121. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

55E/2020 EBAZPENA, maiatzaren 7koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Ibai-parkea Aratzuri-Iberon handitzeko proiekturako, Oltza Zendeako udal-mugartean. Sustatzailea Iruñerriko Mankomunitatea da.

2019ko otsailaren 19an ingurumen ukipenetarako baimena eskatu zen goian aipatutako espedienterako. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko D) epigrafean dago sartuta (100 metro linealetik gorako bide berriak eta pista iraunkorrak ireki eta aldatzeko lanak, eta 10 kilometrotik beherako errepide tarteak zabaldu eta hobetzeko lanak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuko jarduketa sartuta dago Iruñerriko Ibai Parkea Handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialean, zeina Nafarroako Gobernuaren 2010eko uztailaren 28ko Erabakiaren bidez onetsi baitzen.

Ororbiako tarteari buruz, Ingurumeneko zuzendari nagusiak otsailaren 5eko 180E/2020 Ebazpena eman zuen, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Iruñerriko Ibai Parkearen Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko proposamen berriaren aldea; proposamenaren xedea zen esparrua eta trazadura aldatzea 6. tartean, Arga Behereak Ororbian egiten duen zatian (Oltza Zendeako udal-mugartea). Oraintsuago, Nafarroako Gobernuak 2020ko otsailaren 19ko Erabakia hartu du, Iruñerriko Ibai-parkearen UPSaren aldaketa onestekoa, ibai-parkearen esparrua eta trazadura 6. tartean, (Arga Beherea ibaia) Ororbian barna egiten duen zatian, aldatzeari buruzkoa.

Orain tramitatzen ari den proiektuaren trazadura bat dator 2020ko otsailaren 19an onetsitako plan sektorialarekin. Ibai-parkearen handitzean bi tarte aurreikusten dira, bata Aratzuri-Ororbia, eta bestea Ororbia-Ibero, eta bien artean 5.173 metro egiten dute; haietako bakoitzean oinezkoentzako zaldain bat paratuko da Arga ibaiaren gainean. Ibai-pasealekuaren zabalera 3,5 metrokoa izanen da, eta posible ez den tokietan 2,5 metrokoa. Ororbiako zaldaina 100 urteko zikloko uholdea gainditzeko moduan diseinaturik dago, sarbiderako 80 metroko arrapala du eskuinaldean, 40 metrokoa ezkerraldean eta 38,7 metroko luzera. Iberoko zaldaina 66,92 metroko luzera du, lurreko arrapala bat eskuinaldean eta egiturazko beste bat ezkerraldean.

Espedientean Oltza Zendeako Udalak 2019ko martxoaren 21ean emandako txosten bat dago, proiektuaren aurkakoa, data horretan trazadurak Ororbian egiten zuen zatia ez zetorrelako bat 2010ean onetsitako Udalez gaindiko Plan Sektorialarekin; hori zuzendu da Nafarroako Gobernuak 2020ko otsailaren 19an hartu zuen erabaki horretan.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak txostena eman zuen 2019ko otsailaren 27an, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat. Bere txostenean adierazten du, testu bateginaren 110. artikuluarekin bat, pistak edo bideak zabaltzea baimendutako jarduketak direla eta ez dutela behar lurzoru urbanizaezineko jarduera baimengarriaren baimenik behar, baldin eta loturik ez badaude eraikuntzaren arloko jarduera edo erabilerekin. Bestalde, testu bateginaren 118. artikuluaren arabera, udalez gaindiko plan edo proiektu sektorial baten xede diren jarduera eta erabileretarako ez da beharrezkoa lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko eskumena duen departamentuaren baimena.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena egin du 2020ko apirilaren 24an, baina ebazpen honetan biltzen diren baldintzak ezarrita. Alde horretatik, berresten du ingurumen-ukipenen azterlanaren irizpidea, zeinak adierazten baitu “Ibai-parkea handitzeko eremuko bidearen trazadurak ez diela eragin behar gaur egun landarediaren kontserbazioaren ikuspuntutik egoera hobean dauden eremuei, eta ez du arriskuan jarri behar gaur egungo eremu andeatuak etorkizunean hobetzeko aukera, jarduketa baten bidezkoa edo berezko lehengoratzearen bidezkoa. (...) Ibai-parke berriaren bideak tarte bat utzi behar du, ibaiak baliatzeko modukoa, bidearen eta ibaiertzeko landarediak (zuhaitzak, zuhaixkak edo belarra) hartzen duen zerrendaren artean, zerrenda andeatua izan nahiz ez”. Ingurumen Eraginaren Atalaren irizpideekin bat, Argaren tamainako ibai baterako, tarte horietan, gutxienez 15 metroko zabalera duen ibai-habitata garatzea ahalbidetu behar da (oineko proiekzioa). Balorazio hori bat dator Ibai Ingurunearen Atalak egindakoarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Ibai-parkea Aratzuri-Iberon handitzeko proiekturako, Oltza Zendeako udal-mugartean. Sustatzailea Iruñerriko Mankomunitatea da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Bete beharko dira ingurumen ukipenen azterlanetan (tarte bakoitzerako bat) adierazitako prebentzio neurriak (5. kapitulua) eta ingurumen hobekuntzako neurriak (6. kapitulua), zehazki: obren exekuzioko neurri zuzentzaileak, ibaiertzeko habitata hobetzeko jarduketak, eta ibai eremua handitzekoak. Era berean, ingurumen aldetik lehengoratzeko plana bete beharko da (7. kapitulua), bereziki lanak egitean kontuan hartu beharrekoak, esate baterako, landatutako makalak dituzten eremuak lehengoratzea zaldu naturalak bihurtzeko, erabili beharreko espezieak, lanak egiteko garaia eta abar. Azkenik, ingurumen zaintzarako ezarritako programa bete beharko da. Horregatik, Ingurumen Zaintzan aritzen den teknikari baten lana beharko da.

–Bete beharko da Ingurumeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 5eko 180E/2020 Ebazpena, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Iruñerriko Ibai-parkea handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko proposamen berriaren alde; proposamenean jasotzen zen esparrua eta trazadura aldatzea 6. tartean (Arga Beherea ibaia), Ororbian egiten duen zatian.

Alde horretatik, proiektu osora zabalduko da fauna mehatxaturako egutegi kritikoa errespetatzeko baldintza (obrarik ez egiteko apirilaren 1etik abuztuaren 30era), bai eta obran agregakin birziklatuen portzentaje bat erabiltzekoa ere, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 19.3 artikulua aplikatuz.

–Ibai landaredi andeatua duten tarteetan ziurtatu beharko da gutxienez ere 15 metroko zabalera duen ibai-habitat baten garapena (oineko proiekzioa), bidearen trazadurak ukituko ez duena. Horrek esan nahi du bidea berraztertu eta atzera eraman beharko dela, gutxienez ere, puntu hauetan (ikusi eranskinean dauden planoak, “landaredi andeatua duten tarteak” izenekoak):

Oltzako 4. poligonoko 262. lurzatia; Oltzako 3. poligonoko 30., 31., 33., 36., 38., 39. eta 255. lurzatiak; 3. poligonoko 573. lurzatia (Ororbiako zubiaren ondoan), eta Oltzako 2. poligonoko 97., 98. eta 279. lurzatiak.

Zehazki, arestian aipatutako bi tarte horietarako, bidea ur-ibilgutik urrundu eta atzera eramateko soluzio hauek hartuko dira:

  • Ibaiertzeko landaredia egoera azpionenean duen tartea, Oltzako 2. poligonoko 97. eta 98. lurzatien ondoan (1+000 k.p.tik 1+400 k.p.ra). Urak hartzen ahal du 5 urteko errepikatze-denboran. Ezponda bat du, zuhaitzekin (SIG-PAC, 2. barrutia). Bidea atzera eramanen da, zuhaitzak dituen ezpondaren oinarriraino (SIG-PAC, 2. barrutiko 98. lurzatia), eta bidearen (atzera eraman ondoren) eta ur-ibilguaren arteko azalera osoa lehengoratuko da ibaiertzeko habitat bihurtzeko.
  • Ibaiertzeko landaredia egoera azpionenean duen tartea, Ororbiako zubiaren ondoan (0+050 k.p.tik 0+150 k.p.ra, 3. poligonoko 573. lurzatian). Urak hartzen ahal du 2,33 urteko errepikatze-denboran. UPSaren esparrua zabala da hemen. Proposatzen da bidea, behin zubiaren azpitik ateratzen denean, atzera eramatea UPSaren mugaraino eta ibaiertzeko habitata izateko lehengoratzea.

–Lanek ibaiertzeko landaredia errespetatu beharko dute eta, ukipen zehatzen bat egin behar izanez gero, lur eremua lehen zegoen moduan utzi beharko da lanak bukatutakoan.

–Iberoko zaldainean (4. poligonoko 21. lurzatia), ibai-bazterreko tartean babeserako lubeta bat dago, eta arrapala jartzeak beste lubeta bat sortuko du paraleloan. Horretarako, arrapala berriaren luzera osoan (50 metro) egun dagoen lubeta kenduko da, eta lurrari profil berria emanen zaio, malda apaleko ezponda bat sortuz. Ezponda horren gainean ibaiertzeko zuhaiskak eta zuhaitzak landatuko dira (epe laburrean ibai-bazterrean orain dagoen landaredia errekuperatzeko.

–Egokitzat jotzen da Aratzuriko zaldaina eramatea uretan gora, 20 metro inguru, ingurumen ukipenen azterlanean (13. eranskina) proposatu bezala, horrela zaldaina urrunduko delako Txulapain errekak eta Arga ibaiak bat egiten duten tokitik.

–Proiektuan ez da aurreikusten inolako harri-lubetarik eraikitzea, baina azkenean behar-beharrezkoa balitz hura egitea, azalpen memoria bat aurkeztuko litzateke planoak eta guzti Ibai Ingurunearen Atalean (Biodibertsitatearen Zerbitzua).

–Zaldainak jartzeko beharrezkoa izanez gero ibaitik lan egitea, obra egin aurretik informazio osagarria aurkeztu beharko da Ibai Ingurunearen Atalean (Biodibertsitatearen Zerbitzua), lanak egiteko modua eta datak zehaztuta.

–Paisaian integratuko da Oltzako 3. poligonoko 255. lurzatian dagoen obra-hondakindegia (x=601.908 eta y=4.740.711). Posible bada, obra-hondakindegiko materialak obran bertan erabiliko dira.

Bestalde, x=603.986 eta y=4.740.942 koordenatuen ingurunean, saneamendu zaharreko eta berriko hodiak eta estalkiak daude. UPSaren esparruan, behintzat, zaharra kentzeko aukera aztertuko da.

–UPSaren esparru osoan hiri hondakinak garbituko dira, gehienbat plastikoak, uholdeek garraiatu dituztenak..

–Espresuki debekatuta dago ibai-ibilguan edonolako isuriak egitea, eta arreta berezia jarriko da substantzia kutsagarriak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak edo hormigoia (ibai-ibilgura hormigoi freskoa isuriz gero, arrain fauna berehala hiltzen da).

–Obra hondakin guztiak hondakin-kudeatzaile baimendu bati eramanen zaizkio, araudian bertan ezarritako baldintzetan, eta kontuan hartuz proiektuko 17. eranskina, non ezartzen baitira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen kudeaketan aplikatu beharreko prebentzio eta balorizazio neurriak.

–Obrak hasi baino 72 ordu lehenago, gutxienez, gaztigatu beharko zaio Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari (seguimiento.ambiental@navarra.es) eta Iruñeko Barrutiko basozainei (gmapamplona@navarra.es), obrak ikuska ditzan eta, egokia bada, zuhaitzak markatu.

–Obra amaierako txosten bat idatzi beharko da, adieraziz bete direla prebentzio eta zuzenketa neurriak, lehengoratze plana eta ingurumen zaintzako programa.

3. COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriarekin bat, espediente hau tramitatu da epeen etendura aplikatu gabe, fase guztietan, interesdunaren adostasunarekin.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunean hasiko dira kontatzen.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Ibai Ingurunearen Atalera, Oltza Zendeako Udalera, basozainei (Iruñeko Barrutia) eta Iruñerriko Mankomunitateari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 7an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2004871