125. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

7E/2020 EBAZPENA, maiatzaren 21ekoa, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, hasiera batez onesten duena Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialeko D-10-3.2 lurzatiaren xehetasun azterketa, Julio Goicoechea Alfonsok eta Silvia Amorena Iturraldek sustatua.

Espedientearen helburua da sestra gaineko solairu kopurua handitzea (beheko solairua + 3tik beheko solairua + 4ra) eta eraikinen gehieneko beste garaiera bat ezartzea (16,50 metro Bratislavako ingurabideari dagokionez, eta 17,05 metro Praga kaleari dagokionez).

Tresna honek Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialeko determinazioak aldatzen eta garatzen ditu, hirigintza-antolamendu xehatukoak; haiek tramitatzea eta onestea Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuari dagokio, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 43.1 d) artikulua aplikatuta (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina).

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2020ko apirilaren 6ko txostena ikusirik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin bat (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia), eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Hasiera batez onestea Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialeko D-10-3.2 lurzatiaren xehetasun azterketa, Julio Goicoechea Alfonsok eta Silvia Amorena Iturraldek sustatua.

2. Solairu kopurua handitzeko proposamena justifikatua dago, etxebizitzen efizientzia energetikoa hobetuko delako. Horregatik, etxebizitzek bi orientazio izan beharko dituzte.

3. Urriaren 16ko 253/2019 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Planeamenduaren Erregistroa eta Nafarroako hirigintza eta lurralde plangintzarako tresnak aurkezteko formatua araututa gelditu zenez, foru dekretu horrek indarra hartu zuen unean tramitazio fasean zeuden planeamendu tresnak, behin betiko onetsi baino lehen, foru dekretuan ezarritako aginduetara moldatu behar dira.

Foru dekretu hori indarrean sartzeko eguna martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretuaren bidez aldatu da, non presako neurriak onesten baitira koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko. Horren ondorioz, indarrean sartuko da bi hilabeteren buruan, zenbatzen hasita COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak edo, hala badagokio, haren luzapenak indarra galtzen duen egunetik.

4. Espedientea jendaurrean jartzea eta ukitutako udalei entzunaldia ematea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan argitaratuz. Bi tramite horiek aldi berean eginen dira, eta hogei egun iraunen dute.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren bulegoetan (Gonzalez Tablas kalea 9; 31005 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Gainera, dokumentua Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan kontsultatzen ahalko da, bai eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren webguneko “Jendaurreko epea eta parte-hartze publikoa” izeneko atalaren bidez ere: www.ExposicionPublicaOT.navarra.es.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Burlatako Udalari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Iruñerriko Mankomunitateari eta espedientearen sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 21ean.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

Iragarkiaren kodea: F2005285