124. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

116/2020 EBAZPENA, maiatzaren 26koa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana, Alloko gurutzea (Allo, Nafarroa) izeneko monumentuaren babes eremua behin-behinekoz mugatu eta haren interes kulturaleko ondasunaren espedientea jendaurrean egoteko epea irekitzen duena.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuak txosten hau eman du:

“Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak planteatu du Alloko gurutzea izeneko monumentuaren babes eremua behin-behinekoz mugatzea; Alloko herrian dagoen monumentu hori martxoaren 14ko 571/1963 Dekretuak babestuta dago (martxoaren 30eko Estatuko Aldizkari Ofiziala), eta interes kulturaleko ondasuna da Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen bigarren xedapen gehigarriaren arabera.

Gurutzeak berak eta bere tenpluak osatzen dute Alloko gurutzea. Gurutzea Pizkunde garaikoa da, XVII. mendearen hasierakoa, eta Mayorazgo etxearen barnean dago gordeta egun, herriko San Sebastian kaleko 1. zenbakian. Hura eraiki zuenak gurutzea ere eskatu zuen. Gurutzearen tenpluak tamaina handia du. Hura ere Pizkunde garaikoa da, 1614an eraiki baitzen. Alloko Kale nagusiko 57. zenbakian dago, 3. poligonoko 106. lurzatian. Honako hauek dira tenpluaren UTM koordenatuak: 580.630 eta: 4.713.074.

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, beharrezkoa da babes ingurunea finkatu eta zehatz-mehatz mugatzea monumentu horretan, tenpluan zehazki, zeinak gurutzea bere barnean hartu baitzuen, eta, espero izatekoa denez, hartuko baitu etorkizunean.

Honako hau da Alloko gurutzea babesteko ingurunearen mugaketaren hitzez hitzeko deskribapena:

Alloko gurutzea babesteko ingurunea lurzati hauek zehazten dute: 106.a, 540.a, 20 metroko zanga bat 354., 333. eta 337. lurzatietan, eta 64. eta 65. lurzatietako eta 66. eta 69. lurzatietako eraikuntza nagusiak, denak Alloko udalerriko 3. poligonokoak, eta muga horien barneko bideei dagokien eremua.

Ingurunearen muga grafikoak erantsitako planoan jasota daude.

Hau da ukituen zerrenda:

–Alloko Udala.

–María José Ciordia del Portillo.

–Armando Fortún Abete, Gloria Fortún Abete, Jesús Fortún Abete, María Raquel Fortún Abete, María Sara Fortún Abete.

–Roberto Pérez de Ciriza Gainza.

–Antonio López Remón.

–Henar Alonso Espinaco, María Teresa Alonso Espinaco, Virginia Alonso Espinaco, Isabel Espinaco Lera.

–Pilar Alegría Castillo.

–Aurora Macua Osaba, María Zalduendo Orella.

Eremua mugatu da, batetik, monumentua zaintzeko eta, bestetik, bere kokalekuko lurralde-eremuaren ezaugarriak eta baldintzak gordetzeko eta bertatik ikusten den panoramika babesteko.

Eremu horretarako ondoko babes neurriak proposatzen dira:

1. Gurutzeari dagokionez, 14/2005 Foru Legearen 36. artikuluak ezartzen duena bete beharko da, hots, beharrezkoa izanen dela kultura arloko departamentu eskudunak baimena ematea higiezinean esku hartzeko.

2. Inguruneari dagokionez, 14/2005 Foru Legearen 36. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da, hots, beharrezkoa izanen dela kultura arloko departamentu eskudunak baimena ematea mugatutako eremuan esku hartzeko, eta ezartzen da eraikuntza eta jarduketa berriek harmoniari eutsi beharko diotela giro kultural horrekin.

3. 354. eta 333. lurzatietatik ingurunean sartutako 20 metroko zerrenda eta 540. lurzatiak eraikinik gabe geldituko dira, salbu eta egungo biltegi osagarriak eta lurzatiak zedarritzen dituzten harri-hormak. 337. lurzatiko 20 metroko zerrendan, bolumen eraikigarria oraingo nabearena izanen da.

Beraz, proposatzen da Alloko gurutzea babesteko ingurunea behin-behinekoz mugatzea eta tramitazioa hastea.”

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legeak eta Kultura, Kirol eta Gazteriako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Alloko udalerrian (Nafarroa) den Alloko gurutzea izeneko monumentuaren babes ingurunea behin-behinekoz mugatzea, interes kulturaleko ondasun gisa babestu ahal izateko, ebazpen honen azalpen ataleko hitzez hitzeko azalpenarekin eta ebazpen honi atxikitako dokumentazio grafikoarekin bat.

2. Jendaurrean egoteko epea irekitzea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta, biharamunetik, 30 egunez, espedientean interesa duten guztiek aztertu eta egoki jotzen duten guztia alega dezaten.

3. Ebazpen hau interesdunei eta Alloko Udalari jakinaraztea. Aditzera ematen zaie, azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1.d artikuluan xedaturikoarekin bat, ukituriko eremuak zatikatzeko edo bertan eraiki edo eraisteko udal lizentziak eta emanak daudenen ondorioak bertan behera utzi behar direla. Toki horietan lanen bat berehalakoan egin behar bada ezinbestean, beharrezkoa izanen da Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimena.

4. Ebazpen hau eta ukituriko eremuaren mugapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 26an.–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Ignacio Apezteguía Morentin.

Iragarkiaren kodea: F2005284