134. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Berriobeitin eta Berriogoitin Bideozaintza kamerak jartzea. Baimena

2020ko ekainaren 9an, Berriobeitiko Udaleko alkate udalburu Raúl Julio Bator Pérezek ondotik hitzez hitz osorik heldu den ebazpena eman zuen:

Aurrekariak

Berriobeitiko eta Berriogoitiko kontzejuetan ibilgailuen trafiko handia dago. Udalaren aburuz, herriko kaleetan dabilen ibilgailu kopuru handiaren aurrean ez dira nahikoak trafikoa arautzeko eta kontrolatzeko ohiko moduak. Inguruabar horiek kontuan hartuta, bada, komeni da laguntza teknologikoa gehitzea, udal albienteek trafikoa zaintzeko dituzten eginkizunetarako. Horregatik, Berriobeitiko Udalak erabaki du bideokameren instalazioa eta erabilera gehitzea bere eskumenekoa den zerbitzuari, bide segurtasuna zaintzeko eta trafikoa kontrolatzeko.

Inguruabar juridikoak

Lehenbizikoa.–Segurtasun Indar eta Gorputzek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez: “Trafikoa kontrolatu, erregulatu, zaindu eta arautzeko bideokameren eta irudiak jaso eta birsortzeko beste edozein bitartekoren instalazioa eta erabilera trafikoa arautzeko agintaritza arduradunak eginen du, urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritako xedeekin, honen bitartez onetsi baitzen Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bategina eta harekin bat heldu den berariazko araudia, eta kontuan hartuz urriaren 29ko 5/1992 Lege Organikoan (Datu pertsonalen tratamendu automatizatua arautzekoan, gaur egun LOPD) eta maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoan (Ohorerako, norberaren nahiz familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidearen babes zibilari buruzkoan) xedatutakoa, Lege honetan ezarritako erabilera irizpideei jarraituz”.

Bigarrena.–Bestalde, Segurtasun Indar eta Gorputzek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoa garatu eta betearazteko Erregelamendua onesten duen apirilaren 16ko 596/1999 Errege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrak honako hau ezartzen du trafikoa zaindu, kontrolatu eta arautzeko bideokamerei aplikatzekoa zaien araubideari buruz: Eremu publikoetan trafikoa kontrolatu, erregulatu, zaindu eta arautzeko irudiak jaso eta erreproduzitzeko bideokameren eta beste edozein baliabideren instalazioa eta erabilera, ondoko honi jarraituz eginen da: 4/1997 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarrian eta xedapen honetan ezarritakoa. Trafikoa arautzeko eskumena duten administrazio publikoei dagokie aurreko apartatuan aipatutako gailuen ezarpena eta erabilera baimentzea. Irudiak jaso eta birsortzeko gailu finkoen instalazioa eta erabilera aginduko dituen ebazpenak generikoki identifikatuko ditu eremu publikoak edo bide tarteak, iruditan jaso daitezkeenak, grabaketen edo lortutako erregistroen eskuragarritasuna, konfidentzialtasuna eta osotasuna bermatuko dituzten neurriak, bai eta haien zainketaz eta haiek ikusi eta ezabatzeko eskabideak ebazteaz arduratuko den organoa ere. Ebazpenaren indarraldia mugagabea izanen da, haren oinarri diren inguruabarrak aldatzen ez diren bitartean.

Hirugarrena.–Ezarri nahi den sistemak identifikaturik dauden edo identifikatzen ahal diren pertsona fisikoen irudiak hartu, grabatu eta erreproduzitu ditzake; hortaz, tratamendu horiek Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera aplikatuko dira; izan ere, erregelamendu horren bidez, pertsona fisikoen babesa arautu zen, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta indarrik gabe utzi zen 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra).

Horrenbestez,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Irudiak erreproduzitzen ahal dituzten bideokamerak ezarri eta erabiltzea baimentzea, trafikoa kontrolatu, zaindu eta arautzeko, betiere 596/1999 Errege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrak ezartzen dituen baldintza zorrotzak betez.

Kokaguneak:

–N 42.85159 O 1.69087.

–N 42.85924 O 1.68818.

–N 42.85310 O 1.69000.

–N 42.85172 O 1.69065.

–N 42.85159 O 1.69087.

–N 42.85874 O 1.68675.

–N 42.85863 O 1.68633.

Bigarrena.–Datuen babesa.

Informazioa jasotzeko eskubidea. Udalak kartelak jarriko ditu ikusgai, trafikoa kontrolatzeko helburuarekin bideozaintza sistema dagoela adierazteko.

Interesdunek informazio zabalagoa izanen dute eskuragarri udal bulegoetan, kamerak instalatzearen ondoriozko irudien tratamenduari dagokionez, baita egoitza elektronikoan eta http://www.berrioplano.es webguneko pribatutasun politikari dagokionez ere.

Tratamenduaren jardueren erregistroa. Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Berriobeitiko Udalak bere erregistroan jasoko du trafikoa kontrolatu, zaindu eta arautzeko bideozaintzari dagokion tratamenduaren jarduera.

Tratamendu jardueren erregistroa udal webguneko gardentasun atarian kontsultatu ahalko da: https://berrioplano.sedelectronica.es/transparency/.

Datuen babeseko ordezkaria. Berriobeitiko Udalak datuen babeserako ordezkari bat izendatu du (DBO). Pertsona horrekin edonor jar daiteke harremanetan, datuen tratamenduari buruzko zalantzak argitzeko edo eskubideak baliatzeko, edo arlo horretako edozein erreklamazio edo iradokizun egiteko. Ukitutako pertsonak erreklamazio hori egin dezake, Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan erreklamazioa aurkeztu aurretik. Kasu honetan, erreklamazio horren inguruan hartutako erabakia datuen babeserako ordezkariak jakinaraziko dio interesdunari, erabakia hartu eta bi hilabeteko epean.

Ordezkariarekin harremanetan jar daiteke dpd@berrioplano.es helbide elektronikoan edo posta bidez, Udaletxearen helbidean (Udaletxeko plaza, 1. 31195 Berriobeiti - Nafarroa).

Segurtasun neurriak. Udalak arriskuen analisia eginen du, behar diren neurri teknikoak eta antolaketa neurriak ezartzeko, irudien segurtasuna bermatzeko, suntsitzea, galtzea edo ezustean edo bidegabeki aldatzea saihesteko edo baimenik gabe sartu edo jakinaraztea ekiditeko.

Hirugarrena.–Udala bera arduratuko da irudiak gordetzeaz eta haiek ikusi eta ezabatzeko eskabideak ebazteaz.

Laugarrena.–Argitalpena. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzen da, hala xedatzen baita Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 196. artikuluan.

Bosgarrena.–Indarra hartzea. Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Seigarrena.–Udalbatzari honen berri ematea, egiten duen hurrengo osoko bilkuran.

Berriobeitin, 2020ko ekainaren 9an.–Alkatea, Raúl Julio Bator Pérez.

Iragarkiaren kodea: L2005852