124. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

156/2020 EBAZPENA, maiatzaren 25ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez arautzen baita Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako arte ikasketak ematen dituzten ikastetxeen eskola egutegia 2020-2021 ikasturterako, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparrura egokituta.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren I. tituluaren VI. kapituluan arte ikasketak arautzen dira, besteak beste, diseinuko goi mailako ikasketak.

Urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuaren bidez (gero urtarrilaren 23ko 21/2015 Errege Dekretuaren bidez aldatua), ezarri zen Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak araututako goi mailako arte ikasketen antolamendua. Errege dekretu horren 4. artikuluan adierazten da goi mailako arte ikasketetan kredituen bidezko sistema europarra erabiliko dela.

Maiatzaren 14ko 633/2010 Errege Dekretuak arautu zuen Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako Diseinuko graduko goi mailako arte ikasketen oinarrizko edukia, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruaren printzipio orokorrekin bat.

Hezkuntzako kontseilariak martxoaren 5ean emandako 30/2013 Foru Aginduaren bidez (gero Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 6ko 39/2015 Foru Aginduaren bidez aldatua), ezarri ziren diseinuko goi mailako ikasketen plana eta antolamendua Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan.

Ikusirik Arte Ikasketen Atalak aldeko txostena eman duela jarraibideak onets daitezen Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko mailako arte ikasketak ematen dituzten ikastetxeen eskola egutegia prestatzeko 2020-2021 ikasturterako, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparrura egokituta.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako arte ikasketak ematen dituzten ikastetxeen eskola egutegia prestatzeko arauak onestea 2020-2021 ikasturterako, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparrura egokituta. Arau horiek ebazpen honen eranskinean bildu dira.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora, Arte Ikasketen Atalera eta ikastetxe inplikatuetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 25ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako arte ikasketen eskola egutegia arautzen duten jarraibideak 2020-2021 ikasturterako

1.–Egutegia.

Nafarroako Foru Komunitatean, diseinuko goi mailako arte ikasketen eskola egutegiak baldintza hauek beteko ditu 2020-2021 ikasturtean:

1. a) Ikasturtea irailaren 1ean hasiko da, eta ekainaren 30ean bukatuko.

b) Irailaren 1etik eskolak hasi bitarteko egunetan programazio lanak, departamentuko bilerak, klaustroak eta ikasturtearen antolaketarekin zerikusia duten bestelako jarduerak eginen dira.

c) Ikastetxe publikoetan, eskolak bukatu eta ekainaren 30era arte, honako hauek eginen dira: azterketa arruntak eta bereziak, ikasturtea berrikusi eta ebaluatzeko lan berariazkoak, memoria didaktikoak, departamentu didaktikoen memoriak, azken memoria eta beharrezkoak diren administrazio egintza guztiak.

2. a) Irakaskuntza hauetan erabateko dedikazioan ari diren ikasleek, ikasturte bakoitzean, 36 asteko eskolaldia izanen dute.

Astetzat joko da gutxienez 3 eskola-egun dituena.

b) Eskolaldi horren barnean eskola teoriko eta/edo praktikoak sartuko dira, eta azterketa eta ebaluazio probak egiteko eta prestatzeko denbora.

c) Seihileko bakoitza bukatuta, azken ebaluazio arrunta antolatuko da.

d) Behin ikasturtea bukatuta, ebaluazio berezia antolatuko da irakasgai bakoitzerako.

e) Gehienez ere bi aste erabiliko dira lehen ebaluazioko azterketak prestatu eta egiteko, eta beste bi aste bigarren ebaluazioko deialdi arruntaren azterketak (ikasketen bukaerako lana salbu) prestatu eta egiteko.

f) Egutegia aldatu behar denean, hura lehen aldiz egitean erabilitako prozedura berari jarraituko zaio, betiere gutxieneko eskola asteak errespetatuta.

g) Ikasleak bakarkako eskoletara edo taldekoetara agertzen ez badira ere, ikastetxeak eskola horiek ematen jarraituko du.

3. a) Jaiegun izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko lan egutegi arruntean halakoak direnak: urriaren 12a, abenduaren 3a, abenduaren 7a, abenduaren 8a eta maiatzaren 1a, herriko zaindariaren jaieguna eta kasuan kasuko ikasketen zaindariaren jaieguna. 2021eko lan egutegi arruntaren argitalpen ofizialaren zain, martxoaren 19a jaieguntzat hartuko da.

b) Herriko zaindariaren jaieguna eskolarik gabeko egun batean egokitzen bada, ikastetxeak, horren ordez, beste egun bat aukeratzen ahalko du. Ikastetxeko zuzendariak herriko zaindariaren eguna ordezteko beste egun zehatz bat proposatuko dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari.

c) Ikastetxeak ezarriko du hezkuntza mailari dagokion jaieguna.

4. Ikastetxeko zuzendariak hezkuntza mailako zaindariaren jaieguna aldatzen ahalko du, 3. baldintzan aipatzen dena, betiere 36 eskola aste errespetatzen badira.

5. 3. baldintzan aipatzen diren eskola gabeko egunak ezin izanen dira erabili Aste Santuko eta Eguberrietako oporraldiak luzatzeko.

6. Eguberrietako oporrak abenduaren 23an hasiko dira, eta urtarrilaren 8an bukatuko, biak barne.

7. Aste Santuko oporrak apirilaren 1etik 11ra arte izanen dira, biak barne.

8. Aurreko ataletako edozeinekiko salbuespenek, edozein kasutan, izaera berezia izanen dute, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eskaera egin beharko zaio onar ditzan.

9. Urtero, ekainean, berariazko sarrera probaren deialdi bat eginen da ezarrita dagoen espezialitate bakoitzerako. Egoki irudituz gero, beste deialdi bat egin liteke, ikasturtea hasi baino lehen.

2.–Tramitazioa.

Tramitazioa egiteko, honela jokatuko da:

1. Ikastetxeko zuzendaritzak 2020-2021 ikasturterako eskola egutegiaren proposamena prestatuko du, Eskola Kontseiluari entzun ondoren. 2020ko ekainaren 17an bukatuko da proposamen hori Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari bidaltzeko epea. Ikastetxe publikoek “EDUCA” kudeaketa programaren euskarri informatikoaren bidez igorriko dute.

2. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, aztertu ondoren, egutegiak onetsiko ditu. Ikastetxe publikoen kasuan, Ikuskapen Zerbitzuaren komunikazio hori, orobat, “EDUCA” kudeaketa programaren euskarri informatikoaren bidez eginen zaie ikastetxeei. Egutegia onetsitzat joko da ikastetxeak horren gaineko jakinarazpenik jasotzen ez badu 2020ko ekainaren 26rako.

3. Ikastetxeren batek bere egutegi proposamena aipatu epean bidaltzen ez badu, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ofizioz esleituko dio 1. puntuan ezarritako baldintzak betetzen dituen egutegi bat.

4. Egutegiak onetsi ondoren, nahitaez bete beharko dituzte ikastetxe guztiek. Egutegia betearaztea ikastetxeko zuzendariaren erantzukizuna da, eta egutegien ezarpena gainbegiratzea eta kontrolatzea, berriz, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuarena.

5. Ikastetxe bakoitzaren egutegia ikastetxeko iragarki-taulan ikusgai jarri beharko da, eta aldaezina izanen da, non eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ez duen horretarako baimen idatzia ematen.

Iragarkiaren kodea: F2005195