzekin alderatuz, eta, horren ondorioz, areagotze ezohikoa gertatu da haien ustiapen-defizitean; horrek justifikatzen du konpentsazio ekonomikoetarako ezohiko araubide bat ezartzea errepide bidezko bidaiarien hiriarteko garraio publikoko zerbitzu erregular orokorren zerbitzuak esleitzeko kontratuetan. Neurri horiek foru lege-dekretu honen I. tituluan daude bildurik.

Bestalde, COVID-19ak eragindako pandemiari aurre egiteko hartutako neurriak direla eta, profesional autonomoek zailtasun bereziak dituzte lanerako; hori dela eta, babes ekonomikoa eskaintzeko hainbat neurri arbitratu dira, haien jardun profesionala bermatze aldera –kasu batzuetan, zailtasunak zituzten profesional autonomoentzat, eta, ondorioz, errenta bermatua jasotzen ari zirenentzat ziren neurri horiek–; horren guztiaren ondorioz, gainditu egiten dituzte prestazio hau jasotzeko eskubidea sortzeko ezarritako diru-sarrerak. Hori dela eta, haien lanbide-jarduna suspertzen jarraitzeko, egokitzat jotzen da behin-behinean prestazio hori etetea –hartara, berriro ere jasotzen ahalko dute, errenta bermatua eskatzeko administrazio-izapideak atzera egin beharrik gabe–; beste horrenbeste gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituen azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legeak 24.3 artikuluan aurreikusitako laneratzeko prestazioaren aldi baterako etenarekin, baita gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideen garapenari buruzko apirilaren 25eko 26/2018 Foru Dekretuaren 21.4 artikuluan aurreikusitako prestazioaren etenarekin ere. Aldi baterako etete hori foru lege-dekretu honen II. tituluan dago arauturik.

Konfinamendu-neurriak, aldi berean, aldaketa nabarmena sustatzen ari dira karbono-dioxidoaren emisiorik gabeko energia sortzen duten iturrietarantz, hala nola energia eolikoak, eguzki-energia fotovoltaikoa eta hidroelektrikoa. COVID-19a ekonomian eragiten ari den ondorioak arintzeko, energia-garapen jasangarria sustatzea da gakoa, eta, aldi berean, enpresa-ehuna eta enplegu-sorkuntza indartzea.

Nazioarteko Energia Agentziak aurreko hilean nabarmentzen zuenez, 2021ean esperotako susperraldiak ez du ekarriko krisiaren aurretik aurreikusitako maila, eta, ziurrenik, urtez urteko %13ko beherakada gertatuko da sarera konektaturiko ekoizpen elektrikoko energia berriztagarrietarako instalazio berrietan, COVID-19aren eraginak agertzen hasi baino lehen eginiko proiekzioekin alderatuz.

Foru lege-dekretu honen III. tituluan bildutako neurriari esker, hein batean arindu nahi da COVID-19ak eragindako osasun-larrialdiaren ondorioz energia eolikoaren esparruan sorturiko krisialdi ekonomikoa, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin (S3) lerrokaturiko proiektuak txertatu ahal izateko, zeinak lehentasun gisa planteatzen baitu Nafarroaren lidergoari eustea energia berriztagarrien alorrean, guztia ere energia-eraginkortasunaren aldeko apustua eginda, baita natura-baliabideak kudeatzearen eta balioestearen alde ere, lurraldea eraldatzeko ardatz gisa.

Baliabide eolikoa aprobetxatzeak eskatzen du erabat aztertzea lurralde-baldintzatzaileak, eta kokalekuen hautaketak bermatu behar du instalazioak bateragarriak izatea alor batzuetan eta besteetan identifikaturiko balioekin, eraginak minimizatzeko neurri egokiak aplikatzearen bitartez. Gaitasun agrologiko handia duten lurzoruen kasu konkretuan, beharrezkotzat jotzen da instalazioen diseinua aztertzeko aukerari heltzea energia eolikoa aprobetxatzeko, betiere frogaturik baldin badago bitarteko horren eskuragarritasuna eta proiektua nekazaritzarako gaitasun handiko lurzorua ahalik eta gutxien zigilatuz gauzatzen baldin bada, baita inguruko nekazaritza-jardueraren bateragarritasuna bermatuz ere.

Hartutako neurria premiazkoa da Nafarroan energia eolikoarekin lotutako enpresa-ekimenak garatzeko, guztia ere Reactivar Navarra-Nafarroa Suspertu 2020-2023 planean bildutako printzipioekin eta helburuekin bat.

Era berean, egoera epidemiologikoak osasun publikoko neurriak hartzera behartu du, eta, ondorioz, aldatu egin da harreman sozialen, ekonomikoen eta produktiboen garapen normala. Bereziki, nabarmendu daiteke etenda geratu direla oinarrizkoak ez diren jarduera guztiak eta mugaturik beste asko eta asko; horrek ekarri du langabezi koiunturala nabarmen areagotzea, bai eta enpresa txiki eta ertainen eta autonomoen jarduera murriztea ere.

Hori dela eta, hainbat neurri onetsi dira haren ondorioak arintzeko, zeinak orain tributuen alorrean osatuko baitira, foru lege-dekretu honetako IV. tituluan.

Hori horrela, COVID-19aren inpaktu sozial eta ekonomikoari aurre egiteko urgentziazko ezohiko neurriei buruzko martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-dekretuaren 40. artikuluak aparteko erregulazio bat ezartzen zuen zuzenbide pribatuko pertsona juridikoen urteko kontuak formulatzeko, egiaztatzeko eta onesteko epeetan. Esandako erregulazio horrek sozietateen gaineko zergaren aitorpena aurkezteko obligazioari eragiten dio; izan ere, kontabilitate-emaitzaren oinarriaren gainean zehazten baita zerga-oinarria zuzeneko zenbatespen-metodoan. Aipatutako ezohiko neurriek eragindako ondorioak arintzeko, zergaren aitorpenaren epea amaitu aurretik urteko kontuak onartu ezin izan dituzten zergadunei ahalmena ematen zaie aitorpena une horretan eskura dituzten urteko kontuekin aurkez dezaten, betiere arauak ezartzen dituen baldintzei jarraikiz.

Ondoren, kontuak zuzenbidearen arabera onartzen direnean eta kontabilitate-emaitza behin betiko jakiten denean, desberdinak baldin badira onartutako urteko kontuen arabera egin beharreko autolikidazioa eta ezarritako epearen barruan aurkeztutakoa, beste aitorpen bat aurkeztu beharko da, eta, horretarako, 2020ko azaroaren 30era arteko epea emanen da. Aitorpen berriaren ondorioz ordaindu beharreko zenbatekoa handiagoa bada edo itzuli beharreko kopurua txikiagoa bada, aitorpen berria aurkezten den unean eginen da dagokion zenbatekoaren ordainketa, berandutze-interesik eta garaiz kanpo aurkezteagatiko errekargurik aplikatu gabe. Aitorpen berriaren ondorioz itzuli beharreko kopurua handiagoa bada edo ordaindu beharreko kopurua txikiagoa delako itzulketa badagokio, aitorpen berria aurkezten den unetik hasiko da zenbatzen interesik gabe itzulketak ofizioz egiteko sei hilabeteko epea.

Aurrekoaren ildotik, urteko kontuak formulatzeko eta onartzeko epeak luzatu dituzten fundazioen kasuan, 2020ko azaroaren 30era arte luzatuko da Nafarroako Foru Ogasunari Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legeak aurreikusitarekin bat aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko epea.

Bestalde, zerga-prozedurak eten izanak Nafarroako Foru Ogasunaren zordunen zerrenda argitaratzeari ere eragin dio. Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 105 bis artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, urteko lehendabiziko seihilekoaren barruan argitaratu behar da aipatutako zerrenda. Argitalpen hori egin aurretik, zerrendan sartu dela jakinarazi behar zaio zergadunari, alegazioak aurkeztu ahal izan ditzan. Legez ezarritako izapideak bete ahal izateko, 2020ko irailaren 30era arte luzatzen da zordunen zerrenda argitaratzeko epea.

COVID-19aren inpaktu sozial eta ekonomikoari aurre egiteko urgentziazko ezohiko neurri osagarriei buruzko martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege-dekretuak, autonomoen eta enpresa txiki eta ertainen finantza-karga aldi baterako arintzeko, ezartzen zuen alarma-egoerak iraun bitartean eten eginen zela elektrizitatearen, gas naturalaren eta petroliotik eratorritako zenbait produkturen fakturen ordainketa. Era berean, elektrizitatea eta gasa merkaturatzen duten enpresak edo, hala dagokionean, gas manufakturatuen eta petrolio-gas likidotu kanalizatuaren banatzaileak salbuetsita geratu ziren bidesariak ordaindu behar izatetik eta kontsumo horiek kargatzen dituzten zeharkako zergen likidaziotik ordainketen etenaldiak iraun bitartean, bidegabeko diruzaintza-kargak beren gain har ez ditzaten. Foru lege-dekretu honen bidez, neurri hori biltzen da Nafarroako foru-araudiaren peko merkaturatzaileek ere ez dezaten zeharkako zergarik ordaindu behar izan etenaldiak irauten duen denboran.

Osasun-arloko profesionalak pandemia garaian egiten ari diren lan eta ahalegin pertsonal apartekoa aitortzeko, UNESPA aseguru-patronalak jakinarazi zuen sektoreko 109 enpresak konpromisoa hartu zutela funts solidario bat eratzeko, heriotzagatiko edo ospitaleratzeagatiko kalte-ordainak biltzen dituen doako aseguru bat finantzatze aldera, osasun-arloko langileentzat. Fiskalitateari dagokionez, oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergan eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan salbuetsita geratzen dira COVID-19aren ondoriozko heriotza- eta gaixotasun-gertakariengatiko prestazioak, betiere osasun-langileen aldeko doako aseguru kolektibo horren ondorioz sortuak badira eta aseguru-entitateek Aseguruen eta Berraseguratzaileen Espainiako Batasunaren bidez sinatu badituzte.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokionez, familia-kontziliazioa errazteko, subjektu pasiboak Gizarte Segurantzari kotizazioengatik 2020an ordaindutako zenbatekoen 100eko 100eko kenkaria ezartzen da kuota osoan, kontratu horiek familia-etxean ondorengoen, aurreko ahaideen, beste ahaide batzuen eta desgaitasuna duten pertsonen zaintzan lan egiten duten pertsonekin formalizatu badira. Kenkari hori 2020an aplikatuko da, ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 62.9.c) artikuluan araututako kenkariaren ordez.

Koronabirusak eragindako osasun- eta ekonomia-krisiak agerian utzi du zer-nolako garrantzia duen enpresen digitalizazioak erronka berriei aurre egiteko. Enpresa txikien eraldaketa digitala bultzatzeko, 2020an egindako gastu eta inbertsioen 100eko 30eko kenkari bat ezartzen da sozietateen gaineko zergaren (edo, hala badagokio, PFEZren) kuota osoan, baldin eta inbertsio horiek baliatu badira merkataritza elektronikoa ezartzeko, administrazio-prozesuak digitalizatzeko (fakturazioa, salmentak, kontabilitatea), hodeirako sarbideak eskura ipintzeko, web-orriak egiteko eta internet bidezko ordainketa-sistemak ahalbidetuko dituen softwarea erosteko. Enpresa txikiek eta enpresa- eta lanbide-jarduerak egiten dituzten pertsona fisikoek aplikatzen ahalko dute kenkari hori.

Bestalde, sozietateen gaineko zergaren alorrean jarraituz, azken xedapenetako lehendabizikoan ezartzen da 2020ko zergalditik aurrera aplikatuko dela sozietateen gaineko zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 64.a) artikuluan araututako energia berriztagarrien instalazioetako inbertsioengatiko kenkaria, kuota likidoaren %25eko mugari lotu gabe.

Azken xedapenetako bigarrenean, ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergari dagokionez eta Estatuko araudian ezarritakoaren ildotik, egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren kuota mailakatutik salbuetsitzat aitortzen dira legezko luzamenduak eta konbentzionalak formalizatzeko eskriturak, betiere martxoaren 17ko 8/2020, martxoaren 31ko 11/2020 eta maiatzaren 26ko 19/2020 Errege Lege-dekretuetan arautuak badira.

Azkenik, azken xedapenetako hirugarrenean, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorra aldatzen da, tributu-administrazioak zergapekoekin egin beharreko jarduketak bideokonferentzien bidez egin ahal izateko aukera barnean hartzeko.

Kirolaren arloan, COVID-19ak eragindako alarma-egoerak eta osasun-krisiak eragin nabarmena izan dute kirol-erakundeen jardueran, kirol-lanbideetan aritzen diren edo jardun nahi duten pertsonen jardueran, prestakuntza ematen duten zentro eta enpresetan, bai eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoen funtzionamenduan ere.

Hori dela eta, beharrezkoa da Nafarroan kirol-lanbidean hasteari eta jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legean jasotako epeak luzatzea, epe horiek bukatu baino lehen bete behar baitira lege-testu horretan jasotako hainbat betebehar. Foru lege-dekretu honen azken xedapenetako laugarrenean jorratzen da gai hori.

Gizarte-zerbitzuei dagokienez, Nafarroako Gobernuak hainbat zerbitzu sustatzearen aldeko apustua egiten du, mendetasuna duten pertsonek familia-ingurunean jarrai dezaten ahalik eta denbora luzeenean. Helburu hori lortzeko abiarazitako neurrien artean ageri dira, besteak beste, honako hauek: 2018an eguneko zentroetarako itundutako plazen kopurua ugaritzea, tarifak murriztea eta zerbitzu horretako erabiltzaileentzako ordutegiak malgutzea, 2019an zaintzaile profesionalak kontratatzeko laguntza ekonomikoa berreskuratzea, eta azken esparru-akordioan eguneko arretarako plazak eta autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasuna prebenitzeko programak hitzartzea.

Baina, koronabirusetik (COVID-19) babesteko osasun publikoko irizpideak lehenesten diren uneotan, are beharrezkoagoa da pertsonei etxean egoteko aukera emanen dieten zerbitzuak bultzatzea, beharrezko zaintzak ziurtatuz. Nahiz eta horrek eskaintzen ari diren zerbitzuak berregituratzera behartzen duen, aukera ona da pertsonak beren ingurunean geratzea ahalbidetuko duten baliabideak bultzatzen jarraitzeko eta, gainera, zainketen esparruko lan-merkatua bultzatzeko. Foru lege-dekretu honen azken xedapenetatik bosgarrenean, mendekotasuna duten pertsonentzako zaintzaile profesionalak kontratatzeko laguntza ekonomikoaren gehikuntza jasotzen da; horren ondorioz, gutxitu eginen da pertsona horiek zaintzak emateko egin behar duten ahalegina, eta, aldi berean, kontratazio arautua suspertu dezake, Gizarte Segurantzaren sistemara pertsona gehiago erakarriz.

Bestalde, lanbide-jarduna aldizka gauzatzen duten kultura-sektoreko langile autonomoak koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretuaren 2. artikuluan araututako laguntzen aplikazio-esparruan biltzeko, azken xedapenetako seigarrenean aldatu egiten da esandako artikulu horretako 2. apartatua, eta ezartzen da zer eskakizun bete behar dituzten profesional horiek artikulu hartan aurreikusitako laguntza zuzenak eskuratzeko eskubidea izan dezaten.

Azkenik, azken xedapenetako zazpigarrenak hainbat aldaketa egiten dizkio Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legeari.

Egun indarrean dagoen Nafarroako Errepideen Foru Legea 2007ko martxoaren 23an onetsia da, eta Nafarroako errepideak planifikatzeko, eraikitzeko eta ustiatzeko arauak ezartzen ditu, garai hartako inguruabar sozialak, legezkoak eta ekonomikoak kontuan harturik. Foru Komunitateak esklusiboa izan du eskumen hori tradizionalki.

Igarotako denborak eta errekerimendu sozial, tekniko eta industrial berriak agertu izanak bistaratzen dutenez, arauak ez ditu behar bezala konpontzen bide-jabari publikoaren ustiapenari buruzko hainbat erronka, zeinak berehala zuzendu beharrekoak baitira, bateragarriak izan daitezkeen hainbat helburu publiko eta sozial beteko badira.

Egungo pandemia hau, ziurrenik, hainbat tentsioren eragile izan da, bideen ustiapenari eta premia berrietara egokitzeko beharrari dagokienez.

Ez dezagun ahaztu indarrean dagoen araua oso murriztailea dela bideen jabari publikoaren babes-eremuetan baimendu daitezkeen erabilerei dagokienez, eta, gainera, alde batera uzten duela ondarearen zeinahi partekatze.

Horretarako, azken xedapenetako zazpigarrenak Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legearen zenbait artikulu aldatzen ditu.

Bide-jabari publikoaren gainean bestelako azpiegiturak eta interes orokorreko zerbitzu publikoa emanen duten sareak ezartzeari dagokionez, nabarmendu behar da Nafarroako Gobernuaren Sare Korporatiboak Europako Agenda Digitala 2020 betetzea duela xede; haren arabera, populazioaren %85ek 100 Mbps baino konektagarritasun-estaldura handiagoa edukiko du, eta %100ek izanen du gutxienez 30 Mbps-ekoa. Helburu horiekin, Nafarroako Banda Zabalaren 2021eko Plan Zuzentzaileak ardatz estrategiko bat biltzen du, lurraldea lotzeko eta Nafarroako Foru Komunitateko herritarren eten digitala murrizteko.

Abiadura handiko komunikazio elektronikoen sareen hedapen-kostua murrizteko neurriei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 2014/61/EB Zuzentarauak (2016ko uztailaren 1ean jarri zen indarrean) 3. artikuluan ezartzen duenez, estatu kideek bermatuko dute sare-operadoreek beren azpiegitura fisikoan sartzeko arrazoizko eskaera guztiei erantzuten dietela, abiadura handiko komunikazio elektronikoen sareetako elementuak hedatzeko. Abiadura handiko komunikazio elektronikoen sareen hedapenaren kostua murrizteko neurriei buruzko irailaren 9ko 330/2016 Errege Dekretuak ekarri zuen zuzentarau hori gure ordenamendu juridikora.

Nafarroako Gobernuaren zuntz optikoaren sare korporatiboa Navarra de Servicios y Tecnologías, S.A. (NASERTIC) sozietate publikoari atxikitako azpiegitura bat da. Ezinbesteko sarea da hura administrazioak oinarrizko zerbitzu publikoak eman ahal izan ditzan, hala nola hezkuntza eta osasuna.

Uneotan, COVID-19ak eragindako osasun-larrialdiko egoeraren aurrean, bereziki premiazkoa da aipatutako telekomunikazio-azpiegituren instalazio-planak bizkortzea, eta bide-azpiegiturak euskarri egokia dira instalazio horiek ahalik eta bizkorren gauzatzeko. Bereziki premiazkoa bihurtu da orain landa-eremuetan konektibitatea areagotzeko beharra, konfinamendu-neurriek Internet modu intentsiboan erabiltzeko beharra ezarri baitute, dela osasun-premiak asetzeko (orain ezinbestekoak diren arreta-, kontrol- eta prebentzio-neurrietarako), dela telelana edo urruneko irakaskuntza bultzatzeko, dela beste hainbat beharretarako. Izan ere, beti helburu desiragarri izan diren horiek ahalik eta epe laburrenean erabat gauzatu beharrekoak bilakatu dira orain.

Hori dela eta, osasun-larrialdiko uneotan, behar-beharrezkotzat eta premia bizikotzat jotzen da dagozkion arau-aldaketak egitea, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren bide-jabari publikoaren barruan telekomunikazio-azpiegiturak instalatu ahal izateko, eta, hala, banda zabala hedatu ahal izateko gure lurralde osoan.

Hori betetzera bideratuak dira, zehazki, Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legearen 39, 39 bis, 40 eta 41 artikulu kontsolidatuak, zeinen bidez gaitzen baita interes orokorreko zerbitzu-sareen instalazio bidezkoa inguruabar haztatuetan. Araubidea osatzeko, 42 bis artikulua gaineratzen da, afekzioaren azkentzea berariaz arautzeko, bai eta 50. artikuluaren aldaketa ere. Azken artikulu horretan, krisialdi ekonomikoetan asko eskaturiko berme-figura bat jasotzen da –egun COVID-19ak sorturikoa, kasu–; hau da, berme globala, baimen ugari sustatzen dituzten azpiegitura-sare handien titularren kasuan baliagarria.

Era berean, lehendik diren azpiegiturek sor ditzaketen gatazka-egoerak arautzen dira, bideen jabari publikoaren ukigabetasun-baldintza egokietan arautu ere.

Arau-testuak beste bi egoera aurreikusten ditu, krisi ekonomikoko garaian berehala erantzun beharrekoak biak ere. Hala, proposatzen da jatorrizko 31. artikuluaren zorroztasuna arintzea; izan ere, artikulu horrek ezartzen du departamentuaren aldez aurreko nahitaezko txostena prestatu eta eman behar dela, ohiko estandarrak gainditzen dituzten ibilgailuentzako zirkulazio-baimen osagarri bakoitza emateko; eta Nafarroan fabrikatutako elementuen barne-garraioa eta esportazioa erraztuko duten neurriak ezartzen dira –bereziki haize-erroten palak–, jakinik zirkulazio hori atzeratu egiten dela bidalketa guzti-guztien berri emateko izapidetu beharreko espediente kopurua dela medio.

Nafarroako bideen eraikuntza-ezaugarriak eta garraioa errazteko premia aztertu ondoren, ondorioztatzen da txosten horien nahitaezkotasunetik salbuetsi daitezkeela garraio batzuk, bide motaren arabera –bide eraiki berriak eta gaitasun handikoak– edo egitekoa den garraioaren espezialitatearen arabera, ziur egonik horrek ez duela arriskuan jarriko errepidearen egonkortasuna, eta, horretaz gainera, erraztu egin dezakeela Nafarroako industrien susperraldi ekonomikoa, berehala eman daitezkeen babes-neurri guztien beharra baitute.

Bigarren gaia Nafarroako Ubidea eta haren hodi- eta ureztatze-sarea Nafarroako eremu berrietara laster iristeari buruzkoa da. Azpiegitura horretako elementu asko errepidearen inguruetan kokatuko dira, eta gaur egun indarrean dagoen arauan ez da aurreikusten horiek ezartzea.

Interes orokorreko azpiegitura gisa, 39. artikulu berria eta horrekin bat datozenak aplikatuko litzaizkioke, eta, bereziki, 41.d) artikulu aldatua (zortasun-eremuko aspertsoreak) eta 42.1.b) artikulua (eraikuntza-lerroan ureztatzea kudeatzeko elementuak instalatzea).

Honaino azaldu diren arrazoiek justifikatzen dute foru lege-dekretu hau onestea, behar-beharrezkoa baita aipaturiko neurriak berehala hartzea.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis artikuluan jasotako baimena erabiliz, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeiko ekainaren hamazazpian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATZEN DUT:

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru lege-dekretu honen xedea da neurri bereziak hartzea koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari erantzuteko.

I. TITULUA

Ezohiko neurriak, erabilera orokorreko errepide bidezko
bidaiarien hiriarteko garraio publikoko zerbitzu erregular orokorren zerbitzuak esleitzeko kontratuen esparruan

2. artikulua. Ezohiko konpentsazio ekonomikoa, erabilera orokorreko errepide bidezko bidaiarien hiriarteko garraio publikoko zerbitzu erregular orokorren zerbitzuak esleitzeko kontratuetan COVID-19aren ondorioak arintzeko.

1. Administrazioak COVID-19aren ondorioz sortutako egoerari aurre egiteko alarma-egoeraren indarraldian hartutako neurrien bidez emaniko konpentsazio ekonomikoa jasotzen ahalko dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren titulartasunekoak diren erabilera orokorreko errepide bidezko bidaiarien hiriarteko garraio publikoko zerbitzu erregular orokorren zerbitzuak bederatzi plazatik gorako ibilgailuekin esleitzeko kontratuek.

2. Konpentsazio hori inguruabar hauen ondorioz ezartzen da: batetik, diru-sarrerek ezohiko murrizketa izan dutelako, eskaria murriztu egin baita herritarren mugikortasunari ezarritako mugen ondorioz; bigarrenik, ibilgailuen okupazioari ezarritako mugengatik, erabiltzaileak behar bezala bereizteko; eta, hirugarrenik, enpresa kontratistari kostuak areagotu izanagatik, ibilgailuak egunero desinfektatu beharraren ondorioz. Foru lege-dekretu honetan ezarritako irizpideen eta prozeduraren arabera zehaztuko da konpentsazioaren zenbatekoa.

3. Foru lege-dekretu honetan xedatutakoa aplikatuko zaie alarma-egoera deklaratu zen egunean indarrean ziren kontratuei eta, halaber, interes publikoko arrazoiak direla medio, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak hala eskatuta kontratua amaituta izanik ere zerbitzua ematen jarraitzen zutenei.

3. artikulua. Konpentsazio ekonomikoaren kalkulua kontratu bakoitzerako.

1. Kontratu bakoitzerako, honela kalkulatuko da alarma-egoeraren indarraldiari dagokion konpentsazio ekonomikoa: sortutako eta sortu gabeko kilometroen kostuak batuz, lortutako diru-sarrerak kenduz eta aldi horretan erabilitako ibilgailuen eguneroko aparteko garbiketen kostuak gaineratuz, betiere honako formula honekin bat:

Konpentsazio ekonomikoa = sortutako kilometroak x 1,546 euro + egin gabeko kilometroak x 0,304 euro + eskaerari eskainitako zerbitzuetatik egin gabeko kilometroak x 0,833 euro – diru-sarrerak + desinfekzioaren kostua.

Hauek dira kontuan izan beharreko kontzeptuak:

Eginiko kilometroak: eginiko kilometroak, enpresak aitortuak eta administrazioak egiaztatuak aztertutako aldirako.

Egin gabeko kilometroak: egin gabeko kilometroak, enpresak aitortuak eta administrazioak egiaztatuak aztertutako aldirako.

Garraioetako zuzendari nagusiaren martxoaren 30eko 25/2020 Ebazpenean jasotzen denaren arabera (zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenekoak diren errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularraren zerbitzuetan), eta, COVID-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, 0,833 euroan ordainduko da enpresak erabiltzaileen eskariari erantzuna emateko eskainitako zerbitzuetarako produzitu gabe geratu den kilometro bakoitza.

Diru-sarrerak: kontratistak aztertutako aldirako aitortutako diru-sarrerak.

Desinfekzio-kostua: erabilitako ibilgailuak desinfektatzeko aitortutako kostuak, gehienez 20 euro ibilgailu eta egun bakoitzeko, eta gutxienez 10 euro ibilgailu eta egun bakoitzeko.

Desinfekzio-kostuak kalkulatzeko, kontzesio bakoitzari atxikita dauden ibilgailuen kopurua eta aldi bakoitzean eskainitako zerbitzu-maila hartuko dira kontuan.

2. Konpentsazioa kalkulatzeko, ezinbestekoa izanen da zerbitzuok Garraioetako zuzendari nagusiaren ebazpenen bidez emanak izatea (ebazpen haien bidez, neurriak hartzen dira errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularraren zerbitzuetan, betiere Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenekoak badira zerbitzuok). Guztia ere, COVID-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat.

3. Ukitutako kontratu guztietarako ordaindu beharreko zenbatekoak gainditu egiten badu kontzeptu horretarako ezarritako guztizko aurrekontua (2.024.422 euro), proportzionalki murriztuko da kontratu bakoitzari dagokion konpentsazioaren zenbatekoa.

4. Foru lege-dekretu honen arabera kalkulatutako zenbateko ekonomikoa konpentsaziotzat hartuko da kontratu bakoitzerako –alarma-egoerak iraun bitartean COVID-19aren osasun-krisiaren eragina arintzeko administrazioak hartutako neurriei esker emana–, eta ezin izanen da bestelako kalte-ordainik jaso edo egoera horiek ukitutakokontratuak ekonomikoki berrorekatu.

Nolanahi ere, alarma-egoeraren indarraldia ez da kontuan hartuko 2020ko ustiapen-defizita zehazteko, Garraioetako zuzendari nagusiaren abenduaren 1eko 365/2009 Ebazpena aplikatuz, zeinaren bidez aldatu egiten baitira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren titulartasuneko erabilera orokorreko bidaiarien garraio publiko erregular iraunkorreko zerbitzuen emakidak, ustiapen defizitarioa duten zerbitzuen enpresa emakidadunentzako konpentsazio ekonomikoko araubide berezi bat ezartzeko.

4. artikulua. Konpentsazio ekonomikoa izapidetzeko prozedura.

1. Enpresa kontratistak eskatuta hasiko da foru lege-dekretu honen arabera kontratuak ekonomikoki konpentsatzeko prozedura. Eskaera hori hilabeteko epean aurkeztu beharko da, foru lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik hasita, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Garraioen Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta. Enpresek eskaera formalizatu beharko dute, eduki honekin:

a) Izena edo sozietate-izena eta identifikazio fiskaleko zenbakia, eskatzailearen ordezkari gisa jarduten duen pertsonaren datuak, halakorik denean, eta kontratuaren kodea eta izena.

b) Justifikazio-memoria, alarma-egoeraren indarraldiari buruzko datu hauekin: egunean egindako kilometroak, astero-astero egin gabeko kilometroak, eguneroko eskariari eskainitako zerbitzuetatik egin gabeko kilometroak, egunero zerbitzua eman duten ibilgailuak, eguneroko tarifekin izandako diru-sarrerak eta bestelako diru-sarrerak; guztia ere enpresa bakoitzari bidaliko zaion formatuaren arabera.

c) Erabilitako ibilgailuak desinfektatzeko izandako gastuei buruzko justifikazio-memoria, eta, hala badagokio, dagozkien fakturak.

d) 2020ko martxoaren 14an kontratuari atxikitako flotaren zerrenda, matrikularen bidez identifikatutako ibilgailu kopurua zehaztuta.

e) Eskaeran ageri diren datu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko adierazpena, enpresa-ordezkariak sinaturik.

2. Prozedura gehienez ere hiru hilabeteko epean ebatziko da, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro ondoren ebazpenik eman ez bada, ezetsitzat joko da eskabidea.

II. TITULUA

Neurri berezia gizarte-zerbitzuen arloan

5. artikulua. Errenta Bermatuaren ordainketa etetea kasu jakin batzuetan.

COVID-19ak eragindako osasun-krisiari edo haren ondorioz hartutako neurriei aurre egiteko ezarritako profesional autonomoentzako berariazko laguntza ekonomikoek indarrean jarraitzen duten bitartean, eten eginen zaie Errenta Bermatuaren ordainketa dirulaguntza horietakoren bat aitortu zaien unitate hartzaileei, baldin eta gainditu egiten badituzte kide kopuruagatik dagozkien Errenta Bermatuaren zenbatekoak.

III. TITULUA

Neurri berezia lurralde-antolamenduaren arloan

6. artikulua. Salbuespenezko baimena, energia eolikoa sortzeko sistemak eta husteko linea elektrikoak instalatzeko.

“Babes” kategorian eta “natura aldetik ustiatzeko balioa duen lurzorua: nekazaritza-gaitasun handiko lurzoruak” azpikategorian indarrean dagoen araudiaren barruan dagoen lurzoru urbanizaezinean, salbuespen gisa, energia eolikoa sortzeko sistemak eta husteko linea elektrikoak jartzeko baimena ematen ahalko da, baldin eta zigilatu beharreko lurzorua beharrezko gutxienekoa bada eta une oro bermatuta geratzen bada inguruko lurren bateragarritasuna nekazaritza-aprobetxamenduarekin.

IV. TITULUA

Neurri bereziak tributuen esparruan

7. artikulua. Sozietateen gaineko zergaren aurkezpena, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera abiatutako zergaldiei dagokiena.

1. COVID-19aren inpaktu sozial eta ekonomikoari aurre egiteko urgentziazko ezohiko neurriei buruzko martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-dekretuaren 40. eta 41. artikuluetan xedatutakoa aplikatuz, dagokion organoak ez baditu onartzen 2019ko zergaldiko urteko kontuak sozietateen gaineko zergaren abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 75.1 artikuluak ezarritako aurkezpen-epearen barruan, eskura diren urteko kontuekin eginen da autolikidazioa.

Horri dagokionez, hauek joko dira eskura diren urteko kontutzat:

a) Sozietate anonimo kotizatuentzat, martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-dekretuaren 41.1.a) artikuluak aipatzen dituen urteko kontu auditatuak.

b) Gainerako zergadunentzat, urteko kontu auditatuak, edo, halakorik ezean, dagokion organoak formulatutako urteko kontuak, eta azken horiek izan ezean, berriz, Merkataritza Kodean edo arautzeko baliatzen dituzten arauetan aurreikusitakoaren arabera eramandako kontabilitate eskuragarria.

2. Desberdinak baldin badira dagokion organoak onartzen dituen urteko kontuen arabera sortu behar den zergaren autolikidazioa eta aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera aurkeztutakoa, zergadunek beste autolikidazio bat aurkeztu beharko dute 2020ko azaroaren 30a baino lehen, onetsitako urteko kontuen arabera.

Autolikidazio berriaren ondorioz ordaindu beharreko zenbatekoa handiagoa izanez gero edo itzuli beharreko kopurua txikiagoa bada, aurkezten den unean ordainduko da dagokion zenbatekoa, eta ez dira aplikatuko ez berandutze-interesak, ez Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 52.3 artikuluan araututako garaiz kanpoko aurkezpenagatiko errekargua.

Autolikidazio berriak itzuli beharreko zenbateko handiagoa edo ordaindu beharreko zenbateko txikiagoa ematen badu, aurkezten den egunetik aurrera hasiko da kontatzen Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 88. artikuluan eta Sozietateen gaineko zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 77. artikuluan aipatzen den epea.

3. Artikulu honetan xedatutakoaren arabera aurkeztutako autolikidazio berriari ez zaizkio aplikatuko Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 96.4 artikuluan aipatzen diren aukeren zuzenketari dagozkion mugak.

Administrazioak egiaztatzen ahalko ditu autolikidazio berri horiek, eta, hala badagokio, dagokion likidazioa eginen du.

8. artikulua. Fundazioen kontuak aurkezteko epeak.

Fundazioen eta babesletza-jardueren tributu-araubideari buruzko uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean aratutako zerga-araubidearen pean dauden fundazioek, baldin eta epeak luzatzeko eskatu badute urteko kontuak formulatzeko eta onesteko –martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-dekretuaren 40. artikuluan ezarritakoari jarraikiz–, 2020ko azaroaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dizkiote Nafarroako Foru Ogasunari esandako Foru Legearen 11.2 eta 11.3 artikuluetan aipatzen diren dokumentuak.

9. artikulua. Zerga-betebeharren ez-betetze nabarmenak argitaratzeko epeak 2020an.

2020ko urriaren 1a baino lehen eginen da Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 105 bis artikuluak aipaturiko argitalpena, 2019ko abenduaren 31n Nafarroako Foru Ogasuneko zordunen zerrendan sartzeko eskatzen diren baldintzak betetzetik eratorria.

10. artikulua. Elektrizitate, gas natural eta petroliotik eratorritako produktuen fakturak etetea.

Elektrizitatearen eta gas naturalaren merkaturatzaileak eta gas manufakturatuen eta kanalizazio bidezko petrolio-gas likidotuen banatzaileak salbuetsita geratuko dira balio erantsiaren gaineko zergaren, elektrizitatearen zerga bereziaren –hala badagokio–, eta hidrokarburoen zerga bereziaren –hala badagokio, kasu horretan ere– likidaziotik, betiere COVID-19aren inpaktu sozial eta ekonomikoari aurre egiteko urgentziazko ezohiko neurri osagarriei buruzko martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege-dekretuaren 44. artikuluan xedatutakoaren arabera ordainketa eten zaien fakturei dagokienez, harik eta kontsumitzaileak osorik ordaintzen dituen arte edo alarma-egoera amaitu eta sei hilabete igarotzen diren arte.

11. artikulua. Doako aseguru kolektiboa osasun-langileentzat.

2020an, oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergatik eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergatik salbuetsita egonen dira COVID-19aren ondoriozko heriotzagatiko eta gaixotasun-gertakariengatiko prestazioak, betiere osasun-langileen aldeko doako aseguru kolektibo horren ondorioz sortuak badira eta aseguru-entitateek Aseguruen eta Berraseguratzaileen Espainiako Batasunaren bidez sinatuak badira.

12. artikulua. Ondorengo ahaideak, aurrekoak, beste senide batzuk eta desgaitasuna duten pertsonak zaintzeagatik Gizarte Segurantzari ordaindutako kuota-kenkariak 2020an.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kuota osotik kentzen ahalko da subjektu pasiboak Gizarte Segurantzako kotizazioengatik 2020an ordaindutako zenbatekoen 100eko 100, baldin eta kotizazio horiek ordaintzearen arrazoia pertsonen zaintzan familia-etxean lan egiten duten pertsonekin kontratua formalizatzea bada, ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 62.9.c) artikuluan aipatzen den moduan.

2020an, ez da aplikatzekoa izanen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 62.9.c) artikuluan aurreikusten den kenkaria.

13. artikulua. Enpresen eraldaketa digitalerako kenkaria.

1. Sozietateen gaineko zergaren eta ez-egoiliarren errentaren gainekoaren zergadunek –establezimendu iraunkorraren bidez jarduten badute eta, Sozietateen gaineko zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoaren arabera, enpresa txikitzat hartzen badira– eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboek –jarduera ekonomikoak gauzatzen badituzte eta beren jardueraren etekin garbia zuzeneko zenbatespenean zehazten badute– 2020an enpresaren eraldaketa digitalerako eta merkataritza elektronikoa ezartzeko egindako gastu eta inbertsioen %30eko kenkaria egiten ahalko dute kuota osoan.

2. Hauek dira kenkaritzat har daitezkeen gastu eta inbertsioak:

a) Softwarea erosi, harpidetu, eguneratu edo berritzea, salmentako, fakturazioko edo kontabilitateko administrazio-prozesuak digitalizatzeko; hodeiko zerbitzuak eskuratzea; eta web-orriak sortzea, instalatzeko eta ezartzeko gastuak ere barnean harturik.

b) Softwarea erosi, harpidetu, eguneratu edo berritzea, merkaturatze eta salmenta elektronikoa eta Internet bidezko ordainketa-sistemak ahalbidetzeko, instalatzeko eta ezartzeko gastuak barnean hartuta.

3. Kenkariaren oinarria egindako gastu eta inbertsioen zenbatekoak osatuko du, 5.000 euroko mugarekin. Muga hori inbertsioak hartzen dituen zergaldi guztiei (osotara) aplikatuko zaie, hala badagokio.

4. Artikulu honetan ezarritako kenkaria sozietateen gaineko zergari buruzko foru-araudian xedatutakoaren arabera aplikatuko da, eta ez zaio aplikatuko Sozietateen gaineko zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 67.4 artikuluan araututako kuota likidoaren %25eko muga.

Azken xedapenetako lehena.–Sozietateen gaineko zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen aldaketa.

2020ko urtarrilaren 1etik aurrerako zergaldietarako, honako testu hau izanen du sozietateen gaineko zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 67.4 artikuluaren lehendabiziko paragrafoak:

“4. 58. eta 64.b) artikuluetan aurreikusitako kenkariek ezin izanen dute osotara gainditu kuota likidoaren %25, jarduera hasi arte 58. artikuluan araututakoa izan ezik, horrek kuota likido osoa hartu baitezake.”

Azken xedapenetako bigarrena.–Aldatzea Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren xedapenetako testu bategina, apirilaren 26ko 129/1999 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitakoa.

Aldatu egiten da apirilaren 26ko 129/1999 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergako xedapenen testu bategineko 35.I.B).26 artikuluaren bigarren paragrafoa, eta honela geratzen da idatzita:

“Era berean, salbuetsita geratuko dira egintza juridiko dokumentatuen modalitateko notario-dokumentuen kuota mailakatutik COVID-19aren inpaktu sozial eta ekonomikoari aurre egiteko urgentziazko ezohiko neurriei buruzko martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-dekretuan aurreikusitako luzamenduak formalizatzeko eskritura publikoak, bai eta COVID-19aren inpaktu sozial eta ekonomikoari aurre egiteko urgentziazko ezohiko neurri osagarriei buruzko martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege-dekretuaren 24.2 artikuluan ezarritakoenak ere. Halaber, salbuetsita geratuko dira COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren ondorioz hartutako esparru-akordio sektorialen babesean emandako luzamendu konbentzionalenak ere, zeinak aurreikusita baitaude maiatzaren 26ko 19/2020 Errege Lege-dekretuaren 7. artikuluan.”

Azken xedapenetako hirugarrena.–Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren aldaketa.

Bat. Aldatu egiten da Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 84. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

“84. artikulua. Zerga-administrazioaren obligazioa eskubideen egikaritza errazteko.

1. Zerga-administrazioak une oro emanen dizkio zergapekoari eskubideak baliatzeko eta betebeharrak betetzeko erraztasunak.

2. Zergapekoen esku-hartzea eskatzen duten tributu-administrazioaren jarduketak zergadunentzat hain garestia ez den moduan gauzatu beharko dira, betiere horrek ez badio kalte egiten zerga-betebeharrak betetzeari.

3. Administrazioak eta zergapekoek zerga-prozeduretan egin beharreko jarduketak sistema digitalen bidez egiten ahalko dira. Sistema horiek aukera emanen dute irudia eta soinua bi norabidetan eta aldi berean komunikatzeko, bideokonferentziaren edo antzeko beste sistema baten bidez, bai eta zergapekoen eta organo jardulearen arteko elkarrekintza bisuala, entzuna eta ahozkoa ere, eta, hala badagokio, egindako jarduketen emaitza jasotzen duten dokumentuen transmisio eta harrera segurua bermatuko dute, betiere haien egiletza, autentikotasuna eta osotasuna bermatuz.

Zerga-administrazioak erabakitzen duenean erabiliko dira sistema horiek, eta zergapekoaren adostasuna beharko da haien erabilerari eta haiek garatzeko egunari eta orduari dagokienez.”

Bi. Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 133. artikuluaren 1. apartatuari e) letra gehitzen zaio, eta honela geratzen da idatzita:

“e) Aurreko letretan adierazitako lekuetan edo beste lekuren batean, jarduketa horiek 84.3 artikuluan aurreikusitako sistema digitalen bidez egiten direnean. Sistema horiek erabiltzeko, zergapekoaren adostasuna beharko da.”

Azken xedapenetako laugarrena.–Nafarroan kirol-lanbidean hasteari eta jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legea aldatzea.

Bat. Aldatu egiten da Nafarroan kirol-lanbidean hasteari eta jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 laugarren xedapen iragankorraren 1. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

“1. Foru-lege hau indarrean jartzean, foru-lege honetan jasotako lehen laguntzako kualifikazio eskaera betetzen ez duten kirol arloko profesionalek 2021eko abenduaren 31 arte jarraitzen ahalko dute beren lanbide-jardueran”.

Bi. Aldatu egiten da Nafarroan kirol-lanbidean hasteari eta jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legearen seigarren xedapen iragankorra, eta honela geratzen da idatzita:

“Nafarroako kirol-federazioek, hala behar denean, beren federazio-arauak foru lege honetara egokitu beharko dituzte 2022ko irailaren 1a baino lehen”.

Hiru. Aldatu egiten da Nafarroan kirol-lanbidean hasteari eta jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legearen zortzigarren xedapen iragankorra, eta honela geratzen da idatzita:

“1. 2022ko irailaren 1a baino lehen kirol-lanbideren batean ari direnek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute egun hori baino lehen.

2. Kirol-lanbidean 2022ko irailaren 1etik aurrera hasi nahi dutenek lanbide horri ekin aurretik aurkeztu beharko dute erantzukizunpeko adierazpena”.

Lau. Aldatu egiten da Nafarroan kirol-lanbidean hasteari eta jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 azken xedapenetako laugarreneko 2. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

“2. Aurrekoa gorabehera, 2022ko irailaren 1etik aurrera eskatuko dira foru-lege honetan araututako lanbideetan aritzeko gaitasuna ematen duten lanbide-kualifikazioak”.

Azken xedapenetatik bosgarrena.–Laguntza ekonomikoak areagotzea, mendekotasuna duten pertsonak etxean geratzeko zerbitzu bat kontratatzeko.

Aldatu egiten da Gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren I. eranskineko B19 atalean aurreikusitako laguntza ekonomikoen zenbatekoa –mendekotasuna duten pertsonak etxean egoteko zerbitzu bat kontratatzekoa–, eta honela geratzen da:

“B19. Mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditzeko eta haien zaintzaileak babesteko laguntza ekonomikoak.

a) Prestazio mota: bermatua.

b) Baliabide mota: Aldian-aldian jasotzeko laguntza ekonomikoa.

c) Baliabidearen helburua: prestazio ekonomikoa, eguneroko bizitzaren oinarrizko jarduerak norberaren etxean egin ahal izateko behar diren zainketak eskuratzeko.

d) Onuradunak: mendekotasun-egoeran daudenak.

e) Eskuratzeko baldintzak:

–Mendekotasun-maila bat aitortua izatea.

–Eskaera egin aitzineko bi urteetan Nafarroan egiazki eta jarraian bizi izan dela frogatzea, edo, Espainiako beste toki batetik etorriz gero, abenduaren 14ko 39/2006 Legeak ezartzen dituen irizpideak betetzea (autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa).

–Banakako Arreta Programan esleitutako zerbitzua.

f) Zerbitzuaren intentsitatea:

–Mendekotasun handia dutenak:

  • Zerbitzu bat kontratatzeko laguntza ekonomikoa: pertsona bat edo zerbitzu enpresa bat kontratatzea, gutxienez ere 80 orduz hilean.
  • Gehienez: 943,20 euro hilean.
  • Gutxienez: 433,40 euro hilean.
  • Familia ingurunean zainketak egiteko laguntza ekonomikoa: ahaideek edo inguruko pertsonek emandako zainketak. Zaintzaile nagusi baten izendapena behar du.
  • Gehienez: 542,85 euro hilean.
  • Gutxienez: 249,44 euro hilean.

–Mendekotasun larria dutenak:

  • Zerbitzu bat kontratatzeko laguntza ekonomikoa: pertsona bat edo zerbitzu enpresa bat kontratatzea, gutxienez ere 80 orduz hilean.
  • Gehienez: 746,40 euro hilean.
  • Gutxienez: 329,90 euro hilean.
  • Familia ingurunean zainketak egiteko laguntza ekonomikoa: ahaideek edo inguruko pertsonek emandako zainketak. Zaintzaile nagusi baten izendapena behar du.
  • Gehienez: 407,21 euro hilean.
  • Gutxienez: 180,00 euro hilean.

–Mendekotasun arina dutenak:

  • Zerbitzu bat kontratatzeko laguntza ekonomikoa: pertsona bat edo zerbitzu enpresa bat kontratatzea, gutxienez ere 60 orduz hilean.
  • Gehienez: 374,40 euro hilean.
  • Gutxienez: 172,80 euro hilean.
  • Familia ingurunean zainketak egiteko laguntza ekonomikoa: ahaideek edo inguruko pertsonek emandako zainketak. Zaintzaile nagusi baten izendapena behar du.
  • Gehienez: 180,00 euro hilean.
  • Gutxienez: 60,00 euro hilean.

Mendekotasuna duen pertsonaren familia-unitatearen errentaren arabera ezartzen dira laguntza horiek.

g) Onartzen ote den erabakitzeko epea: bost hilabete.

h) Jarduketa-esparrua: Nafarroako Foru Komunitatea.”

Azken xedapenetatik seigarrena.–Aldatzea apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretua, zeinaren bidez premiazko neurriak onetsi ziren koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko.

Aldatu egiten da koronabirusaren (COVID-19) osasun-krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriei buruzko apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretuaren 2. artikuluaren 2. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

“2. Langile autonomo batek heldu ez dionean martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-dekretuaren 17. artikuluan zehaztutako jardunari uzteagatiko prestazio bereziari, eskubidea izanen du 700 euroko laguntza zuzena jasotzeko, baldin eta, aurreko 1. apartatuko a), b), c) eta d) letretan ezarritakoaz gain, baldintza hauek ere betetzen baditu:

a) Autonomo moduan altan segitzea Gizarte Segurantzaren kasuan kasuko araubidean edo aurreikuspen sozialeko mutualitate batean eta Nafarroako Foru Komunitateko ekonomia-jardueren gaineko zergan, alarma egoera deklaratu zen egunetik hasita laguntza-eskaera egiten den egunera arte.

b) Jardunari utzi ez izana, baina laguntza eskatu aurreko hilabete naturaleko fakturazioa gutxienez %30 murriztu bada aurreko seihileko naturaleko batez besteko fakturazioaren aldean.

Nekazaritza arloan beren kontura ari diren langileendako sistema berezian sartuta dauden nekazaritzako langile autonomoei dagokienez, sasoiko produkzioetan aritzen badira, prestazioa eskatu aurreko produkzio-kanpainaren hilabeteetan batez besteko fakturazioa gutxienez %30 murriztu denean aurreko urteko kanpainako hilabete berberetako fakturazioaren aldean.

Ekonomia-jardueren sailkapen nazionaleko (EJSN) 2009: 5912, 5915, 5916, 5920 eta 9001etik 9004 bitarteko kodeak (bi horiek barne) dituzten jarduerak garatzen dituzten langile autonomoei dagokienez, prestazioa eskatu aurreko hilabete naturalean fakturazioa gutxienez %30 murriztu denean aurreko 12 hilabeteetako fakturazioaren aldean.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren langile autonomoek eskubidea izanen dute apartatu honetan aratutako zuzeneko laguntza eskuratzeko, nahiz eta ez egon alta emanda Nafarroako Foru Komunitatean jarduera ekonomikoen gaineko zergan, Gizarte Segurantzaren dagokion araubidean, edo aurreikuspen sozialeko mutualitate batean martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak alarma-egoera deklaratu zuen egunean, edo egun horren eta laguntza eskatzen den egunaren artean, baldin eta gutxienez 4 hilabetez edo 120 egunez alta emanda egon badira esandako zerga, araubide edo mutualitateetan alarma-egoera deklaratu aurreko hamabi hilabeteen barruan.”

Azken xedapenetako zazpigarrena.–Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legea aldatzea.

Bat. Beste bi apartatu gaineratu zaizkio Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legearen 31. artikuluari. Hona hemen testua:

“3. Errepideen arloan eskumena duen departamentuak ezartzen ahalko du zer bidetan ez den beharko, oro har, zirkulazio-baimen osagarriaren izapideetarako aldez aurreko txostenik egoera jakin batzuetan, eta hark zehaztuko du, halaber, zer garraio-kasuri aplikatuko zaien salbuespen hori bera haien ezaugarriak aintzat harturik.

4. Departamentu horri dagokio, halaber, zehaztea zer baldintza tekniko bete behar diren eman daitezkeen gurutzatze, sarbide eta instalazio baimenetan, eta zer seinaleztapen ezarri behar diren zirkulazioa antolatzeko, halakorik beharko balitz.”

Bi. Nafarroako errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legearen egungo 39. artikulua 39.bis artikulua izanen da aurrerantzean.

Hiru. Beste 39. artikulu bat erantsi zaio Nafarroako errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legeari. Hona testua:

“39. artikulua. Interes orokorreko zerbitzu publikoak.

1. Obrak, instalazioak edo beste erabilera batzuk egiten ahalko dira errepideen zelaigunean, eremu funtzionaletan, zerbitzukoetan eta babesekoetan, baldin eta interes orokorreko zerbitzu publiko bat emateak hala eskatzen badu, lege-xedapen batean hala ezarrita dagoelako, edo, oro har, behar bezala justifikatzen bada ez dagoela teknikoki edo ekonomikoki bideragarria den beste aukerarik, edo baimendutako sarbideak edo konexioak eraikitzeko edo berrezartzeko bada.

Hori horrela, baimentzen ahalko dira:

a) Goitiko edo behetiko igarobideak.

b) Salbuespen gisa, zerbitzu publikoen sare eta azpiegiturei dagozkien luzetarako lurpeko eroanbideak, baldin eta behar bezala justifikatzen bada ez dagoela teknikoki bideragarria den beste irtenbiderik lurraren orografia-baldintza biziki nekezak edo hiri-barrukoak direla kontuan izanda, eta, ahal dela, galtzadatik kanpo geratzen direla –eta, posible denetan, bazterbideetatik kanpo ere bai–.

c) Administrazioek eta enpresa publikoek beren eskumenak gauzatu ahal izateko beharrezkoak diren elementu, obra, jarduketa eta instalazioak, ezin dutenean eduki beste kokalekurik beren izaeragatik edo funtzionaltasunagatik.

d) Behin-behineko instalazioak, epe jakin batekin, interes edo erabilera publikoko jarduerei lotuta badaude.

e) Galtzadaren aldi baterako okupazioa, galtzadan bertan edo ondoko eremuetan baimendutako afekzioak gauzatzeko.

2. Artikulu honetan aipatzen diren erabilera-baimenen kasuan, bidearen titularrak ez du izanen erantzukizun ekonomikorik, ezta bestelako inolako erantzukizun zuzenik edo zeharkakorik ere, bide-jabari publikoan kokatzen den azpiegituran kalterik gertatuz gero, nola eta ez dagoen dolo edo zabarkeria larririk. Hala, azpiegituraren titularrak edo ustiatzen duenak ordaindu beharko ditu konponketa-, mantentze-, aldatze-, ordezte- edo birjartze-gastuak, bidearen berezko erabileratik edo haren mantentze-, hobetze, zabaltze- edo ordezte-lanetatik eratorriak badira.

Obren eta instalazioen baimenek ez dute ekarriko inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik, luizi edo irristatzeengatik edo errepidea mantentzeko edo hobetzeko beharrezko diren obra edo jarduketen ondorioz, haietan kalteak gertatuko balira edo aldaketak egin beharra balego.

3. Artikulu honetan aurreikusitako kasuan, jabari publikoa okupatzeak ez du esan nahi laga egin behar denik hura, eta jabari publikoa erabiltzeak ez du esan nahi administrazioaren demanio-ahalmenak laga behar direnik, ez eta administrazioak okupazio-eskubidearen titularrari edo hirugarrenei inolako erantzukizunik hartu behar dienik ere.

4. Artikulu honetan ezarritako araubide juridikoa zerbitzu-azpiegiturei aplikatuko zaie, edozein izanik ere haiek instalatzeko araubidea.”

Lau. Aldatu egiten da Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legearen 40. artikuluaren 2. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

“2. Inola ere ez da baimenik emanen errepidearen osotasunerako, bide segurtasunerako edo ustiatze egokirako kaltegarriak izan daitezkeen lanak edo instalazioak egiteko.

Errepidearen lur-berdinketan eta haren elementu funtzionaletan baimendu daitezkeen erabilerez gainera, ondoko jabari publikoko eremuan beste afekzio batzuk baimentzen ahalko dira, ez badiete egiten kalterik errepidearen osotasunari, bide-segurtasunari edo jabari publikoaren ustiapen egokiari. Adibidez, erabilera hauek, besteak beste:

a) Zerbitzu publikoen sare eta azpiegiturei dagozkien luzetarako lurpeko eroanbideak edo haiekiko loturak.

b) Salbuespen gisa, zerbitzu publikoen aireko sare eta azpiegituren euskarriak, baldin eta lurraren baldintza orografikoak direla-eta teknikoki bideraezina bada gehiago urruntzea, errepide arruntetan eta elementu funtzionaletan, betiere hiri-tarteetatik kanpo eta ez badira goi-tentsioko sare elektrikoen euskarriak.”

Bost. Aldatu egiten da Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legearen 41. artikuluaren 1. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

“1. Errepideen zortasun-eremuan, galtzadatik hurbilen daudenetan baimendu daitezkeen erabilerez gain, honako hauek ere baimentzen ahalko dira:

a) Luzetara doazen lurrazpiko hodiak, zerbitzuen sare eta azpiegiturenak, gehien bat eremuaren kanpoko mugatik gertuen dagoen toki erabilgarrian.

b) Itxiturak, foru-lege honetan aurreikusitako moduan, betiere ikusgarritasun eta segurtasun baldintzak murrizten ez badituzte.

c) Lur-mugimenduak eta zelaitze-lanak.

d) Bideak, aparkalekuak, irlatxoak edo lorategiak.

Horretaz gainera, baimentzen ahalko dira errepidearen osotasunari, bide-segurtasunari edo jabari publikoaren ustiapen egokiari kalterik egiten ez dioten erabilerak ere. Adibidez:

a) Nekazaritza-kultiboak.

b) Zuhaitzak botatzea.

c) Zuhaitzak metatzea.

d) Aspertsoreak instalatzea.”

Sei. Aldatu egiten da Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legearen 42. artikuluaren 1. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

“1. Errepidearen galtzada mugatzen duen kanpoko lerroaren eta errepide-eraikinen lerrora bitarteko tartean, debekaturik daude eraikin berri oro, bai eta zerbitzuko aireko lineak, telekomunikazio zutoin edo dorreak paratzea ere, gurutzatzeak salbu.

Galtzadatik hurbilen daudenetan baimen daitezkeen erabilerez gainera, baimentzen ahalko dira errepidearen osotasunari, bide-segurtasunari edo jabari publikoaren ustiapen egokiari kalterik egiten ez dioten erabilerak ere. Adibidez:

a) Zuhaitzak landatzea eta botatzea.

b) Ureztatzea kudeatzeko elementuak.”

Zazpi. Nafarroako errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legeari 42 bis artikulua gehitzen zaio. Testu hau izanen du:

“42 bis artikulua. Erabilera edo afekzioa azkentzea.

Baimendutako afekzioaren edo erabileraren titularrak errepideen arloan eskumena duen departamentuari jakinarazi beharko dio jarduera aldatu, ezabatu, iraungi edo bertan behera utzi duela.

Departamentuak erabakiko du zer ondorio izanen dituen afekzioa bertan behera uzteak edo aldatzeak, eta dagozkion itzulketa- eta konponketa-neurriak ezarriko ditu.

Ildo beretik joko da jarduera edo erabilera ezabatzea behar bezala jakinarazi ez denean, eta errekerimendua eginen zaio eginbeharra duenari; Administrazioak modu subsidiarioan jokatuko du eginbeharra duenak jaramonik eginen ez balu, eta premiamendu bidez ere ordainaraziko da.”

Zortzi. 5, 6 eta 7. apartatuak eransten zaizkio Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legearen 50 artikuluari. Hona hemen testua:

“5. Interesdunek errepide-gaietan eskumena duen departamentuari proposatzen ahalko diote bide-jabari publikoan egindako jarduketengatik aurkeztu beharreko bermeak berme globalaren modalitatean eratzea, sustatzen dituen jarduketa guztiak gauzatzetik erator daitezkeen erantzukizunak finkatzeko, espedienteko zehaztapen berezirik gabe. Bermeok izan litezke eskudirutan, abal baten bidez –erregelamenduz ezarritako moduan eta baldintzetan emanda–, edo kauzio-aseguruaren kontratu baten bidez –erregelamenduz ezarritako moduan eta baldintzetan eta erakunde aseguratzaile baimendu batekin eginda, eta kontratuaren ziurtagiria aurkeztuz–.

Berme orokorraren zenbatekoa finkatzeko, azken hiru ekitaldietan bide-jabari publikoan egikaritutako obra-bolumena hartuko da kontuan, interesdunari entzunaldia emanda, eta interesdunak atzera egin ahalko du, ez badago ados.

Administrazioak bermearen zenbatekoa doitzeko eskatzen ahalko du indarraldiko urte bakoitzaren amaieran, baldin eta ekitaldi horretan gauzatutako obra-bolumena %30 baino handiagoa bada gutxienez eratzeko kontuan hartutako bolumenaren aldean. Zenbatekoa eguneratzen ez bada, Administrazioak bermea azkentzeko agintzen ahalko du, baina horrek ez du eragotziko bermearen eraginkortasuna, gauzatutako azken obraren berme-epea amaitzen ez den bitartean.

Berme orokorra Ogasunaren arloko eskumena duen departamentuan gordailutu beharko da.

6. Berme orokorra izanen da, indarrean den bitartean, interesdunak bideetako jabari publikoan sustatutako edozein jarduketaren ondorioz sor daitezkeen kalteen erantzulea, eta horrek ez du eragotziko administrazioaren aldeko kalte-galeren ordaina ematea, halakorik gertatuz gero.

Bermearen gainean esleipendunari eska dakizkiokeen kalte-ordainak gauzatzen badira, esleipendunak bermea birjarri edo handitu beharko du, dagokion zenbatekoan, kontratua gauzatzen denetik hamabost eguneko epean; hala egin ezean, arau-hauste oso astuntzat joko da, Foru Lege honen 73.3.a) artikuluan tipifikatuta bezala.

7. Emandako azken baimenaren adostasun-aktatik urtebetera azkenduko da berme orokorra, interesdunak hala eskatuta.”

Azken xedapenetako zortzigarrena.–Nafarroako Parlamentura igortzea.

Foru lege-dekretu hau Nafarroako Parlamentura igorriko da baliozkotu dezan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis artikuluaren 2. apartatuan ezarritakoaren arabera.

Azken xedapenetako bederatzigarrena.–Erregelamendu bidez garatzea eta betearaztea.

Gaikuntza ematen zaio Nafarroako Gobernuari, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuetako titularrei ere, zeinek bere eskumenen eremuan, behar adina xedapen eman ditzaten, foru lege-dekretu honetan ezarrita dagoena garatzeko eta betearazteko.

Azken xedapenetako hamargarrena.–Indarra hartzea eta indarraldia.

1. Foru lege-dekretu honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean, eta indarrean egonen da Nafarroako Gobernuak ezartzen duen bitartean badirauela hura onestea ekarri duen egoera bereziak.

2. Halaber, foru lege-dekretu honetan onetsitako neurrien artean iraunaldi zehatza dutenek hura beteko dute.

3. Azken xedapenetako zazpigarrenean xedatutakoak indarrean jarraituko du harik eta ondoko arau batek indarrik gabe utzi arte.

Iruñean, 2020ko ekainaren 17an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2006159