13. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

233/2019 EBAZPENA, abenduaren 27koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, deialdia egiten duena Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan diren Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak atzerriko hizkuntzetan ikasteko programetan sartu edo programatik ateratzeko eskaerak egiteko, 2020-2021 ikasturteari begira.

Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 30eko 147/2016 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan diren Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen oinarrizko alderdiak arautu ziren, eta zenbait ikastetxeri baimena eman zitzaien programa horiek emateko. Foru agindu horretan xedatzen da deialdi baten bidez arautuko dela programa horietan sartzeko edo ateratzeko prozedura.

Hezkuntza Departamentuak deialdi hau ezarri du ikastetxeen autonomia eta malgutasuna bultzatzeko, proiektu pedagogikoa eta hizkuntza proiektua garatzeko tenorean.

Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariak aurkeztu duen txostenean deialdi bat egitea proposatu du 2020-2021 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan diren Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak atzerriko hizkuntzak ikasteko programetan sartzeko edo ateratzeko.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia egitea Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan diren Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak atzerriko hizkuntzetan ikasteko programetan sartu edo programatik ateratzeko eskaera egiteko 2020-2021 ikasturteari begira, ebazpen honen 1. eranskinean ezartzen den prozedurari jarraikiz.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Atzerriko Hizkuntzen Atalera, Ikasketak Antolatzeko Atalera eta Kudeaketa Juridiko-Administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2019ko abenduaren 27an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

1. ERANSKINA

Deialdia, 2020-2021 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan diren Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak atzerriko hizkuntzetan ikasteko programetan sartzeko edo
programatik ateratzeko eskaera egiteko

Lehenbiziko oinarria.–Xedeko ikastetxeak eta baldintzak.

1.–2020-2021 ikasturtean atzerriko hizkuntzetan ikasteko programetan sartzeko edo ateratzeko baimena eskatzen ahalko dute Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan diren Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek, deialdi honetara aurkezten badira eta ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

2.–Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programak eman nahi dituzten ikastetxeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. Honako hauek berariazko onespena ematea programari:

–Klaustroak (3. eranskina).

–Eskola kontseiluak (4. eranskina).

Baldintza hori sare publikoko ikastetxeei bakarrik eskatuko zaie.

2.2. Hautatutako atzerriko hizkuntzan ikasteko programa baten proiektua prestatzea. Honako atal hauek garatuko dira:

2.2.1. Programa ezartzeko lehenbiziko ikasturtea (2020-2021):

–Zer eduki emanen diren atzerriko hizkuntzan, eta asteko ordu banaketa.

–Programaren ezarpenean parte hartuko duten irakasleen zerrenda eta profila.

–Programaren antolaketari buruzko datuak: aurreikusten den ikasle kopurua, ikasleak taldekatzeko modua, ordutegia eta irakasleen koordinazio bileretarako aurreikusitako egutegia.

–Programa emanen duten irakasleen prestakuntza beharrak, hizkuntzaren eta metodologiaren aldetik.

–Programaren koordinatzailearen izena eta helbide elektronikoa.

2.2.2. Programa hurrengo ikasturteetan ezartzeko aurreikuspena:

–Aurreikuspenen arabera, Lehen Hezkuntzaren barruan atzerriko hizkuntzan emanen diren irakasgaiak.

–Aurreikuspenen arabera, zer-nolako plantilla beharko den programa emateko.

–Etorkizunean atzerriko hizkuntzan irakatsiko duten ikastetxeko irakasleak akreditatzeko proposamena, beharrezkoa denean.

3.–Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programatik atera nahi duten ikastetxeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

3.1. Honako hauek berariazko onespena ematea:

–Klaustroak (5. eranskina).

–Eskola kontseiluak (6. eranskina).

Baldintza hori sare publikoko ikastetxeei bakarrik eskatuko zaie.

3.2. Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programetatik ateratzeko plana prestatzea. Honako atal hauek garatuko dira:

–Programatik ateratzeko arrazoiak.

–Ikastetxeak hizkuntza arloan izanen dituen helburu berrien planteamendua.

–Aurreikuspenen arabera, programatik atera ondoren izanen duen plantilla.

–Programa azkentzeko prozesuaren egutegia, ikasturtez ikasturte.

Bigarren oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta dokumentazioa.

1. Programan sartzeko nahiz ateratzeko baimena lortzeko eskabidea (2. eranskina) ikastetxeko zuzendaritzak egin beharko du, eta Hezkuntza Departamentuko Erregistroan aurkeztu 2020ko urtarrilaren 28a baino lehen, hurrengo atalean aipatzen diren frogagiri guztiak erantsita.

2. Eskaerei dokumentazio hau erantsi beharko zaie:

a) Programan sartzeko edo ateratzeko onespenaren aktak, hurrenez hurren 2.1 eta 3.1 puntuetan aipatzen direnak.

b) Programan sartzeko proiektua edo ateratzeko plana, hurrenez hurren 2.2 eta 3.2 puntuetan aipatzen direnak.

Hirugarren oinarria.–Baimenak emateko batzordea eta deialdiaren ebazpena.

1. Sartzeko nahiz ateratzeko baimenak emateko, Hezkuntza Departamentuak batzorde bat eratuko du, kide hauek osatua:

–Batzordeburua: Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen pertsona.

–Batzordekideak: Atzerriko Hizkuntzen Ataleko burua eta Hezkuntza Departamentuko atal horretako bi teknikari.

2. Baimena emateko, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

a) Proiektuaren koherentzia eta justifikazioa.

b) Programak duen bideragarritasuna, irakasleen aldetik eta deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzearen aldetik.

c) Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren aldeko txostena.

3. Hezkuntzako zuzendari nagusiak ebatziko du deialdi hau, eta dagokion ebazpena emanen du.

2. ERANSKINA

Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programetan sartzeko edo ateratzeko eskaera.

3. ERANSKINA

Klaustroak programari emandako onespenaren akta.

4. ERANSKINA

Eskola kontseiluak programari emandako onespenaren akta.

5. ERANSKINA

Klaustroak programatik ateratzeari emandako onespenaren akta.

6. ERANSKINA

Eskola kontseiluak programatik ateratzeari emandako onespenaren akta.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1916849