132. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Deialdia, igeltsero-ofizial lanpostuan (C maila/taldearekin parekatua) prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran aritzeko izangaien zerrenda oposizio bidez eratzeko, sortzen diren beharrei erantzutearren

Alkatetzaren maiatzaren 15eko 734/2020 Ebazpenaren bitartez, deialdia eta oinarriak onetsi ziren igeltsero-ofizial lanpostuan (C maila/taldearekin parekatua) prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran aritzeko izangaien zerrenda eratzeko, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

Administrazio epeen etendura ez da deialdi honetan aplikatuko laugarren zuzenbideko oinarrian adierazten diren arrazoiengatik, hauengatik alegia:

Alarma egoerari buruzko martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren (martxoaren 17an aldatua) hirugarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuak honako hau xedatzen du: “Deusetan galarazi gabe aurreko ataletan ezarritakoa, errege dekretu honek indarra hartzen duen unetik sektore publikoko entitateek ahalmena izanen dute alarma egoera justifikatzen duten egitateei zuzen-zuzenean lotutako egoerei buruzko prozedura administratiboei jarraipena emateko, behar bezala arrazoituta, baita, interes orokorra babesteko edo zerbitzuen oinarrizko funtzionamenduari begira, ezinbestekoak diren prozedurei ere”.

Ildo horretatik, Udalaren Obren Lantaldeko igeltsero-ofizialak lehenbailehen lanean hasteak eragina izanen du udal zerbitzuen oinarrizko funtzionamenduan eta, halaber, deialdi irekia ez denez, udal langileek bakarrik har baitezakete parte, ez dira hirugarrenen interesak inolaz ere kaltetzen.

Deialdi hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta jarraian ematen diren oinarrietan ezarritakoari jarraikiz.

OINARRIAK

I.–Deialdiko lanpostuaren izaera eta ezaugarriak.

1.–Izaera: prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran dauden langileak.

2.–Izena: igeltsero-ofiziala (C maila/taldearekin parekatua).

3.–Kokapena egitura organikoan: Udalaren Obren Lantaldea (Hiri Garapen Jasangarriko Alorra).

4.–Lan baldintzak:

Lan eta enplegu baldintzei buruz, oinarri hauetan agertzen ez badira, eta udal honi dagokionez, Tuterako Udaleko funtzionarioen eta lan-kontratudun finko nahiz aldi baterakoen lan baldintzen gainean indarra duen egungo akordioan ezarritakoari jarraituko zaio.

Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, horretarako ezarritako prozedurari jarraituz.

II.–Deialdia, Tuterako Udalaren zerbitzuko igeltsero-ofizial lanpostuan prestakuntzan aritzeko izangaien zerrenda eratzeko.

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da igeltsero-ofizial lanpostuan prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran aritzeko izangaien zerrenda oposizio bidez eratzea, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

A) Udal honen eta haren erakunde autonomoen edo haren menpeko entitateen zerbitzuko langile finkoa izatea, D edo E maila edo taldekoa.

B) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

C) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidetzat deklaratutako titulua izatea, edo eskuratzeko baldintzetan egotea (hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa frogatzen duen agiria eduki beharko da.

D) Tituluaren betebeharraren ordez, administrazio publikoetan 8 urtez egindako zerbitzuak frogatzen dituen agiria aurkezten ahal da.

2.2. Oinarri honen 2.1.C) apartatuan eskatzen den tituluaren betebeharra agiri bidez frogatu beharko dute hautatzen direnek, horretarako ezartzen zaien unean.

Agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean faltsukeria egiteagatik izan dezaketen erantzukizuna galarazi gabe, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan salbu.

2.3. Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita hautapen prozedurak eta aldi baterako lanpostuak iraun bitartean ere.

3.–Hautapen prozesua nola eginen den, eta balorazioa.

Hautapen prozesuak IV. apartatuan zehaztutako arauei jarraituko die.

4.–Prestakuntzarako izangaiei dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei eginen zaie, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat etorriz. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, 2004ko azaroaren 29an Osoko Bilkurak onetsiak (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa).

Hautatutakoak zerbitzu berezietako egoeran deklaratuko dira, Osoko Bilkurak hartutako erabaki horretan ezarritakoari jarraikiz, bai eta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina) eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritakoari ere jarraikiz.

IV.–Deialdia nola eginen den.

1.–Eskabideak.

1.1. Deialdiko hautapen prozesuan parte hartzeko eskabideak Tuterako Udalaren Erregistro Orokorrean (Plaza Vieja 1 edo Frontón kalea 1) aurkeztu beharko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz, 5 egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun balioduna arte luzatuko da epea.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

1.2. Eskabideak aurkeztuko dira deialdi honi atxikitako ereduari jarraituz. Ereduak Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ) eskuratzen ahalko dira (Plaza Vieja 1) edo Frontón kaleko 1 zenbakiko bulegoetan, bai eta Internet bidez ere, www.tudela.es helbidean, deialdiaren aipuan.

Haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako.

1.3. %33ko edo gehiagoko desgaitasun aitortua duten izangaiek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbaliotasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasunen bat dutela frogatzeko agiria, organo eskudunak emana.

1.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

1.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi.

2.–Izangaien onarpena.

2.1. Onartu eta baztertuen zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Tuterako Udaleko alkate udalburuak izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta udaletxeko iragarki-taulan (Plaza Vieja 1) eta www.tudela.es Interneteko web-orrian argitara dadila aginduko du. Izangai bazterturik egonez gero, 3 egun baliodun emanen zaizkio akatsak zuzentzeko eta, ondotik, izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da aipatutako tokietan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrenda zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda gisa.

2.2. Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Aurkeztu behar duten dokumentazioa edo administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

3.–Kalifikazio epaimahaia.

3.1. Honako kide hauek osatuko dute kalifikazio epaimahaia:

Epaimahaiburua: Zeus Pérez Pérez, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Ordezko epaimahaiburua: Verónica Gormedino López, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Rufino Arcos Gracia, Tuterako Udaleko igeltsero-ofiziala.

Ordezko epaimahaikidea: Miguel Ángel Hernández Vallés, Tuterako Udaleko igeltsero-ofiziala.

Epaimahaikidea: Juan Carlos Irisarri Samanes, Tuterako Udaleko igeltsero-ofiziala.

Ordezko epaimahaikidea: Esther González Benavente, Tuterako Udaleko aparejadorea.

Epaimahaikidea: Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak proposatuta izendatutako ordezkari bat.

Ordezko epaimahaikidea: Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak proposatuta izendatutako ordezkari bat.

Epaimahaikide-idazkaria: Belén Serrano Cornago, Tuterako Udaleko administrari-ofiziala.

Ordezko epaimahaikide-idazkaria: Jesús Zueco Sánchez, Tuterako Udaleko administrari-ofiziala.

3.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean. Izangaiek, halaber, zilegi dute kalifikazio epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietakoren bat gertatzen denean (lehen aipatu den urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

3.3. Kalifikazio epaimahaia probak egin baino lehen eratu beharko da eta, ondoren, probak hasteko eguna, ordua eta tokia ezarriko ditu, eta behar den denboraz argitara emanen.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

3.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

3.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba guztietan edo haietakoren batean. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

4.–Hautapen sistema: Oposizioa.

4.1. Hautapen-prozesua oposizio bidez gauzatuko da eta ondoko proba hauek izanen ditu:

–Lehenbiziko ariketa, teoriko-praktikoa: Deialdiko eranskinaren gai zerrendako gaiei buruzko 20 galderari idatziz erantzutea. Galdera bakoitzarentzat erantzun batzuk emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrak zigortu eginen dira. Lehen ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere 60 minutu izanen dituzte.

–Bigarren ariketa: kasu praktiko bat edo batzuk ebatzi beharko dira, edo proba praktiko bat egin, deialdiaren xede den lanposturako espezifikoa. Edonola ere, ariketa lanpostuaren zeregin, eginkizun eta nondik-norakoei buruzkoa izanen da, eta hura prestatzeko eranskineko gai zerrenda hartuko da oinarritzat.

4.2. Epaimahaiak erabakitzen ahal du lehendabiziko eta bigarren ariketak saio bakarrean egitea, baldin eta bigarren ariketako kasu praktikoak idatziz erantzutekoak badira. Bi ariketak batera eginez gero, lehenbizi test motako zatia zuzenduko da eta, bigarrenik, test motako ariketa gainditu dutenei dagokien kasu praktikoen zatia. Ez dira pliketako kasu praktikoak zuzenduko ez bada test motako zatia gainditu.

4.3. Oposizioko ariketen balorazioan 60 puntu ematen ahalko dira gehienez ere, honela banatuak:

–Lehenbiziko ariketa: 20 puntu gehienez ere.

–Bigarren ariketa: 40 puntu gehienez ere.

4.4. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gutxienez gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.

4.5. Lehenbiziko eta bigarren ariketak plika sistemaren bidez eginen dira, salbu epaimahaiak erabakitzen badu bigarren ariketa proba praktikoa izatea, ez idatzizkoa.

4.6. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa buruturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, udaletxeko iragarki-taulan, ariketa gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin, aditzera emanik, halaber, oposizioko hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago. Zerrenda www.tudela.es webgunean ere kontsultatzen ahalko da, lan eskaintzen atalean deialdiari buruz ageri den aiputik abiatuta.

4.7. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute edo, bestela, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz izangaia nor den frogatzen duen beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo aipatu agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

4.8. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.

4.9. Bukaerako balorazioa edo kalifikazioa aterako da ariketa guztietako puntuazioak baturik.

5.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

5.1. Azken ariketa kalifikatu ondoren, epaimahaiak prestakuntzarako izangaien zerrenda argitaratuko du udaletxeko iragarki-taulan, Udalaren webgunean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Puntuazio ordenaren arabera agertuko dira izangaiak zerrenda horretan, hautaproben emaitza eta lehiaketaldiarena batu ondoren.

5.2. Probak gainditu dituzten izangaien artean puntu berdinketarik izanez gero, Udalak 2004ko azaroaren 29ko osoko bilkuraren erabakian araututako irizpidearen arabera ebatziko dira (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), hau da probaren osotasunean ponderazio gehien duen puntuazioa gailenduko da eta, berdinketak irauten badu, zozketa publikoan ebatziko da afera.

5.3. Ondotik, kalifikazio epaimahaiak Alkatetzari igorriko dio prestakuntzarako hautapen-prozesuaren probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, lanean hasteko deia egin dadin, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

6.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarrien nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Tuteran, 2020ko maiatzaren 13an.–Tuterako Udaleko alkate udalburua, Alejandro Toquero Gil.

I. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–Igeltserotzako erremintak: Eraikuntzarako erremintak. Pikatzeko eta suntsitzeko erremintak. Kofratze-lanetan erabiltzeko erremintak. Burdinkiarekin lan egiteko erremintak. Garraiatzeko eta mugitzeko erremintak. Ebakitzeko eta zulatzeko erremintak Igeltserotzarako beste erreminta eta makina batzuk. Igeltserotzarako erremintak behar bezala zaintzea.

2.–Igeltserotzako materialak: Harea. Legarra. Porlanak. Igeltsua. Eskaiola. Adreiluak. Hormigoia. Azulejuak. Harrizko materialak. Zura. Kortxoa. Betunak. Metalak. Pintura. Beira. Prefabrikatuak. Morteroak. Enkofratuak. Adreiluak jasotzeko lanak kontrolatzea.

3.–Hormak eta trenkadak eraikitzea. Beharrezko elementuak eta egiteko metodoa.

4.–Zoladurak eta azuleju-estaldurak.

5.–Isolamendua, hezetasuna konpontzea, estaldura erregogorrak eta azulejuak eta baldosak aldatzea.

6.–Oinarrizko ezagutzak laneko segurtasunari eta lantokiko segurtasun neurriei buruz.

Eranskin honetan aipatutako legedia kontuan hartuko da ondotik izandako aldaketa guztiekin (foru legedi osoa eguneratua dago www.lexnavarra.es helbidean).

II. ERANSKINA

Eskabideak (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2005057