121. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

150/2020 EBAZPENA, maiatzaren 25ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Laguntza programaren deialdia arautzen duena. Programa horren xedea da hezkuntza emozionala lantzea eta tratu ona sustatzea Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan 2020-2021 ikasturtean.

Helburu horiek lortzeko asmoz, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak txosten bat egin zuen 2020ko apirilaren 24an, zeinean proposatu baitzuen Laguntza hezkuntza programa onestea, hezkuntza emozionala lantzeko eta tratu ona sustatzeko Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan 2020-2021 ikasturtean.

COVID-19ak eragin duen osasun publikoko larrialdi egoeraren ondorioz, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua eman zen, alarma egoera deklaratzen duena. Aipatu errege dekretuak, hirugarren xedapen gehigarrian, xedatu du sektore publikoko prozedurak tramitatzeko epeak etetea eta mugaegunak bertan behera uztea.

Aurrekoa gorabehera, hirugarren xedapen gehigarriaren 4. puntuak honako hau xedatzen du: “Deusetan galarazi gabe aurreko ataletan ezarritakoa, errege dekretu honek indarra hartzen duen unetik sektore publikoko entitateek ahalmena izanen dute alarma egoera justifikatzen duten egitateei zuzen-zuzenean lotutako egoerei buruzko prozedura administratiboei jarraipena emateko, behar bezala arrazoituta, baita, interes orokorra babesteko edo zerbitzuen oinarrizko funtzionamenduari begira, ezinbestekoak diren prozedurei ere”.

Laguntza programaren deialdia (hezkuntza emozionala lantzeko eta tratu ona sustatzeko Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan 2020-2021 ikasturtean) funtsezkoa da interes orokorra babesteko eta oinarrizkoa da hezkuntzaren zerbitzu publikoa funtzionatzeko.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Laguntza programaren baldintzak onestea 2020-2021 ikasturterako, eta programa bermatzeko behar diren jarduketak abiatzea. Jarduketa horiek ebazpen honi atxiki zaizkio, eranskin gisa.

2. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

3. Ebazpen hau eta bere eranskina igortzea Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Berdintasun eta Bizikidetza Atalera, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 25ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA

1. Eskaerak egiteko epea.

Haur eta lehen hezkuntzako ikastetxeen zuzendaritzek parte hartzeko eskaera aurkezten ahalko dute 2020ko ekainaren 12a, ostirala, baino lehen.

2. Sarrera eta pilotajearen justifikazioa.

Hezkuntza Departamentuaren lehentasunezko helburua da eskola jazarpena eta ziberjazarpena prebenitzea. Bizikidetzarako Aholkularitzari eskatu zaion egiteko garrantzizkoenetako bat da hezkuntza komunitateko sektore guztiei aholkua ematea eta egiten zaizkien eskaerei erantzuna ematea gai hauetan: eskola jazarpena, indarkeria, tratu txarrak eta gatazken konponketa.

Datozen ikasturteetarako planteatu diren lan eta funtzionamendu estrategien artean dago geletara ekartzea hezkuntza emozionalaren inguruko hezkuntza dinamikak eta baliabideak.

Komenigarria da jazarpena prebenitzearen kontzeptua gainditzea, eta geletako ekintza tratu onaren sustapenera eta hezkuntza emozionalaren garapenera bideratzea, indarkeriazko jarrerak saihesteko helburu argiarekin.

Bizikidetza elkarrekin eraikitzen den prozesu bezala ulertu behar da. Prozesu horretan, pertsona guztiak elkarrengandik aberasten dira, bakoitzak bere baitako zerbait ekartzen duelako.

Hezkuntza emozionala geletan sartzeak zer emaitza dakarren ebaluatzeko, eta hezkuntza esparruan bizikidetza nola hobetzen den neurtzeko, proiektu pilotu bat jarriko da abian, tresna pedagogiko hau sartzeko aukera emanen duena.

Proiektu hau zuzentzen zaie ikastetxe pilotuei, beren hobetze-proposamenen artean daukatena eraldaketa pedagogikoaren prozesu batean sartzea, hezkuntza komunitate guztia inplikatuz, prozesuak ikastetxearen nortasunean eta hezkuntza proiektuan garrantzia eduki dezan.

3. Helburuak:

Hauexek dira Laguntza pilotaje programaren helburuak:

1.–Eskola jazarpena eta ziberjazarpena prebenitzea, eta tratu ona sustatzea.

2.–Gatazkak konpontzeko estrategiak bermatzea, egonezinaren eta indarkeriaren egoerak saihesteko.

3.–Hezkuntza emozionaleko estrategia eta baliabide didaktikoak sartzea, ikasleei beren emozioak arautzen laguntzeko.

4.–Talde kohesioa sustatzea enpatiaren garapenaren bidez.

5.–Komunikazio asertiboa bermatzea.

6.–Geletan sortzea gatazkak konpontzeko egitura arautuak, irakasleek gainbegiratuta.

7.–Irakasleei tresnak eta irizpideak ematea ikasleen ongizate emozionala erregulatzeko eta orekatzeko.

8.–Familien parte-hartzea sustatzea, gelaren kontzeptua gainditu eta hezkuntza komunitate guztia integratzeko eta inguru hurbilenaren inplikazioa koordinatzea.

9.–Gelen, ikastetxearen eta hezkuntza komunitatearen bizikidetza maila hobetzea.

10.–Hezkuntza taldea prestatzea, bere emozioak erregulatzeko gai izan dadin.

11.–Ikastetxeen sare-lana garatzea, beren arteko tutoretza prozesuak sortzeko eta hezkuntzako jardunbide egokiak elkarrekin trukatzeko.

4. Hartzaileak:

Nafarroako Foru Komunitateko haur eta lehen hezkuntzako ikastetxe publikoak.

5. Konpromisoa.

Ikastetxe pilotuek konpromisoa hartzen dute hezkuntza komunitatean sortzen den eraldaketa prozesuari jarraipena emateko, eta hurrenez hurren klaustroko kide guztiak inplikatzeko.

Era berean, konpromisoa hartzen dute irakasleen harreman orekadunak eta errespetuzkoak bultzatzeko, baita ikasleen arteko tratu ona eta gatazken konponketa sustatzeko ere. Horretarako, aldeko testuinguruak eta hezkuntza-une arautuak bultzatuko dituzte.

Halaber, konpromisoa hartzen dute hezkuntza emozionala zeharkako ardatz bihurtzeko, ebaluatzeko moduko curriculumeko eduki bezala ikusiz.

Geletan tresna kutxa bat jartzeko, etapaka, hezkuntza emozionalari buruzko hezkuntza baliabideak eta ezartzeko prozedurak bilduko dituena.

Geletan gatazkak konpontzeko egiturak eta prozedurak sortzeko, irakasleek gainbegiratutakoak, zerikusia edukiko dutenak emozioen adierazpenarekin eta akordioak lortzearekin.

Bizikidetza hobetzea hezkuntza komunitate guztiaren eraikuntza prozesu bat bezala hartzeko.

Hezkuntza talde diren aldetik, hezkuntza emozionalari buruzko prestakuntza prozesu arautu bati atxikitzeko.

Familiak inplikatzeko, prozesuaren parte bihurtuz.

Ikastetxe pilotu bakoitzeko talde eragilea, zuzendaritza taldeko eta bizikidetza batzordeko kideek osatua, izanen da tratu ona sustatzeaz arduratuko den taldea, baita geletan hezkuntza emozionala garatzeaz arduratuko dena ere.

Talde eragilearen lana izanen da ikastetxearen aldaketa eta eraldaketa prozesua hastea eta aitzindaria izatea. Halaber, klaustroaren sentsibilizazioa eta kontzientziazioa lortzeko prozesua koordinatuko du.

6. Prestakuntza plana.

2020-2021 ikasturtean, ikastetxe pilotuetako talde eragileak osatuko dira.

Zuzendaritza taldeko eta bizikidetza batzordeko kideek osatuko dute talde eragilea.

Hala, ikastetxe motaren arabera (herrikoa edo hirikoa), beharrezkoa izanen da hiru edo lau irakasle, gehienez, prestatzea; irakasle horiek bizikidetza batzordekoak eta zuzendaritza taldekoak izanen dira; aukeran, zuzendaria eta bizikidetza batzordeko arduraduna izanen dira talde eragilekoak.

Prozesu hau koordinatu haren lidergoa eraman ahal izateko, ikastetxeei eskainiko zaie, bizikidetza batzordeko liberazio orduez aparte, beste bi liberazio ordu gehiago, asteko 4 orduko kopurura iritsi arte.

Hezkuntza ikuskapena arduratuko da plantillek ordu hauek izan ditzaten.

7. Hau izanen da prestakuntza prozesua:

Talde eragilearentzako prestakuntza.

Prestakuntza presentziala eta on-line, biak erabiliko dira.

Prestakuntza saioak ikasturtean zehar banatuko dira.

Eskola ordutegiaren barruan izanen dira.

Prestakuntzak elkarren arteko gogoeta lan bat edukiko du (artikuluak irakurtzea...).

Akreditatzen duen ziurtagiria berrikuntzakoa izanen da, eta barnean sartuko da tresna kutxa geletan ezartzea eta abian jartzea.

Bizikidetzarako Aholkularitzak diseinatu eta koordinatuko du ikastetxean ondoko ikasturteetan emanen den prestakuntzaren jarraipena.

Era berean, irakasleei hezkuntza emozionalari buruzko prestakuntza modulu ireki bat eskainiko zaie.

Iragarkiaren kodea: F2005203