134. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

66E/2020 EBAZPENA, maiatzaren 28koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Los Arcosko industrialdeko zuntz optikoko interkonexiorako proiekturako, Los Arcosko udal-mugartean. Sustatzailea Nasertic da.

2019ko azaroaren 28an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena emateko eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartua dago (“Komunikaziorako instalazioak”). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektatutako jarduketaren xedea da lur azpiko hodi bat jartzea, zuntz optikoaren bidez lotzeko A-12 Donejakue Bideko autobian dagoen DF motako kutxatila eta Electra Berruza transformazio zentroaren ondoan jarri beharreko telekomunikazio etxola, Los Arcosko industrialdean. Horretarako, 197 metroko luzerako mikrozanga bat erabiliko da (0,08x0,40 m) eta 18 metroko zanga lurrean, 40 mm-ko diametroko PEAD hodi hirukoitzarekin, azpian hormigoia duela eta tokiaren araberako materialarekin estalia; trazaduran zehar kablea pasatzeko kutxatilak paratuko dira, eta trazaduraren gainerako zatian argiteriarako dauden kanalizazioak erabiliko dira. Guztira, hodiak 1062 metroko luzera izanen du. Hoditeria berria NA-129 errepidean barna joanen da.

Espedientean jasota daude Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak eta Los Arcosko Udalak emandako txostenak. Ingurumen Eraginaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Los Arcosko industrialdeko zuntz optikoko interkonexiorako proiekturako, Los Arcosko udal-mugartean. Sustatzailea Nasertic da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.
  • Kanalizazioaren eta kablea jartzearen ondorioz sortzen diren hondakinak edo soberako materialak egoki kudeatu beharko dira, zein bere izaeraren arabera.
  • Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira.

–Hirigintza arlokoak:

  • Obrak egiten diren bitartean bide zirkulazioa ez dela eteten ziurtatuko da, bitarteko egokiak erabiliz eta/edo langile egokiak horretara jarriz, eta ibilgailuen nahiz oinezkoen sarbideak erabiltzeko moduan mantenduko dira.
  • Trazadurak errepide sarea ukitzen duenez, lanei ekin aurretik sustatzaileak beharrezko baimena eskuratu beharko du Herri-Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusian.
  • Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriarekin bat, espediente hau tramitatu da epeen etendura aplikatu gabe, fase guztietan, interesdunaren adostasunarekin.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunean hasiko dira kontatzen.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Los Arcosko Udalari, Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Lizarrako Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 28an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2005337