12. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BERIAIN

Deialdia, izangaien zerrenda bat hautaproben bidez eratzeko, administrari laguntzailearen lanpostuan aldi baterako kontratuarekin aritzeko

Beriaingo Udaleko alkateak, 2020ko urtarrilaren 9an emandako 1. Ebazpenaren bidez, deialdia onetsi zuen izangaien zerrenda bat hautaproben bidez eratzeko, administrari laguntzailearen lanpostuan aldi baterako kontratuarekin aritzeko, Beriaingo Udalean sortzen diren beharrei erantzun beharrez. Deialdia arautuko duten oinarriak ere onetsi zituen, eta jarraian argitara ematen dira:

OINARRIAK

1.–Xedea.

1.1. Deialdia iragartzen da izangaien zerrenda bat hautaproben bidez eratzeko, Beriaingo Udalaren zerbitzuko administrari laguntzailearen lanpostuan aritzeko, Udalean sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren. Zerrenda erabil daiteke lanpostu hutsak bitarteko kontratuez betetzeko, behin-behineko ordezkapenetarako laneko bajengatik, oporretarako eta udal zerbitzuak indartzeko behar puntualetarako.

1.2. Egin beharreko lanak bere mailari eta kategoriari dagozkienak izanen dira, jendeari harrera egitea eta Udalaren administrazio zerbitzuei sostengu ematea barne. Halaber, beharrezkoa bada, Udalaren bulegoetatik kanpora jarduketak eta kudeaketak eginen ditu.

1.3. Lanpostuek Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen D mailari dagozkion ordainsariak izanen dituzte. Era berean, plantilla organikoan ezarrita dauden osagarriak, baita hitzarmen kolektiboaren bidez lor daitezkeenak ere eskuratuko dituzte.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat. Halaber, lanaldiaren urteko lanordu kopurua Udaleko funtzionarioendako ezarritakoa izanen da.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete, zuzenbidez bereizita ez badaude. Era berean, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin legez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Eskola-graduatuaren titulua, Lanbide Heziketako lehen mailakoa edo baliokide bat izatea, edo izateko maneran egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoak eta psikikoak izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea, ezta diziplinako kaleratze bidez bidalia ere.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, beren estatuko Funtzio Publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez dutela adierazteko.

Baldintza horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatzen diren eta aldi baterako kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek, adierazten zaien unean, kontratua formalizatu aurretik.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen-prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere bete beharko dira.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Beriaingo Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Udaletxeko plaza, z.g.) 10:00etatik 14:00etara, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz.

Baldin eskaera aurkezten bada posta bulego batean, aurkeztu beharko da gutun-azal ireki batean, postako langileek eskabideari data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu aurretik.

Eskabideak I. eranskinean argitaratzen den ereduari beharko zaizkio lotu.

Parte hartzeko eskabidean izangaiek adierazi behar dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua eta eskatzen den titulazioarena aurkeztu beharko dituzte, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako hura erdiesteko maneran izanen direla adierazten duen agiriarena.

Halaber, alegatutako merezimenduen frogagiriak erantsi beharko dituzte, epaimahaiak balora ditzan, deialdi honetako zortzigarren oinarrian ezarritakoari jarraituz.

3.2. Minusbaliotasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, minusbaliotasuna dutela frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eska ditzakete, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer minusbaliotasun duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

4.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.–Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Beriaingo Udaleko alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta jendaurrean jarriko da Beriaingo Udalaren iragarki-taulan, bai eta Udalaren web-orrian ere (www.beriain.es).

Taulan agertzen denetik hasita, izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

6.–Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoren, Beriaingo Udaleko alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko; hura Beriaingo Udalaren iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian jarriko da jendaurrean, deialdi honetako zortzigarren oinarrian aipatzen diren hautaprobak egiteko eguna eta tokia adierazita.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Izangaiek kontratazioa egiteko deia egiten zaielarik aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertutakoan baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

7.–Kalifikazio epaimahaia.

7.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiko burua: Karmele Unanua Navarro, Beriaingo Udaleko Langileen Batzordeko burua.

Ordezkoa: José Bustamante Cazallas, Beriaingo Udaleko zinegotzia.

–Mahaikidea: Amaia Eslava Jericó, Beriaingo Udaleko administrari-ofiziala.

Ordezkoa: M.ª Dolores Carrique Iribarne, Beriaingo Udaleko administrari-ofiziala.

–Mahaikidea: Marino Pérez de Carlos, Beriaingo Udaleko kultur eta kirol koordinatzailea.

Ordezkoa: Inés Menéndez Esteban, Beriaingo Udaleko administrari-ofiziala.

–Mahaikidea: Jesús Izkue Apesteguía, Beriaingo Udaleko langileen ordezkaria.

Ordezkoa: José García Ucle, Beriaingo Udaleko langileen ordezkaria.

–Mahaikide-idazkaria: Alberto García Pérez, Beriaingo Udaleko kontu-hartzailea.

Mahaikide-idazkariaren ordezkoa: César Suescun García, Beriaingo Udaleko idazkaria.

7.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Beriaingo Udalari hala jakinarazi, baldin Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasota dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako kausak direla eta, aditzera emanen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

7.3. Hautaproba hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa biltzen ez bada.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8.–Hautaproben bilakaera eta balorazioa.

Lehiaketaldia:

Lehiaketaldiko balorazioa.

1. Deialdi honetako izangai guztiek, merezimenduak dituztela uste badute, oinarri hauetako zehaztapenei jarraikiz, agiri bidez frogatu behar dituzte, parte hartzeko eskabidea aurkezten dutenean.

2. Epaimahaiak izangaiek aurkezturiko merezimenduak baloratuko ditu ondoko baremoarekin bat eta, osotara, ez da inoiz 20 puntu baino gehiago emanen.

Merezimenduen balorazioa:

Esperientzia: gehienez ere 20 puntu.

–Administrazio publikoetan administrari laguntzaile lanpostuetan emandako zerbitzuak: urte bakoitzeko 2 puntu.

–Administrazio publikoak izan gabe beste enpresa batzuetan administrari laguntzaile lanpostuetan emandako zerbitzuak: urte bakoitzeko 1 puntu.

Oposizioaldia:

8.1. Kalifikazio epaimahaiak adierazten duen egunean hasiko da hautapen prozesua. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen egintza berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

8.2. Hautagaiak hautatzeko ariketa bakar bat eginen da; bertan test motako 80 galdera teoriko-praktiko, II. eranskineko gaiei buruzkoak, erantzun beharko dira idatziz.

Galdera guztietan hiru erantzun edo gehiago emanen dira aukeran, eta horietatik bat bakarra izanen da baliozkoa. Galdera guztiek balio bera izanen dute. Erantzun okerrek galdera bakoitzari emandako balorazioaren laurden bateko zigorra izanen dute (-0,25 puntu). Ariketa hau egiteko izangaiek izanen duten denbora epaimahaiak adieraziko du, azterketa hasi baino lehen.

Ariketaren balorazioak 80 puntu egin ditzake, gehienez ere, eta bazterturik geldituko dira eskatzen den gehieneko puntuazioaren erdia, gutxienez, eskuratzen ez duten izangaiak.

Ariketa plika sistemaren bidez eginen da.

8.3. Ariketaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen du gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin, ariketa egin den tokian eta Beriaingo Udalaren iragarki-taulan. Zerrenda Interneten bidez ere kontsultatu ahalko da, www.beriain.es helbidean.

8.4. Ariketarako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, gidabaimena edo pasaportea eraman beharko dute aldean. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo nortasuna aipatutako agirietako baten bidez frogatzen ez dutenak.

9.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

Hautapen prozesua bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Beriaingo Udalaren iragarki-taulan eta proba egin den tokian, proba gainditzen duten izangaien zerrenda, lortutako azken puntuazioaren hurrenkeraren araberakoa, eta Beriaingo Udaleko alkateari helaraziko dio, baita hautapen prozesuaren espediente osoa ere, behin betiko onets dezan.

Izangai bi edo gehiago puntuetan berdindurik badaude, berdinketa zozketa bidez ebatziko da.

10.–Kontratazio zerrenden kudeaketa.

10.1. Kontratazio zerrendek lau urteko indarraldia izanen dute, salbu epe laburragoan agortzen badira edo beste deialdi bat egiten bada.

10.2. Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.

a) Deia:

Gainditu duten izangaien kontratazioa, oro har, zerbitzuaren beharren arabera banakako deiak egin ondotik eginen da.

Izangaiek harremanetarako zenbait telefono, posta helbide edo fax-zenbaki eman ahalko dituzte, azkar lokalizatu ahal izateko, eta eguneraturik izan beharko dituzte.

Izangaiei zerrenda bakoitzean dagoen hurrenkeraren arabera dei eginen zaie. Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikoa lortzeari dagokionez ezartzen dena Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren 4. apartatuko zazpigarren xedapen gehigarrian, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina aldatzen duen apirilaren 10eko 13/2015 Foru Legeak emandako idazketaren arabera, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsi baitzuen.

Kontratua telefonoz eskaintzen zaion izangaiari hiru dei, bederen, eginen zaizkio emandako komunikazio-bideen bitartez, bi eguneko epean.

Dei bakoitzaren idatzizko oharra eginen da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostu guztiak bete arte.

Harremanetan jartzerik izan ez duten izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.

Lan-kontratudun batek kontratuari uko egin ahalko dio iraupen luzeko beste bat hartzeko, baldin eta haren zerrendaren esparrukoa bada eta hari badagokio ordenaren arabera.

b) Uko egitea:

1.–Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, ondoko egoera batean dagoela frogatu ezean:

1. Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.

2. Aldi baterako ezintasun egoeran badago edo umea izan edo adoptatzeagatik lizentzia badu.

3. Zaindu behar badu 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, berezkoa zein adoptatua.

4. Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela kausa bere burua ezin gobernatu duena.

5. Izangaia ezkondu berria bada edo, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, balio bereko egoeran sartu berria, hori gertatu ondoko edo gertatu aurreko hamabost egun naturaletan uko eginez gero lanpostuari.

Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean edo kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko dituen gisako egoeretan dauden izangaiek hilabeteko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Artikulu honetako lehen apartatuan aipatutako kasu guztietan izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak aurkeztuko dituzte. Jakinarazpen hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

c) Baztertzeak:

Deia ekarri duen zerrendatik kanpo geratuko dira izangaiak honako kasu hauetan:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egiten badiote.

b) Sinatutako kontratuari uko egiten badiote.

c) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua sinatzen ez badute.

11.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta dagozkion oinarrien nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide orria (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Interesdunak. Administrazio publikoen jarduna: arau orokorrak, moduak eta epeak. Administrazio-egintzen baldintzak, eraginkortasuna, deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Prozeduraren bermeak, hasiera, antolaketa, instrukzioa, bukaera, tramitazio sinplifikatua eta betearazpena. Administrazio errekurtsoak: printzipio orokorrak, gora jotzeko errekurtsoa eta berraztertzeko errekurtsoa.

2.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Funtzionamendu elektronikoa sektore publikoan. Egoitza elektronikoa. Internet ataria.

3.–Apirilaren 2ko 7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: II. titulua: udalerria. I. kapitulua: lurraldea eta biztanleria. II. kapitulua: antolamendua. V. titulua: Toki entitateen funtzionamenduaren araubidea: I. kapitulua: funtzionamenduaren araubidea. IV. kapitulua: herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea.

4.–Udal errolda: 1690/1986 Errege Dekretua, uztailaren 11koa, Toki Entitateetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamendua onesten duena. Biztanleen udal errolda.

5.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua: Nafarroako toki entitateen antolaketa eta administrazioa. III. titulua: Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea. IV. titulua: toki entitateen ondasunak. V. titulua: jarduerak, zerbitzuak eta obrak. IX. titulua: Nafarroako toki entitateen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, inpugnazioa eta kontrola: bereziki Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).

6.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.

7.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzkoa. Izaera eta eginkizunak. Kontzeptua, helburua eta edukia. Mantentzeko eskumena.

8.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena. V. titulua: Administrazioaren esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileretan, eta hirigintza arloko diziplina.

9.–4/2005 Foru Legea, martxoaren 22koa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa: III. titulua: Udalaren lizentzia behar duten jarduera sailkatuak. VI. titulua: zehapenen araubidea.

10.–Tresna informatikoak: Word, Excel eta Access.

11.–Hizkuntza trebetasunak. Gaztelaniaren oinarrizko ortografia. Gramatika.

13.–Beriaingo Udalaren ordenantzak eta erregelamenduak.

Beriainen, 2020ko urtarrilaren 10ean.–Alkatea, Óscar Ayesa Domínguez.

Iragarkiaren kodea: L2000287