122. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

239/2020 EBAZPENA, maiatzaren 12koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, lantegi-eskoletarako eta Prestakuntza eta Enpleguko programa integratuetarako jarraibide bereziak onesten dituena, koronabirusa (COVID-19) dela-eta egun dugun egoeraren ondorioz.

Inoiz ezagutu gabeko osasun krisia da COVID-19ak eragin duen osasun publikoko larrialdi egoera. Hori dela eta, Espainiako Gobernuak eman zituen, alde batetik, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua, alarma egoera deklaratzen duena, eta, bestetik, martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-dekretua, COVID-19aren inpaktu ekonomiko eta sozialari aurre egiteko premiazko neurri bereziei buruzkoa.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretu horren 9. artikuluan, hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloko zenbait euste neurri daude. Horietako bat da prestakuntza jarduera presentziala etetea, enplegurako lanbide prestakuntzaren arloan. Nolanahi ere, artikulu horretan adierazten den moduan, etenaldiak dirauen bitartean hezkuntza jarduerak urrutiko eta “online” modalitateen bidez eginen dira, posible den guztietan.

Neurri horiek izugarrizko eragina izan dute lantegi-eskolak eta Prestakuntza eta Enpleguko programa integratuak gauzatzeari begira; izan ere, alarma egoerak, orokorrean, ez du aukerarik ematen prestakuntza presentzialarekin jarraitzeko, eta, hala, egin daitezkeen jarduera bakarrak dira orientazio eta lagun egite ekintzak (modu birtualean betiere) eta prestakuntza ekintza batzuk.

Horregatik, egokitzat jotzen da jarraibide batzuk ematea programa horietako prestakuntza egiteko baldintzak malgutze aldera, baina ematen den prestakuntzaren kalitatea jaitsi gabe.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea lantegi-eskoletarako eta Prestakuntza eta Enpleguko programa integratuetarako jarraibide bereziak, koronabirusa (COVID-19) dela-eta egun dugun egoeraren ondorioz. Jarraibide horiek ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

2. COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak aipatzen duen aukerarekin bat, jarraibide hauek onestea ezinbestekoa da interes orokorra babesteko. Izan ere, zenbait neurri ezartzen dituzte lantegi-eskoletan eta Prestakuntza eta Enpleguko programa integratuetan ematen den prestakuntza malgutzeko eta haren jarraitutasuna ahalbidetzeko, egungo egoerara egokituz.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 57.1 artikuluari jarraikiz.

5. Aurrekoa gorabehera, etenda daude deialdiaren kontra gora jotzeko errekurtsoak aurkezteko epeak. Epeen zenbaketa berriz hasiko da martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak edo haren luzapenek indarra galtzen dutenetik.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 12an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

I. ERANSKINA

Lantegi-eskoletarako eta Prestakuntza eta Enpleguko programa integratuetarako jarraibide bereziak, koronabirusa (COVID-19) dela-eta egun dugun egoeraren ondorioz.

1. Aplikazio-eremua.

Ebazpen hau Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak kudeatutako dirulaguntza-deialdi hauei aplikatuko zaie:

–Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 8ko 41E/2019 Ebazpenaren bidez onetsitako dirulaguntzen deialdia, 2019., 2020. eta 2021. urteetan eginen diren lantegi-eskolak edo Prestakuntza eta Enpleguko programa integratuak sustatzen dituzten entitateei zuzendua.

–Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 11ko 2600E/2019 Ebazpenaren bidez onetsitako dirulaguntzen deialdia, langabeak direnei bereziki zuzendutako Prestakuntza eta Enpleguko programa integratuak sustatzen dituzten entitateei zuzendua.

2. Xedea.

Jarraibide hauetan ezarri dira lantegi-eskolak eta Prestakuntza eta Enpleguko programa integratuak sustatzen dituzten entitateei eskatzen zaizkien betebeharrak prestakuntza sistema alternatibo bat ezar dezaten modalitate presentzialaren ordez, prestakuntza ematea eta ebaluatzea bermatzen duen sistema bat, ohiz kanpoko egoera honetan eten ez dadin, ahal den neurrian, programa horietako prestakuntza jarduera.

3. Modalitatea aldatzeko baimena.

Entitateek zilegi izanen dute prestakuntza emateko modalitatea aldatzeko eskatzea, presentzialaren ordez urrutiko eta online beste modalitate bat aukeratzeko, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak –alarma egoera deklaratu zuenak COVID 19ak eragindako krisia kudeatzeko– 9.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Modalitatea aldatzea eskatzen duten entitateek informazio hau jakinarazi beharko dute:

–Eragindako prestakuntza jarduerak.

–Hasiera eta amaiera datak.

–Erabiliko diren baliabideak eta tresnak.

–Programa.

–Lan metodologia.

–Jardueren kronograma.

–Gaitutako ikasgela birtualetarako gonbidapena (seguimiento@navarra.es eta escuelas.talleres@navarra.es helbideetara zuzendua) edo erabiltzen dituzten plataformetan sartzeko URLa.

–Ebaluazio sistema (profesionaltasun ziurtagiria lortzeko prestakuntzan, aurrez aurre egin beharko da ebaluazioa, bakartze aldia bukatzen denean).

–Taldeko parte-hartzaileen adostasuna (profesionaltasun ziurtagiria lortzera bideratutako prestakuntza ekintzen kasuan, 6.3 puntuan adierazitako harrera prestakuntza egin ondoren lortu beharko da adostasun hori).

Dokumentazioa jaso ondoren, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak txostena emanen du, prestakuntza modalitatea aldatzeko baimena emateko edo hura ukatzeko, eta entitate eskatzaileari igorriko zaio.

4. Ikasgela birtuala erabiltzea prestakuntza presentzial modura.

1. Prestakuntza ekintza presentzialetan, ikasgela birtuala erabiltzen ahalko da ekintzako prestakuntza presentziala emateko, eta hori prestakuntza presentzial gisa hartuko da.

Ondorio horretarako, honako hau hartzen da ikasgela birtualtzat: tutore-prestatzaileak eta ikasleak harremanetan egoteko ikaskuntza ingurune bat, non denbora errealean elkartzen diren, ezagutzak trukatzeko aukera ematen duen komunikazio sistema telematiko eta sinkrono baten bitartez, ikasgelan parte hartzen dutenei ikasteko aukera emanik.

2. Ikasgela birtualaren bitartez emanen den prestakuntza egituratzean eta antolatzean kontuan izan behar da une oro bermatu beharra dagoela prestatzaileak eta parte hartzen duten ikasleak konektatuta egonen direla modu sinkronizatuan, eta komunikazioak bi noranzkokoak izanen direla.

3. Prestakuntza presentziala ikasgela birtualean egiten denean, konexioen erregistro birtuala beharko da, ikasgela birtualaren aplikazioak berak sortutakoa. Erregistro horrek jaso beharko du, bitarteko horrekin egindako prestakuntza ekintza bakoitzari dagokionez, zer pertsonak hartu duten parte ikasgelan, zer egunetan eta zenbat denbora egon diren konektaturik. Horrez gain, kontrol organoei aukera emanen die, mekanismo baten bitartez, ikasgela martxan den bitartean konektatzeko, 8. puntuan adierazitako jarraipen eta kontrol jarduerak gauzatze aldera.

Irakasleek sinadura orria aurkeztu beharko dute egunero, prestakuntzan parte hartu dutenen izenak adierazita. Horrez gain, egun horretan egin dituzten jarduerei buruzko txosten labur bat idatziko du oharren eremuan. Prestakuntzaren frogak gorde beharko dira (taldeko saioen pantaila argazkiak edo grabazioak).

5. Profesionaltasun ziurtagiri bat lortzera bideratuta ez dauden prestakuntza ekintzak.

1. Eten diren prestakuntza ekintza presentzialak berriz martxan jartzen ahalko dira etenaldia bukatutakoan, agintaritza eskudunak parte-hartzaileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko asmoz ematen dituen arauak betez. Horretarako, dirulaguntzen onuradun diren entitateek jakinarazi beharko dute, prestakuntza jarduera presentzialaren etenaldia bukatzen denetik hilabeteko epean, zein diren etendako prestakuntza ekintzak emateko data, egutegi eta ordutegi berriak. Jakinarazitako prestakuntza ekintzaren ordu guztiak eman beharko dira.

2. Modalitate presentzialean edo mistoan ematen den prestakuntza ekintzaren bat hasita bazegoen etenaldia agindu zenean, jakinarazitako modalitate berean gauzatzen jarraitzen ahalko da, kontuan izanik saio presentzialak ikasgela birtualaren bitartez eman beharko direla, 4. puntuan adierazitakoa betez.

3. Modalitate presentzialean edo mistoan ematen diren prestakuntza ekintzak oraindik hasi gabe badaude ebazpen honek indarra hartzen duen egunean, eta martxan jartzen badira alarma egoeran edo prestakuntza jarduera presentzialaren etenaldia bukatu ondoren, ikasgela birtuala erabiltzen ahalko dute prestakuntza presentziala egiteko, 2. puntuan adierazitakoa betez.

4. Prestakuntza ekintzaren trebetasun praktikoak lantzeko berariazko esparru, instalazio edota ekipamenduak behar dituzten eduki presentzialak ezin dira ikasgela birtualaren bidez eman. Hortaz, eduki horiek prestakuntza jarduera presentzialaren etenaldia bukatu ondoren eman beharko dira, prestakuntza ekintza edo programa gauzatzeko epearen barruan.

5. Prestakuntza emateko modalitatea ikasgela birtualaren modalitatera aldatuz gero, entitateak data eta ordutegi berrietara egokituko ditu planifikazioa eta programazio didaktikoa, baita prestakuntza ekintzaren ikaskuntza ebaluatzeko planifikazioa ere. Betiere, prestakuntza ekintzaren ordu guztiak bete beharko dira. Nolanahi ere, koronabirusa dela-eta entitate sustatzaileek beren instalazioetan aplikatzeko ezartzen dituzten prebentzio neurriak bete beharko dira.

6. Profesionaltasun ziurtagiri bat lortzera bideratuta dauden prestakuntza ekintzak.

1. Profesionaltasun ziurtagiriak lortzera bideratuta dauden prestakuntza ekintzak modalitate presentzialean emateko, 4. eta 5. puntuetan adierazitako neurriak aplikatuko dira.

2. Prestakuntza modulu bakoitzaren tutoretza presentzialak eta amaierako ebaluazio probak modu presentzialean egin beharko dira, prestakuntza jardueraren etenaldia bukatu ondoren eta prestakuntza ekintza edo programa gauzatzeko epearen barruan.

3. Modalitate presentzialetik ikasgela birtualera aldatzeko baimena emanen da, baldin eta ikasleek harrera prestakuntza jasotzen badute, bidea emanen baitie metodologia hori erabiltzeko beharrezkoak diren trebetasunak lantzeko eta hartan erabiltzen diren tresnak erabiltzeko. Jarduera horrek bi saioko iraupena izan beharko du: lehen saioan sarrera eta prestakuntza emanen dira; bigarrenean, berriz, trebetasunak probatuko dira. Jarduera hori ez da kontuan hartuko profesionaltasun ziurtagiriaren orduak zenbatzean, baina ikastaroaren birprogramazioan jaso beharko da.

4. Lantokiko Prestakuntza Praktikoa modulua eten baldin bada alarma egoerak iraun bitartean, edo egiteko baldin badago, prestakuntza jarduera presentzialaren etenaldia bukatu ondoren egiten ahalko da, jarduera presentzialak egiteko baimena ematen denean, betiere parte-hartzaileen segurtasuna eta osasuna bermatzearren agintaritza eskudunak ematen dituen arauak betez.

5. Prestakuntza birtuala edo urrutikoa ebazpen honetan ezarritako baldintzetan egiterik ez duten ikasleak ezin izanen dira ebaluatu, eta, hortaz, ezin izanen zaie prestakuntza akreditatu.

7. Finantzaketa.

Etenaldiek eta modalitate aldaketak ez dute ondoriorik izanen emandako dirulaguntzetan. Beraz, etenaldiei egozten zaizkien gastuak onargarriak izanen dira, baina horrek ez du ekarriko proiektu bakoitzerako aurreikusitako iraupena luzatzea.

8. Jarraipena eta kontrola.

Prestakuntzaren ikaskuntza prozesua ikasgela birtualaren bitartez gauzatzen denean, prestakuntza jardueraren jarraipen eta kontrol jarduketak denbora errealean nahiz ex post egiteko behar diren informazioa eta tresna teknikoak eman beharko dira, kontrol organoek eskatuta.

Horretarako, prestakuntza eman bitartean konexioa egiteko beharrezkoak diren baliabideak jarri beharko dira hori eskatzen duten kontrol organoen eskura, egiazta dezaten prestakuntza jarduera gauzatzen ari dela eta legeetan aurreikusitako baldintzak betetzen ari direla. Era berean, erabiltzen den sistema teknikoak prest egon beharko du jardueraren erregistroak sortzeko kontrol organoentzat. Behin prestakuntza bukatuta, erregistro horiek bide eman behar dute parte-hartzaile bakoitzaren konexio denborak egiaztatzeko eta parte-hartzaileak identifikatzeko.

Iragarkiaren kodea: F2004908