135. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

21E/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 2koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi hau: “Sorkuntza artistikoko mintegi eta lantegietarako laguntzak 2020rako. 948 MINTEGIAK”. DDBN identifikazioa: 508587.

Kultur Ekintza Zerbitzuak txostena egin du, non eskatzen baita onets daitezela “Sorkuntza artistikoko mintegi eta lantegietarako laguntzak 2020rako. 948 MINTEGIAK” izeneko deialdia, deialdiaren oinarri arautzaileak, urteko erreserba eta gastua egiteko baimena (60.000,00 euroko gastua, hain zuzen), eta argitara daitezela foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean, kontuan hartuta aipatu gastua baimentzeko legez ezarrita dauden baldintzak eta betebeharrak betetzen direla, bai eta helburua ere; gainera, kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna jasotzen da espedientean.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Deialdi hau onestea: “Sorkuntza artistikoko mintegi eta lantegietarako laguntzak 2020rako. 948 MINTEGIAK”.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, jaso baitira foru agindu honen eranskinean.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2530-4709-334100: Profesionalentzako sorkuntza lantegietarako laguntzak

2020

60.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko ekainaren 2an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA

OINARRI ARAUTZAILEAK

Sorkuntza artistikoko mintegi eta lantegietarako laguntzak 2020rako. 948 MINTEGIAK

1. Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremu.

1.1. Deialdiaren xedea da laguntza ekonomikoa ematea espazio kultural independenteak kudeatzen dituzten pertsona fisikoei eta juridikoei, sormenezko praktikak susta ditzaten edo horiek titulartasun publikoko ekipamenduetan txertatzeko proiektu metodologikoak kudea ditzaten. Laguntza hauek kultura eta sormen sektorera zuzenduak daude (Nafarroako kultura eta sormen industriak). Deialdiaren helburua da erraztasunak ematea sorkuntza artistikoa bultzatzera bideratutako ekimenak garatzeko eta sektore artistikoko enpresen hazkundea areagotzeko. Eta horrekin batera, pentsamendu garaikidea, adierazpen askatasuna eta dibertsitatea sustatzea, hedapena eta herritarrengana iristea, eta proiekzio lokala, nazionala eta nazioartekoa lortzea.

1.2. Deialdi honek bi proiektu modalitate ditu xede:

A) Titulartasun pribatuko ekipamenduak, zeinetan sorkuntza artistikoa sustatzen den eta artistei profesionalki garatzen laguntzen zaien, eta zeinetan ikaskuntza errazten den, berrikuntza-, ikerketa- eta produkzio-prozesuak abiarazten dituen esparru baten barnean. Sorkuntzarako aukera ematen duten espazioak dira, abiaburutzat artisten harrera, diziplinen arteko elkarrizketa, esperientziak partekatzeko aukera eta publikoen sorrera dauzkatenak. Eta, horretarako, funtsezko gakoa da agertoki bat eskaintzen dutela sorkuntza artistikoa sustatzeko, betiere berritzailea eta berezitasunaren sortzailea den ikuspuntu batetik.

B) Tresna metodologikoak, sektore artistikoaren profesionalizazioarekin zerikusia duten sektore publikoko entitateen ekimenetan aplikatzeko. Aurrekoa osatzen duen dimentsioa da, halako moduz non gaitasunak garatzen diren sektore artistikoak lehiakortasunarekin lotutako gaitasunak beregana ditzan. Kasu honetan, laguntza bideratua dago metodologia horien ezarpenaren kostua jaistera, aipatu metodologia hornitzen duen enpresaren bidez.

1.3. Honako hauek ez dira inola ere diruz lagungarriak izanen:

a) Batez ere helburu turistikoak edo komertzialak dauzkaten espazioak.

b) Sorkuntza artistikoaren prozesuan izaera instrumentala duten espazioak.

c) Plataforma digitalak.

1.4. Deialdi honen ondorioetarako, kultura eta sormen industriatzat joko da proiektu artistikoak egiten dituena, baldin eta proiektu horien edukiak honako hauekin lotura badute: ikusizko arteak eta arte plastikoak, musika, zinea eta ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak, diskoak, liburuak eta bestelako euskarriak editatzea, eta beren edukietan hibridoak diren proiektu horiek.

1.5. Proiektuak 2019ko azaroaren 1etik 2020ko urriaren 31ra bitartean egin behar dira.

1.6. Ez dira aintzat hartuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren aurreko deialdi batzuetan dirulaguntzen onuradun izan diren proiektuak, ezta erakunde horrekin hitzarmen izendunik dutenak ere.

1.7. Pertsona edo entitate eskatzaile bakoitzak proiektu bakar bat aurkezten ahalko du.

1.8. Salbuespen gisa, COVID-19ak eragindako osasun krisia ikusita, 2020ko deialdi honek helburu du espazio kultural independenteak kudeatzen dituzten egiturak mantentzen eta sortzen laguntzea, sormenezko praktikak susta ditzaten edo horiek titulartasun publikoko ekipamenduetan txertatzeko proiektu metodologikoak kudea ditzaten.

2. Pertsona edo entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Profesional eta enpresa hauek hartzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako laguntzak:

a) Nafarroako Foru Komunitatekoak diren edo gutxienez 2019ko urtarrilaren 1etik Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturik dauden pertsona fisikoak.

b) Merkataritzako sozietateak, sozietate zibilak, ondasun erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, nortasun juridikorik gabea.

Pertsona edo entitate horiek Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta egon behar dute eta helbide fiskala bertan izan.

2.2. Aurreko apartatuan aipatutako pertsona fisikoek eta enpresek alta emanik egon behar dute, eskaera aurkezteko unean, jarduera kultural, artistiko edo sorkuntzako batekin lotutako EJZren edozein epigrafetan.

2.3. Nortasun juridikorik ez duten entitate eskatzaileek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adina ahalmen dituena.

2.4. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren baten dauden enpresa edo profesionalei.

2.5. Sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik administrazio ebazpen irmo edo kondena-epai irmo baten bidez zehapena edo zigorra jaso duten eskatzaileak ez dira laguntza hauen onuradun izaten ahal.

2.6. Dirulaguntzaren hartzaileen artetik kanpo utzi dira berariaz:

a) Toki entitateak, beren erakunde autonomoak, eta nagusiki Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren partaidetza duten enpresa publikoak, partzuergoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Nafarroako Gobernuaren 2020ko aurrekontuetan partida izenduna duten entitateak.

c) Irabazi-asmorik gabeko elkarteak, fundazioak eta entitateak, sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, lanbide elkargoak eta elkarte profesionalak.

3. Aurrekontuko egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

3.1. Laguntza hauek (60.000 euro gehienez) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2020rako gastu-aurrekontuaren kargura finantzatuko dira, 2020rako onesten den aurrekontuko partida honen kargura: “Profesionalentzako sorkuntza lantegietarako laguntzak” izeneko A20002 A2530 4709 334100 partida.

3.2. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa. Onartutako aurrekontua entitateak aurkeztutako aurrekontua izanen da, baina diruz lagungarriak ez diren gastuei dagozkien diru kopuruak kenduta, deialdi honen 5. oinarrian ezarritakoarekin bat.

3.3. Diruz lagundutako proiektu bakoitzeko laguntza ez da izanen 15.000 eurotik gorakoa.

3.4. Aipatutako muga horiek betetzen badira, laguntzaren zenbatekoa eskatutako bera izanen da, aurrekontuan dirua dagoen bitartean.

3.5. Behin proiektuak eginda aurrekontu onartuekin, unitate kudeatzaileak dirulaguntza banatuko du proiektuen artean, lehentasun hurrenkerari jarraikiz, dirulaguntzen zenbatekoa agortu arte.

3.6. Gerakinik badago, baina hurrengo proiektuagatik eskatutako aurrekontua baino txikiagoa, eskatzaileari eska dakioke hasiera batez aurkeztutako proiektua berregin dezala.

Nolanahi ere, eskaera berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

Irizpide hauei jarraikiz eginen da doikuntza hori:

a) Ezin izanen da murriztu hasierako aurrekontuan sartuta dagoen eta entitatearen beraren baliabideekin (jarduera diruz lagungarriak sortzen ez dituztenekin) finantzatzen den kopurua.

b) Eskaera berregin ondoren banatzen diren azkeneko dirulaguntzak finkatzean, ezarritako gehieneko ehunekoak errespetatu beharko dira.

Nolanahi ere, eskatzaileak onar edo uka dezake eskaera berregitea.

Berregindako proiektua onetsiz gero, ebaluazio batzordearen adostasuna jaso beharko du, laguntza eman aurretik.

Onetsi ezean, ebaluazio batzordeari jakinarazi beharko dio, hark berregiteko aukera eskain diezaien puntuazio hurrenkeraren arabera hurrengoak diren proiektuei.

4. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

4.1. Pertsona juridikoen kasuan, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (http://www.navarra.es/home_eu/). Identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo NAN-PINa eduki beharko da.

Kasu horretan, eskabidea aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskabidea geroago aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

4.2. Pertsona fisikoen kasuan, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira lehentasunez, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz.

4.3. Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta tramiteen katalogoko fitxaren baitan egonen dira eskuragarri (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

4.4. Eskaeraren berariazko inprimakiari (I. eranskina) erantsi behar zaion dokumentazioa ondotik zehazten dena da. Telematika bidez aurkeztuz gero, agiriak eskaneaturik aurkeztuko dira, dokumentu bereizitan, nork bere izena behar bezala dakarrela.

a) Eskaera aurkezteko unean ekonomia jardueren gaineko zergan (EJZ) alta emanda egotearen frogagiria (dagokion udalak emana).

b) Profesionala edo enpresa den kontuan hartuta, agiri hauetako bat:

1) Pertsona fisikoak, ondasun erkidegoak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate izanez gero: nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia –edo, hala bada, nortasun txartelarena– eta pertsonaren edo pertsonen, parte-hartzaileen edo bazkideen identifikazio fiskaleko zenbakia.

2) Merkataritza sozietateen forma juridikorik hartzen ez duten eta nortasun juridikoa duten sozietate zibilak izanez gero: sozietatearen kontratuaren kopia eta identifikazio fiskaleko kodearena.

3) Merkataritza sozietateen kasuan: eraketaren edo, hala denean, aldaketaren eskrituraren kopia, estatutuena, Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioarena eta identifikazio fiskaleko kodearena.

c) Helbide soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen dokumentua.

d) Proiektuaren deskripzio-memoria, II. eranskinean dagoen ereduaren araberakoa.

e) Memorian proiektuari buruz agertzen diren datu ekonomikoak III. eranskineko (aurrekontu ekonomiko xehatua) ereduari jarraikiz bete beharko dira, eta nahitaezko baldintza da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea (proiektuaren datu eta kostuekin, BEZa banakatuta). Excel formatuan igorriko da. 2019ko azaroaren 1etik 2020ko urriaren 31ra bitartean, egun horiek barne, egiten diren gastuak baizik ez dira sartuko.

f) Eskabidea telematika bidez bidali ez bada, aurreko guztiaren kopia digitala.

4.5. Kultura Zuzendaritza Nagusiaren aurreko deialdietan parte hartu duten eskatzaileek ez dituzte aurkeztu beharko aurreko puntuko b.1, b.2 eta b.3 apartatuetan aipatutako agiriak, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.

4.6. Dirulaguntza-eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun naturaleko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

4.7. Prozesuan noiznahi ere, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

4.8. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Deialdi honen ondorioetarako gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren ezaugarriekin bat datozenak zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak direnak, eta deialdi honetan ezarritako epean eginen direnak. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Pertsonak edo entitateak proiektua garatzean egiten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

a) Proiektua osorik edo partez gauzatzeko entitate onuradunean zerbitzu ematen duten langileen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak. Proiektuari egotziko zaizkio hari eskainitako benetako denboraren zati proportzionalak, eta deskripzio-memorian edo proiektuaren aurrekontuan adierazi beharko dira.

b) Proiektuan aurreikusitako ekintzak gauzatzeko beharrezkoak diren eta entitatekoak ez diren langile kontratatuen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak.

c) Proiektuan sartutako jardueren marketinerako, komunikaziorako, zabalkunderako, merkaturatzeko eta digitalizaziorako gastuak.

d) Kanpoko baliabideak kontratatzearen ondorioz sortutako gastuak, hala nola espazioen alokairua (kasu honetan soilik, alde batera utzita B) proiektuak –profesionalizaziorako tresna metodologikoak–), ekipamenduen eta baliabide materialen alokairuak, baita proiektuko ekintzak gauzatzeko behar diren beste batzuk ere. Dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosiz gero, gastu diruz lagungarritzat hartuko da haien amortizazioa, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorren arabera, betiere dirulaguntza ez bada erabili ondasun horiek erosteko (114/2017 Foru Dekretua, abenduaren 20koa, Sozietateen gaineko zergaren erregelamendua onesten duena).

e) Proiektuan aurreikusitako ekintzak gauzatzeko beharrezkoak diren langileen ostatu, mantenu eta joan-etorrien kostuak, behar bezala justifikatuak, barnean direla entitate onuradunaren zerbitzuan ari direnek eta horretarako kontratatzen direnek egindakoak, gehieneko zenbateko hauekin eta baldintza hauetan:

–Ostatua: bakarrik aplikatuko zaie proiektuan jasotako jarduerak egiteko Nafarroara behar-beharrezkoa den denboran datozen pertsonei. Gau bakoitzeko, gehienez: 60 euro.

–Mantenua: bakarrik aplikatuko zaie proiektuan jasotako jarduerak egiteko Nafarroara behar-beharrezkoa den denboran datozen pertsonei. Otordu bakoitzeko (bazkaria eta afaria) 20 euro ordainduko dira.

–Joan-etorriak: bakarrik aplikatuko zaie proiektuan jasotako jarduerak egiteko Nafarroara datozen pertsonei. Honako kostu eta muga hauek aplikatuko dira:

Autoa erabiliz gero, zero koma hogeita hamar (0,30) euro km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak. Furgoneta edo zamalanetarako beste ibilgailuren bat erabiliz gero, zero koma berrogei (0,40) euro km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak. Kilometro kopurua kalkulatzeko, abiapuntua pertsona fisiko edo juridikoaren egoitza soziala edo establezimendua izanen da.

Ibilgailua alokairukoa denean, alokairuaren kostua.

Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa lagunduko da diruz.

f) Zeharkako gastuak: hemen sartzen dira bai gastu orokorrak, onuradunak egiten dituen jardueretako batzuei egozten ahal zaizkienak, bai gastu finkoak, jarduera zehatz bati egotzi ezin zaizkionak baina beharrezkoak direnak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko. Diruz lagundutako proiektua egiteko beharrezkoak diren finantza gastuek dirulaguntza jasotzen ahalko dute, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira. Proiektu bakoitzerako zeharkako kostu diruz lagungarriek proiektuaren aurrekontuan sartuta egon beharko dute, eta ez dira izanen proiektuaren kostu osoaren %20 baino gehiago.

g) COVID-19aren pandemiak eragindako osasun krisiaren ondorioz nahitaezkoak diren materiala eta/edo zerbitzuak eskuratzeko egindakoak (adibidez, norbera babesteko ekipamenduak - NBEak), edo osasun agintaritzak sorkuntza artistikoa sustatzeko proiektuan parte hartzen duten profesionalentzat gomendatzen duena erosteko egindakoak.

5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak. Azken kasu horretan, salbuetsita dago 5.1 oinarrian ezarri dena dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosteari buruz.

b) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, eskatzaileek berreskuratzen ahal dutena.

d) Entitateko langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 baino gehiago badira.

e) Proiektuan parte hartzen duten langileen soldaten kapitalizazioak.

f) Laguntza eskatzen duen pertsona fisikoak berak egindako lanen gastuen fakturak ez dira onartuko.

g) 5.1.e oinarrian aipatzen ez diren pertsonen ostatu, mantenu (bazkaria/afaria) eta joan-etorrien gastuak.

h) Ordezkaritza, protokolo eta luxuzko gastuak, ez eta elikagaiak, edariak eta antzekoak erostekoak ere.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Eskaerak Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

6.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiak izendatutako balorazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Hauek izanen dira batzordeko kideak:

a) Batzordeburua: Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, edo, hori izan ezean, zuzendaritza horretako beste zerbitzu bateko zuzendaria.

b) Batzordekideak: kultura ekimenaren, sustapenaren eta berrikuntzaren arloan adituak diren 2 lagun; eta Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua edo, hori izan ezean, Kultur Ekintza Zerbitzuaren barnean kargu baliokidea duen beste bat.

c) Idazkaria: Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko teknikari bat, edo, hori izan ezean, Kultura eta Kirol Departamentuko teknikari bat, hitza duena baina botorik ez.

6.3. Balorazio batzordeko kideak izendatzeko ebazpena Nafarroako Gobernuaren web atarian argitaratuko da, tramiteen katalogoan (www.nafarroa.eus).

6.4. Balorazio eta adjudikazio prozesua.

1. fasea: Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak, eskatzailea deialdian onartu baino lehen, betebeharrei buruzko dokumentazioa aztertuko du. Proiektuak baloratzeko, eskaerak aurkezteko epearen barrenean aurkeztutako dokumentazioa baizik ez da baloratuko, edo, kasua bada, zuzentzeko epean aurkeztutakoa.

2. fasea: Balorazio batzordeko kideek onartzen diren proiektuak jasoko dituzte, balorazioa egiteko.

3. fasea: Halaber, balorazio prozesu osoan zehar, batzordeak informazioa eska diezaieke entitateei edozein bideren bitartez, deialdira aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.

4. fasea: Batzordeak aurkeztutako eskaeren puntuazioa ezarriko du, eta dirulaguntza banatuko du 7. oinarrian aipatzen den puntuazioa gainditzen duten proiektuen artean, lortutako puntuazioaren arabera, 3. oinarriko 2. eta 3. apartatuetan ezarritakoari jarraikiz.

Gainera, aurretik aipatutako banaketa egin ondoren erabilgarri egon daitezkeen diru kopuruei buruzko ebazpena emateko, 3.5 eta 3.6 oinarrietan ezarritako prozedura aplikatuko da.

5. fasea: Batzordeak irizpen loteslea emanen du.

6.5. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak, balorazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

7. Proiektuen balorazioa.

7.1. Proiektuak bi fasetan baloratuko dira, jarraian adierazten diren irizpideekin bat:

7.1.1. Proiektua deialdi honen xedearekin, helburuarekin eta aplikazio eremuarekin bat etortzea (50 puntu bitarte).

a) Proiektuaren deskripzioa/kalitatea (45 puntu bitarte).

Proiektu guztiek argi eta garbi zehaztu beharko dituzte jarraian adierazten diren puntu hauek:

–Entitate eskatzailearen aurreko ibilbidea, honako hauek zehazten dituena: sorkuntza espazioa edo tresna metodologikoa abiaraztea eragin duten helburuak, espazioaren edo tresnaren unera arteko garapena eta bilakaera, eta aurkezturiko proiektu berriak deskribatu den historiaren testuinguruarekin duen erlazio zehatza.

–Proiektuaren izena.

–Proiektuaren deskribapena.

–Garatu beharreko ekintzak, eta argi zehaztea zer ekarpen eginen dieten helburuei eta zein den horien barne-koherentzia.

–Proiektua eta haren ekintzak egiteko datak.

–Aurreikusitako onuradun kopurua eta haien ezaugarriak.

–Lortu nahi den emaitza ebaluatzeko adierazle kuantitatiboak eta kualitatiboak.

–Talde artistikoan, teknikoan eta kudeaketakoan arituko diren pertsonak.

–Marketin eta zabalkunde plana.

–Titulartasun pribatuko ekipamenduen kasuan: arte sorkuntzako prozesuaren ibilbidea, bilakaera, gaitasun berritzailea eta sustatzailea baloratuko da, eta bertan garatzen diren prozesuen barneko zerbitzuak eta azpiegiturak. Arreta berezia jarriko da honako hauei lotutako ekintzetan:

–Berrikuntza-, ikerketa- eta produkzio-prozesuak abiaraztea.

–Sorkuntza ahalbidetzea artistei zerbitzu ematearekin lotura zuzena duen abiaburu batetik.

–Sorkuntza artistikoa sustatzea, berritzailea eta berezitasunaren sortzailea den ikuspuntu batetik.

–Profesionalizaziorako tresna metodologikoen kasuan: profesionalizazioaren sendotasuna, koherentzia eta profesionalizazioa bultzatzeko gaitasuna eta edukien aniztasuna. Sektore artistikoaren lehiakortasuna garatzearekin eta bilakaerarekin eta testuinguruarekiko egokitzapenarekin lotutako ekintzak baloratuko dira.

Haztapen taula

BALORAZIOA

HAZTAPENA

Oso ona

45

Ona

35

Egokia

25

Txarra

10

Oso txarra

0

b) Tokiko eremuarekin duen lotura, honela adierazia: proiektuek beren ingurune hurbilenarekin duten harremana eta itzulketa soziala (kohesio soziala, hezkuntza, parte-hartzea, publikoak sortzea), alegia, proiektua abiaraztean aurreikusia dagoena (5 puntu bitarte).

Haztapen taula

BALORAZIOA

HAZTAPENA

Oso ona

5

Ona

4

Egokia

2,5

Txarra

1

Oso txarra

0

7.1.2. Proiektuaren bideragarritasuna eta koherentzia ekonomikoa (30 puntu bitarte).

a) Proiektuaren aurrekontua: horren koherentzia proiektua garatzeko, eta barne-koherentzia diru-sarreren eta gastuen egituran. 2019ko azaroaren 1etik 2020ko urriaren 31ra bitarte egiten diren gastuak baizik ez dira sartuko (20 puntu bitarte).

Haztapen taula

BALORAZIOA

HAZTAPENA

Oso ona

20

Ona

15

Egokia

10

Txarra

5

Oso txarra

0

b) Proiektu osoaren kostuarekin alderatuta, eskatzen den dirulaguntzaren portzentajea (10 puntu bitarte).

  • %20raino: 10 puntu.
  • %20,01etik %30eraino: 8 puntu.
  • %30,01etik %40raino: 5 puntu.
  • %40,01etik %60raino: 2 puntu.
  • %60,01etik %70eraino: 1 puntu.

7.1.3. Agente kulturalak nazioartekotzeko estrategiak (5 puntu bitarte):

Agente kulturalak nazioartekotzeko estrategiak erabiltzea: parte-hartzaileen presentzia rol ezberdinetan, nazioz gaindiko sare kulturaletan sartzea, esperientzia sortzaileen trukea.

Haztapen taula

BALORAZIOA

HAZTAPENA

Oso ona

5

Ona

4

Egokia

2,5

Txarra

1

Oso txarra

0

7.1.4. Euskara erabiltzea proiektuan eta/edo haren zabalkundean eta sustapenean (5 puntu bitarte).

Haztapen taula

BALORAZIOA

HAZTAPENA

Oso ona

5

Ona

4

Egokia

2,5

Txarra

1

Oso txarra

0

7.1.5. Genero-berdintasunaren ikuspegia txertatzea proiektuaren helburuetan eta ekintzetan eta/edo emakumeen ekarpen eta parte-hartze profesionala (5 puntu bitarte). Irizpide hori baloratzeko, oinarri hartuko dira, alde batetik, eskaerarekin batera aurkeztutako memorian ematen diren datuak eta, beste aldetik, emakumeen parte-hartze aktiborako laguntza positibora begira erabiltzen den formula.

Haztapen taula

BALORAZIOA

HAZTAPENA

Oso ona

5

Ona

4

Egokia

2,5

Txarra

1

Oso txarra

0

7.1.6. Dibertsitate funtzionala duten eta/edo gizarte bazterketako arriskuan dauden pertsonei proiektuan parte hartzen laguntzea ahalbidetzen duten neurriak txertatzea, baita kulturarteko elkarrizketa ere (5 puntu bitarte). Irizpide hori baloratzeko, oinarri hartuko dira, alde batetik, eskaerarekin batera aurkeztutako memorian ematen diren datuak eta, beste aldetik, parte-hartze irisgarri eta integratzaile horri laguntzeko proposatzen den formula.

Haztapen taula

BALORAZIOA

HAZTAPENA

Oso ona

5

Ona

4

Egokia

2,5

Txarra

1

Oso txarra

0

7.2. Proiektuen balorazioa egin ahal izateko, pertsona edo entitate eskatzaileak deialdi honen II. eranskinean ageri den deskripzio-memoriaren ereduaren araberako eskaera aurkeztu beharko du; eranskin horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak. Ez da kontuan hartuko 15 orriko (bi aldeetatik) hedadura gainditzen duen informazioa. Datu ekonomikoak III. eranskinean jasotako inprimakian osatuko dira.

7.3. Aurreko irizpide horiek aplikatuta, gehienez 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari, eta ez dira aintzat hartuko gutxienez 50 puntura iristen ez diren proiektuak. Balorazioaren lehen fasean “Egokia” kalifikazioa lortzen ez duten proiektuak ere (25 puntu, 7.1.1.a apartatuaren arabera), ez dira aintzat hartuko.

7.4. Hutsik uzten diren datuak edo oker betetzen direnak edo neurriz gainekoak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

8. Dirulaguntza emateko ebazpena.

8.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko. Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Ebazpena eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio eskabidean adierazten den helbide elektronikoaren bidez, eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian jakitera emanen da (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/), baita Kultura eta Kirol Departamentuaren iragarki-taulan ere (Navarrería kalea 39, Iruña).

8.3. Berariazko ezespenaren aurka, pertsona edo entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

Presuntziozko ezespenaren aurka, pertsona edo entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

8.4. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jo daiteke, posta elektronikoko helbide honen bidez: iniciativacultural@navarra.es.

9. Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

9.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak interes sozialekotzat hartuko dira, baldin eta helbide fiskala Nafarroan duten pertsonek eta entitateek egiten badituzte, eta horiek ekonomia jardueren gaineko zergaren epigrafeetako batean alta emanda badaude (legearen 4.f artikuluan aipatzen dira). Ondorio horretarako, eskatzaileek V. eranskina bete beharko dute.

9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kultura eta Kiroleko kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

9.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek amaierako txosten batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

10. Pertsona edo entitate onuradunen betebeharrak.

10.1. Dirulaguntzen onuradunek, pertsona fisikoek izan ezik, dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, pertsona edo entitate onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute telematikoki, eta, zein den kasua, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz. Foru dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen ditu. Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/, edo deialdi hau kudeatzen duen Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalaren bidez.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, pertsona edo entitate onuradunek informazioa emateko duten betebeharra urratuz gero, ez zaie ordainduko emandako dirulaguntza, eta, zerbait aurreratu bazaie, itzuli egin beharko dute.

10.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den programarako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak beteko dira.

10.3. Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin den.

10.4. Laguntza jasotzen duten proiektuak pertsona edo entitate eskatzailearen eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetzan egindako proiektuak direla ulertuko da. Bi aldeek proiektuen zabalkunderako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta. Nolanahi ere, beti adieraziko da lankidetza hori, inprimatutako material mota guztietan edo zuzeneko komunikazio ekintzetan.

10.5. Proiektua aldatzea dakarren edozein gertaeraren berri ematea Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari, hura gertatu bezain laster, atal horrek aurretik adostasuna eman dezan, betiere aldaketak, balorazio batzordearen ustez, funtsezko aldaketarik eragiten ez badu onetsitako proiektuan.

10.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso dela. Diruz lagundutako proiektuaren programan, kartelean, iragarkietan, publizitatean edo edozein motatako zabalkunde-euskarrietan Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean aurkeztu beharko dituzte zabalkunderako aurreikusitako zirriborroak, logotipoa modu egokian txertatzeko baimena jasotzeko. Logotipoa jartzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuko Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuan (Argitalpen Atala) kontsulta daitezke, helbide elektroniko honetan: publicaciones@navarra.es.

10.7. Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldaketa eginen da, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartuko, aurreko apartatuko baldintzei jarraituz.

10.8. Noiznahi ere onartzea Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten dituen egiaztapen lanak.

10.9. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

10.10. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko asmoz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak edukitzea, pertsona edo entitate onuradunei aplikatu behar zaizkien legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

10.11. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

10.12. Enpresak edo profesionalak ebaluazio txosten bat aurkeztu beharko du proiektua amaitutakoan. Txosten horretan, proiektuaren alderdiak noraino bete diren adieraziko du, hasieran aurkeztutako deskripzio-memorian jasotako adierazleekin alderatuta.

10.13. Proiektuko informazioaren osagarri, enpresak edo profesionalak generoari buruzko memoria bat erantsiko du, helburu izanen duena ezagutzea zein den Nafarroako kultura sektorearen errealitatea genero-ikuspegitik. Horretarako, datu hauek bilduko dira:

–Entitatearen egitura: sexuaren araberako banaketa zuzendaritza organoetan eta masa sozialean.

–Garatutako planteamendu artistikoek zer gairi heltzen dioten nagusiki, bidezkoa denean, eta adieraztea edukiak indarra egiten ote duen genero rol edo estereotipoak hausteko (zehaztu eta labur justifikatu).

–Parte-hartzea:

  • Sorkuntza espazioetan garatutako proiektuen egiletza (emakumezkoa, gizonezkoa edo anonimoa). Pertsona bat baino gehiago badira, zehaztu emakumeen eta gizonen kopurua.
  • Profesionalizazio metodologiak ezartzeko proiektuetan erregistratutako parte-hartzea, sexuen arabera bereizia.
  • Zuzendaritza edo kudeaketa (gizona edo emakumea). Pertsona bat baino gehiago badira, zehaztu emakumeen eta gizonen kopurua.

10.14. Enpresak edo profesionalak konpromisoa hartzen du hizkera edo irudi sexistarik ez erabiltzeko inolako euskarritan, ez publizitatean, ez informazioan. Halaber, sortzen diren dokumentuetan hizkera inklusiboa erabiliko da (horretarako, honako lan hau kontsulta daiteke: “La Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad”, helbide honetan dagoena: http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf).

11. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

11.1. Ordainketa.

Oro har, behin pertsona edo entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak. Justifikazio hori proiektua bukatutakoan egin beharko da. Horretarako, pertsona edo entitate onuradunak dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien fakturen eta frogagirien zerrenda, zenbakiz zenbaki, eta eskudirutan egindako ordainketen frogagirien zerrenda, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena; IFZ; fakturaren kontzeptua, zenbakia eta data; guztirako zenbatekoa (zerga-oinarria, BEZa eta/edo PFEZa zehaztuta, eta kontuan hartuta dirulaguntzatik kanpo dagoela balio erantsiaren gaineko zerga, eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu dezakeen zatian, bai eta antzeko beste zerga batzuk ere, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak); eta ordainketaren data. Zerrenda Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, dirulaguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien (egindakoak, ordaintzeko daudenak) faktura eta frogagiriak aurkeztuko dira, baita eskudirutan egindako ordainketenak ere. Faktura horiek deialdiaren 1. oinarrian ezarritako epeetan emanak izan beharko dira, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Kanpo gelditzen dira, berariaz, erreziboak, aurrekontuak eta albaranak. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna, lana eta/edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.

c) 100 eurotik gorako gastuen ordainketa guztiak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste dokumentu batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.

Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

d) Egindako jarduera azaltzen duen memoria.

e) Sustapenerako eta/edo publizitaterako elementu inprimatuak, eta/edo zabalkundea egiteko erabili diren web-orrietarako estekak.

f) Entitate publikoarekin sinatutako kontratua, B) proiektuen kasuan (tresna metodologikoak).

11.2. Aurrerakina.

Salbuespenez, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, emandako dirulaguntzaren %50 aurreratuz, gehienez ere. Horretarako, enpresak edo profesionalak Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari eskatu beharko dio, aurrerakina eskatzeko IV. eranskina aurkeztuz, eta frogatu beharko du dirulaguntzaren xedeak betetzeko aldez aurretik funtsez hornitu beharra duela (diruzaintzako egoera-orria edo bankuko kontuen saldoa, dirulaguntzaren xedearekin lotuta ordaintzeko eta kobratzeko dituen gastuen eta diru-sarreren zerrenda eta proiektuari lotuta ez dauden ordaintzeko eta kobratzeko konpromisoak).

11.3. Aurreko apartatuetan aipatutako ordainketa moduen artean zein aukeratzen den ere, dirulaguntza likidatzeko, enpresak edo profesionalak 11.1 oinarrian aipatzen diren egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu proiektua bukatu eta bi hilabeteko epean; betiere, azken eguna 2020ko azaroaren 5a izanen da, egun hori barne. Laguntza ematea onartzen den unean jarduera egina dagoen kasuan, laguntza onartu eta bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dute dokumentazioa.

11.4. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntzak kobratzeko eskubidea.

11.5. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu direla dioen frogagiria badute.

11.6. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

12. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak bateragarriak dira helburu bera duten beste dirulaguntza batzuekin, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarenak eta Kultura eta Kirol Departamentuarenak izan (1.6 oinarrian ezarritakoa ezin ezik) edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, pertsona edo entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13. Laguntza itzultzea.

Pertsona edo entitate onuradunak programa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

14. Arau-hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

14.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan ezarritakoa izanen da.

15. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

16. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua.

II. ERANSKINA

Proiektuaren deskripzio-memoria.

III. ERANSKINA

Aurrekontu ekonomikoa.

IV. ERANSKINA

Aurrerakinaren eskaera.

V. ERANSKINA

Kultur mezenasgoari lotutako erantzukizunpeko adierazpenak.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2005541