123. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 8a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

28/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 7koa, Osasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean Normaltasun Berrirako Trantsizioko 3. fasean baimentzen diren zenbait jarduera arautzen dituena.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez alarma egoera deklaratu zen, COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez, eta, horrekin batera, ohiz kanpoko zenbait neurri ezarri mugikortasuna eta hartu-eman sozialak murrizteko; oraingo egoeran, berriz, neurri berezi horiek pixkanaka kentzeko prozesua aurrera doa, ezarritako jarraibideekin bat. Hala, 2020ko apirilaren 28an, Ministroen Kontseiluak Normaltasun Berrirako Trantsizio Plana onetsi zuen, eta bertan ezarri zituen normaltasun berrira egokitzeko parametro eta tresna nagusiak. Lau fasetan antolatutako prozesu horrek (0. fasetik 3. fasera) mailakatua izan behar du, eta beharrezko orientazio aldaketetara egokitzeko modukoa, datu epidemiologikoen bilakaeraren eta hartutako neurrien eraginaren arabera.

Trantsiziorako plan horren helburu nagusia da, osasun publikoa zainduz, eguneroko bizimodua eta jarduera ekonomikoa pixkanaka berreskuratzea, epidemiak herritarren osasunerako dakarren arriskua minimizatuz, Osasun Sistema Nazionalaren gaitasunek gainezka egin ez dezaten.

Ekainaren 6ko SND/507/2020 Aginduak aldatu du SND/458/2020 Agindua, maiatzaren 30ekoa, normaltasun berri baterako trantsizio-planaren 1. fasea aplikatuz alarma-egoera deklaratu ondoren ezarritako estatu mailako zenbait murrizketa malgutzeko dena; zirkulazio askatasunari buruzko 7.2 artikuluan, ezartzen du taldeak gehienez ere hogei lagunekoak izanen direla, elkarrekin bizi diren pertsonen kasuan izan ezik. Bestalde, aipatu aginduaren 18.5 artikuluak xedatzen du autonomia erkidegoek, beren lurralde-eremuaren barnean, aldatzen ahal dutela ostalaritzaren eta jatetxeen establezimenduen edukiera, baldin eta ez bada gehieneko edukieraren ehuneko berrogeita hamarretik beherakoa eta bi herenetik gorakoa. Halaber, autonomia erkidegoek aire zabaleko terrazen edukiera ere alda dezakete, baldin eta ez bada ehuneko berrogeita hamarretik beherakoa eta ehuneko hirurogeita hamabostetik gorakoa.

Nafarroako Foru Komunitateak 3. fasea hasi du bere lurraldean, zenbait mugapen eta berezitasun dituela, zeinak Osasun Ministerioari proposatu baitzaizkio. Mugapenak honako hauetan aurreikusten dira: ostalaritza, tabernak eta jatetxeak, kultura eta astialdi jarduerak, gaueko aisialdiko tabernak eta diskotekak, eta zezen plazen eta zezenketa esparru eta instalazioen edukiera; eta bertan behera uzten dira “aisialdiko bajerak”, “txabiskeak”, “peñak”, “gastronomia elkarteak” eta/edo antzera deritzen lokalen jarduerak, zeinak araututa baitaude Osasuneko kontseilariaren aurreko foru aginduen bidez.

Nahiz hobekuntza jasangarria izan egoera epidemiologikoaren datuek aurreko fasearen aldean, birusa badabil oraindik, gutxiago bada ere, eta taldetan elkartzeak eta hartu-emanak izateak areagotzen du transmisio arriskua. Horregatik guztiagatik eta herritarrei premiazkoak ez diren arriskuak saihesteko, beharrezkoa da Nafarroako Foru Komunitatean 3. fasean baimentzen diren zenbait jarduera arautzea, Osasun Ministerioari proposatu zaizkion mugapen eta berezitasunak kontuan hartuta.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz, Nafarroako Trantsiziorako Batzordeari entzun ondoan, 2020ko ekainaren 4ko bilkuran

AGINTZEN DUT:

Lehendabizi.–Kultura eta aisialdi jarduerak.

Kultura ekitaldien eta ikuskizunen edukiera, parke tematikoena eta aire zabaleko aisialdiena 400 pertsonatik beherakoa izanen da, betiere pertsona horiek eserita badaude eta 2 metroko segurtasun-tarteari eusten badiote.

Bigarrena.–Ostalaritza, jatetxeak eta kafetegiak.

1. Lokalen barneko mahai zerbitzuaren edukiera ezin da lokalen gehieneko edukieraren bi herenetik gorakoa izan.

Bete beharko dira Osasuneko kontseilariak maiatzaren 30ean eman 26/2020 Foru Aginduan ezarritako baldintza berak (haren bidez, neurriak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean berriro irekitzeko ostatuen eta jatetxeen lokalak, Normaltasun Berrirako Trantsizioko 2. fasean baimendutakoak).

2. Terrazetan, aurreko urtean baimendutako mahaien %75ekoa izanen da edukiera, kasuan kasuko udal lizentzia oinarri hartuta, eta, zerbitzua emateko, maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

3. Debeku da barrako zerbitzua, betiere zein den bilakaera epidemiologikoa unean-unean Nafarroan.

Hirugarrena.–Diskotekak eta gaueko aisialdiko tabernak.

1. Debeku da diskotekak eta gaueko aisialdiko tabernak irekitzea. Irekitzea Nafarroan unean-unean dagoen bilakaera epidemiologikoaren arabera egonen da.

2. Nolanahi ere, halako establezimenduen aire zabaleko terrazak irekitzen ahal dira publikoarentzat, kasuan kasuko udal lizentzia oinarri hartuta baimenduta dauden mahaien %75eko edukierarekin, eta maiatzaren 30eko SND/458/2020 Aginduaren 18. artikuluko 4. eta 5. apartatuetan aurreikusitako baldintza berberekin.

Laugarrena.–Zezen plaza, esparru eta instalazioen jarduera.

1. Aire zabaleko zezen plaza, esparru eta instalazio guztiak jardunean ari daitezke baldin eta butakak aldez aurretik esleitzen badira eta ez bada baimendutako edukieraren heren bat gainditzen, eta, edonola ere, laurehun pertsonakoa gehienez.

2. Aurreko apartatuan aurreikusitako jarduerak egiteko, maiatzaren 16ko SND/414/2020 Aginduaren 38. artikuluko 4. apartatutik 7.era bitartekoetan aurreikusitako baldintzak eta neurriak aplikatu beharko dira.

3. Jarduera bitartean erabiltzaileei ematen zaizkien eta erabilera partekatua duten materialak desinfektatu beharko dira erabiltzen diren bakoitzean.

4. Zezen esparru eta instalazioetan ostalaritza eta jatetxe zerbitzuak ematen badira, maiatzaren 30eko SND/458/2020 Aginduaren IV. kapituluan aurreikusitakoa bete beharko da.

Bosgarrena.–Ibilbide osasungarriak, naturari loturiko jarduerak eta aire zabaleko kirolak.

Ibilbide osasungarrien jarduerei, naturari loturikoei eta aire zabaleko kirolei (mendi-ibiliak, mendi-igoerak, eskalada, arraunketa, txirrindularitza-eta), hala federatuen kasuan nola federatu gabeen kasuan, Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 24ko 25/2020 Foru Aginduko baldintzak aplikatuko zaizkie (haren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean 2. fasean baimentzen diren zenbait jarduera arautu ziren), salbu eta taldeei dagokienez, gehienez ere 20 pertsonakoak izan baitaitezke.

Seigarrena.–Nafarroako bainurako eremuak.

Nafarroako urtegi, ibai, iturburu, ibaietako igerileku eta antzekoetan bainatzen direnek Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 24ko 25/2020 Foru Aginduan ezarritako baldintzak bete behar dituzte (haren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean 2. fasean baimentzen diren zenbait jarduera arautu ziren), salbu eta taldeei dagokienez, gehienez ere 20 pertsonakoak izan baitaitezke.

Zazpigarrena.–Foru agindu hau igortzea Osasun Ministeriora, Gobernuaren Ordezkaritzara, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziora, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Ingurumen Zuzendaritza Nagusira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Zortzigarrena.–Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko ekainaren 7an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2005606