124. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

118E/2020 EBAZPENA, maiatzaren 27koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Arangureneko udal-mugartean dagoen hondakin ez-arriskutsuen zabortegiaren eta hondakinak sailkatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetarako eskatutako aldaketa onartzen duena. Jardueraren titularra Iruñerriko Zerbitzuak SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 24ko 184/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 24ko 306E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratua eta geroago Ekonomia Zirkularraren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 27ko 99E/2018 Ebazpenaren bidez aldatua.

2018ko otsailaren 2an, titularrak eskatu zuen ingurumen baimen integratuan sartutako baldintzak aldatzeko, zehazki, ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean, sortutako eta kudeatutako hondakinen zerrendan, etxeen eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak biltzeko garbigunean sortutako hondakin berri bat sartzeko, LER kodea 17 08 02 duena (Igeltsuzko eraikuntza materialak, 17 08 01 kodean zehaztutakoez bestelakoak).

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Kasu honetan, ikusi da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, iritzita aldaketa espediente hau ez dela jendaurrean jarri behar.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratu duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat, titularrak adierazi du onartzen duela espediente hau ebazteko epea ez etetea.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Hondakin ez-arriskutsuen zabortegiaren eta hondakinak sailkatzeko instalazio baten Ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetarako eskatutako aldaketa onartzea. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioa Arangureneko udal-mugartean dago eta haren titularra Iruñerriko Zerbitzuak SA da.

Bigarrena.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 24ko 306E/2015 Ebazpenaren bidez instalazio horri emandako ingurumen baimen integratuan, hondakinen produkzioari eta kudeaketari buruz, agertzen diren baimen eta inskripzioen indarraldia mantentzea, ebazpen honetan xedatutakoaren aurka ez dauden bitartean.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunean hasiko dira kontatzen, edo jakinarazpenaren biharamunean, hura geroago egiten bada. Alarma egoera martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratu zuen COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko.

Seigarrena.–Ebazpen hau igortzea Iruñerriko Zerbitzuak SAri eta Arangureneko Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 27an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgunean, helbide honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2005274