137. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

49E/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 12koa, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko kontseilariak emana, irabazi-asmorik gabeko elkarteek euskara sustatzeko jarduera eta programak egiteko laguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 510473

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren eginkizunak dira, besteak beste, bizitza sozialaren zernahi esparrutan euskara agertzeko eta erabiltzeko sentsibilizazio programak gauzatzea eta entitate publiko eta pribatuekin elkarlanean aritzea helburu hori lortzeko.

Hori dela eta, egokia da euskara sustatzeko programak egiten dituzten entitateei dirulaguntzak ematea. Laguntza horiek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira.

Urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuak, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak, 2.2.a) artikuluan ematen dizkidan eskuduntzak erabiliz, eta dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat, honako hau

AGINDU DUT:

1. Irabazi-asmorik gabeko elkarteek euskara sustatzeko jarduera eta programak egiteko laguntzen deialdia onestea 2020rako.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egin daitezke, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B30002-B3200-4819-334100: (E) Irabazi-asmorik gabeko gizarte entitateentzako laguntzak euskara sustatzeko

2020

290.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Herritarrekiko Harremanetako Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, aipaturiko departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Administrazio eta Ekonomia Kudeaketako Atalera, Euskarabideko Euskara Sustatzeko Atalera eta Programen Bulegora eta Dirulaguntzen Datu-base Nazionalera, behar diren ondorioak izan ditzaten.

6. Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko ekainaren 12an.–Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Nafarroan euskara sustatzeko programa eta jardueretarako laguntzen deialdiaren oinarriak

Lehen oinarria.–Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da irabazi-asmorik gabeko entitateei laguntzea, publikoak ez badira betiere, ondorengo jarduerak finantzatzen: Nafarroako gizartearen zenbait esparrutan euskararen inguruko sentsibilizazio programak eta jarduerak edo euskararen erabilera Nafarroako gizartean sustatu eta errazteko programak eta jarduerak, 2019ko azaroaren 1etik 2020ko urriaren 31ra bitarte eginak (egun biak barne).

Bigarren oinarria.–Aurrekontu egozpena.

2.1. Dirulaguntza horiek Nafarroako Gobernuko 2020ko gastu aurrekontuaren “Irabazi-asmorik gabeko gizarte entitateentzako laguntzak euskara sustatzeko” izeneko B30002 B3200 4819 334100 (E) partidaren kargura finantzatuko dira, 290.000 euroko zenbatekoarekin.

2.2. Laguntzen zenbatekoa Baloraziorako Batzordeak ezarriko du zortzigarren oinarrian ezarritako irizpideekin bat, eta ez da inola ere izanen egindako jardueren kostuaren %80tik gorakoa.

Laguntzak eskuratzen den puntuazioaren arabera banatuko dira, zortzigarren oinarrian ezarritako irizpideekin bat, deialdian esleitutako zenbateko osoa ahitu arte.

Hirugarren oinarria.–Pertsona eta entitate onuradunen betebeharrak.

3.1. Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak eska ditzakete Nafarroan helbideraturik dauden irabazi-asmorik gabeko pertsona fisiko eta juridikoek, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte, eta dirulaguntzaren xedeko jarduerak Foru Komunitatearen barrenean egiten badituzte.

3.2. Entitate publikoak deialdi honetatik kanpo daude.

Laugarren oinarria.–Jarduera diruz lagungarriak.

4.1. Euskararen presentzia eta erabilera areagotzen laguntzen duten jarduera eta programei emanen zaie lehentasuna deialdi honetan, gehienbat nerabeei eta gazteei zuzendutakoei.

Honako jarduera hauek lagunduko dira:

a) Euskararen erabilera soziala sustatzearekin eta euskarazko ahozko komunikazioa hobetzearekin zuzeneko lotura duten jarduerak.

b) Kontzientziazio eta sentsibilizazio jarduerak, hala nola:

–Gazteen artean euskararen egoera aztergai duten parte-hartze edo gogoeta prozesuak.

–Efemerideak edo bestelako ekimenak ospatzea, euskararekin, kulturarekin eta tradizioekin, hizkuntzaren historiarekin edo euskararen garapenean garrantzia izan duten pertsonaiekin lotuta.

–Euskararen aldeko mezu positiboak zabaltzen dituzten kanpainak.

c) Tokian tokiko euskararen ondarea erabilera sozialerako bildu, babestu eta aktibatzeko xedea duten programak (abestiak, ipuinak, tradizioak, bertsoak, euskalkiak...).

d) Monitore, hezitzaile eta entrenatzaileentzako trebakuntza jarduerak eta baliabideak (lexiko berezitua, materialak), batez ere euskararen ahozko erabilera dinamizatzeko estrategietan, haur eta gazte taldeetan, gazteen hizkuntz gaitasuna sendotzeko zenbait esparrutan (aisialdia, kirola, kultura, denbora librea...).

e) Euskararen erabilera edozein egoeratan normalizatzeko jarduerak, kanpainen, materialen, bideoen edo bideojokoen bidez.

f) Euskararen proiekzio sozialerako edo sorkuntzarako jarduerak, eremu edo eskualdeetako bizilagun elebidunen artean euskararen presentzia areagotzen dutenak: hitzaldiak, mahai-inguruak, antzezlanak, zinema edo bideo proiekzioak eta aldizkariak ez diren argitalpen txikiak.

g) Bertsolarien emanaldiak (jendaurrean bat-bateko bertsoak kantatzea) eta bertsolaritzan trebatzeko jarduerak, jendeari oro har zuzendutakoak, 8 ikasle baino gehiagoko taldeak badira, eta ikastetxeetako guraso elkarteek antolatutako jarduerak ez badira.

Jarduera horietan guztietan genero berdintasuna sustatuko da edukien diseinu eta garapenean, hizkera ez sexista erabiliko da eta parte-hartze paritarioa bilatuko da.

Diruz lagungarriak diren gastuak honako hauek izanen dira: jarduera antolatu eta gauzatzearekin zuzenean lotutako gastuak, hala nola, kontratatutako langileak, materialen erosketa edo alokairua, lokalen alokairua, etab.

Elkarteen ohiko funtzionamenduaren gastuak jarduerei egozten ahalko zaizkie, eta batera justifikatzen ahalko dira, baina betiere onartutako jarduerak gauzatzen badira. Aipatutako gastu horietan sar litezke honakoak: elkartean lan administratiboak eta kudeaketakoak egiteko soilik kontratatutako langile-gastuak; bulegoko materiala eta material informatiko suntsikorra; kontabilitateko eta laneko aholkularitza, aseguru orokorrak, telefonoa eta Internet, posta eta mezularitza.

4.2. Hurrengoak deialdi honetatik kanpo geldituko dira:

a) Nafarroako Gobernuaren beste departamentu edo unitate batzuei dagozkien edo haien eskumenekoak diren jarduerak edo ekintzak, bai eta diseinuan publizitatean edo lotutako euskarrietako edozeinetan euskararen presentziarik ez dutenak.

b) Eskolaz kanpoko jarduerak, guraso elkarteek antolatutako aisialdiko jarduerak, eta ikastetxeetan egiten direnak, Hezkuntza Departamentuaren eskumenekoak direlako.

c) Bestelako jarduerak, hala nola kanpalekuak, txangoak, otorduak, dantzaldiak, artisautza azokak, ikuskizunak, kirol lehiak etab., deialdiaren helburuekin lotura zuzenik ez dutenak eta Kultura eta Kirol Departamentuaren eskumenekoak direnak.

d) Musika kontzertuak.

e) Euskara sustatzeko programetan sartutako jarduerak izanda ere, euskararen erabilerarekin zuzeneko lotura ez dutenak.

f) Liburuen edo webguneen itzulpenak.

g) Bi sexuen arteko tratu berdintasuna bermatzen ez duten jarduerak edo programak.

Bosgarren oinarria.–Eskaerak aurkeztea.

5.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten pertsona edo entitateek eskaera egin beharko dute Nafarroako Gobernuaren webgune instituzionaletik abiatuta eskuratzen ahal den deialdiaren fitxaren bidez, ondoko helbidean: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/8485/Irabazi-asmorik-gabeko-elkarteek-euskara-sustatzeko-jarduera-eta-programak-egiteko-laguntzen-deialdia-2020.

5.2. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.3. Ezinbestekoa da gaitutako helbide elektroniko bat izatea; Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren helbide honetan eskura daiteke: http://notificaciones.060.es/PC_init.action. Horretarako, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea.

Seigarren oinarria.–Eskatutako agiriak.

6.1. Dokumentu hauek aurkeztuko dira:

a) Eskaera datu hauekin: izena, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa eta identifikazio fiskaleko zenbakia, eta taldearen ordezkaria nor den.

b) Legezko eraketaren dokumentazioa.

Entitate edo pertsona eskatzaileari dagokion dokumentazioa Administrazio honen esku badago, ez da beharrezkoa izanen berriro aurkeztea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 53.d) artikuluarekin bat.

Kasu horretan, dokumentazio hori indarrean dagoela agertzen duen adierazpena aurkeztu beharko da, zehaztuz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zein organotan edo tokitan eta noiz aurkeztu zen edo eman zuten.

Bide hori bakarrik erabiliko da agiriek eraman duten prozedura bukatu zenetik bost urte baino gutxiago iragan direnean.

c) Entitateko arduradunaren aitorpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluak ezarritako betebeharrak betetzen dituztela adierazteko (deialdiaren eskaera fitxa).

d) Jardueren proiektua. Alderdi hauek jasoko ditu: proiektuaren eta jardueren deskribapena, helburuak, jarduerak noiz eginen diren eta jardueren onuradun edo hartzaileak. (II. eranskina)

e) Aurrekontu xehakatua: zehaztuko da, jardueraz jarduera, bakoitzean izanen diren gastuak, sarrerak eta dirulaguntzak. (III. eranskina).

f) Entitateak tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak eguneratuak dituela frogatzen duen ziurtagiria.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea hark zilegi izan dezan deialdi honetan eskatutako informazioa biltzea beharrezko erakundeetatik espedientea tramitatu eta ebazteko. Horrenbestez, eta aurkakorik adierazi ezean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak kontsultatu eta egiaztatu eginen du identifikazio fiskaleko txartelari dagokion dokumentazioa, zerga betebeharrak egunean daudela egiaztatzen duen ziurtagiria eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela egiaztatzen duena.

g) Gardentasun-betebeharrak justifikatzeko dokumentazioa, 16. oinarrian arautua (VI. eranskina).

6.2 Dirulaguntzaren eskaera oso-osorik beteta ez badago, pertsona edo entitate eskatzaileari akatsa zuzentzeko eskatuko zaio. Horretarako, gehienez ere 10 egun balioduneko epea emanen zaio, zuzentzeko errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita. Eskatzaileak gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen da errekerimendu hori.

Zazpigarren oinarria.–Dirulaguntzak emateko prozedura, eta tramitazio eta ebaluazio organoak.

7.1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagoka bidezkoa izanen da, hainbanaketarekin, aurkezturiko eskaerak alderatuz jasotako puntuazioaren arabera, 8. oinarriko baremoei jarraikiz, aurrekontu-izendapena agortu arte.

7.2. Entitate eskatzaileen puntuazio osoa balorazio irizpideen arabera kalkulatuko da, eta laguntzaren zenbatekoa eskatzaileek lortutako puntuazioaren araberakoa izanen da.

7.3. Eskaerak Euskarabideko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak tramitatuko ditu.

7.4. Batzorde batek baloratuko ditu eskaerak, eta kide hauek izanen dira batzorde horretan:

–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena; batzordeko burua izanen da.

–Euskara Sustatzeko Ataleko burua, edo hark eskuordetzen duena.

–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari atxikitako teknikari bat, idazkaritza lanak betetzeko, hizpidea eta botoa izanen dituena.

Balorazio batzorde teknikoak kanpoko adituen aholkularitza eska dezake, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzeko.

Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdia esleitzeko ebazpen proposamena eginen du.

Zortzigarren oinarria.–Balorazio irizpideak.

8.1. Aurkeztutako eskaerak baloratzeko eta laguntzaren zenbatekoa zehazteko, batzordeak irizpide hauek izanen ditu kontuan:

a) Programatutako jardueren izaera eta kalitatea, 20 puntu arte.

–Trebatzaileen, dinamizatzaileen edo arduradunen kualifikazioa (prestakuntza akademikoa eta lanbide esperientzia): 0-5 puntu.

–Programaren koherentzia, helburuei, edukiei eta hartzaileei dagokienez: 0-15 puntu.

b) Hartzailearen lehentasuna, 20 puntu arte.

–Populazioa oro har: 5 puntu.

–Haurrak: 10 puntu.

–Gazteak: 20 puntu.

c) Proiektuaren ibilbidea eta egonkortasuna, 40 puntu arte. Honela:

–Bi asteko proiektuak: 10 puntu.

–Hilabeteko proiektuak: 20 puntu.

–Hiru hilabete baino gehiagoko proiektuak: 40 puntu.

Deialditik kanpo geldituko dira guztira 25 puntura iristen ez diren eskaerak.

Bederatzigarren oinarria.–Dirulaguntzak esleitzeko ebazpena.

9.1. Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bat emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita gehienez ere hiru hilabeteko epean, laguntzak emateko. Epe hori bukatutakoan ebazpen espresuki eman ez bada, eskaerak ezetsi eginen dira.

9.2. Dirulaguntza emateko ebazpenean, onartutako eskaeren kasuan, datu hauek agertuko dira: onartutako aurrekontua, balorazioan eskuratutako puntuazioa eta dirulaguntzaren zenbateko aurreikusia. Orobat, gastu horiek justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira. Ebazpenak, halaber, bazter utziriko eskaerak agertuko ditu, arrazoia zein den adieraziz.

9.3. Laguntzak eskatu dituzten elkarteei ebazpena jakinaraziko zaie eta jendaurrean jarriko da Euskarabidearen webgunean (www.euskarabidea.es) eta Nafarroako Gobernuaren webgunean (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/8485/Irabazi-asmorik-gabeko-elkarteek-euskara-sustatzeko-jarduera-eta-programak-egiteko-laguntzen-deialdia-2020).

Hamargarren oinarria.–Onuradunek bete beharrekoak.

10.1. Deialdi honen babesean diruz laguntzen den programa egiteko erabili beharko da dirulaguntza, ez beste edozertarako.

10.2. Euskarabideko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuan justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin diren, jarduera bakoitzean parte-hartzaileen kopurua adierazita, sexuaren eta adin tarteen arabera.

10.3. Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari jakinaraztea, telematika bidez, programa edo jarduera garatzean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean berean, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu, elkartearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik. Diruz lagundutako programan edo jardueran edozein aldaketa egiteko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuaren adostasuna beharko da aurretik, eta zerbitzu horrek baimena emanen du, baldin eta aldaketak onetsitako programa edo jarduera funtsean aldatzen ez badu, balorazio batzordearen ustean.

10.4. Jarduera Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin dela aipatzea programan, kartelean edo edozein eratako iragarkietan edo publizitatean. Aipamen hau Nafarroako Gobernuko sinbolo ofiziala arautzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuaren jarraibideekin bat eginen da (https://www.navarra.es/eu/albisteak/2020/02/12/nafarroako-gobernuak-bere-ikur-ofiziala-aldatu-du-foru-komunitateko-errealitate-soziolinguistikora-egokitzeko), kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jarduera hedatzen den denbora guztian mantenduko da.

10.5. Euskarabideko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak proiektua burutu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak onartzea.

10.6. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

10.7. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko asmoz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak edukitzea, pertsona edo entitate onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

10.8. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

Hamaikagarren oinarria.–Dirulaguntzaren ordainketa.

11.1. Dirulaguntza bi epetan ordainduko da: lehenengo ordainketa partzial bat, gehienez ere %50ekoa, udako hilabeteetan eginen da, apirilera bitarte exekutatutako gastuaren arabera; eta bigarren ordainketa urtea bukatu aurretik. Bi kasuetan, jardueren memoria eta 12. oinarrian aipatzen diren frogagiriak aurkeztu beharko dira aldez aurretik.

11.2. Emandako laguntzen zenbatekoa, oro har eta kasuan kasu adostu daitekeena deusetan galarazi gabe, justifikaziorako epeak bukatutakoan ordainduko da, Euskarabideko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez, Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuaren aldeko txostena izan ondotik.

Hamabigarren oinarria.–Gastuen justifikazioa.

12.1. Bi epe ezartzen dira gastuak justifikatzeko:

Lehenengo epea: gehienez ere esleitutakoaren %50 jasotzeko izanen da, 2020ko apirilaren 30era arte egindako programa eta gastuetarako. 15 eguneko epea izanen da egindako jarduerak eta gastuak justifikatzeko agiriak aurkezteko, kontzesioaren jakinarazpena jasotzen denetik.

Bigarren epea: 2020ko urriaren 31 arte egindako programa eta gastuetarako izanen da. Frogagiriak aurkezteko azken eguna berriz 2020ko azaroaren 10a izanen da.

12.2. Elkarte onuradunak agiri bidez frogatu beharko du dirulaguntzaren xede diren jarduerak edo programak gauzatu dituela, aurkeztutako proiektu teknikoan lortutako puntuazioarekin bat, dagozkion frogagiriak aurkeztuz (fakturak edo nominak eta haien ordainagiriak).

Justifikatzen dena onartutako aurrekontua baino txikiagoa baldin bada, deialdiaren mugak kontuan izanik betiere, deialdia ixteko ebazpenean likidatu beharreko zenbatekoa berrikusiko da.

Hamahirugarren oinarria.–Frogagiriak.

Oro har, eta kasuan kasu erabakitzen ahal dena galarazi gabe, pertsona edo entitate onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuan bosgarren oinarrian onartutako bidetako bat erabiliz:

a) Jardueren oroitidazkia. Bertan jasoko dira balorazio orokorra (diruz lagunduta eginiko jarduerak aipatuta), lagundutako ekintzen gastuen azalpen laburra eta izandako parte-hartzaileak sexuaren arabera banaturik. (IV. eranskina)

b) Justifikazio ekonomikoa. Beterik aurkeztuko da aurrekontuari dagokion Excel dokumentua, V. eranskina izenekoa, zeinak jasotzen dituen gastuak, sarrerak eta dirulaguntzak, eta gainera, balantzea automatikoki ateratzen duen. Nafarroako Gobernuaren webgune instituzionalean eskuragarri dago helbide honetan:

http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/8485/Irabazi-asmorik-gabeko-elkarteek-euskara-sustatzeko-jarduera-eta-programak-egiteko-laguntzen-deialdia-2020.

c) Inprimatutako elementuak eta publizitatekoak.

d) Egindako programen edo jardueren gastuaren frogagiriak, jatorrizko fakturak edo kopia soilak. Kanpo gelditzen dira berariaz honakoak: ordainagiria, aurrekontuak eta albaranak.

Hamalaugarren oinarria.–Bateragarritasuna beste dirulaguntza batzuekin.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira xede eta helburu berberetarako beste administrazio batzuetatik, Nafarroako Gobernuko departamentuetatik, eta edozein motatako entitate eta erakunde publiko edo pribatuetatik jasotzen den beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin. Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo berezko baliabide batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

Hamabosgarren oinarria.–Ez betetzeak, itzulketak eta arau-hausteak.

15.1. Ez-betetze arintzat joko dira irregulartasun formalei dagozkienak; halakoetan, dirua partez itzuli beharra etorriko da, edo ordainketa partzialik ez egitea, ez-betetzearen muntaren arabera. Ez-betetze larritzat joko dira, berriz, funtsezko kontuei dagozkienak; halakoetan, arau orokor gisa, dirua osorik itzuli beharko da, edo ez da deus ere ordainduko. Batean nahiz bestean berandutze-interesak eskatzen ahalko dira, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan. Baloraziorako Batzordeak mailakatzea egiteko komenigarriak iruditzen zaizkion irizpideak ezartzen ahalko ditu.

15.2. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

Hamaseigarren oinarria.–Gardentasuna.

16.1. Erakunde onuradunek gardentasun-betebeharra izango dute, zeina irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua baitago, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura eskuratzen dituztenean dirulaguntzak eta ondoko bi egoerak batera gertatzen direnean:

a) Emandako dirulaguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea.

b) Emandako dirulaguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu gauzatua.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra, halakorik baldin badago.

Bi egoera horietan dauden entitate onuradunek, dirulaguntza eman izana jakinarazi edo, kasua bada, ebazpena argitaratzen den egunetik hasita hilabeteko epean, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute telematika bidez Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Euskarabideari zuzenduta:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren lanaldi mota gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

16.2. Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

16.3. Onuradunek emandako informazioa Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren Gobernu Irekiko Atarian argitaratuko da eta eskura izanen da argitaratu eta urtebetean. Muga 15 hilabetekoa izanen da, informazioa kudeatzeko organoan sartzen den unetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

16.4. Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

16.5. Pertsona edo entitate onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, betetzen ez badira onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamazazpigarren oinarria.–Aplikatzekoa den legeria eta errekurtsoak.

17.1. Modalitate hau oinarri hauek gobernatuko dute, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoak, horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra.

17.2. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

II. ERANSKINA

Jardueren proiektua.

III. ERANSKINA

Aurrekontu xehakatua.

IV. ERANSKINA

Proiektuaren oroitidazkia.

V. ERANSKINA

Justifikazio ekonomikoa.

VI. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2006125