129. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 15a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

30/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 14koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baitira foru agindu batzuk, Nafarroako Foru Komunitatean Normaltasun Berrirako Trantsizioko 3. fasean baimendutako jarduerak arautzen dituztenak.

Maiatzaren 30eko SND/458/2020 Aginduaren bidez, malgutzen dira alarma egoeraren deklarazioaren ondotik Espainian ezarritako zenbait murrizketa, Normaltasun Berrirako Trantsizio Planaren 3. fasea aplikatuta; hala, ostalaritzako establezimenduei eta jatetxeei buruzko 18.3 artikuluan baimena ematen du barran kontsumitzeko, baldin eta bezeroen edo bezero taldeen artean bi metroko gutxieneko tartea gordetzea bermaturik badago.

Ekainaren 8an, Nafarroako Foru Komunitatea 3. fasean sartu zen, zenbait murrizketarekin, besteak beste, barrako zerbitzuaren debekua ezarrita ostalaritzaren arloan, jatetxeetan, kafetegietan eta elkarte gastronomikoetan, egoera epidemiologikoaren bilakaera aintzat hartuta debeku hori aldatzen ahal bada ere.

Horretarako onetsi ziren, batetik, Osasuneko kontseilariaren ekainaren 7ko 28/2020 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitatean Normaltasun Berrirako Trantsizioko 3. fasean baimentzen diren zenbait jarduera arautzen dituena, zeinak 2.3 apartatuan debekatzen baitzuen barrako zerbitzua, egoera epidemiologikoaren bilakaera aintzat hartuta debeku hori aldatzen ahal bada ere, eta, bestetik, Osasuneko kontseilariaren ekainaren 7ko 27/2020 Foru Agindua, elkarte gastronomikoetan eta peñetan ere barrako zerbitzua debekatzen zuena.

Gaur den egunean, birusa gure artean dago oraindik, baina apalago, eta egoera epidemiologikoa hobetzen ari da etengabe; horrenbestez, emaitzak aurreko astekoak baino hobeak dira. Horri esker, une honetan posible da baimena ematea barrako zerbitzurako, baldin eta 1,5 edo 2 metroko gutxieneko tartea gordetzen bada erabiltzaile edo bezeroen edo bezero taldeen artean.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz, Nafarroako Trantsiziorako Batzordeari entzun ondoan,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Aldatzea Osasuneko kontseilariaren ekainaren 7ko 28/2020 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitatean Normaltasun Berrirako Trantsizioko 3. fasean baimentzen diren zenbait jarduera arautzen dituena, ostalaritzari, jatetxeei eta kafetegiei buruzko 2.3 apartatuak testu hau izan dezan:

“3. Baimenduta egonen da barran kontsumitzea, baldin eta bermatzen bada 1,5 edo 2 metroko gutxieneko tartea gordetzen dela bezeroen edo bezero taldeen artean”.

Bigarrena.–Aldatzea Osasuneko kontseilariaren ekainaren 7ko 27/2020 Foru Agindua, Normaltasun Berrirako Trantsizioko 3. faserako neurriak ematen dituena Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako “peña” edo “elkarte gastronomiko” deiturikoei buruz, lehen apartatuko 2.b) 3 puntuak testu hau izan dezan:

“3. Baimenduta egonen da barran kontsumitzea, baldin eta bermatzen bada 1,5 edo 2 metroko gutxieneko tartea gordetzen dela erabiltzaileen edo erabiltzaile taldeen artean”.

Hirugarrena.–Foru agindu hau igortzea Osasun Ministeriora, Gobernuaren Ordezkaritzara, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziora, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Garapen Ekonomikorako Departamentura, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Laugarrena.–Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko ekainaren 14an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2006043