137. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEOTZ

Udalbatzaren osoko bilkurak Alkatetzari eskuordetzea, berariaz eta zehazki, Artariainen elektrizitate-kableak lurperatzeko beharrezkoak diren obrak egiteko proiektuaren onespena. 140/2020 espedientea

2020ko ekainaren 3an egin bilkuran, honako erabaki hau hartu zen. Hona hemen haren testua:

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 22.2.ñ) artikuluan xedaturik dagoenez, osoko bilkurari dagozkion eskumenen artean badago “obra proiektuak eta zerbitzu proiektuak onestea, horiek kontratatu edo horien emakida egiteko eskumenak baditu”.

2020ko udal aurrekontuan jasotako obra proiektuetako bat Artariaingo elektrizitate-kableak lurperatzekoa da. Osoko bilkura honen hasierako erabakiaren ondotik, behin betiko onetsi da 1/2020 aurrekontu-aldaketa, eta ondorioz, esleitu dira 81.791,80 euro guztira haren aurrekontu-aplikazioan; kopuru horretan sartzen dira proiektua idaztea, obrak gauzatzeko aurreikuspena eta obren zuzendaritza fakultatiboa.

Alkatetzaren martxoaren 6ko 26/2020 Ebazpenaren bidez, Carlos Ros Ingenieros SL (IFK B31945769) merkataritza sozietateari adjudikatu zitzaion proiektuaren idazketa, eta Udalak badaki horretan ari direla. Hortaz, laster izanen da dokumentu tekniko hori. Era berean, obra horien zuzendaritza fakultatiboa adjudikatu zen, proiektuko obrak kontratatzearen mende.

Kontratu mota eta prezioaren zenbateko balioetsia ikusirik, osoko bilkurarena izanen litzateke eskumena horrelako proiektu baten obrak kontratatzeko espedienteari hasiera emateko, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 8. eta 226. artikuluen arabera, Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen bigarren xedapen gehigarriari dagokionez (lege horren bidez egiten da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa Espainiako ordenamendu juridikora).

Gainera, behin betiko onetsirik 1/2020 aurrekontu-aldaketa, udal honek asmoa dauka proiektu horretan aurreikusten diren obren kontratazioa egiteko.

Horregatik, tramitazioa arintzeko eta bermatzeko obrak kontratatzeko espedienteari hasiera emanen zaiola ahalik eta lehenen eginen den osoko bilkura arruntean, bertaratuek aho batez erabaki dute honako hau:

Lehena.–Osoko bilkurak berariaz eta zehazki utzi du Alkatetzaren esku beharrezko obrak egikaritzeko idatziko den obra proiektuaren onespena, Artariainen elektrizitate-kableak lurperatzeko beharrezkoak diren obrak egiteko, bat etorriz Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 22.2.ñ) artikuluarekin, artikulu beraren 4. apartatuari dagokionez. Onetsi izanaren berri eta lizitatu aurreko zuinketa-akta sinatu izanaren berri eman beharko dio osoko bilkurari.

Bigarrena.–Aipatu eskuordetzearen iragarkia igortzea Nafarroako Aldizkari Ofizialera, argitara dadin, eta Udalaren iragarki-taulan ere jartzea.

Iratxetan (Leotz), 2020ko ekainaren 8an.–Alkatea, Amaia Ruiz Marcolain.

Iragarkiaren kodea: L2005723