125. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Eskumenak Tokiko Gobernu Batzarraren esku uztea

Alkatetzaren maiatzaren 21eko 390/2020 Ebazpena.

Ikusirik Udalbatza berria 2019ko ekainaren 15eko bilkura berezian eratu zela, 2019ko apirilaren 1eko 209/2019 Errege Dekretuaren bidez deitu eta 2019ko maiatzaren 26an egin hauteskundeen ondorioz,

Kontuan hartuta Alkatetzaren 2019ko ekainaren 18ko 443/2019 Dekretua, Tokiko Gobernu Batzarreko kideak izendatzen dituena; Alkatetzaren 445/2019 Dekretua, aipatu egunekoa, Tokiko Gobernu Batzarraren bilkuren maiztasuna finkatzen duena; eta Alkatetzaren 446/2020 Dekretua, Tokiko Gobernu Batzarrari eskumenak eskuordetzen dizkiona,

Kontuan hartuta Alkatetzaren martxoaren 18ko 206/2020 Ebazpenaren bidez alkateak bereganatu zituela Tokiko Gobernu Batzarraren esku utzitako eskumenak, ikusirik COVID-19 koronabirusaren bilakaerak sortutako ezohiko egoera, zeinaren ondorioz onetsi baitzen COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratzen zuen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua, eta kontuan hartuta osasun agintariek pertsonak ez elkartzea aholkatzen zutela eta prebentzioa, berriz, zela gomendatutako irizpide nagusia.

Ikusirik Alkatetzaren maiatzaren 5eko 328/2020 Ebazpenaren bidez berrekin zitzaiola Zizur Nagusiko Udaleko kide anitzeko organoen bilerak telematikoki eta bitarteko elektronikoen bidez egiteari, beti Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 46.3 artikuluan ezarritako baldintzak betez.

Kontuan harturik Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 23.2 artikulua eta Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 53.1 artikulua, haietan zehazten baita Tokiko Gobernu Batzarrari dagokiola laguntzeko eskumena alkateari bere egitekoetan nahiz Osoko Bilkurak, alkateak edo legeek emandako gainerakoetan, beste inoren esku ezin utzirik.

Horri guztiari jarraikiz, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 21.3 eta 23.2 artikuluek eta Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 43.2, 53.2, 53.3 eta 114. artikuluek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1.–Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 23.2 artikuluak eta Antolaketari eta Funtzionamenduari buruzko Erregelamenduaren 53.1 artikuluak zuzenean esleitzen dizkioten laguntza eta aholkularitza eginkizunak bereganatuko ditu Tokiko Gobernu Batzarrak, baita legeek zuzenean esleitzen dizkiotenak ere eta, Alkatetza honek eskuordeturik, jarraian zerrendatzen diren eskudantziak hartuko ditu:

–Lan-eskaintza publikoa onestea, aurrekontuari eta plantillari buruz Osoko Bilkurak onetsitakoari jarraikiz, eta langile finkoak hautatzeko proben eta lehiaketen bidez lanpostuak betetzeko oinarriak onestea.

–Onestea Osoko Bilkurari berariaz esleitu ez zaizkion plangintza orokorra garatzeko plangintza tresnak, hirigintza kudeaketako tresnak eta urbanizazio proiektuak.

–Onestea obren proiektuak eta zerbitzuak, kontratazioa egin edo emateko eskumena duenean eta aurrekontuan sartuta daudenean.

–Lizentziak ematea, alor horretako legeek Udalbatzari edo Tokiko Gobernu Batzarrari berari ematen ez badiote eskumen hori.

–Gastua xedatzea, honako hauetako bati lotuta badago: gutxienez 40.000 euroko balioa daukaten obrako administrazio-kontratuak (BEZa kanpo); hornidura- eta laguntza-kontratuak; herri-lanen eta zerbitzuen emakidak, eta izaera pribatuko gainerako kontratuak, baldin eta gutxienez 15.000 euroko balioa badaukate (BEZa kanpo).

2.–Alkateak inoren esku utzi ez dituen eskudantziez baliatuz ematen dituen ebazpenen balio bera izanen dute Tokiko Gobernu Batzarrak hartzen dituen erabakiek; nolanahi ere, erabakiak Batzarraren funtzionamendurako arauekin bat hartu beharko dira.

3.–Eskuordetza hori ez da ezeztatuko Alkatetzaren titularra edo Tokiko Gobernu Batzarraren osaera aldatze hutsagatik. Eskuordetza ezeztatu edo aldatzeko, emateko eskatzen diren formalitate berberak bete beharko dira.

4.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 44.2 artikuluan ezarritako ondorioak izan ditzan. Hala ere, eskudantzia eskuordetze honek dekretu honen dataren biharamunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

5.–Erabaki honen berri ematea Udalbatzari, Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 38. artikuluan ezarritakoari jarraikiz deituko den osoko bilkura berezian, haren edukiaren berri izan dezan.

Zizur Nagusian, 2020ko maiatzaren 20an.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.

Iragarkiaren kodea: L2005114