124. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

155/2020 EBAZPENA, maiatzaren 25ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez arautzen baita Nafarroako Foru Komunitatean musikako goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen eskola egutegia 2020-2021 ikasturterako, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparrura egokituta.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren I. tituluaren VI. kapituluan arte irakaskuntzak arautzen dira, besteak beste musikako goi mailako ikasketak.

Urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bidez araututako goi mailako arte irakaskuntzak antolatzen ditu.

Maiatzaren 14ko 631/2010 Errege Dekretuak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako Musikako graduko goi mailako arte irakaskuntzen oinarrizko edukia arautzen du, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruaren printzipio orokorrekin bat.

Hezkuntzako kontseilariak martxoaren 22an emandako 34/2014 Foru Aginduaren bidez, musikako goi mailako arte irakaskuntzen plana ezarri zen Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan.

Hezkuntzako kontseilariak abenduaren 27an emandako 210/2010 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean Musikako graduko goi mailako irakaskuntzak egiten dituzten ikasleen ebaluazioa eta titulua arautu ziren.

Hezkuntzako kontseilariak martxoaren 29an emandako 48/2011 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean Musikako graduko goi mailako irakaskuntzetan sartu, matrikulatu eta jarraitzeko arauak eman ziren.

Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren apirilaren 13ko 110/2010 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioak 2010-2011 ikasturtetik aurrera izanen duen eskola egutegia arautu zen, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparrura egokituta.

Ikusirik Arte Ikasketen Atalak aldeko txostena eman duela jarraibideak onets daitezen Nafarroako Foru Komunitatean musikako goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen eskola egutegia prestatzeko 2020-2021 ikasturterako, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparrura egokituta.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean musikako goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen eskola egutegia prestatzeko arauak onestea 2020-2021 ikasturterako, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokituta. Arau horiek ebazpen honen eranskinean bildu dira.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora, Arte Ikasketen Atalera eta ikastetxe inplikatuetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 25ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitatean musikako goi mailako arte irakaskuntzen eskola egutegia prestatzeko arauak 2020-2021 ikasturterako

1.–Egutegia.

Musikako goi mailako arte irakaskuntzen eskola egutegiak baldintza hauek beteko ditu 2020-2021 ikasturtean:

1. a) Ikasturtea irailaren 1ean hasiko da, eta ekainaren 30ean bukatuko.

b) Eskolak iraileko lehenbiziko astean hasiko dira, oro har, eta maiatzeko azkeneko astean bukatuko.

c) Irailaren 1etik eskolak hasi bitarteko egunetan programazio lanak, departamentuko bilerak, klaustroak eta ikasturtearen antolaketarekin zerikusia duten bestelako jarduerak eginen dira.

d) Eskolak bukatu eta ekainaren 30a arte, honako hauek eginen dira: azterketa arruntak eta bereziak, ikasturtea berrikusi eta ebaluatzeko lan berariazkoak, memoria didaktikoak, departamentu didaktikoen memoriak, azken memoria eta beharrezkoak diren administrazio egintza guztiak.

2. a) Irakaskuntza hauetan dedikazio osoan ari diren ikasleek, ikasturte bakoitzean, 36 asteko eskolaldia izanen dute gutxienez, eta 40 astekoa gehienez. Astetzat joko da gutxienez 3 eskola egun dituena.

b) Eskolaldi horren barnean eskola teoriko eta/edo praktikoak sartuko dira, eta azterketa eta ebaluazio probak egiteko eta prestatzeko denbora.

c) Ikasturte bakoitzean bi ebaluazio antolatuko dira. Lehenbiziko ebaluazioa partziala izanen da, eta urtarrilean eginen da. Bigarrena azken ebaluazioa izanen da, eta bi deialdi izanen ditu, bata arrunta eta bestea berezia, maiatzean eta/edo ekainean.

d) Gehienez ere bi aste erabiliko dira lehen ebaluazioko azterketak prestatu eta egiteko, eta beste bi aste bigarren ebaluazioko deialdi arruntaren azterketak (ikasketen bukaerako lana salbu) prestatu eta egiteko.

e) Ikasketen bukaerako lanaren deialdi arrunta ekaineko lehenbiziko astean eginen da.

f) Ikasketen bukaerako lanaren deialdi berezia ekaineko bigarren hamabostaldian eginen da.

g) Egutegia aldatu behar denean, hura lehen aldiz egitean erabilitako prozedura berari jarraituko zaio, betiere gutxieneko eskola asteak errespetatuta.

h) Ikasleak bakarkako eskoletara edo taldekoetara agertzen ez badira ere, ikastetxeak eskola horiek ematen jarraituko du.

3. a) Jaiegun izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko lan egutegi arruntean halakotzat hartzen direnak: urriaren 12a, abenduaren 3a, abenduaren 7a, abenduaren 8a eta maiatzaren 1a, baita herriko zaindariaren jaieguna eta kasuan kasuko irakaskuntzaren zaindariaren jaieguna ere. 2021eko lan egutegi arruntaren argitalpen ofizialaren zain, martxoaren 19a jaieguntzat hartuko da.

b) Herriko zaindariaren jaieguna eskolarik gabeko egun batean egokitzen bada, ikastetxeak, horren ordez, beste egun bat aukeratzen ahalko du. Ikastetxeko zuzendariak herriko zaindariaren eguna ordezteko beste egun zehatz bat proposatuko dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari.

c) Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan zaindariaren jaieguna azaroaren 22a izanen da.

4. Ikastetxeko zuzendariak 3. baldintzan aipatzen den hezkuntza mailako zaindariaren jaieguna aldatzen ahalko du, betiere 36 eskola aste errespetatzen badira.

5. 3. baldintzan aipatzen diren eskola gabeko egunak ezin izanen dira erabili Aste Santuko eta Eguberrietako oporraldiak luzatzeko.

6. Eguberrietako oporrak abenduaren 23an hasiko dira, eta urtarrilaren 8an bukatuko, biak barne.

7. Aste Santuko oporrak apirilaren 1etik 11ra arte izanen dira, biak barne.

8. Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioa Iruñeko “Pablo Sarasate” Musika Kontserbatorio Profesionalarekin koordinatuko da, ahal den neurrian, eskola gabeko egunak eta hezkuntza mailako zaindariaren jaieguna berberak izan daitezen bi ikastetxeetako egutegi proposamenetan.

9. Aurreko edozein atalen gaineko salbuespenak, zeinak, betiere, aparteko arrazoiengatik izanen baitira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eskatu beharko zaizkio, onets ditzan.

10. Urtero, ekaineko lehendabiziko hamabostaldian, berariazko sarrera probaren deialdi bat eginen da ezarrita dagoen espezialitate bakoitzerako. Egoki irudituz gero, beste deialdi bat egin liteke, ikasturtea hasi baino lehen.

2.–Tramitazioa.

Tramitazioa egiteko, honela jokatuko da:

1. Ikastetxeko zuzendaritzak 2020-2021 ikasturterako eskola egutegiaren proposamena prestatuko du, eta, Eskola Kontseiluari entzun ondoren, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren kasuan, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari igorriko dio beranduenez 2020ko ekainaren 17an, betiere “EDUCA” kudeaketa programak eskaintzen duen euskarri informatikoa erabiliz.

2. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, aztertu ondoren, egutegiak onetsiko ditu. Ikuskapen Zerbitzuaren jakinarazpen hori, orobat, “EDUCA” kudeaketa programaren euskarri informatikoaren bidez eginen zaie ikastetxeei. Egutegia onetsitzat joko da ikastetxeak horren gaineko jakinarazpenik jasotzen ez badu 2019ko ekainaren 26rako.

3. Ikastetxeren batek bere egutegi proposamena aipatu epean bidaltzen ez badu, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ofizioz esleituko dio 1. puntuan ezarritako baldintzak betetzen dituen egutegi bat.

4. Egutegiak onetsi ondoren, nahitaez bete beharko dituzte ikastetxe guztiek. Egutegia betearaztea ikastetxeko zuzendariaren erantzukizuna da, eta egutegien aplikazioa gainbegiratzea eta kontrolatzea, berriz, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuarena.

5. Ikastetxe bakoitzaren egutegia ikastetxeko iragarki-taulan ikusgai jarri beharko da, eta aldaezina izanen da, non eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ez duen horretarako baimen idatzia ematen.

Iragarkiaren kodea: F2005194