13. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

75/2019 EBAZPENA, abenduaren 23koa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, Garaioako udal-mugarteko “La Potxa” harrobia ustiatzeko proiektuaren aldaketa onesten duena.

Excavaciones Aribe SLk, Meatzeen Atalaren errekerimendu bati erantzunez, “La Potxa” izeneko bere harrobia ustiatzeko proiektuaren aldaketa aurkeztu zuen 2017ko ekainaren 14an. Harrobi hori Garaioako udal-mugartean dago, eta Enpresako zuzendari nagusiaren urtarrilaren 20ko 127/2010 Ebazpenaren bidez baimendu zen.

Geroztik zenbait errekerimendu egin dira, bai eta horiei erantzun ere, eta azkenik sustatzaileak ustiatzeko proiektuaren aldaketaren azken dokumentu bategina aurkeztu du 2019ko azaroaren 26an.

Meatzeen Atalak eskaturik, 2019ko martxoaren 6an ingurumen organo eskudunak aldeko txostena eman zuen proiektuaren aldaketei buruz, baina baldintza hau ezarri zuen: proiektuaren faseren batean detektatzen bada solido esekiak dituen ura sare hidrografikora isurtzen ari dela aldaketaren baten ondorioz, berriro planteatu beharko da uraren dekantazio sistemak eraikitzea. Halaber, ingurumen txostenak dio ez dela beharrezkoa harrobia lehengoratzeko plan indardunaren exekuzioari aurre egiteko finantza-berme gisa jarri zen abala aldatzea, eta proiektua harrobian gauzatu ahala egokituko dela aurreikusitako partiden exekuzioa.

Aurkeztutako aldaketa azterturik, espedientea izapidetu bitartean eskatutako preskripzioei erantzun ondoren eta 863/1985 Errege Dekretuak onetsitako Meatze Segurtasuneko Oinarrizko Arauen Erregelamendu Orokorrarekin bat etorriz, Meatzeen Atalak proposatu du aldaketa hori onets dadila, xedapen-zatian azaldutako baldintzak ezarrita.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea “La Potxa” harrobia ustiatzeko proiektuaren aldaketa, Excavaciones Aribe SLk 2019ko azaroaren 26an aurkeztua. Onespenak indarra izan dezan baldintza hauek bete behar dira:

–Hirugarren fasea bukatu baino lehen eta ezpondetako bakar bat ere amaierako egoerara iritsi baino lehen, enpresa sustatzaileak Meatzeen Atalari deituko dio, hark adieraz dezan ea beharrezkoa den inguru-leherketak egitea amaierako ezpondak ahalik eta egoera onenean uzteko.

–Hirugarren fasea amaitu baino lehen eta behean ageri diren UTM koordenatuek (ETRS 89 erreferentzia-sistema, 30 N) zehazten duten eremua ukitu baino lehen, enpresak leku horretan egin beharreko lanen xehetasun-azterketa arrazoitua eta bideragarria aurkeztu beharko du, onesteko. Bertan azalduko da nola geldituko den eremu hori hurrengo faseetan.

X

Y

645308

4753597

645269

4753614

645231

4753617

645230

4753716

645315

4753608

–Aurkeztutako proiektuaren aldaketaren faseak ustiategiaren perimetroari lotu behar zaizkio, hots, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren martxoaren 26ko 725/2009 Ebazpenean zehaztuta dagoen perimetroari. Ebazpen horren bidez ustiategiaren ingurumen eraginaren adierazpena egin zen, aldekoa. Kontuan izan behar da ebazpen horretan koordenatuak ED50 erreferentzia-sisteman eman zirela.

2. Lehengoratze planari dagokionez, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren martxoaren 26ko 725/2009 Ebazpenean aldeko txostena jaso zuen planak, Enpresako zuzendari nagusiaren urtarrilaren 20ko 127/2010 Ebazpenean bildutakoak, indarrean jarraitzen du, baina azken ingurumen txostenak, 2019ko martxoaren 6koak, ezarri dituen baldintzak bete behar ditu; hau da, proiektuaren faseren batean detektatzen bada solido esekiak dituen ura sare hidrografikora isurtzen ari dela aldaketaren baten ondorioz, berriro planteatu beharko da uraren dekantazio sistemak eraikitzea.

3. Ebazpen hau Excavaciones Aribe SLri jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta beraren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Errekurtsoan espediente zenbakia adierazi beharko da (idazpuruan “Erreferentzia: Esped:” hitzen ondoren dagoen zenbakia).

4. Ebazpen hau Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Biodibertsitatearen Zerbitzuko Ingurumen Eraginaren Atalari igortzea.

5. Ebazpen hau Garaioako Udalari jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpen honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuari aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2019ko abenduaren 23an.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

Iragarkiaren kodea: F1916577